II. ANAI SABELKIDE MARTINI
(Otoitza)
Urra zinun gorputz azal-ustelkorra,
iausi zen zure etxe aragiz egina
iru urte baino leen. Arima zerura
igan zen, leizetik argi betikora.
Labur egon zedin ilhunpe beltz huntan.
Oraino zu baitan adi-argirik ez,
grazi-argia bai sort-egun berean.
Aingeru gazteñook erauzi zinduan
Iaunaren aginduz eltzaur-adarretik
Han geldi ginduzun gu biok gordinik
eltzaur-oskol barnen ondu-bitartean.
Beste begiz ikus, beste gogoz maite
duzu Iainko on hori. Irutan bat dena,
(Aitagandik Seme, Biengandik Hatsa)
aitzinean duzu, Bera den iduri.
Guk emen bai, zuk ez behar oroipenik;
euzki horrek ez du bein laino-tarterik,
Ikustez, maitatzez, aterraldi bage,
zer zorion duzu sabel-anai maite!
Ba dugu lurrean argi horren izpi,
bainan gorputz hunek askotan itzali.
Iguzki-tarteka zerbait ba dakusgu,
baino oroit-ezaren lainoak galtzen gu.
Ez egon behar ni aterrik bage erne,
Iainko onaz beterik esnai ta lo ere!
Igorrazu, anai, oinhaze ernegarri,
Iainko-min sakona, barne-gogo bizi.
Enegan ez bedi gaurdanik otz, ez gau,
argi bero orretan ur nadin guzi hau.
Oroipen gaiso hau bego bere baitan
an on ibiltzeke, tinki Iainkoagan.
Amak sabelean gu suma bezala
suma zagun Iauna. Ilen garenean,
ark baino barnago altzoan gaitzala.
|