www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Barne muinetan
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Barne-muinetan, Nikolas Ormaetxea Orixe. Itxaropena, 1934

 

aurrekoa hurrengoa

LIBURU ONTAZ IRITZIA

 

        Liburu oni itzaurrea ezartekotan, Iesulagun Estefania'tar I.M.A. burura zitzaidan aurrenik —baita beste nere adiskide aundi bati ere, elkarren berri bage— inork baino ezagunago baititu nere idazlan argitaratuak eta ezak. Argitara baino len, aldaki bat bialdu nion, eta erabateko iritzi au igorri zidan bere berez, emen ager nezakenekoan.

        Besteren batez ari danean, egizale da, inolaz ere, eta itzak ongi neurtzen ditu; nitaz ari dala, ordea, olako goratzapen beroa, adiskide min izateak eragin diola dut susmo. Barkakizun diteke, beraz, esan luken geitxokeriz. Onela dio:

        «Barne-Muinetan. Euskera atseginetan da: olerkari gisakoak ba ditu, ta alboko zenbait izkuntzek egun ager ditzaketen baino sendoagoak eta berengandikagoak. "Orixe" oberenen artean gendun sortu bezalatsu lirika gaiean. Zuzen idatzi zidan "Lauaxeta"k: "mingarri da onek (Orixek) lirika-sailean ez areago iardutea". Liburuxka onek argi darakus zuziatu etzala. Xaki berriko olerki Iainkotiarrak ditu ok. Droste-Hulshoffs, Verlaine, Manzoni, Verdaguer, Gabriel y Galan eta olakoen arau ontako olerki-sortak ez dute Ormaetxearen onekin katoliku izatea beste ar-emanik. Buru-argia ta bioz-beroa ezin obeki elkartzen ditu: antze-idazketan ikasiaren tankera ta erri-gizon iatorrarena berebat elkartzen ditu. Au du bereizgarririk ondozkoena ta sarkorrena. Onek dio berezkiroko eitea ta kera berria, bere-beregandiko ditunezkoa. Sineste-egiak, Ebanjelio-egiak ditu;bere barne-muinetan erne ta auznartuak ordea. Begikalduz baino buru-eraginez igurtzigoak edo ditu ausaz guziak; zenbait, nabaritxo ere bai, zimel-giro antza dutelarik. Biotz-eragin sendoa baitute ordea, aitzaki ortatik lekura daude. Kristauaren zinezko biotz-eragina dute, ezeztarainoko umiltasun sendoz betea, seme bati deritzon uste onez ta lasapidez betea; alakorik baita kristau sinesteduna Iainkoagan ta Iesukristo Erosleagan bere sinestea ondo tinkatzen dunean. Ontatik du biotzondo ain nabaria, ez gaindizkoa, ez belaxka; gizaki benazkoarena baino. Orrek ematen die bertsu oeri, gaurko antze-idaztietan nekez ageri dan bezelako sendotasun bereizia. Alare, egilearen barne-giroari zor ote zaion ere irizgarri da. "Barne-muinetan"go poesi-mamian eta azken urte ootako Orixeren lirika osoan, ibai-geldi antzeko zerbait oartu dut buru-biozketari nagokala. Ezin-ukatuzko liriku-giroa galdu bage, geldi-giro aundikitar bat erauntsi dio; epiku-usaia, nik uste, besterik baino. Ondorioz ordea, poesi iatorra, benetan gogokoia, bere-beregandikoa, sakon, goitar, xume agertzen dana; barnegiro klasikua ta kristau-biotz goria zitu ta errainu darakustzina. Poesi iatorra, gain gainekoa, oro dendu, gartxu, osasun, naiz kristau-arauz, naiz antze-arauz. Eta bere ariko guziei edo guzitsuei alde au kentzen die: ez-ikasientzat ere erritar, adi-errez izatea. Bakarra dugu Orixe ikasizko ta erritikako antzea, ots, ikasiaren eta erriaren burutapena elkartze ontan. Esagun berriz beinola esana: "gaur-gaurko euskal-idazketa lurrak artzeko, artan errotzeko, ta bear dun ioera emateko —mendiko eguratsean bizi baita— ez genezaken amestu ere Orixe baino oberik"».

 

aurrekoa hurrengoa