III. IAINKO BIUR NADIN
Aundi da nik ni uts eriztea?
Emen dago Iesukristo:
deuseztatu zan morroi-iantzian,
orain, aldiz, deusezago.
Ogi-idurian nire ianari,
iduririk ere ez gero.
Nire barnean itzaltzen ote
antz oiek doazeneko?
Ez; il-obian etzen itzali,
ez ere nire barnean,
obia ustuta garai ieiki zan
iarriz Aitaren aldean.
Nigan ari da (soin ustelkor au
obi-aintzu ustu artean)
azi ta bizi, osorik Iainko
biurtzen naun bitartean.
Au azi-aala ni itzaliko naiz.
Uts au orde, zerbait aal da?
Pekatu. Beste zerbait aal nintza
utsera biur-bearra!
Oroi litez uts biur naizela
Zugatik, zerbait izana.
Utsa naiz, baina leen uts izanik,
ezin nator utsagora.
Iainkoa aragiz mugatua ager;
ardo-ogi antzaz arego.
Utsa naizen au uts geldi nadin;
au bainaiz, uts, ilun, zulo.
Ez da aski, Iauna; zugatik, albait,
nadin utsaren urrengo.
Ez orde; biur nadin ni Iainko
utsetik guzi izateko.
Izate guzi Beregan duna
nigatik ezer ezera;
izaterik ez nuen ilun au
Argatik guzi izatera.
Azkengabe dan Iaun arengana
ezer-eza alboratzea
gutxi bailitzan, uts au Iaungoiko
dakar oso biurtzera.
Eder ezak, uts, Iainkoz iantzirik,
Iainkoz erantzi-iduria;
odei beltzetik tximista antzera
ilunbetik aiz argia
Iaunaren esku guzialdunak
ez azala nai itzalia.
Zuk, Arnas Guren, eder nerekin
ain xurtu dan Iaun aundia!
|