www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Barne muinetan
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Barne-muinetan, Nikolas Ormaetxea Orixe. Itxaropena, 1934

 

aurrekoa hurrengoa

I

 

Zurekin naiz ikara,

argi denen Aita,

argi ezin-iasan bat

etxe duzun Iauna.

Eguzkia baituzu

soineko bezala,

nola aurrera naiteke

itsu, Zuregana?

 

Kristok esan du: «Aitaz

niork deus ez daki».

Kristo giza-argi da ta

laister aal guk arki.

Onek aitor eman du:

«nai dunak ikusi,

Aita begietan du;

Arekin bat naiz ni».

 

Piliperen antzeko

guziook esagun:

«Ain luze Zurekin ta

etzaitut ezagun?»

Aurpegiz bestez, ikus

nork nior dazagun;

Aita-aurpegia aski da

ikusi dezagun.

 

Seme Bakarra an dago

Aitaren altzoan;

Arek egia digu

ialkitzen agoan.

Altzoan ba daduka

ta Aura guk alboan,

ez aal dugu suma Aita

altzo orren beroan?

 

Otoitzak oro Zure

aulkira, Aita Goren,

Semearen bitartez

ditugu zuzentzen.

Zor zaion begirunez

Ari Zuk entzuten,

au entzunda nork ez du

biotza zabaltzen?

 

Zerorren Itza duzu;

beti-itz orretatik

munduari zatzaio

mintza gizondurik.

Ilunbetan naiz itsu,

guraso-mintzorik

ezagun bage ez dago

belarri duenik.

 

Ezagutzen zaitugu,

Aita, mintzo orretan.

Isil, itz eder orren

entzule gaitean.

Gores zaitzagun. Ezin

esan gerontzean

Aitaz niork ezer ez

dakila lurrean.

 

aurrekoa hurrengoa