I. EZAGU-ARGI
Ezarri duzu neregan, Iauna,
Zure aurpegi-argia.
Gizona sortzen zenuelarik
lurrezko giza-irudia,
bekoki artan musu emanez
piztu zenion begia.
Argi bizigo bekoki-barnen
ba dut, Zeurek isuria:
Adimen. Egin duzun gizona
aundi da adimenarekin,
Zerroren argi Iaungoikozko orren
zantzua baitu berekin.
Orren bidez du ainbat gaietan
aurrera gizonak egin;
aurrerapenik aundiena, aldiz,
Zu ezagutzearekin.
Zerala, soilik, daki ordea,
nor ta nola zeranik ez.
Aurra seaskan lo daukala amak
musu aundi bat emanez
esna ba leza, ta bera gorde,
labur litzake negarrez.
Ala nik ere, Zu ikusmin dizut
nor zeran ezin iakinez.
Doi zera ikuskai argi onekin;
zer bestez ikusko zaitut?
Bizi naizeno Zu sumatzeko
argi bizigoa non dut?
Begiz, irudiz, adiz, zearo
Aita au ezin dut ezagut;
naiez ezago, itsua baita
naia. Mutil bila ari zaut.
Zugana bidez. Begiek an-on
bide baztarren urrena;
irudi-oroiak areago;
adimen dut zuzenena.
Ez, ordea, aski. Nai bezain ezin
Zuregan egon naimena.
Ba zeran esan dioteneko
berotu zaio barrena.
Itzai bat bidez doa, gurdia
idiei lotuz. Aurretik
itzulinguruz, iges, baztarka
txakurra isatsa iasorik.
Itzala ere iosta-lagun du,
—oroi ta irudi ala nik—.
Auek adin bat okertu bage
itzai, adimena atzetik.
Baino onek ere atzera, aurrera,
biz, geigoz, dabil bidea,
eztena «aida»ka erakutsiaz.
Onetan, geldigunea.
Ezin goituzko aldapa dauka,
itzaiak ein du beurea.
Bide ezin-eldu oiek artzeko
Iaunak sortuko bestea.
Gurdiak negar besterik ez du.
Ontan... sinestargi dator.
Goi-bide oien berri duenik
ez bila au besterik inor.
Iainkoagana zuzen garamaz,
itsu da, bainan entzukor;
bidea bat da, ez loi, ez zulo,
oiartzundun arri gogor.
|