 |
I. ILUNDEGI
—Eder nazazu, seme.
—Ilunak argia?
—Zerk obeki? —Ba nator
berriz uts garbia.
Ilun, utsarte, zulo,
ezer ez guzia.
Au nauzu. Zerbait, orde,
Zurez, Iaun aundia.
Nere etxe-barne onek
izena Ilundegi;
onen orma-iantzia
ez lur ta ez arri.
Ormatzat aize du, utsa,
utsezko sare-esi.
Argatik sar diteke
iare zure argi.
Azala arri edo lur
balu, leio bage,
egun-argiak ezin
argitu lezake.
Argiak ere nai du
non koka, bitarte;
utsartea du muga,
ni utsa azkengabe.
Uts onen barrenean
Zuk emana daukat
—erdi-muina bear ta—
arnas bat, gogo bat.
Uts azkengabe bainaiz,
argatik zaduzkat
argi azkengabe au
bitarte, etxekotzat.
Iauna, aundia zera; ni
utsa bezain txiki;
bi ook batean gera
inon denik aundi.
Eder ezak Iainkoa,
uts, argi, uts-argi!
Arnas Deunak oiu au
nigan beza beti.
|
 |