www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Barne muinetan
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Barne-muinetan, Nikolas Ormaetxea Orixe. Itxaropena, 1934

 

aurrekoa hurrengoa

III. CUM SANCTO SPIRITU

 

Aita-Semeen maitasun,

arnas, argi ta su,

poz ta argien emaile,

graziaren musu,

izkuntzen irakasle,

uso kurrumazu,

etxakide gozo ta

gogoaren gantzu.

 

Pozik aundiena dut

iauretxe nauzula,

ta Aitari niregatik

otoi diozula.

Maiz, orde, etxetik alde

dut oroimen aula,

etxera dan aldiro

lotsaz gorri naula.

 

Aldegina dan gisan

itz gaizki norbaitez,

ta aurrez dakusgunean

gorri baikera alkez;

ala askotan Zurekin;

bainan bekozko ordez

betargi didazu, ta

betetzen naiz pozez.

 

Begi-belarrik leio,

irudimena ate,

iauretxe onek ditu

irtenguak sare.

Esi itsu baten bidez

ditzazula gorde,

argirik bage ez dedin

Zu zauden aldare.

 

Txakurra lasai dabil,

gurdia negarti;

lotu ezazu bat au,

beste ori igurtzi.

Pake-gantzua betor,

betor maite-ukaldi;

ateak itxiz nai dut

Zugaz mintza beti.

 

Mintzoak naasten ba nau,

isilik nagoan

uso zuri-urruma

dudala gogoan.

Arnas agor au adiz,

sar ni barnagoan

Zure deadar oien

musikaren ioan.

 

aurrekoa hurrengoa