
Barne muinetan
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1934
[liburua osorik RTF formatuan]
[inprimitzeko bertsioa PDFn]
[Literaturaren Zubitegia]
- OPARIZ
- LIBURU ONTAZ IRITZIA
- IAINKOAREN BEGIERA
- BENEDICITE LUX ET... DOMINO
- BENEDICITE... ET TENEBRAE DOMINO
- BENEDICAMUNS PATREM...
- LURREKO IRUTASUNARI
- IAINKOAGAN BAT
Iturria: Barne-muinetan, Nikolas Ormaetxea Orixe. Itxaropena, 1934
|
 |
 |
II. ET FILIUM...
Aitaren eder-dirdai,
ontasun-errainu,
gizonen argi eta
gauz denen eredu,
Bide, Egi ta Bizitza,
Artzai eta Maisu,
noiz buka neza Zutaz
luza bear ba nu?
Aitaren Itz bakarra
isilik esana:
isilik entzutea
dut dagokidana.
Or dugu «Berri Ona»
Zeronek emana;
ba du nornaik orretan
auznartzeko iana.
Ez duzu deus idatzi,
Bein bai... ondarrean.
Barratu zan; berriro
nork bil lezakean!
«Entzun oni» zerutik
argi-odeiean
mintzo ziran Semeaz
Taborko gainean.
Abo onetsi ortatik
ialki zenun aura
ikasleek aldatu
zuten liburura...
Iturri ortara maiz
zoazte edan-gura
Samari-Andreari
esandako ura.
Indar, entzunak orde;
Elizara zintzo:
kantuan, itzaldian
bizigo da mintzo.
Sermoi-aulki gainean
biurturik uso,
Arnas Gurena an dugu
itzak gantzutzeko.
Itz-argailu bezala
—bein zuk bialdurik—
mintzo aura berritzen
dula nioke nik.
Ez da berbera, baina
bai antz-antzekorik;
etzait au entzuteko
galtzen egarririk.
Buru-has ta beregan
ari da apaiz iauna
utsegin bage esaten
buruz «Berri Ona».
An inon baino obeki,
esanak du muina,
uso-egal dardaraz
zirrara diguna.
Ikasi, ez-ikasi,
oro gara berdin.
Berri ori ikasteko
xume bear egin.
Oinetan nadukazu
itz danak ikasmin:
isil entzun ditzadan
Martaren aizpaakin.
|
 |
 |
|
|