II. UTSAREN ANTZA
—Nor naiz? —Utsa naiz. Ez; uts naizela
garbi dakidalazkoa.
Emai au ere Iaunak emana:
leenago bezain uts noa.
Au nauzu; utsa naiz. Ez da aspergarri
nire betiko leloa.
Utsak ez baitu gairik, antz-bakar
geldi-bearra du beti;
alaare ez inork utsak adin bat
antz bere baitan iduki.
Igeskorrago ta antzgarriago.
Zer utsa bezain igesi?
Ez du arriak ur isurkaiak
ainbat antz beregan artzen;
itsas-uginak so dagonari
beti berririk agertzen,
leer diran oroz adats berri bat
aparrean dute eratzen.
Aizea arego: zeru eta lur,
mendi, zelai, leize-zulo,
orri ta belar, itzal, oiartzun,
apar, odei eta laino...
bere baitan du, naiz iraizean,
antz berririk dun gauz oro.
Utsa areago: artzen du antzik
ez dun Iainkoaren antza...
Uts geldi nadin, geldi nadi ilun
Iaunari emanez aintza,
diranak oro baino geiago
artuz guzien kerantza.
Mendi ta zelai, itsaso, zeru,
beste sortu litekenik,
ezin ar ezerk uts ilun onek
ar dezaken iduririk.
Aien oiartzun guziak baino
mintzo ozenagoa dut nik.
Ez nik; barnean du Arnas Deuna;
antz oro onek du batean;
eguratsa aitzen dan eran ez da
agortzen mendeen mendean.
Au daukat oiuz atertu bage
ilun onen etxapean.
Arnas betiko, eragidazu
Iauna azkengabe goresten.
Uts azkengabe, goretsi ezak
Iainko orren Arnasaz baten
antza guziak bere baititu
era azkengabetan. Arren!
|