www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa  

ERAKASTE V.

Komunio gaiztoaren gañean

 

        Ikusi degu igaro diran doktrina edo erakusteetan komunio onak eskatzen dituen prestaerak, zer ere dan komunio epela. Ikusi bear degu orain, zer dan komunio gaizto ta sakrilegoa, zein beltz ta itxusia, ta nola kastigatu oi dituen Jangoikoak bekatu mortalean komulgatzen diranak.

        G. Zer da bada komunio gaiztoa?

        E. Da bekatu mortaletik garbitu gabe egiten dana.

        G. Eta pekatu andia da onela komulgatzea?

        E. Etziñaket niri ori galdetu bear; Aingeru batek ezingo luke adirazo bear bezela bekatu onen itxusitasuna. Nola bada egin dezake gizon batek? Bekatu onik ez dago; baña komunio gaiztoarekin egiten dana, da guziz ezain, beltz, ikaragarri, ta besteen azkarria bezala. Nai dezu ekusi? Adizazu bada. Beste bekatuekin ofenditzen da Jangoikoa zearretara, ta albokerara bezela; ez artez artez, arpegiz arpegi, bai bere kreaturetan edo legea ez gordeaz. Baña gaizki komulgatzen dana, dia zuzen Jesu-Kristoren kontra, egiten dio ber berari, ematen dio injuria bere Persona Jangoikozkoan. Errege batek ematen ditu ordena edo legeak; bere mendekoak ez dute obeditu nai: ematen zaio onekin injuria; baña berari arpegiz arpegi esaten bazaio itz astun edo gaistoren bat; edo ematen kolperen bat, zenbat andiagoa litzake injuria edo bide gabea? Nolako kastiguak prestatuko ez lirake alako gaiztakeria egingo lukeanarentzat? Urkamendian bizitza kentzea, ta eskua ebakitzea lirake gizonen artean kastigo laburrak. Errege legea ausitzea ez da onela kastigatzen, zeren ez dan ain belz, ta itxusia bekatua, nola Errege berari egiten zaiona. Orobat, kristau batek urratzen duenean Jangoikoaren legea, zerbait ostuaz, projimoari gorroto izanaz ematen zaio injuria Jangoikoari, ta merezi du beti betiko infernua bekatu mortal bakoitzagatik. Baña nora igoko ez du ofensa ta injuriak egiten zaionean Jesu-Kristo ber berari emanik ostatu pekatuz zikindua? Orain bada Jangoikoaren legeak eragozten badu projimoari onra galtzea, ondasunak kentzea, banatu edo iltzea, diralako gizonak bere irudi edo imajinara egiñak, Sazerdote bati eskuak ezartea bere opensatzat artutzen badu, ta San Pablok lujuriako bekatuagatik badio, dala nola ere bait loitu edo zikintzea Jesu-Kristoren korputza, zer esan Jesu-Kristo bera eramaten bada bekatuz lizundu, ta loitua dagoan lekura? Nolako kastiguak izango dituzte zori gaiztoan jaio diran kristau lotsagabe onelakoak?

        G. Ezin ori sinistu liteke, Jauna, esango dezu. Juduak egin zuten bekatua zan egiaz belz itxusia, ta besterik ez bezalakoa. Aiek esetsi, ta ekin zioten arrika, itz astunekin; erabilli zuten Jesu-Kristo ber bera Tribunaletan deshonratzen; azkenik kendu zioten bizitza anbeste mesede artu ezkero. Baña kristauak gaizki komulgatuagatik ez die lotsarik galdutzen Kristori, ez burlarik egin, ez kolperik eman, ez kruzifikatu. Dijoaz humil humillik altara aurrera, adoratzen dute Jesu-Kristo hostian artu bear duteena; baña ez gorrotorik artu, ez beste despreziorik egin; predikadoreak asmatzen dituzte, gu beldurtzeko, gauza asko.

        E. Usteko dezu irtengo dezula zeureaz? Ona bada nola eguzkia baña argiago egingo ditudan, bekatu mortalean komulgatzen dan kristauak ofensa ta naigabe andiagoa ematen diola Jesu-Kristo ber berari, Juduak Pasio santuan egin zitenak baño. Aditu kontuz.

        Egitea ofensa bat Persuna bati ezagutzen ez diranean ondo onen prenda onak, izan liteke ofensa, ta da beti. Baña ofensa geitzen da ondo ezagutzen bada persona ofenditu, ta onek merezi baditu onra guziak bere prenda andiak gatik. Juduak ezagutu bear zuten nor zan Jesu-Kristo, egin zuten bekatu andia kruzifikatzeaz; baña dio San Pablok, ezagutu balute nor zan, etzuteela Jangoiko gloriakoa kruzifikatuko; begitandu zitzaten zala Jangoikoaren kontra zebillen gizona, zala Sorgin deabruarekin aitzen zana gaixoak osatzeko, ta itxutasun onekin kondenatu zuten gaiztotzat, etzekitelako zala Jangoikoaren Seme berak itxaraten zuteena. Onegatik Jesusek, iltzen zegoala, Kurutzetik eskatu zion Aita Zerukoari, Jauna, barkatu oei, zeren ez dakiten zer egiten duten, ezagutzen ez naute. Baña nor dago kristau komulgatzen diranen artean, ez dakianik nor dan Jesu-Kristo bere biotz zikiñera daramana ezagutzen ez duena bere Jangoikotzat? Esan bada; egin dezake Kristok hostia santutik orazio au Parkatu, Aita nerea, kristau onek egiten didan ofensa izugarria, zeren ezagutzen ez nauen, edo ez daki zer egiten duen? Zein gutxi! Guk ezagutzen degu hostian guregana datorrena dala gure amorez munduan gelditu zana, dala Maria Santiximaren Seme bedinkatua, dala juzgatu bear gaituena Juizioko egunean. Beraz gure sakrilejioa da ezaguera osoaz egiña, estalgarri edo eskusa gabea.

        Geiago. Juduak gandik artu zituenean ofensa ta injuriak, etzegoan bere Gloriako janzi, ta inditasunean. Zirudian gizonen begietan beste gizonen gisakoa; zeduzkan estalduta bere Jangoikotasunaz batera bere korputzeko doai ederrak. Errege bati ofensa bat egitea Arzai baten soñokoakin janzirik dagoanean, ta guziz argirio ezagutzen ezpada Errege dala, ez da gaiztakeria ain itxusia, nola ezaguturik argiro Errege dala, egiten bazaio Errege janziakin bere Tronoan dagonean. Au nork ez daki? Zer egin zuten Juduak, ta zer kristau gaizki komulgatzen danak? Juduak ofenditu zuten argiro ezagutu gabe, Gloriako soñoko edo janziakin etzegoanean. Baña bekatu mortalarekin komulgatzen danak ezaguturik argiro nor dagoan Ostia konsagratuan, ematen die injuria Jesu-Kristori bere Aitaren Glorian edo eskuitik dagoan denporan, illen artetik piztu ezkero. Dakarte lurrera nola bait indarrez bezela Zeru igo zuenetatik, eramateko bigarren Kalbariora, negarrekin dion bezela San Agustin andiak.

        Ez dago onetan guzia. Jesu-Kristok Juduen aldetik zeramazanean anbeste atsakabe edo ofensa, bazuen bai zerk poztu, zerk arindu bere naigabea. Artu zituen pena guziak bere naiz, bere borondatez, zekialako zenbat mesede etorriko zitzaizkon gizonari. Bazekian jaioko zirala martiri asko, ta oek idukiko zuteela ejenplo edo jarraigarri ederra Gurutzeko eriotza Juduen alde edo eskuetatik artzen zuenetik. Bazekusan Gurutze artan jaioko zirala anbeste Apostolu, anbeste birjina Santa ta garbi, anbeste Penitente, ta anima on denpora guzietan ekusiko ziranak; ta esan genzake nola ere bai Juduen bekatuagatik Adanenagatik Elizak kantatzen duena, O zorioneko bekatu anbeste on ekarri duena! Baña zerk poztuko du Jesu-Kristo daramanian kristau gaiztoak bere barren bekatuz betera, bere etsairik andienaren ondora? Zer on etorriko da lurrera komunio gaiztoetatik? Zer kalte ez?

        Ez da onenbestean bukatzen komunio gaistoarekin kristauak egiten dion ofensa. Juduen bekatua zan denpora laburrekoa, iraun zuen Jesusen Pasio santuak iraun zuen bestean. Bein bakarrik izan zan azotatua, bein bakarrik kurutzetua, ta beste lotsatasun guziak bukatu ziran bere eriotzarekin. Ordea zenbat luzeagoa da komunio gaiztoen bidez ematen zaion eriotza, edo kruzifikatzea. Darabilte onelakoak Kristoren odola ostikopean, San Pabloren itzkeran. Concultantes Sanguinem Christi. Zenbat komunio gaizto egin dira Judasegandik asi ta onarañokoan? Zenbat egingo dira munduaren azkeneraño? Beraz beti darabilte kristauak beren Salbagille ona kruzifikatzen munduko lau aldeeretan. Eta ain sentigarria izan bazan beretzat Judasek egin zuen komunio bakarra beste amaika Apostoluak komunio ederra egin zuten unean, nolakoa izango da anbeste kristauren komunio gaizto egunorokoekin ematen zaion sentikizuna, ta injuria?

        G. Ote dago nondik ezagutu komunio gaiztoaren belztasuna esan diran arrazoiaz gañetik?

        E. Bai, ta ona zein argia. Nork nai sentitzen du geiago adiskide, ta mesedetu baten aldetik artzen dan naigabe, edo injuria, etsai ezagutu baten aldetik artzen dana baño. Juduak egitea anbeste desprezio, ez da ain sentigarria, zeren diran bere etsai ezagunak. Ordea kristau ain mesedetuak, ain maite izan dituenak egitea alako injuriak amorioa geien agertzen dan lekuan nola izan ez sentikizun andia? Ala kejatzen ere da Profeta baten aoz; nere etsai batek esan balit iztastun bat, igaroko nuan. Si inimicus meus maledixissei mibi substinuissem, utique. Da esatea bezala, Judu ezagutzen ez nautena parre ta siñu egitea Sakramentu au Kalerik kale darabiltenean, kristauak komulgatzen ekusten dituztenean, igaro erraza da. Turko ed Mauru nere konturik ez duteenak, Mahoma nere ordean adoratzen dutenak, ez egitea niri jaramon ta kausiorik, ta despreziatzea meza Santuan nere korputz preziosoa, ez da arritzeko gauza. Herejeak eskribitzea libruak nere Sakramentua persegitzeko, erretzea Eliza Santuak, ostutzea kopoeak Sagrarioak ausirik, ta botatzea lurrera ostia konsagratuak, edo gañibetakin zulatzea, igarokorra da; substinuissem utique. Oek guziok nere etsai jakiñak dira, itxuturik daude ez sinistzeko ni nagoala ostia konsagratuan, ta sinistuko balue ni nagoala, ez lirake alako injuriarik egingo. Baña kristau sinistea duteenak, nere maira biltzen diranak janaririk gozoena artzeko, etortzea anima beltzituekin, nere etsai eginda eramateko bekatuko osin batera, nola nere biotza minberatu ez? Nola igaro nezake esker ain gaiztoa ekusita? Homo unanimis. Gizon nere animarekin bat bezela egiten dedanak komunio santuaren bidez, egin alako traizioa? Aingeruren janaria arrapatu demonio batzuek baño gaiztoagoak eginik dauden kristauak? Eman ganau beltzai Arri prezioso guziak baño geiago balio duana? Eman zakurrai Santuak Santu egiten dituana? simaur loiz beterik dagoan tokira bota Kristo? O Aingeruak! Zer diozute onenbeste desprezioren artean ekusitan Zeruko Tronuan ikarazko amoreaz adoratzen dezute Bildots eder, ta ain maite dezutena?

        Ots andia egin du beti munduan Judasen palsakeriak, eman zuelako Jesus bere Maisua etsaien eskuetan apa edo musu batekin. Baña geitzen zuen gaiztakeria adiskidetzat bere burua emanaz saltzen zuen une artan. Judas, esaten dio Jesusek, apa batekin saltzen dezu Gizonaren Semea? Izen au artzen zuen batzuetan Kristok. Zan esatea bezala: A Judas! Zu nere eskolan azia, munduan beste asko largata nere Apostolutzat autatua, nerekin mai baten egon zerana, zu izango ziñan ni salduko ninduzuna, ta ori apa batekin Maisuaren izena emanaz adiskide leial baziña bezala? Osculo Filium hominis tradis? Bada zenbat arrazoi geiagorekin esango dio Jesusek bekatu mortalean komulgatzera dijoan edozein kristauri Judasi esan ziona ber bera. Zu etorriko zera apa laztan batekin ni saltzeera; ni eramatera biotz bekatuz lizundu ta kirastura? O Ezpañ zorigaiztoko muñ egiten diezunan Ama Birjiñaren Seme garbi ederrari! O kristau gaiztoa! Nere esanak gorde nai ezpadituzu, naiago badezu igaro deabruaren eskolara, ta serbitu mundua, zoaz ordu gaiztoan; utzi pakean niri, ez adiskitzat zere burua eman nere etsai andi bat izanik. Izango ditut maite izango nauteenak, serbitzari onak, biotz garbiakin etorriko diradenak. Ni engañatu nai garbirik zatozelako estalkiaz? Saldu adiskide baziña bezela? Sartu nere biotzean burni zorrotz bat Joab gaiztoak Abner kulpa gabeari korputzean bezela apa laztan batekin. Pakea dalakoan isuri odola ta eman eriotza? Estudit sanguinem beli in pace.

        Biurtzen da Elizako Santu andi bat onelako kristau gaiztoen kontra ta esaten die aserre santuan, Egon ezin bazera zere pensamentuak ta itzak zikindu gabe bekatu loian; larga nai ezpadiozu bekatu lagunari, zere atsegin osoa arkitzen badezu eskuka ta laztan lujuriosoetan, zoaz, ase zaite bekatuz; baña barkatu Kristori; ez etorri ezpañ zikinduak eskintzera Jesusi, ez adiskidetzat eman zere burua; ez eraman Kristo Kaifasen etxean baño gogo gutxiagorekin egongo dan sabel gaiztora. Parce in te Christo. Gorrotoan bizi zeran kristaua, etsaiari barkatu gabe, arpegi gaiztoa erakusten diozula, agurra ere ukatzen zabiltzala; ez barkatu nai ezpadezu Kristok agindu[247-248/255 (latina)]agatik, ezarri biraoak, bedeinkazio ta orazio orde, egizozu nai beste gaitz, baña barkatu Kristori. Parc in te Christo. Etzoazela pake edo komunioko maira. Eragozten dizu Jesusek ara eltzea projimoarekin pakeak egin gabe nai du humilla zaitezen. Nolako arpegiarekin agertuko zera bere maira bere esanak egin nai ez dituzun unean? Nolako arrera egingo dizu bera zere barrunbera daramazunean, ekustera an zure biotz zital, prestubez, dollor, ta gorrotoan sendotua? Iges bada maitik orrela zauden artean, ta bestela bere korputz ederra izango da zuretzat Judasentzat bezala pozoi betiko eriotza ekarriko dizuna. Iñoren ondasunak zeureturik dauzkatzun kristau txaarra, irabazi bidegabeak eginda, gauzaren batzuek ostu ta biurtu nai ezta, jarraitu nai badezu zere logrerietan, izan beste Judas lapur dirua maiteago dezuna zere anima baño, iraun biurtu gabe bakoitzari berea, zoaz nai badezu Infernura; baña barkatu Kristori. Ez joan bere maira; geituko dezu infernua komunio gaiztoakin, ta Judasek bezela aurreratuko dezu eriotza burua urkatzen ezpadezu ere. Anima errukarri urte osoetan zabiltzana, konfesatzen agertu ezin dezula, bekaturen bat edo geiago, ez konfesatu nai ezpadezu, baña barkatu Kristori. Zer aterako dezu komunio santuetatik, baizik arnatzea zure kontra Jesusen odola? Dio beste Santu batek, Sanguinem eius contra te armasti. Daramazu Jesu-Kristo zure gezur sakrilegoen testigo izatera. Ez dezu obe infernura joan komunio gaizto gabe. Turkoak, Herejeak, ta Jentil fedegabeak egiten dituzte bekatuak, zeintzuek gatik kondenatzen diran; baña kristau asko ta askok beste bekatuez gañean geitzen dituzte komunio sakrilegoak, ta izango dute infernu askoz andiagoa.

        Zer besterik egiten du gaizki komulgatzen danak? Berriztatu Kristoren Pasioata eriotza Juduak bezela, ta erabilli oinpean bere odola. Conculcantes sanguinem Christi, san Pablok dionez; ta beren aldetik zikintzen dute Jesusen Korputz ederra, eramanaz lekurik zikininera, zeña dan anima bekatu mortalean dagoana. Sartutzen naute, esan dezake Profeta baten itzekin, leiza edo kobao sakon sakon baten. Posuerunt me in lacu inferiori. Onra ederra Ama Birjiniaren Seme garbiarentzat. Aginduko balitzakio gure arteko bati oe baten egoteko ezkabi, edo korputz guziko lepraz baterik dagoan batekin, nolako iguia emango ez likegu? Eta eramango dala Kristo ber bera ezkabi guziak baño kiratsuagoa dagoan anima gaiztora?

        Enzun orain zer dion San Bernardino Senakok. Demagun datorrela Eliza batera Mauru edo hereje gaizto bat, ta atararik Kopoetik hostia konsagratua sartzen duela Illen obi edo Sepultura ezur ustelez betean, edo daramala Satstegi edo simurtza batera. Zer esan ta egingo giñoke alako Gizon fede gabeari. Alkate Jaunak sartuko luke Karzelan, ta izango litzake beretzat justiziako kastigoa. Bilduko lirake Sazerdote ta beste kristau asko ateratzeko Jesu-Kristo ostia konsagratuan dagoana, leku ain itsusitik, ta negarrekin lagundu giñoke altarara. Non da gure fedea? Atoz orain, dio Santu andi aitatu dedanak, ez da bekatu laburragoa komunio gaizto baten bidez eramatea Jesu-Kristo ber bera, korputz ta anima, ao ta biotz bekatuz zikindura lokaitza edo beste leku zatar batera botatzea baño.

        Nai dezu enzun sinisgarri geiagorako ejenplotxo bat? Ona emen. Egun baten eldu zan kristau bat bekatu mortalean komulgatzera. Artu zuten bereala sabeleko miñ, edo ala portitz batzuek; irten zuen Elizatik, ta larri larri joan bear izan zuen bazter loi batera, ta an errebesatu edo trokatu zuen hostia konsagratua zikintza baten; adierazotzeko naiago zuela egon bazter loi artan, kristau aren sabelean baño.

        A kristau lotsa gaiztokoa! Nora daramazu Jesu-Kristo komunio gaiztoa egiten dezunean? Zuk sinisten dezu bekatu mortalean dagoan anima dala demonioen abia edo bizi lekua? Eta daramazu zure amorez ill zan Jesu-Kristo deabruaren etxera? Bai, dio San Bernardino berak, bekatu mortalean komulgatzen danak ipintzen du Jesus Luziferren alboan bezala, ta dago an desprezio andiagoan Kurutzeko arbolan esekita baño. Ai nere Jaun maitea, dio san Pedro Krisologok, nora zaramaz amorioak. Aska batera jaio zinanean bezela? Kalbariora? Gurutzera? sepulturara? Ori gutxi zan zure geiegi nai izatearentzat. Zoaz ixil ixillik kristau gaiztoak eramanda Satanasen etxera, zeña dan bekatu mortalean dagoan anima zorigaiztokoa. Etxe gaizto ta bigarren infernu onetan ipintzen zaituzte alako kristau madarikatuak, ta au da zuk egin dituzun mesede andien pagua. Ez naiz ni orain arritzen enzunaz Santuen esanak. Bekatu andiago dala gaizki komulgatzea Elizako ateak erre, Kaliza ta lanpara ostu, urtu ta diru egitea baño. Bekatu andiagoa dala Gurasoak, Sazerdoteak, ta Aita Santu Erromakoa iltzea baño. Bekatu andiagoa da seigarren mandamentuaren kontrako bekaturik itsusienak baño. Bekatu andiagoa dala deabruarekin artu emana iduki ta oni anima saltzea baño. Gaiztoagoak dirala ala komulgatzen diranak Anas, Kaifas, ta Judas bera baño, onek egin ezpalu komunio gaiztoa. Ala dio San Bernardinok.

        Ori ezin ala izan diteke; ori da ponderazio edo geiegira jasotzea. Nork sinistu gaizki komulgatzen dan kristauak gaiztoagoa dala Anas, Kaifas ta Judas bera baño, au komulgatu ezpalitz? Ala diote kristau ondo ez dakitenak zertan dagoan bekatuaren anditasuna. Ona baña egia argitan ipinirik. Anas ta Kaifasen aurrean etzuen erakutsi Jesusek ez ikara, ez beldurrik. Enzun zituen milla itz astun, artu belar-ondoko lurrera egotzi zuena; ta guzia eraman zuen pazienzia ezin andiagoarekin. Obligatzen dute Pilatos azotatzera ezurretaraño, ta odola zeriola bere korputz ederretik, etzuen keja bat eman, ez nai ezik erakutsi. Atoz orain Sakramentu au egitera zijoanean gertatu zitzaiona. Artu zuen espiritu edo biotzeko ikara ta larri batek, ta itz zoli zoliarekin dio, Zuen arteko bat deabrua da. Unus ex vobis diabolus est. O arriteko gauza! Eskintzen du arpegia masallakoak artzeko; korputza azotez, ebakia izaiteko, luzatzen ditu esku ta oñak Kurutzean josi dezen; ta guzia bere borondate ta nai osorekin. Eta Apostoloai ta aietan guri eman bear zuenean bere korputza janaritzat ta odola edaaritzat, ikaratzen da guzia larri larririk dio, Zuen arteko bat deabrua da. Nork ala ikaratu ta larritzen du? Nor zan berekin zegoan deabru ura? Nor zan? Judas. Amabi Apostoloen artean au zan bekatu mortalean komulgatzeko zegoana. Jesusek sartu bear zuen deabru eginda zegoan Apostolo gaizto onen sabel belz ta madarikatuan. Etzuen zorigaiztoko onek konfesatu nai zuzen bere bekatua, ez larga bere Maisua sartzeko artu zuen asmo galdua. Esaten du Kristok: zuen arteko batek salduko nau. Judasek egiaz esan bear zuen, bera zala, ta negarrekin eskatu bear zion barkazioa. Etzuen baña ala egin, ta bai estaldu bere bekatua esanaz, Jauna, ni ote naiz? Konfesio gaizto bat eginda egia esan gabe bere bekatuaren damurik etzeramala, artzeeko zegoan Judas komunio santua Jesusek konsagratuko zuen ta bere eskuekin emango zion ostia bere korputza zedukana; komulgatuta laster sartu bear zuen Satanasek Judasen biotz ta korputzean; post buccelam introivit in eo Satanas; eta Jesu-Kristok egon bear zuen Satanas bere etsaiarekin etxe edo toki baten. Orra zerk larritzen zuen Kristo. Orain bada, zenbat pozago egongo zan Jesus, Anas ta Kaifasen etxeetan Judasen sabel madarikatuan baño?

        Igaro zan Judasen komunio gaiztoa, baña jaio dira Judas asko munduan. Judasek urkatu zuen burua jabetu zalako Satanas bere korputz ta animarekin. Orain bada, baldin komunio gaizto batek eman bazion Jesusi anbeste biotzeko ikara, zekusanian beste amaika Apostoloak egingo zituztela komunio onak gau artan, nolakoa izango litzake Kristoren naigabe ta larritasuna lurrean bizi balitz len bezela padezitzeko estaduan, kristauak gaurko egunean egiten dituzten komunio gaiztoekin? Zenbat geiago ote dira komunio gaiztoak, onak baño? Begira kristauen bizimoduari: zein gutxi diran onak, ta berak persegituak. Zer dala uste degu ekartzea Kristo egunoro Zerutik lurrera igaro erazitzeko alako injuria ta bidegabeak. A bai! Eta nola pozagorik jetsiko litzatean berriz Kurutze batean beste eriotza bat eramateko, ez igarotzeagatik anbeste injuria, nola daramazan orain kirstau askoren komunioetatik. Obe izango zan Judasentzat inoiz jaio ezpalitza. Bada zer esan bear ezta komunio gaiztoak urte osoetan egiten dituztenak gatik? Komunio gaizto bakar bat izandu bazan Judasentzat ain kaltegarria, ta Jesu-Kristorentzat injuria ain andia, zer izango da amar, ogei, berrogei komunio gaizto egin dituztenentzat? Ai ai! dio Santo Tomas Aingeru Maisuak; ai konzienzia loi ta gaiztoarekin komulgatzera dijoazanak! Obe luke, San Krisostomok dionez, demonio aldra edo pillo bat sartutzea beren korputzetan Jesu-Kristoren aragi ederra baño. Obe luke alakoak, dio San Ziprianok, ezarriko balute itxasoaren ondora errotarri bat samatik duela, eltzea baño altara santura bekatu mortalean.

        Usteko dezu Santuak esaten zituztela sentenzia oek beren buruz edo asmoz? Ez kristaua, ez: esaten zituzten zekitelako guk baño argi geiagorekin, nor dan Jesu Kristo, zer merezi duen; nolakoa dagoan bekatu mortalean dagoan anima, infernuko bat bezela beltz ta itxusi, ta zein pisu andiko bekatua dan alako ostatua ematean egiten dana. Orain ixillik daramaz geienez onelako sakrilejioak.

        Baña Santuen esan guziak siniserrazak egiten dira Espiritu Santuak San Pabloren aoz esandituen itz oekin. Jaten duenak ogi Jangoikozko au graziako prestaera gabe, jaten du bere juizioa. Au da jatea bere kondenazioa, dio San Krisostomok. Gaizki komulgatzen danak, dio Apostolo onek beste leku baten, artzen du bere gañera edo bere kontra bezela Jesu-Kristoren Korputz ta odola. Zer esan dezake geiago? Nor arritzen ez da itz oek enzunda? Zer dala uste dezu kristaua jatea Jangoikoaren juizio edo bakoitzaren kondenatzea? Da sillatzea bezela Kristoren odolarekin itxaraten digun juizio estua? Zer dala artzea gere gañera edo gere kontra Jesusen korputz ta odola? Da nola ere bait esatea, Juduak Pilatosi esan ziena, orren odola izan didilla gure gañera. Eta zer atera zuten Juduak Kristoren odola ixuri erazoaz ta bere gañera artuaz? Gaur da eguna aien ondorengoai jarraitzen diena kastigo andiak. Nolako itxutasuna ez ezagutzeko Jesu-Kristo? Nolako gorroto ta ekusi ezina Jende guziak? Non da odol mantxa andiagokorik Juduena baño? Nolako kastigoa izan etzuten Jesu-Kristo illda geroko urte baten milla bat ta berreun milla goseak ta ezpatak ill zituenean Kristo ill zuten Jerusalengo errian? Zergatik? Artu zutelako Jesusen odola beren gañera, au da eman zituztelako bideak, ta egin Pilatosi eskaariak iltzeko Jesu-Kristo. Orain bada komunio gaiztoak baño bekatu txikiagoak gatik Badio San Pablok, dala berriz Kristo kruzifikatzea, dala erabiltzea oinpean Kristoren odola, conculcantes Sanguinem Christi; zer esan bear da komunio gaiztoaren gañean? Nolako Kalbario gogorra prestatzen etzaio Jesusi bekatuko ostatu zikinean, ta deabruaren etxean? Nolako kastigoak ekarriko ez ditu bere gañera sakrilejio gaiztoen bidez? Bai dio San Pablok, emendik jaiotzen dira gaitzak ta eriotzak. Ideo inter vos infirmi, et dormiunt multi. Askorentzat da Kristoren korputza eriotza dakarren pozoia, nola dan osasun emallea ondo prestaturik artzen dutenentzat. Mors est malis, vita bonis.

        Ai Kristau bekatu mortalean komulgatzen zeran zori gaiztokoa! dio aserre santu batekin San Bernardino Senakok: Zure gañera eroriko dira Dabid Errege Profetak adierazo zituen madarikazio latzgarriak. Izan didilla beren maia lakirio edo katigugarria. Fiat mensa eorum corant ipsis in laqueum. Beren begiak geundu edo illundu bidiz gauza onik ekusi ez dezen.

        G. Nai nuke enzun ejenplo bat edo beste ezagutzeko bekatu onen anditasuna, ta dakarzen animako kalteak.

        E. Ongi eskatzen didazu. Nik nai banitu bildu Eskritura Santeetan ejenplo egokiak, bearko nuke denpora luzea. Natan ta Abiron irentsi zituen bizirik lurrak eraman zuteelako Sakrifiziora su bedeikatu gabea. Anbeste aserratu bazan Jangoikoa erreberenzia falta bat gatik anzinako sakrifizioan, zenbat geiago aserratuko zaio ekusirik bere Seme maite maitea Infernu eginda dagoan toki baten. Antioko Erregeari zerk ematen zion naigaberik andiena eriotzako orduan, korputza usteldu ta inork sufritu ezin zuenean? Jerusalengo Eleizan egin zituen sakrilejioak. Zenbat andiagoa da Eleizaren Jabeari, Kristo ber berari egiten zaiona komunio gaiztoan? Baltasar Babiloniako Erregeak nolako azkena izan zuen bere Aitak Jerusalengo Eleizatik eraman zituen onzi edo baso santuetan ardoa edaten zuelako? Oza Eliz gizona beingo baten iltzen da Dabid Errege ta jende guziz askoren aurrean ikutu ziolako Testamentuko Kutxari? Zenbat milla Betsamitar ill ziran lotsa gutxirekin begiratu zielako Kutxa Santu berari? Aingeruak azotatzen dute ta erdi illik utzi Heliodorobat sartu zalako Jerusalengo Elizan diruak artzeera. Oen bekatuak guziz txikiak ziran komunio gaiztoaren ondoan; ala ere izan ziran ain portizki kastigatuak mundu onetan. Zer itxaraten die Jesu-Kristoren korputz ta odolari kristau sakrilegoak egiten dizten bide gabe, edo injuria itsusiak gatik? Nork konta lezakez banaan Jangoikoak mundu onetan ere egin dituen kastigo ikaragarriak bekatu mortalen batekin komulgatzera eldu diranakin? San Ziprianok dakar bere egunetan eldu zala emakume bat bekatu mortalean komulgatzera, ta komulgatu baño leenago irten zuela Ostia konsagratuti su andi batek, ta utzi zuela erreta emakume zorigaiztokoa igarotzeko emengo erretzeti beti erre bearko zuten Infernuko suetara. Onelako milla ejenplo erakurtzen dira.

        Ai Jauna! Esango dute batzuek, noiz edo berriz orrelako kastigoak izanagatik, niri etzait orrelakorik gertatu bein baño geiagotan eldu banaiz ere komulgatzera gaizki konfesatu ondoan, edo lotsaz bekatuaren bat konfesatu gabe utzi nuelako edo damu gabe urreratu naizalako komunioko maira. Osasun galantarekin nago; bizi naiz kezka andi gabe; ta orren andia balitza komunio gaiztoaren bekatua, oraingo kastigatuko ninduen. O kristau zorigaiztoan jaioa! Zer diozu? Bizi zerala osasunarekin ta kezka andi gabe Jesu-Kristori egin diozkatzun injuria astunen ondoan? Ez luza iritzi, ez: Ez dira zure sakrilejio beltzak sartuko zaku eten ta zulatuan. Zuk biltzen dezu, esango dizut San Pablorekin, Jangoikoaren aserrearen tesoroak bere Benganzako egunerako. Gizon gaizto asko eldu dira zaar izatera. Zorionekoa zu Jangoikoak bere zigorra artu ta kastigatu bazinduz Aita batek bezela. Zorionekoa zu komulgatu zinanean gaizki zure mii guzia anditu balitzatzu; gaitz andi batekin erori baziña Aldara aurrean, zure korputz guzia ezkabi edo lepra gogorez bete balitz, edo Aingeru Santuak etorri eta azotez ebaki, ta erdi illik gelditu baziña Elizan Heliodoro bezela. Kastigo onelakoren batekin ezagutuko zenuan zure bekatuaren anditasuna, ta izango zenuan penitenzia egiteko laguntasun andia. Baña zuretzat dauka Jangoikoak kastigo gogorragoa. Zure entendimentuaren begiak geun andiarekin illundurik daude, ekusten ez dezu bekatuaren belztasuna. Zure biotza geroago ta gogorrago egin zatzu, ta urratuko ez da bekatuaren damuz; iraungo dezu gaizki konfesatzen, ta largako dizu pakean Jangoikoak; igaroko zara biotz zikin batekin injuriatzera Jesu-Kristo, ta ixil ixillik egongo da. Ordea egiaztuko da Jaunaren esana: nik bere denporan emango diet sari edo pagua. Ori nere kontura gelditzen da. Ixiltxorik eraman zituen Jesusek Anas ta Kaifasen arrotasunak, Pilatosen sentenzia bidegabea; borreroen azote erruki gabeak, eskini zuen masalla aldea kolpeak eramateko, eskuak ta oñak josiak izateko: egin zuten Juduak berekin nai zuten guziak. Au da zuen denpora, oek zuen egunak, esaten zien Jesusek; etorriko da nerea, ta jakin eraziko zaie nor zan kruzifikatu zuteena. Igaro ziran aien egunak, igaroko ere dira gureak. Non diran orain ta aspaldian Anas, Kaifas, Pilatos, Herodes, Judas, ta deadarrez Jesusen odola eskatzen zuten anbeste jende deabrua baño gaiztoagoak? Noren eskuetan erori ziran ill ondoan. Zer atera zuten bere gaizki eginakin? Eta norako dira, noren eskuetan erori bear dute orain bizitza gaizto bat eraman ta penitenzia gabe dijoazanak altara santuetara? Norako dira kristau lujurioso asko beren ezpañ zikinekin, ta korputz bekatuan lizunduakin dijoazanak artzera Maria Santisima garbiaren Seme maite garbiagoa? Noren eskuetan eroriko dira bekatuen inguruan dabiltzanak, komuniotik bekatura, bekatutik komuniora. O kristau zorigaiztoko ta ordu gaiztoan mundura etorria; onela itz egiten die San Ambrosiok: ebilli zerate emakume zikin baten arpegian lizuntzen mingain zatarrok, ta zoazte gero negar andiekin bekatu ori garbitu gabe, laztan edo mun egitera Ama Birjinaren Seme lirio guziak baño zuriagoari? Esku zikinduekin bekatu loietan elduko zera Kristoren mai Santura. Oek dira Ama Birjinaren debotoak esaten dituztelako orazio batzuek mingain deabruzkoekin.

        Ez berriz galdetu niri zenbat kristau diran gaizki komulgatzen diranak. Txit asko dira ukatzen, edertzen edo gutxitzen dituztenak beren bekatuak lotsa gaizki aitu batekin. Txit asko dira edo okasio gaiztoai larga bage, edo oitura txaarrak kendu gabe, edo beren obligazio jakin bearrak kunplitu gabe urreratzen diranak mai santuetara, ta egunoro daramaz Jesusek injuria beltzak kristaurik geinetatik. O nolako eskerrak artzen dituen guri anbeste mesede egin ondoan. Nik azi nituen umeak esan dezake Isaiasekin; baña artu ditut despreziorik andienak. Idiki ditut iturri ur ederra ta ezin obeagoa zeukatenak; baña naiago dituzte Ijituko zingura basatuetan arkitzen dituzten ur loi, ta zatarrak. Azkenean esan bear da San Juan Ebanjelistarekin, kanpora zakurrak, gaizkillak, lujurioso, ta gezurrezko konfesioakin dabiltzanak. Foris canes, venefici, impediti... Aldatu bizitza, garbitu anima bizitza bera artu nai duenak.

 

aurrekoa