www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XII.

Konfesio jeneralaren gañean

 

Recogitabo tibi omnes annos meos
in amaritudine animae meae.
Is. 38.

 

        G. Zeren gañean izango da gaurko doktrina?

        E. Konfesio jeneralaren gañean, zeña dan askok uste duen baño bearragoa; zerren ondo egitetik dator anima askoren salbazioa, ta ez egitetik, edo gaizki egitetik beste askoren kondenazioa.

        G. Zer da Konfesio jenerala?

        E. Da konfesio len banaan egiñen berriztazio bat, esaten dirala Konfesio batean len konfesatuta dauden ta ez dauden bekatuak. Konfesio jeneral au izan diteke edo bizitza guzikoa, edo denpora zatiren baten egin diran Konfesioena, bakoitzari nola konbeni zaion, edo nolako premian arkitzen dan, gero esango degun bezela.

        G. Zertako da ordea Konfesio jenerala len egin badira Konfesioak?

        E. Da bada, edo seguruagoan joateko Jangoikoaren bidean, edo lengo Konfesioak gaizki egin badira arkitzeko salbazioko bide berez bakarra, zeña dan konfesio ona. Erakatsi degu igaro diran doktrineetan, nola Konfesioko Sakramentua dan bekatuko Itxasoan erori diranentzat bigarren ol bear bearra bautismoko Onzia ausi zaienentzat; au da, berriz arkitzeko neke andien kostuan bateoko grazia galdu duenentzat, beintzat biotzeko konfesioa. Erakutsi ere degu astiro, nola konfesio asko egiten diran gaizki, edo esaminaren paltaz, edo damu ta proposito egiazkoa ez eramanaz, edo bear bezela bekatu esan bearrak, ez esanaz. Konfesio gaizki egiñekin ez dala barkatzen bekatua, ta bai lengoen gañean geitu konfesio ta komunio beste sakrilejio. Beraz eztago onelakoentzat berez, beste biderik, egitea baño Konfesio jeneral, edo gaizki egin guzien berriztazio bat. Dabid Errege Penitentearen denporan etzegoan Konfesio Sakramentua zanik. Ordea zenbat alditan konfesatzen ziozkan Jangoikoari negar andiekin, ez bakarrik bere bekatu loi, ta eriotza eragiña, baita ere bizitza guzikoak! Ezequias Erregea, Santua zan; baña esaten zion Jangoikoari, nik ekarriko ditut gogora nere bizitzako urte guziak nere animaren damu ta mingoiztasunik andienean. Erakurri nai baditugu Jesu Kristoren legeko santuen bizitzak, ekusiko degu, nola egin zituzten bein baño geiagotan Konfesio jeneralak, humillatzeko Jangoikoaren aurrean, bekatua obeto ezagutzeko, damu andiago artutzeko, ta anima obeto garbitzeko.

        G. Baña bear bearra da Konfesio jenerala?

        E. Bai txit askorentzat; ez guzientzat. Ala bada Konfesio jenerala da gutxi batzuentzat alperra ta kaltegarria; da guziz askorentzat txit ona, ta bear bada geienentzat premiña osokoa, edo bear bearra. Enzun doktrina au kontu andiarekin. Esan det gutxi batzuentzat dala kaltegarria; oek dira anima beldurtiegi, ikarakor edo egiaz eskrupulosoak, zeintzuek egin zuen len ondo bizitza guziko Konfesio guzien edo jenerala, prestatzen zirala anbat ondoen, gelditzen zirala egin ondoan konzienziako pakean, ta Konfesorearen ustean ere ondo egin zana, ta bizitza on ta berri batekin ematen zituztela egiazko damuaren ezaubide edo señaleak. Onelako batzuei gertatzen zaie gerora animako pakea galtzea; ikara betikoan arkitzen dira; ondo konfesatu ote nintzan, esan ote nituan bekatu guziak bear ziran zirkusntaziakin. Dijoaz Konfesoreagana sarri betiko lelo edo soñuarekin; konfesio askotan esaten die, Jauna gogoratu zat bekatu au, zirkunstanzia au, ta aspertzen ez dira esatez: aztutzen zaie zer konfesatu zuen, ta darame bizitza tormentuz betea. Deabruak laguntzen die konzienzia naastzera, kendutzen die gozo ta poz guzia Jangoikoaren gauzeetarako, etortzen zaie pensamentura eztagoala salbaziorik berentzat, ta tentatzen dira largatzera artu duen bizitza ona. Konfesoreari ekarriko balie obedienzia osoa, erraz kenduko lituzke kezka ta arantza tormentagarriak; ordea esaten due beren artean, ez daki Konfesoreak nere barrun bean igarotzen dana; uste du konfesatuta daukadala eskrupuloso bat naizala, ta zer balioko dit niri engañatzen bada Konfesorea ta largatzen baditut bekaturen batzuek agertu gabe? Nola ni salbatu? Konfesorearen oñetatik irten orduko komulgatzeko joan aurrean berriz gogoratzen zaie anzinako beste bekatu edo zirkunstanziaren bat; ikaratzen dira; ezin komulga nindeke, dioe, egin bear det sakrilejio andi bat biurtzen ezpanaiz konfesatzera; bekatu anditzat pintatzen die deabruak, konfesatuak ez konfesatutzat, ondo esanak oker esanak bezela, ta ala etorri dira bat baño geiago ernegatzera, ta beren buruak illtzera pakerik arkitu ezinda. O zenbat asmo dauzkan Infernuko etsaiak! Gaiztoai zabaltzen die geiegi Zeruko bidea, daramaz konfianza bidegabeko batekin penitenziarik ez egitera; arrapatu ezin dituanak bizio gaiztoen bidez, arrapatu nai ditu desesperazioko bide estutik.

        O anima gaixo tormentu oetan zaudena! Ezazu egia. Konfesio jenerala egin zenduanean larga zenuan bekatu mortalen bat, edo zirkunstanzia esan bearren bat lotsaz, ta beldurrez ezaguera osoarekin? Ori ez Jauna; esan nituan gogoan neuzkan guziak, ta ez nuan ezer utzi lotsaz. Absoluzio santua artuta gelditu ziñan biotzeko pakean? Bai Jauna, ta neritzan arinduta zegoala nere anima karga pisu bat kendu banu bezela, ta pozak negarrak atera zizkidan. Eta animako pakea galdu baño leenago esan ziñozkan Konfesoreari bekatu edo zirkunstanzia azturen batzuek? Bai Jauna. Ez dizu esan Konfesoreak arrezkero ez eragiteko lengo gauzaai, ondo esanak daudela, largatzeko bere kontura? Bai sarri ere. Eta Konfesio jenerala eginda artu zenuan bizitza obe bat? Aldegiten dezu bekatuko okasio ezagunetatik? bai Jauna, ta naiago nuke ill ere bekatu mortal bat egin baño leenago. Bada eroa, zergatik idukirik zure Konfesio jenerala señale ezin obeak, zabiltza deabruari leku ematen, zeñek ez duan nai zure animako pakea ta ona? Zergatik egin ez itxu itxuan Konfesorearen esanak? Jesu-Kristok esan zuan Zuek enzuten zaituanak, neu enzungo nau. Konfesorearen itza zuretzat da Kristoren itza, Konfesoreari obedezitzea Kristori atsegin ematea. Zu zaude laño artean; bear dezu beste argitzalle bat; zera itxua, bear dezu itxumutil bat erori nai ezpadezu ta galdu burua. Etzera piatu bear zere argi itxurakin, bai egin zuk baño argi geiago duan Konfesorearen esana. Ala bada ez konfesatu, burura etortzen dira begitazioak, uste izanagatik konfesatu bear dituzula; zerren sinistu bear dezu zure konzienziaren berria dakian Konfesoreak obeto ezagutzen duala zuk baño zer bear dan konfesatu ta zer ez; ta konsuelo geiagorako zer edo zer largako bazendu, agertu gabe konzienzia paketsua duenentzat agertu bearra dana, etziñake zu galduko, ta obedienziaren sakrifizioak zirkunstanzia aitatu ditugunetan, libratzen zaitu obligaziotik ta ez dizu esango Kristok juzgatzeko orduan, zergatik egin zenuan nere ordean itz egiten zizunaren esana? Zergatik obeditu nere Ministroari? Zergatik jarraitu ez zere argiai? Eranzun bada beldurrari nik obedezitu bear det, au da Jaunaren borondatea, Joan bear det komulgatzera Konfesoreagana berriz biurtu gabe. Obedienzia osoa artutzen badezu egun gutxiren buruan etorriko zatzu pakea, aldegingo du deabru aingeru estalkiaz janzi danak, ta artuko dezu bide obea Jangoikoa serbitzeko. Askorentzat dira txit onak beldur modu edo eskrupulo oek Konfesio jeneral ondoan; geitzen da Jangoikoaren beldur santua, garbitzen da anima espirituko tormentuekin. Baña luzatzen badire geiegi, ta Konfesorearen esanai jaramonik egin gabe bazabiltza zere argi gezurrezkoei jarraitzen, aterako dezu kalte andia. Esana esan, Obedienzia, obedienzia itxua, ta au da bide bakarra ta segurua alako animentzat; ez iges egi beste Konfesore zure animako berri eztakianagana Konfesio jeneral berri bat egiteko asmoz. Galduko dezu burua, ta nekatuko zera alperrik. Beraz onelakoentzat alperra da Konfesio jenerala; zerren amar eginda ere biurtuko diran lengo beldurretara, ta kendu bearrean geituko zakoz.

        Esan det doktrina au aditzen dala Konfesio jeneral onaren señaleakin konfesatu diranentzat; ta eman dira señaleak. Ordea badira bai kristau eskrupulosoak diruditenak, sarri konfesatzen diranak, ta esaten ere bai beti beldur dirala ondo konfesatu ote diran, larga ote duen bekaturen bat; egin dituztela Konfesio jeneralak ta pakerik arkitu ezin duela. Esaten due len aitatu ditugun benetako eskrupulosoak esan dueena berbera. Ala esaten die Konfesoreak, zaudete pakean, utzi lengo gauza zaarrai, ta nola Konzienziak kezkatzen dituan lotsaz larga zutela zer edo zer, ezin paketu dira esan guziakin, dabiltza larri aingeru onak mintzen dielako espiritua. Noiz bait esaten due, Jauna aztu zatan konfesatzea onelako edo alako bekatua, esan bearrean estalki ta gezur gabe, utzi zuela beldurrez ta ezagueraz, ta egon dala konfesio jeneraletan ere esan edo agertu gabe. O anima gaixo onela konfesatzen zeratenak! Zertako dira jirabira, ta gezur estaldu oriek? Ez dira eskrupuloak atormentatzen zaituztenak: dira bai Jangoikoaren inspirazio edo gogargi ekarri nai zaituztenak Konfesio zuzen ta garbi bat egitera. Onelakoak guzienez bizi dira beste bekaturik egin gabe konfesio txaarrak baño, ta errazago engañatzen da Konfesorea pensatzera dira eskrupuloak. Oek lotsa andia iduki oi due agertzeko bere Konfesoreari egin dituzten konfesio gaiztoak, ta esateko argiro, nola beldurrez egon diran urte osoetan bekaturen bat edo beste agertu gabe. Arkitzen badira emen onelako kristau argal ta errukarriren batzuek, arbeze nere konseju au; ta da billatzea beste konfesore on bat egiteko berriz Konfesio jeneral oso oso ta garbi bat, agertzen diola igaro zaiona ta esan jira bira gabe, artez, ta zuzen, nola egon dan lotsaz agertu ezinda, zenbat denporan, noiztik noiza konfesatzen zan, ta beste bekatu guziak; zerren konfesio gaizki egiñetan esan ziran beste bekatuak diran esan gabeak bezela. Ala bada Konfesio jenerala egiteko premia jakiña duenak, nolakoak diran duda gabe lotsaz bekatu mortalen bat esan gabe egon diranak, ezin dezkete beste konfesio, ta komuniorik Konfesio jeneral oso batekin anima garbitu artean. Ez du balio esateak gero egingo det Misioren bat datorrenean, ez beste luzabiderik artzeak zeren bekatuak ezagutuaz agertu gabe dauden arteko konfesio ta komunioak dira beste anbeste sakrilejio. Onetan askok utsegin oi due. Badira bai sakrilejio andiak egiten dituzten anima batzuetan birtute usiak, ta usaiak, obra onak diruditenak, ta onela geiago zoraerazitzen die deabruak. Dira eskrupulosak, ikarakorrak ezerezetan, ta irensten dituzte bekaturik beltzenak, ta ikaragarrienak; ta euskal errietan esana dan bezela, zaietan ziogi, ta irinetan ero. Fariseoen gisakoak eskuak garbitu gabe maian zenbat jaateko beldur andia, ta Kristo persegitzeko illarteraño beldurrik ez. Ala dira bada komunio gaiztoakin Kristo persegitzen duena, ta Abe Maria bat ondo esan ote duen, ikara daudenak. Begia badago garbi, ta gueun gabe, korputz guzia argitua izango da; baña begia gaixo ta gaizto badago, edo lausotua, korputz guzia ere illuna egongo da; ala dio Kristok. Esan nai det, bagabiltza zinzo, zuzen ta asmo garbiarekin, emendik jaiotzen diran egitada edo obra guziak onak izango dira. Agertzen dionak argiro, zuzen, ta borondate garbiarekin Konfesoreari biotza, egin gero bere esana, obeditu itxu itxuan; baña bagabiltza estalkiz, ezkutuka, ixillka, jirabirakin, ta zinzotasun gabe, ez du Konfesoreak erru edo kulparik izango konseju txaarra ematen badio; nola Osagilla edo Mediko batek idukiko ez duan osagarri okerra ematen badio gaixo danari, onek estaldu diolako gaitz egiazkoa, Jangoikoak madarikatzen ditu biotz tolestu edo dobleak, aoan bat ta biotzean beste bat darabiltenak.

        G. Baña norentzat izango da ona, ta probetxo andikoa Konfesio jenerala?

        E. Txit askorentzat. Badira kristau ez gutxi, zeintzuen konfesioak ez duen señale ezagunik obligatzeko Konfesio jenerala egitera, zeren ez duen ixildu ezagueraz, ta lotsaz bekaturik, ez izan ere usario, oitura, edo kostunbre gaizto luzerik; baña ez da birtute jarraiturik ere, bai zerbait epelak ta nagiak Jangoikoaren serbizioan, edo noiz edo berriz ere egin dituztenak bekatu mortalen batzuek, ta ez eraman gero penitente on on baten bizitzarik. Baña banaan aitatuta agertuko da obeto esan dedana alde batera edo jeneralean. Onela bada, da txit ona Konfesio jenerala iñoiz leenago egin ez duen guzientzat, ta nere ustean da txit ona eskrupuloso egiazkoentzat ere len inoiz egin ezpadue, ta eskrupuloetatik libratzeko bidea Konfesore on bat arkitzen badue. Ona arrazoi adiutu, edo egokia. Ez dago iñor zuzen jakin dezakeanik aur denporako, edo zortzi urtetik amabost urterako konfesioetan utsik egin ez dala. Ikasten da aoz doktrina, nola bear diran ondo konfesatzeko esamina konzienziakoa, damu, ta proposito Jangoikoagandik sortua, osoro bekatu mortal jakinak, dudakoak, ta begitanduak Konfesoreari agertzea. Baña nola prestatzen da denpora artan, egun zoro aietan ondo konfesatzeko? Eman nai dizut etzenuala egin bekatu jakin ta andirik, etzenuala egin bekatu loi ta lujuriakorik (zenbat libratzen ote dira sagar ustel au jan gabe?) ez ostu ere gauza pisurik. Baña non da Teologo edo Konfesore ain jakina, ta erabakiko dituana zuzen, urte aietako bekatuak ziran edo ez astunak dudaren apur gabe? Gaztetxoak egiten dituzte biraoak edo alkarri, edo artu aoan ta aserrez izen deabru, demonio, edo barrabasena; askok uste due bekatu andiak dirala onelako biraoak, berenez ezpadira ere. Nola enzuten da meza urte aietan? Batera ta bestera begiak darabiltez, alkar jooka dabiltza, parreka, ziraka, ta atenzio apur bat ipintzen ez duela. Gurasoai zer lotsa gordetzen die? Berriz alkarren artean batzuetan burruka, besteetan auzka, ta ukabilka, ta ez gutxitan arrika. Konfesatzen ere dira, bai: baña aurrera esan diran paltak; damu ta propositoa ondo arina, edo utsak. Beste aldetik ez dakite zer dan bekatu mortala, ezta ere zer beniala; mortalak dirala esango dute ez diranak gatik, mortalak diranak, dirala arinak. Bada nor paketuko da denpora artako konfesio arin onakin, ta bear bada txaarrakin? Ala bada ondo esan det Konfesio jenerala dala guziz ona len egin ez duen guzientzat. San Luis Gonzaga gutxi arkitzen dira humill ta garbiak, deboto ta Jangoiko zaleak lenbiziko urteetan; ta esan dedan bezela Santu beti Santu izan gazte onek ere egin zuan konfesio jenerala ito bear zuala uste zitekean damu negarrezkoarekin; ta bizitza guzian gauza bik ematen zien kezka ta pena andia; bata gaztetxoa zanean artu ziolako bere mendekoa bezela zan Soldadu bati, polbora apur bat ixillik; ta pozik emango ziona eskatu balio; ta bigarrena, aitatu zitualako, zer esan nai zuen jakin gabe Soldaduen artean enzun zituan itz garbi etziran batzuek, ta bein bakarrik. Oek izan ziran bere bekatu, bizitza guzian negar eragin zienak, geien geien bekatu benialak baño etziranak. Bestela txiki txikitatik, ta seaskatik bezela eman zituan santidade andiko señale ezagunak. Konfesio jenerala da ere txit ona Estadua artu nai duen kristauentzat. Nola sartuko da bat ondo Elizgizon izaten bere anima garbitu gabe zetaka ta mantxa guzietatik? Fraile edo Monjarik arkituko ez da bear bada abitua artzeko denporan, edo profesio aurrean Konfesio jeneralen bat egin gabe len eginda ere, eskrupulo andiren batzuek gatik eragotzen ezpadie Konfesoreak. Abadeak ere egin oi dute ordentzeko egin oi dituzten ejerzizio santuetan. Bada zer? Ezkonduko diranak Sakramentu andi bat artu bear duenak ez dute garbitu bear beren anima milla peligroren erdian sartu bear badue? Baña zer diot ona dala konfesio jenerala ezkondu bear duenean? Geien geienentzat da bearra ta obligazio estukoa: O gazte mundukoak! Nolakoa da zuen bizia denpora gaizto oetan? Igarotzen dituzte urte asko ezin esan besteko pensamentu aragizkoai leku ematen diela: malizia edo ezaguera sartutzeko unetik, Jangoikoa amatu bearrean, ematen diez primiziak deabruari; txit goiz tentatzen ditu infernuko etsaiak, ugari darabiltez itz zatar nagusiai enzunak, batak besteari erakasten diela doktrina gaiztoa konbersazio lotsagarrietan; itzetatik igarotzen dira eskuka ta beste tokamentu itxusietara, edo mutiltxoak mutiltxoakin, edo neskatxatxoak neskatxatxoakin, edo bai bear bada aiek oekin. Edo konfesatzen ez dituzte lotsaz, edo konfesatzen badituzte, ez apaindu gabe. Non da oen damua? Non obetzea bizitza? amasei, edo amazazpi urtera eldutzen diranean, irtetzen due plazara, ala esan oi due; ta orobat, munduan burua agertzera. Botatzen da lotsa guzia, dabiltza pestarik pesta, apaintzea ta jostatzea baño gogoan besterik ez dueela. Nork kontatu zenbat torpekeria, zenbat akzio gaizto ta itxusi egiten dituzten; biotza prestatuta bezela, pensamentua ta aoa idikita naikunde edo deseo likitsetara, itz, ta gogorazio loi guzietara? Nolako bideak ematen ez dituzte bekatuetarako? Egin ta eragin akzio txaarrak, tenta ta tenta bidean arkitzen dan edozein neskatx. Buruko illeak baño bekatu mortal geiago animan iraasten dituztela. Ezkontza usietan sartutzen dira; pasio gaiztoari geiago begieratzen die ezkongeian birtute, ta bizitza onari baño. Askok berriz artzen dituzte ezkontzako libertade guziak ezkondu baño leenago, ta sartutzen dira Ezkontzako Sakramentu andi ta santuan Asmodeo Infernuko etsai andia ondo ta obeto serbituta. Eta nola gero zori edo suerte ona izango due? Zenbatek esan oi due ezkontzeko borondatea iduki ta itza eman ezkero, Eleiz deiak egiten abiatu ezkero, ezkonduta daudela Jangoikoaren aurrerako? ta doktrina herejiako onekin egiten dituzte aitatu ere bear ez diran bekaturik andienak. Onela prestaturik dijoazanak konfesatzera ezkontzeko egunean, edo egun aurrean geitzen dituzte sakrilejio andi bi konfesio ta komunio gaiztoakin, ta sartutzen dira estaduan Jangoikoaren madarikazioarekin. Ala bizi dirala ezin dezakete konfesio jeneral onik ere; zerren Konfesio jeneral onak eskatzen du aurrez prestamentu ona; ta beingoan ezkontzeko egunak artean bizitza gaiztoa eramanda, nola egin esamina kontuzkoa, ta erakarri Jangoikoagandik damu egiazkoa? Erraz da mauru beltzak bere narru edo azala zuritzea? ala bada ezkontzako gogoan sartutzen danean bereala asi bear du Konfesio jeneral ta oso bat egiteko ondo prestatzera; joan Konfesore on bategana ta esan oni erakatsi dezola nola prestatuko dan, batez ere libururik ta erakurterik ezpadu. Erabaki bear ditu okasio txaar guziak; ez tratatu iñola ere ezkongaiarekin, dalako peligro andiko gauza, ta bear dan beste denpora artu Konfesio on bat egiteko; ta ala prestamentu onakin, penitenziako espirituarekin sartu bear da Ezkontzako Sakramentuan.

        Da ere Konfesio jenerala guziz ona len Konfesio jenerala egin duenentzat. Adirazoko det. Gertatzen da misio, edo ejerzizio santuen bidez Jangoikoak biotza ikuturik, egitea Konfesio jenerala bere ta Konfesorearen satisfazio osora. Gero asitzen due bizitza guziz on bat, sartutzen dira orazioko bidean, ta egunoro aurreratzen dira Jangoikoaren serbizioan. Aurrerapen oetan argitzen zaie asko entendimentua, egunean baño egunean geiago artzen due damu geiago leenagoko bekatuena, ta nai die Jangoikoari satisfazio osoa alegiñaz eman penitenzia Konfesoreak ontzat emanekin. Onelakoak egiten badue berriz konfesio jenerala, artu oi dituzten argiekin, esan oi dituzte bekatuak len esan zituzten baño argiroago, ezaguera ta damu andiagoarekin. Eta nork esan zenbat on, edo probetxo atera oi duen bigarren Konfesio jeneral onekin? ala ere esana esan, anima sartuta badago egiazko eskrupuloetan, ez da egin bear, beintzat konzienzia paketu artean; ez da ere len ondo konfesatuta dauzkan bekatuak konfesatzeko beldur ta ikara andiren bat badu; zerren gerta liteke lotsaz zerbait largatzea, ta pakean zegoan konzienzia kezka andietan sartzea. Ala ere ondo da jakitea, Konfesio ondo eginetan esan diran bekatuak largako balira agertu gabe ezagueraz ta borondatez ere, dan bezela dala, ez dala, geienen irituan, konfesio gaiztorik egiten nola egiten ez dan, largatzen diranean bekatu benialak agertu gabe, zeren berenez bekatu benial ezagunak ta bekatu ondo, au da konfesio onean agertuak, diran borondatezko, ta ez bear bearreko konfesakizunak. Baña nola gutxik dakiten au, gerta liteke, konfesio gaiztoa egitea ez jakinez bigarren Konfesio jeneral borondateko ta premiagabekoan lotsaz bekaturen batzuek larga, ta uste izateaz gaizki konfesatu dala. Orregatik bigarren Konfesio jenerala egin nai duanari lenengoa ondo egin ezkero, emango nioke konseju, egin dezala lenengo egin zuan Konfesorearekin beldur gutxiago idukiko dualako len berri dakianari esateaz. Baña kontu; lenengo Konfesio jenerala gaizki egin zuanak, egin bear du beste bat ondo, salbatu nai badu, ta orduan agertu lengo konfesioetan esan ziran, ta etziran bekatu mortalak, jakiñak, edo dudakoak beren zirkunstanzia agertu bearrekin, baita ere egin diran konfesio gaiztoak.

        Badira kristau modu batzuek, zeintzuek bizi izan diran konzienzia epel batekin; bazuen Jangoikoaren bildurren bat, bekatu mortalik egin nai eza, baña bai izan ere mundu zaleak, nagiak Jangoikoaren serbizioan; ta egin oi dituztenak bekatu benialak ardura gabe, ta obetu gabe; konfesatu noizean bein ta beti bat bizio txikietan; beste batzuek ebilli dira auzitan denpora luzean, ta sarri ernegazioak, ta gaizki esateak. Ezta Konfesorerik jakitunena aizartu edo atrebituko esatera ta ezagutzera duen edo ez onelakoak premia edo obligazio estua Konfesio jenerala egiteko; baña bai beldur moduren bat idukitzera ondo konfesatzen ote dan edo ez bere epeltasun, ta kontu gutxiagatik: dudatzen ere da gauza batzuetan ziran edo ez mortalak, akusatzen zituanean penitenteak aserre, ernegazio eta gaizki esateak. Nola bada irten epeltasuneko bide peligroso artatik? Nola irten duda gogorretatik egin gabe Konfesio jeneral oso ta garbi bat ederki prestatuta?

        Da ere Jangoikoaren bidean aurreratzeko bide ona urtean bein urte artan egin diran bekatuen Konfesio jeneral edo osoa, illean bein, edo astean bein edo sarriago konfesatzen diran kristauentzat, ta San Ignazio Loiolakok animarik onenai ematen zien konseju urtean birritan egiteko. Nork esan zenbat laguntzen duan animaren kontu onek aurreratzeko Jangoikoaren bidean? Baña ona emen neke andi gabe urtean bein Konfesio jeneral, ta bizitza guzikoa egiteko bide edo modu erraza, ta animarentzat probetxo edo on andikoa, len bein ta sarriago Konfesio jenerala Konfesorearekin egin duten kristauentzat. Artu dezake batek, zerbait esamina aurrez eginda, egun bat igarotzeko erretiro, edo bakartadean, erakurten dakianak, ta orazioari denpora emanda. Egun eder onetan, jarri, deritzon ordu baten, Jesu-Kristoren Imajiña baten aurrean, ziñatu, esan Ni bekataria konfesatzera balijoa bezela, ta konfesatu zeaztasun andi batekin bertan dagoan Jangoikoari, bizitza guzian egin dituan paltaak; artu gero gogoan zenbat izan diran, zein andiak, nola Jangoikoak bota lezakeala Infernura, bota eztuan; artu gero damu guziz andi bat guziakgatik propositoarekin aurrera eramateko bizitza obea, esan onen ondoren Nere Jesu-Kristo Jauna, ta egin deritzonean penitenziaren bat. Bakarrean, ta Jangoikoari egiten zaion urteoroko Konfesio jeneral onek ez dakar nekerik, ta bai ezin esan beste onera edo probetxo anima garbitzeko.

        G. Baña nork egin bear du nai ta ez, edo premiaz Konfesio jenerala.

        E. Txit askok, ta bai nere uste osoan emen arkitzen diran askok ere. Ona emen regla edo zuzen bide utsik egin ezin lezakeana. Konfesio jenerala da obligazio estu edo premia gogorrekoa leenagoko Konfesioak gaizki egin dituzten guzientzat, ta Konfesio jeneral ta zuzen batekin gaizki egiñak remediatu ez dituztenentzat.

        Konfesioak izan ditezke gaiztoak esaminaren paltaz, damu ta proposito egiazkoaren paltaz, bekatuak osoro ta borondatez ez esanaz, edo penitenziak artu nai ezaz, sarri ausiaz, edo konfesio askotan kunplitu ezaz.

        Emendik aterako da argi andia igarteko noiz dagoan obligazio astuna Konfesio jenerala egiteko.

        Esaminaren paltaz izango dira konfesio gaiztoak; bakoitzaren nagitasunez, alperkeriaz, edo arduragabez gogora ekartzen ez diranean, ta gero onen paltaz konfesatu gabe largatzen diranean bekatu mortalen bat, edo batzuek, esamina kontuzkoa egin balitza gogoratu, ta konfesatuko ziranak. Onetan erorten dira berandurik berandu esamina azaleko arin ta beingo batekin konfesatzen diran bekatari batzuek. Oek gatik dio Señeri beneragarri ta misionista andiak, geiago dirala konfesatu gabe largatzen dituzten bekatuak konfesatzen dituztenak baña. Igarotzen dituzte mandamentuak itoka, beingoan, ta bakarrik gelditzen dira bekatu itsusi, lodi lodi, ta edozeiñi gaitz deritzonetan, largatzen dituzte esaminatu gabe pensamentuz ta itzez eginak; edo beintzat iduki ezpadue gogorik gauza gaizto ta agirikoren bat egiteko, ez dira gelditzen bestelako atsegin zatar, itz loi ta kaltegarrietan; ez aztertzen ere iñori eman ote dien ejenplo gaiztorik. Zenbat obligazio kunplitu bearrak esaminatzen ez dituzte guraso, alkate, Errejidore, ta Ofizioak dauzkeenak? Eta ezagutzen ezpadituzte bekatuak beren esaminaren paltaz, ez dira barkatuak izango. Argi berezko bat bear da Jangoikoak emana bekatu ezkutukoak ezagutzeko, ta orazio on bage izango ez da argi au. Ala bada esaminari lagundu bear dio, batez ere karguak dauzkenen artean, argi eskatze gogozko batek, ta artu, bear dan adina denpora, Esaminaren doktrinan esan genuan bezela, gogoratzeko bekatuak.

        Baña konfesio gaizto geiago egiten dira egiazko damu ta propositoaren paltaz esaminarenaz baño; zerren damu ta proposito egiazkoak berez dakar konzienzia aztertzeko ta bekatuak ezagutzeko gogo ona.

        Damu au gutxitan arkitzen da bekatua izan danean zorionekoa mundurako. Ekusiko dira bekatuko bidetik izan duenak ezkontza bere gustoko bat, igo duenak fortunan, neskame izatetik igaro diranak Señora edo etxekoandra izatera, pobrezatik diru edo ondasundunak. Oek nola esan egiaz ta biotz biotzetik, damu duela Jangoikoa ofenditua, naiago duela alako fortuna edo zorion mundukoak iduki baño gelditzea anzinako meetasun ta pobrezan? Bada mundu onetako edozein gauza geiago estimatzen duenak Jangoikoaren grazia baño, ez du bekatuaren damurik. Bekatuak kalteak mundurako ekartzen dituanean, gorrotatzen da nola bai bekatua, ta ez da gauza ain gaitza Jangoikoaren ofensa dalako ere gorrotatzea, nola dan munduko fortuna, zorion, edo mesedeak dakarzkigunean. Lapurreria baten Justiziak artutzen badu bat, sartzen badue Karzelan, gosea igarotzen badu, atsakabe oetatik jaso lezake biotza Jangoikoagana, ta damu artu Manases batek bezela katea artean ofenditu dualako Jangoiko ona; emengo peneetatik igaro dezakez fedeko begiak Infernuko karzelara, Zeru geldu duanagana, ta bai amatzera ere Jangoiko maitagarri emen kastigatu nai izan duana. Ordea lapurretatik, irabazi gaiztoetatik aberastu danak, nekez gorrotatuko du bekatua, nekez biurtu irabazi gaiztoak. Neskatx, anima, honra, ta estimazio guzia mundurako galdu duanak bekatu eginda; bere maitatzallearen palsakeria ezagututa, ekusten da negarrez, ille tiraka, ta ernegazio gogorean Damu du bekatu egiña, ez egiaz beingoan bear bezela; baña Jangoikoaren graziaz arkitzen du onelakoen biotzean prestaera obea gorrotatzeko bekatua Jangoikoarn ofensa dan aldetik, bestelako neskatx bekatuetatik sari andiak, estimazioak, ta fortuna lurrekoak atera dituztenak baño. Konfesoreak ere ez du anbeste neke ezaguerazitzeko bekatua, mundukoen pagu gaiztotik gogoraerazitzen dionean, zenbat maitatzalle obea dan Jangoikoa, zenbat obeak diran bere serbitzarientzat dauzkan sariak, zenbat pake geiago arkitzen duen garbiro bizi diranak? O Kristauak! Eta zertara joko due azkenean bekatutik datozen zorion edo fortuna? Zer aterako due emen egun on batzuek igaro ta gero betiko Infernuko pena ta atsekabeetan egoten badira! O nola esango duen probetsu gabe; zorigaiztoko fortunak! Obe nuan Jangoikoari jarraitu banio, bizi izan banintza konfianza guzia beregan ipiñirik; igaro pobreza apur bat; zenbat aberastasun obeak izango nituan gaur Zeruan! ala bada estimatzen ez duanak geiago Jangoikoaren grazia lurreko onra, ondasun ta bizitza bera baño, ez du damurik, ez Konfesio onik onela konfesatu dan arte guzietan, ta bear du egin Konfesio jenerala?

        Damurik ez darame konfesioetara prest daudenak irabazi bidegabeak egiteko; onelakoak dira merkatari dendera, Eskribadu, ta beste tratulari atera al duen guzia ateratzen duenak, begiratu gabe legeak ematen dituan zuzenbideai. Errietan karguak dituztenak egiten ere dituzte, (ez diot guziak, bai batzuek) tranpa asko ixiltxorik ta kontuak emateko tranpa berriak igarri ez dezen beste Justiziako ta bezinoak. Au bear det, neke asko artu det, besteak ere egiten due, au da beren betiko lelo ta soñua. Galdetzen die zinzo ta garbiro Konfesore jakitunai utsik ez egiteko gogoz? Zein gutxi Egin ta gero konzienziako kezkak obligatzen ditu zerbait esatera konfesioan, baña milla edergarri, apainduria, ta estalkirekin Konfesorea bere alde idukitzeko. Oen konfesioak dira gaizki egiñak, iango ere bai biurtu artean, iñola al duela, bidegabeko irabaziak. Oen artean sartzen dira logreria zaleak, diruak prestatzeagatik eskatzen duenak emana baño geiago: asko tratu dira gaizki egiñak eztie galdetu nai gizon jakitunei, ta beintzat ez garbiro, ta egia billatzeko gogoz. Onela konfesatu diranak egin bear due Konfesio jenerala asmo sendo batekin biurtzeko irabazi txaarrak; bestela ez dago ez konfesio onik, ez barkaziorik.

        Egin bear due Konfesio jenerala damu egiazkoaren paltaz len egin diran konfesioagatik, okasio gaizto ta ezagunetan egon diranak alderik egin gabe konfesio ondoan. Bekatuaren okasio andi ta urrekoetan daudenak, daude bekatu jarraitu ta betikoan. Konfesatzen nintzan Jauna; absolbitzen niduen. Bai; baña zere animako kaltean, zeren edo engañatu dezu Konfesorea okasio gaiztoak agertu gabe, edo arkitu dezu Konfesore kontu gutxiko bat, zure animaren salbazioagatik neke gutxi artu duanak, ta eman dizuna bien kaltean izan dan absoluzioa. Zertako da konfesatzea, konfesio ondoan biurtzen bazera lengo olgantza, pesta, joko, etxe, edo lagunetara, nondik jaio ziran lengo bekatuak? Ezpadezu gogo ta animorik largatzeko animako galbideak, edo okasioak, zure damua begitandua ta gezurrezkoa da, bekatuak oñen gañean daude okasio ezagunak oñean badaude. O nola korputzeko gaitzetan idukiten dan kontu geiago! Nola iges egiten duen osasuna galtzeko peligroetatik osasuna benetan nai duenak.

        Emendik dator zuzenbide edo regla dudagabeko au; Konfesatzeko bitarteetan billatzen ta ipintzen ez dituztenak bitarteko egokiak irtetzeko bekatuaren oitura edo usario gaiztotik; edo peleatzen ez diranak garaitzeko griña, edo pasio txaar gauza gaiztoetara arrastatzen dituztenak, konfesatzen dirala gaizki, ta egin bear duela Konfesio oso, guzien, edo jenerala. Ondu gabe, ta indarrik egin gabe animako etsaiak garaitzeko, non da damu ta egiazko propositoa?

        Orain bada egin bear due Konfesio jenerala bizio jarraituetan iraun dueenak, bitarteetan konfesatzen zirala. Onelakoak dira maldizioak ezarteko oitura luzeak iduki dituztenak; batzuetan egiazko gorrotoz besteetan intenzio edo gogo gabe, ta gutxitan eskandalua eman gabe; konfesatu bai, baña aurrera leengo oitura gaiztoari.

        Zenbat onelako? Badira Guraso beren seme alabeekin konturik iduki ez duenak urte askotan, nola nai bizi izaten largatzen dienak; jakiñagatik, edo jakin bearrean, bizi dirala pauso gaiztoetan, atzeraten ez dituztenak. Badira ere beren ejenplo gaiztoekin laguntzen dienak gaizto izaten. Badira ere seme ta alaba lotsa gaiztoa gordetzen dienak Gurasoai, konseju onak artu nai ez dituztenak, ematen dizteela naigabe asko eranzuera gogorrekin, ta bizi modu txaarrarekin. Irauten due urteetan onela, konfesatu dira, baña gaizki, zerren leengo bizi modua beti zeukaten oñean.

        Badira gorrotoan, tratatu nai ezta, ta etsaitasunean luzaro egon diranak, edo auziren bat darabiltelako, edo beren iritzian injuria andiren bat artu duelako. Oen konfesioak izan dira gaizki egiñak, edo ondo esplikatzen etziralako konfesioan, do emendatzen etziralako.

        Badira ardoara emanak, mozkortzen diranak beren anima, onra ta ondasunen kaltean, erri guziak ezagutzen duala beren izio gaiztoa, ta berak gutxi. Oen konfesioak izan oi dira gezurrezkoak, edo proposito egiazko gabe egiñak. Badira seigarren mandamentuaren kontra modu askotara utsegiten duenak, urteak igarotzen dituztenak pensamentu txar askori leku ematen, itz zatar ta itsusi asko esaten, ta pozik enzuten; eskuka desonesto ta zatarrak egiten edo konsentitzen; beren buruekin ere atsegin itsusiak artutzen. Nork esan mandamentu onen kontra askok egiten dituzten loikeriak? au da bekatu aspertzen ta gelditzen ez dana bein artu ezkero, dio San Pedro Apostoluak; begiekin, belarriakin, mingañarekin, eskuakin, memoria, entendimentu ta borondatearekin, korputzarekin zikintzen duela anima! Nork esan berriz zenbateraño zabaltzen dan? Ezkonduak ere galdutzen due beren leialtasun lagunari zor diena; senideak aztutzen due odoloari zor dien lotsa; personarik begiratuenak izan bear duenak ere arrapatzen dituala batzuetan deabruak; animalia edo abereakin ere bat egiten dirala, aurtxoai erakasten zaiela bekatu egiten. O bizio lotsagarria, baña ainbeste erro ta sustrai botatzen dituana! Zenbat egur ezarten etzaio lujuriako su berez biziari iraun dezan? Olgantza edo pestaz irizikitzen duenak, konbersazio amoretik sortuak, jan edan geiegiak ta zer ez? Ala irauten due urte osoetan; konfesatzen dira, baña edo gezurrez, edo obetasun gabe. Egunen batzuetan beldur apurren bategatik, edo gogait eginda atseren badue erori gabe, sartzen dira berriz gogo berriarekin, bidiazti nekatuak arnasa artu ta jarraitzen dion bezela artu zuan bideari. Dira abere beltz zikintzatik jaiki ta ondo garbitu baño leenago, berriz zikintzara etxuten diranen gisakoak. Nork sinis lezake ume ezkontzakoz beteta daudenak ere, ez largatzea gaztetan artu zuen bizio gaiztoa? Nork aguretu, buru murrituak, ta oin batarekin sepulturan daudenak, besterik ezin duenean, esango dituztela itz berdeak, ta eman gazteai konseju gaizto lasaigarriak? Nolakoak dira onelako guzien konfesioak? Zenbat sakrilejio izugarri! Zenbat bide gabe edo injuria Jesu-Kristori aldarako Sakramentura urreratzen diranean anima ta sentidu zikiñakin? Oek biurtzea osoro Jangoikoagana ta gorrotatzea bekatu ain maite ta erantsia! Zein gauza gaitza! Eta zenbat gaitzagoa ez biurtzea lengo ebillera, konbersazio, lagun ta okasioetara? Zenbat labanarri aurkitzen ez due pauso guzietan? Nolako sustrai sendoak ipiñi ez ditu beren biotzetan bizio gaizto onek? Nolako indarrak, nolako orazio ta dilijenziak egin bear ez dira ezitzeko aragi gaizkira oitua? Nolako kontua begi ain lasai ebilli diranekin? Zenbat tentaziok esetziko ez die? Nolako gerrak igaro ez Infernuko etsaien aldetik? Gauzarik gutxiena ta nekerik arinena da aozko konfesio jeneral oso oso bat egitea, anditzat badaukate ere. Zenbat gaitzagoa da onelako biotzak ongi prestatzea damu andi bat iristeko Jangoikoagandik, ta artzea iraungarri egoki ta bear bezelakoak? O kristau gaixo lujuriako katea gogorrekin lotuta luzaro egon zeratenak! Zer esango dizuet? Ezin salbatuko zerala? Ez. Gauza gaitza dala zuek Jangoikoagana egiaz biurtzea, ta irautea bizitza garbian? Bai, bai. Zer egin bada? Egin dilijenzia guziak, konsideratu astiro zer dan ta nolakoa itxaroten dizuen kastigo betikoa Infernuko karzelan; nola dan ain arina, ta iraupen laburrekoa bekatuaren kontentua, ta betikoa bere tormentua egiazko penitenziarekin konfesioko iturrian garbitzen ezpada. Nola ezer balioko ez dizun egun batzuetan bekatu egin gabe egoteak, irauten ezpadezu bizitza garbian. Pensatu astiro, nolako Zeru ederra galdutzen dezun atsegin itsusi, zatar, ta iraupen laburrekoak gati! Zein beltz ta izugarria larga dezun anima Jangoikoaren irudi edo imajiñara egiña! Gogoan artu zein ona ta maitagarria dan zuk ofenditu dezun Jangoikoa! Ta nola pazienzia andiarekin egon dan zuri begira gau ta egun askotan zu kastigatu gabe beste asko bezela! Nola orain ere zu billatzen zaituan zuk bera billatu bearrean. Nola emango diozun atsegin andia, biurtzen bazera beragana, largarik bekatu lagun ta okasioak. Nola poz geiago arkituko dezun Konfesio eder, ta negarrezko batekin animako karga astuna botata, iraunda baño leengo bide zatar gaiztoetan. Oek bada bear due egin Konfesio jeneral ongi prestatua salbatu nai badue.

        Izan oi dira konfesio gaizki egiñak proposito egiazkoaren paltaz puskaka, ta apurka bezela denpora luzeetan gauzaak oztutzen diranean, konfesatuagatik ondutzen ez diranak, leengoan dirauteenak, biurtu gabe kenduak itza emanagatik Konfesoreari. O zenbat onelako errietan! Olio, ardo ta janedan bestelakoak saldutzen dituztela legeko neurria baño laburragoan, edo naastzen dituztela obeto irabazteko; apurka apurka igoten due gauza astunera. Euri tantak txikiak dira, baña askorekin egiten dira puzu andiak, azi ibaiak, ta ujolak ere jaiki. Orobat dendera saldu erosietan edo irabazte geiegiak, edo neurri laburtuekin gauzaak ematen dituztenak. Onelakoak beti daude pekatu mortalak ta asko egiten zerren beti dauden prest txikietatik andira igoteko irabazte txaarretan. Egin bear due nai ta ez denpora guzi artako Konfesio jenerala, edo gaizki esplikatzen ziralako konfesio banakoetan, edo emendatzen etziralako; baña eztu balioko Konfesioak, laguntzen ezpadio biurrera edo kenduen restituzioak, inola ere al dala, ta al dan bestean. Nork esan alde onetatik egiten diran konfesio proposito egiazko gabeak? Zenbat daude urte osoetan zor egiazkoak pagatu gabe nagitasunez, luzatzen dituztela arrazoi on gabe ta jabearen borondatearen kontra arkitzen dutela gastu alperretarako, ta jaartzen dirala, ez gutxitan, inoiz ez pagatzeko peligroan, edo eriotzak ustekabean artu dezakealako, edo gerora zerekin pagatu idukiko eztualako? Zenbat bizi dira kontuetan utsegin dualako tratuko lagunak, igarririk utsegina lagunaren kaltean dagoala txit pozik, agertu gabe utsegiña? Zenbat, erriko diruak gobernatzen dituztenen artean, kontu okerrak eman, aloger bear ez diranak artu, ta bizi diranak urte osoak pake galantean konzienziako kezkai jaramon gabe? Zenbat maiordomo edo Elizako Kofradietakoak, edo iñoren odasunetakoak, ezkutuan jan ta kontuetan gero milla tranpa sartutzen dituztenak? Zenbat testamentario nagi, zenbat heredero diru zaleagoak, anima zaleagoak baño, bizi dira urte osoetan meza aginduak atera gabe, luzatzen dituztela Purgatorioko anima gaixoen kaltean, ta egin bear ziran beste zor pagatzeak egin bage! O konfesio ederrak! Jangoikoa engañatu ezin due mundukoen begietatik estaltzen badue ere beren kutizia, edo iñoren gauzeen gozatze bide gaiztokoa. Onelakoak konfesatu dira gaizki, edo agertzen etzituztelako zuzen bere tranpak, geienez gertatzen dan bezela, edo emendatzen etziralako, edo biurtzen etzielako bakoitzari berea zekentasunez. Baña erraz da onelakoak Konfesio jeneral ona egitea? Ez: zerren aragitu ta etxetuta dauzkeen iñoren gauzaak, ta min andia artu bear due ebaki, atera, ta biurtzeko bakoitzari berea. Emango dituzte milla esesio, aitzakia ta eskusa; ezin det orain, ekusiko det zer egin al dezakedan, mantenitu bear det ta janzi nere burua ta etxekoak; etorriko da denpora obeago bat, ta ez naiz illko biurtu gabe. Ala ezin egin begitanduekin engañatzen dituzte askok Konfesoreak, ta ekusten dira ostutze modu asko, konfesioak konfesio gañean, ta restituzio guziz gutxi. Ez dago Konfesio jeneral ondo eginik ezpadago restituziorik, inola al dezala, edo al dan bestean. Ala bada ez alperrik nekatu esamina egiten, ta konfesatzen; bada, zer egin? Aurrez egin dilijenzia osoa biurtzeko bakoitzari berea, ta ez esan gezurrez ez det zerekin. Agertu egia Konfesore jakintsu bati, ta Kristok badio begia atera, ta oña ebaki bear dala eskandalua ematen badue, nik ere esango dizuet, obe dala gutxi jan, pobretxo janzi, ta nekez igaro inoren gauzarekin jan ta janzi ta gero Infernura erori baño.

        Ala bada esana, egon diranak denpora luzean bizio gaiztoren baten sartuta, edo obligazio astunen batzuek konplitu gabe beren kulpaz, egin bear due denpora guzi artako konfesioen berriztazio garbi bat, zeña dan Konfesio jenerala, ta au egin gabe jarraitzen badue konfesatzen, konfesio gaiztoak egingo dituzte.

        G. Kontu gogorra, esango dezu. Nik esaten nituan bekatu guziak, ez nuan ezer gordetzen; uste ere nuan baneramala damu ta propositoa; esaminatzen nuan konzienzia kontu andiarekin; ordea gero pasioak berriz katigatzen nenduan. Zertako bada ausiko det burua, ta eman zeregin Konfesoreari berriz esaten len konfesatutako bekatu mortal guziak?

        E. O deabruaren asmazio anima asko galdu dituana atzeratuaz Konfesio jenerala egitetik! Zer atera dezu bekatu guziak agertuaz leengo Konfesioetan, ta Konfesoreak askotan luzatu bear zizun absoluzioa gaizki emanaz, baldin ezpazeraman bear bezelako egiazko damu, ta propositoa? Zure iritzi edo uste izate txaarrak ekarriko dizu barkazioa? Ez, ez. Apaiz batek bateatzen badu aurtxoa ardo zuriarekin uste izanik urarekin bateatzen zuala, ondo bateatuko da aurra? Eta barkatuko zaio bekatu amaren sabeletik dakarrena? Ezez, esango didazu. Eta zergatik ez? Zerren bear dan ur egiazkoa, ta ez begitandua bateoa ona izango bada. Bada nik ere esaten dizut, ain bearrak dirala, konfesioa ona izaiteko, damu ta proposito egiazkoa, nola ur egiazkoa bateoa ona izateko. Ala, zure uste izateak ez dizu egingo konfesio ona, ta jakin ere bear zenuan obetasun ta emienda gabeko konfesioak zirala egiazko damu ta proposito gabe eginak. Zer eranzuten dezu? Ona zer esaten dizun Espiritu Santuak, bere bekatuak gatik baraur egiten duan gizonari, biurtzen bada lengo bekatuetara, zer balioko dio bere humillatzeak; edo nork enzungo du bere eskaari edo orazioa? Nork ikara andi bat artuko ez du Jangoikoaren itz au enzunda? Zer esan konfesioko humillatze, orazio edo parkazio eskatzeak gatik, laster, ta sarri biurtzen bada lengo bekatuetara? Gaur negar itxuraz, bularrak kolpetzen ta esaten, damu det Jauna, ta andik laster bekatura biurtzen; ta onela bekatu ta konfesio, konfesio ta bekatu. Nork esan benetan damutzen zala, ta artutzen zituala ondutzeko bide onak? Nork igaro naiko du alako konfesioakin Kristoren aurrera? Beraz egin bear due Konfesio jenerala ondo ta ondo prestatuta.

        Baña ezta ezertan igarten obeto ta argiroago Konfesio jeneralaren premia, nola dan leenagoko konfesioetan largatzeaz bekatu mortalen bat ezagueraz, ta lotsaz agertu gabe, ta askok uste duen baño utsegin geiago dago gauza onetan. Ona bada guztirako ona izango dan zuzen bidea. Larga duanak ezagueraz ta beldurrez konfesatu gabe bekatu mortal ezagun edo duda osokoren bat, edo bekatu mortaltzat zeukana konfesatzeko orduan, edo bekatu mortalaren zirzkunstanzia bekatu berria egiten zuana; ta orobat apaintzen duanak edo gutxitu mortal izatetik benialera joerazitzen diola, egiten du konfesio gaiztoa, ta zenbat konfesio ta komunio egin dituan agertu gabe bekatu, edo bekatuak ezagueraz, egiten ditu beste anbeste sakrilejio, ta egin bear du denpora guzi artako Konfesio jenerala; ta Konfesio jeneral onetan agertu bear dira, ez bakarrik lotsaz gorde ziran bekatuak, baita ere aleginez bitarte artan egin ta konfesatu ziranak ere, zerren konfesio gaizki eginean konfesatuak, dira ez konfesatuak bezela.

        Au egia izanik, aztertu bakoitzak bere konzienzia, ezagutzeko nolakoak izan diran konfesioak, inoiz ezer utzi ote duan lotsaz konfesakizuna ta astuna zeritzonean. Arkituko dira uste dan baño geiago, edo guziz ixildu, edo edertu, edo gutxitu dituztenak, ta onela igaro diranak konfesatzen urte osoetan. Begira zer dion bakoitzaren konzienziak.

        Ori orrela bada, dio batek, nik naita ez egin bear det Konfesio jenerala, zerren txikitxoa nintzanean egin edo konsentitu nituan zikinkeria ta nauskontuak nere lagun aide batekin, eskolako lagunekin, edo auzokoetako neskatx mutiltxoak alkarrekin genbiltzanean, ta ez ditut inoiz ondo konfesatu, zerren ematen zidaten lotsa andia txikitan alako gauza zatarrak egiteak ta egiten erakasteak, ta sarritan gogora etorri, ta kezkatu banaute ere, pensatzen nuan batzuetan etzirala bekatu astunak izango, ez niakeala nik orduan zer egiten nuan, ez nuala ezagutzen zer zan bekatu mortala; baña egia esateko guzia izan da lotsaren lotsaz ez konfesatzeagatik; ez nintzan inoiz paketzen; enzuten nituanean Pulpitoetatik, nola bata ta bestea kondenatu ziran bekatua beldurrrez ez agertuagatik, ikaratzen nintzan, etortzen zitzaiztan gogora txikitako bekatu loi edo itsusiak; batzuetan pensatzen nuan konfesatzea; beste batzuetan atzeratzen nintzan, ta ala ezda-baida onelakoetan igaro ditut txikitatik onako urte guziak. Ori orrela da? Bada egin bear dezu txikitatik onarako Konfesio jenerala, ta au egin artean ez dezu beste konfesiorik egin bear. Duda pisu andikoak ez agertzea Konfesoreari ezagueraz ta lotsaz, bekatua da. Txikitako loikeria aiek egin oi dira malizia moduren batekin, billatzen dira leku ezkutuko ta bakarrak, ta argiro ez pensatuagatik urte aietan bekatu mortalak ziranik, beti edo geienez egoten da ezauera moduren bat arrazoiari gaizki deritzona obra txar ura. Onez gañetik konfesatu ez dituzu gaizki zerintzola ez konfesatzea, egon zera kezka andietan, konzienzia paketzen etzan inoiz osoz, ta noizean bein kezkatzen ziñan. Onela egin diran konfesioak dira fede txaarrekoak, ta ala obligatua zaude konfesio jeneral bat egitera.

        Niri gertatu zat, dio beste batek, egitea orain amar edo ogei urte animalia batekin bekatu itsusi bat edo geiago, ta alakoa izan da nere lotsa, ezen ez naiz atrebitu edo azartu konfesatzera. Bai? Bada edo egin denpora guzi orretako konfesio guzien berriztazio bat edo Konfesio jenerala, edo kondenatu.

        Ni ere arrapatzen nau gaur doktrinak, dio beste batek, zerren larga ditut konfesatu gabe fedearen kontrako pensamentu gaiztoak, uste nuan Konfesoreak idukiko ninduala herejetzat, etzegoala Erromara gabe barkaziorik, ta ala eraman det bizitza triste ta arantzaz bete bat. O Kristau deabruak engañatua! Bear bada lekurik eman etziñon pensamentu oriei, ta Jangoikoaren kontrako pensamenturik itsusienak ere bekatu ez dira borondateak laguntzen ez dionean. Baña nola egon zeran lotsaz gordetzen konfesatzeko obligazioa zenukalako usteaz, egin dituzu konfesio gaiztoak, ta egin bear dezu guzien Konfesio jenerala.

        Nik egiten nuan beste tranpa modu bat, dio nork edo nork. Iduki nituan lotsaz agertu gabe denpora zati baten bekatu batzuek, ta nola lotsa nintzan esatea Konfesoreari lotsaz larga nituala, esan nion gero aztu zitzaiztazala, ta lotsaz konfesatu gabeak esan nituan aztuak bezela. Bada egin dituzu konfesio gaiztoak, zerren ezkutatu dituzu bekatu andiak, oek dira konfesio ta komunio sakrilegoak, ta dezu obligazio estu estua egiteko lotsaz konfesatu gabe asi ziñatetik onarañoko Konfesio jenerala. Ala da. Geiago kostatzen zaio bati esatea argiro bekatua lotsaz konfesatu gabe larga dituala, bekatuak berak esatea baño; baña guziak esan bear dira, ala egin diran konfesio ta komunio gaiztoak, nola orretarako lotsaz konfesatu ezaz bidea eman duen bekatuak.

        Nik geiago egin det, esango didate beste khristau batzuek; txikitatik asi nintzan pensamentu zikinai leku osoa ematen, itz zatarrak esaten ta enzuten, eginditut eskuka itxusi asko edo nere aragiarekin bakarrean, ta lagun gaiztoekin; onela igaro ditut urte osoak dibersio gaiztoetan buruko illeak beste bekatu egiten modu guzietara; konfesatzen nintzan sarri, baña esaten ez nituan erdiak ta gutxiago ere; esaten nituan arinenak, ta astunenak gorde; nere begi oin esku, edo sentiduei ematen nien atsegin gaizto asko; ez nuan egiten gero ez esamina onik, ez artu damu egiazkorik, ez konfesatu laurdenik, ta onelakoa izan da nere bizitza guzia, gaizari borondateko atea zabalduta, mandamenturik geienak ausitzen nituala zertan edo artan. Nik ezagutzen det orain argiroago egin bear dedala Konfesio jenerala. Baña nola garbitu nere konzienzia matasatua? Nola gogora ekarri guziak? Nola nere aotik atera anbeste bekatu itsusi?

        Kristau eroa, nai dezu aurrerazean ondu ta bizitza berri bat artu? Nai dituzu larga bekatuko okasio galgarri ta ezagun guziak? Nai dezu artu amu andi bat zere bizitza ta anbeste sakrilejio itsusigatik? Ondu nai ezpadezu, larga nai ezpadiezu lagun, adiskide, leku, etxe, ta olgantza galdu zaituzte nai, alperra izango da Konfesio jenerala. Baña penitenzia egin nai badezu lengoak gatik, ta artu aurrera bizitza garbi ta txit on bat, ez dago gauza gaitzik Konfesio jenerala egitean: billa ezazu anima zalea dan Konfesore jakintsu bat; esan lenengotik pilloan nolakoa izan zeran, nola konfesio onik egin ez dezun urte askotan edo bizitza guzian, ta erregutu ezozu galdetu dagizuela banaan mandamentuetatik. Bai kristaua, zaarra bazera ere borondate ona badezu ta gogo ona ezer ez largatzeko, aterako dizkitzu Konfesoreak bere itaune, edo galdetze prestakin zure biotzean dauden bekaturik itsusienak, ta banaan ezin atera diranak, aterako dira oitura edo usarioz. A baita nolako pakea geldituko dan zure animan konzienzia garbitu ezkero! Nola pozaren pozak negar gozoak aterako dizkitzun! Nola ezagutuko dezun geroago ta geiago Jangoikoaren ontasuna,ta eramango zaituan argi berri batek amatzera ta serbitzera Jaun anbeste pazienziarekin itxaran dizuna, ta zu billatu zaituana. Nolako atsegiña eriotzako orduan kontu guziak ondo eginak idukitzeaz Jangoikoaren Justiziarekin Konfesio jeneral garbi, zinzo, zuzen, ta damu andiko batekin! Berriz, zer egingo du anima, bekatu gaizki konfesatuakin eriotzako tranzean arkitzen danak? Nola garbitu konzienzia naastu ta matasatua? Nolako estutasun ta ernegazioak artuko du ekusirik bere anima bekatuz, ta sakrilejioz betea! Ezagutzen du Konfesio zuzen garbi, a jeneralaren premia, ta nola izan zuan astia, ta era ona osasun on ta entendimentua argiarekin ondo guziak esateko, ta bizitza garbi bat eramateko? Arkitzen du Konfesoreak estu, larri, ta urte askotako konfesioak gaizki eginda. Konfesorea ezpada anima zalea, pazienzia andikoa ez dio kontu andirik artuko, largako du konfesio arin batekin len baño ere estuago. Konfesore on bat arkitzen badu ere, nola zuzendu anima guziz bekatuz josia, sakrilejioz betea, esamina onik egin ez duana, beldurrez ta ikaraz dagoana iltzeko, gaitzak buru guzia astundu diona, ta itzak ere nekez baño atera ezin dituana! O kristau deabruak orain anbeste atzerapen, nagitasun, ta ezinegin ematen dizuna, erraztuko dizu ordu estu artan? Zerk itxutzen zaitu? Zer ateratzen dezu bekaturik bekatu zabiltzala? Zenbat negar malko gori bota bearko dituzu egunen batean oraingo atsegin ustel zatarrak billatzen dituzulako? Zenbat iraungo dizue bide gaiztoko irabaziak, egiten dituzun tranpak, ta lagunari kendu diozkatzun ondasunak? Trokatu, edo errebesatu bearko dituzula, dio Espiritu Santuak, jan edo bildu zinduen aberastasunak. Zer aterako dezu egiten dituzun konfesio ta komunio sakrilegoetatik, edo egia estaltzen dezulako, edo damu gabe urbiltzen zeralako konfesioko sakramentura? Nolako kastigo ikaragarriak itxaroten dizu Infernuan Kristoren korputz ta anima santuari ematen ziñelako bekatuko leku itsusia?

        Ai, Jauna! dioe batzuek, nai nuke garbitu nere konzienzia, artzen det gogoa egiteko Konfesio jenerala; badakit arkituko nukeana atseginta pake geiago nere animako karga andi ta pisu au kenduta banuka. Ordea bereala larritzen naiz, izerdi larri batek irteeten dit, gogoratu ta bestegabe, esan bear ditudala anbeste bekatu itsusi anbeste konfesio ta komunio gaizki egin ditudanak. Ez dakit ez nondik ez asi, ez nola jarraitu. Nai dezu bada artu nere konseju ongi irtengo dizuna? Zoaz Ama Birjiñaren Imajiña baten aurrera, etxun zaite an bertan, eskaezozu bere laguntasuna garaitzeko infernuko etsaiak ematen dizun beldurra. Egizu negar zere bekatu andiagatik, ta nere konturan lagunduko dizula Konfesio jeneral eder bat egitera; ta arkituko dezu, bestela arkituko ezin dezun pakea. Nai dezu enzun neuri gertatu zitzatan ejenplo bat? Ona bada.

        Bizi zan erri baten Persona bat bizitza guzia eraman zuana bekatu modo guzietan; etzuan inoiz konfesio on bat egin; txikitatik asi zan bekatuak egiten, ta iraun zuan urte askoan bekatuak bekaturi iristen. Ezin sufriturik bere konzienziako deadarrak, zebillen Judas bezela salbazioaz ernegatuta, esperanza guzia galduta, ta onek zeraman edozein bekatu egitera; baña ezin arkitu zuan ezertan pozik, ta ala bein baño geiagotan dei egiten zion Infernuko etsaiari bere anima saldutzeko ta berekin tratuak egiteko. Ordea etzion Jangoikoak lizenziarik eman deabruari artarako. Urte askotan konfesatu ere etzan, ez komulgatu; zerren alde batetik etzuan biotzik bekatu guziak Konfesoreari esateko, ta bestetik beldur zan komunio santura eltzen anima ain loi ta gaiztoarekin. Au zan egiten zuan gauza on bakarra, au da ez nai izatea gaizki komulgatu. Bere gaiztakeria guzien artean etzan Ama Birjiñarekin aaztuta bizi. Ezin zuanean bakerik arkitu erabaki zuan, deabruak ala puztuta puzu edo Ibai batera bere burua botatzea, ta ala, bere ustez, pakea billatzea. Asmo galdu onekin joan zan egun batean Ibai ondora, ta burua urari eman orduko, oroitu zan Ama Birjiñaz, ta belauniko jarririk asi zan esaten iru Abe Maria. Zer balioko ote zion ito balu burua? Bereala artu zuan eriotzaren beldur andiak, ta biurtu zan etxera ezer egin gabe. Denpora zati bat igarota, nola Konfesio jeneral bat egitera atrebitzen etzan, biurtu zitzaizkon kezka, ta ernegazioak, ta esan zuan, ito bear det buruau, ta ez len bezela beldurtuta, egin gabe, etxera biurtu. Joan zan bigarren aldian Ibai ondora; esan zituan orduan ere iru Abe Maria belauniko; ta bertan artu zuan kondenazioko ikara andi batek, ta biurtu zan berriz etxera. Baña geroago ta estuago zerabillen deabruak. Zuk arkituko ez dezu pakerik bizi zeran artean, konfesatuko ezin dituzu bizitza guziko bekatuak, ta etzera salbatuko. Zoaz bada ta emanezazu buruari pakea ta ito ziate. Zer eginzuala deritzazu kristau errukarri ark? Esan zuan beregan, ni banoa Ibai ondora, ikaratuko naiz ta ez det animorik artuko burua uretara botatzeko. Asmatu zuan erostea baso erdi aguardiente; joan zan ibai ondora irugarren aldian, esan zituan belaunbiko iru Abe Mariak, ta ikaratu etzidin, edan zuan agurdiente animoa artzeko eraman zuana. Baña, o Jangoikoaren ontasuna! Artu zuan bereala lo astun batek, ta lotatik iratzartu zanean sartu zitzaion ikara andia, biurtu zan etxera; ta azkenean animatu zan nere oñetara eltzera, urrutikoa bazan ere. Egin zuan bizitza guziko Konfesio jenerala erraz erraz esaten zituala bekatu itsusi guziak. Nolako poza nerea Jangoikoak bialdu zidanean anima Birjinak deabruaren ortzetatik libratu zuana! Eta nolako poza berea arkitu zanean konzienzia paketsuarekin? A kristau premia andian arkitzen zerana! Garbiezazu zere konzienzia, billaezazu Ama Birjinaren laguntasuna, ta arkituko dezu salbazioko atea idikirik. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa