www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE I.

Zer erakusten digun Fedeak
Aldareko Sakramentuaren gañean

 

        Irakatsi degu orain arteko doktrina askotan, zer egin bear dan Konfesio ona izateko; ekusi bear degu orain beste doktrina batzuetan, nola prestatu bear dan komunio onerako. Izan diteke gauza bearragorik?

        G. Zein da bada lenbiziko prestaera?

        E. Da Fedea, edo sinistea osoro ta sendo Aldareko Sakramentuan artzen deguna, ez dala lurreko ogia, ta bai Aingeruena; au da Jesu-Kristo gure Jaun onaren korputz egiazkoa. Au da, Jangoikoak egin dituen mirari guzien artean andiena, dio Santo Tomas bere Debotoak, edo da mirari bat, zeñean dauden sartu, edo bildurik beste mirari asko.

        G. Zein da Fedeak erakasten digun lenbiziko mirari, edo egia?

        E. Da bada Sazerdoteak konsagrazioko itzak intenzio, edo gogo onarekin esaten dituanean Ogi, edo hostiaren gañean jartzen dala an bertan Jesu-Kristo gure Jaunaren Gorputz egiazko Ama Birjina gandik artua, gugatik jaio, ta kruzifikatua bear bera; ta orobat ardoaren gañean esaten ddituanean konsagrazioko beste itz batzuek, gelditzen dala Jesusen Odol egiazko, edo bene benetakoa.

        G. Konsagratu baño leenago, zer da hostia meza emateko ipintzen dana?

        E. Da irin ta urarekin egiten dan ora, erreaz ogi gelditzen dana; ta da lurreko ogia, ezpadu ere gure artean legani edo azkarririk. Orobat konsagrazioko itzak Sazerdoteak esan baño leenago Kalizan arkitzen dana, da matsardoa, zeñi egozten zaion ur apur bat. Ordea esan dan bezela, Konsagrazioko itzen bertutez edo indar Jangoikoak emanaz, ogi orde gelditzen da ostian Kristoren korputza, ta ardo orde Kalizan bere odol egiazkoa.

        G. Nondik daukate Sazerdoteak eskubide ain andi au?

        E. Jesu-Kristo gandik, zeñek egin zuen lenengo konsagrazioa, ta orduan eman zien bere Apostoluei beste anbeste egiteko eskubidea, baita ere ordentzeko Sazerdoteak, ta ala igaro da gure egunetara konsagratzeko eskubide au; igaroko ere da munduaren azkeneraño. Ni egongo naiz zuekin mundua bukatu artean, esan zien Kristok bere Apostoluei. Apostolu aiek ill ziran mundua bukatu baño leenago; ordea Apostoluei eskintzea zan Eliza Ama Santari eskintzea. Apostoluak larga zituzten beste Apostolo edo beren ondorengoak. San Pedro zan Kristoren ordean gelditu zana beste Apostoluen ta Kristau guzien Buru: Obispo Jaunak dirade berriz Apostoluen ondorenak; ala dirau lurrean Elizak. Beti izan da Erromako Aita Santua; beti Sazerdote nausietako edo Obispo Jaunak, beti arrezkero beeragoko Sazerdote Obispo Jaunak konsagratuak, edo ordenduak, beti kristau asko edo gitxi, beti iraun du Sakramentu aldarakoak persekuziorik gogorrenen artean ere, ta beti egon da Eliza lurrekoan Jesu-Kristo ber bera, Zeruan agirian egoteak eragozten ez diola, gurekin egotea.

        Bigarren egia edo miraria da, ogiaren, ta ardoaren izate edo naturalezak biurtu edo aldatzea Kristoren korputz ta odol egiazkoak izatera. Jangoikoaren itz edo nai izateak ez du gauza ez gaitzik edo ezin eginik. Berak esan ta nai izanaren indarrez egin ziran beingo batean Zeruak, eta Lurrea. Ipse dixit et facta suat. Ezerezetik alako gauza andiak egin zituen neke gabe. Bada nola erraz erraz egingo ez du gauza batzuek beste batzuera aldatzea? Kanango errian premia aldi baten morko andi batzuek bete erazi zituen urez, ta gero bereala ur guzia biurtu zuen ardo eder izatera. Leenago ura zan, gero ardoa; ardoa zanean ura eztzan, zeren ura zana aldatu zuen ardo izatera. Onela bada, dio San Ambrosiok, Konsagratu baño leenago ostian ekusten dana, ogi lurrekoa da, baña konsagratu ondoan ogi lurrekoa ez da, ta bai Jesusen aragi ederra; orobat kalizan egotzi edaria konsagrazioa egin baño leenago ardo lurreko edo matsekoa zan, baña konsagratu ondoan da Kristoren odol egiazkoa.

        G. Zerbait aditu det zer dan konbersio edo biurrera mirarizko au; ordea nai nuke enzun beste konparazio edo berdintza bat.

        E. Ona emen zur atsegin emango dizun gauza adigarri bat. Gizon batek jango ezpalu urte guzian ogi utsa, ta edan ez ardoa baño, ogi ura biurtuko litzake aragi izatera, ardoa ere bai odol biurtzera. Guk jaten ditugun gauzak biurtzen dira beste gauza batzuek izatera; aur txikitxo amaren ugatza baño edaten ez dutenak azitzen dira aragia, ezur, odol ta beste gauza askotan. Beraz amaren bularretik artzen duen ugatzarekin egiten da aragia, ezurra, odola, illea edo beste gauzaak. Bada nola Jangoikoak Sazerdotearen itzai indarra edo birtutea emanda biurtuko ez da lurreko ogia Kristoren aragia, ta ardoa bere odola izatera? Biurrera, edo aldatze oni deitzen dio Trentoko Konzilio Santuak Transustanziazioa, edo izate bat beste batera igarotzea.

        G. Ez det zer eranzun arrazoi ain argira: badakit Jangoikoarentzat gauza ezin eginik ez dala, ta sinisten diot Elizari, ordea gauza gaitza da aditzea begien kontra sinistu bear degula. Begiak konsagrazio ondoan ere, erakusten digute ogia hostian, ta ardoa Kalizan. Beraz sinistu bear degunaren kontra.

        E. Bai, ta arrazoia da sinistea geiago utsik egin ezin dezakean Kristo, ta bere Elizari, gure begi uts bera, edo engañakorrai baño. Txalupa baten gabiltzala itxasoan sartutzen degunean erramua urean, uste degu okerra dagoala erramua: begiak okertzen gaituzte. Begiai sinisten badiegu usteko degu dudaren apur gabe, ausia edo okertua dagoala erramua; ordea ateratzen badegu uretatik, ezagutuko degu zuzena edo ausigabea dagoala. Itxas bazterretan onzian dijoazanak uste dute aitzak, lurra, ta geldi dauden beste onziak ere badabiltzala. Ordea geldi daude, ta gezurra diote begiak. Gure sentiduak uts ematen dute gauza askotan. Orregatik anbeste begitazio. Berriz Fedeak ez du gezurrik, ez begitaziorik, ta bai zimendu galduko ez dana. Beraz gauza bat erakusten dutenean begiak, ta beste bat Fedeak, oratu bear diogu Fedeko ankorari galdu nai ezpadegu herejien itxas andietan. Ala bada konsagrazioko itzak esanda gero ere, begiak erakusten badigute lengoa bera, au da lurreko ogia edo mats-ardoa, ez dago an ez ogirik, ez ardorik, ta bai korputzeko begiekin ekusi ezin dezakegun Kristoren aragi ta odol egiazkoa.

        G. Zer dira bada an ekusten ditugunak? Zerbait ekusten da?

        E. Bai, ekusten dira ogi ta ardoaren itxurapen, edo irudi utsak, zeintzuek konsagrazio ondoan gelditzen dira itxasgarri gabe, edo lurreko ogi ta ardo bage Jesu-Kristoren korputz, ta odolaren estalgarritzat, ta ona emen irugarren egia edo mirari sinistu bear deguna.

        G. Nola adi genzake zerbait, zer diran ogi ta ardoarn itxurapen edo irudi utsak?

        E. Fedeko gauzaak sinistu bear dira, adigarririk ez dagoanean ere. Jangoikoa ez lizake Jangoiko izango, egin ezin balu guk aditu dezakegun baño geiago, dio San Agustinek. Lurreko gauza txit asko ezin aditu dituzte gizonik jakintsuenak; nola bada aditu Jangoikoaren egitada edo obra ain miragarriak? Gizon zenzu apur bat duteenak aitortu bear dute, zein gauza ezak diran gure argiak ezagutzeko gerez gañeko gauzaak. Lurreko gauza, edo konparazioak esan ta aditu ezin banazute, esan zion Kristok Nikodemus, Maisu anditzat zegoanari, nola adituko nazute lurrez gorakoak esaten badizkitzuet? Jesusek eskini zuenean Sakramentu au largatzea, esan zien Sermoi baten, Nik emango dedan ogia, nere aragia da. Asi ziran Juduak itz oek enzunda auzitan edo erriertan, Nola izan diteke (zioten) onek ematea guri jaateko bere aragia? Itz gogorra, nork enzutea emango dio? Leenago jarraitu zienak ere Jesusi, iges egin zien batzuek. Ezin aditu zuten, nola emango zuen bere aragia janaritzat. Begitandu zitzaien orduan zedukan aragi ekuskorra zatituko bearko zuela okela zati bat bezela. Zer egin bear zuten? Sinistu Kristori berak aditu ezin zuteena; ezasi aztertzen nola egingo zuen. Ala bada erakeria ta arrotasun ezin andiagoa da, uste izatea sinisteko Fedeko gauzaak, aditu bear ditugula.

        Baña gatozen utzi genduan galdetzeari eranzutera. Ona zer diran irudi utsak gauza bera gabe. Ikusi dezu inoiz gau odei gabean Ilargia? Bazoaz Ibai ondora ekusiko dezu uretan an ta emen Ilargiaren imajina, itxurapen edo irudia. Esadazu, badago Ibaian benetako Illargirik? Ez. Zer da bada ekusten dezun argi biribil Illargia dirudiana? Da, eranzungo didazu, Illargiaren imajina, edo irudi utsa. Orobat, begiratzen badezu artez Ispillu batera, ekusiko dezu zere Itxurapen edo irudia, guzia zere irudikoa; lodia bazera, lodi modukoa, beltza bazera edo txuria zeran bezelakoa. Zu etzaude Ispillu artan, Ispilluan ekusten dezun imajina edo irudia ez dago zuri iratsia; zurea da, baña dago zu ispilluan egon gabe. Onela bada, galdetzen badidazu, zer dira konsagrazioko itzak esanda ere ekusten ta ikutzen diranak? Dira ogi ta ardo gabe daoden ogi ta ardo itxurapen edo irudi utsak. Len, konsagratu baño leenago hostia, ogia zana, txuri txuria bazan, zabala, biribilla, edo lau barrenekoa, konsagratuta ere, gelditzen diran ogi irudi utsak, irudi utsak, izando dira txuri, zabal, biribil, edo lau barrenekoak, au da, len ziran bezela. Berdintza, edo konparazio oekin zerbait ezagutzen da, nola egon ditezkean ogi ta ardo konsagratuetan, ogi ta ardo egiazko gabe, beren itxurapen edo irudi utsak, ta irudi oen azpian Jesusen Gorputz, ta odol bene benetakoak.

        Baña ona emen Aita Luis Puente Beneragarri ta Jangoikozko gauza ezkutukoetan argi andia izan zuenak dakarren beste berdintza osoago bat. Ipin-zazuz Olla loka baten azpian arrautza batzuek; ta txitatxoak jaio bear duten aurrean, begiratzen badiezu arrautzai, usteko dezu osoak daudela, zuringo ta gurringo len zituztenekin. Gañetik ekusten dezu len ekusten zenduan guzia, kolorean, ta etxuran. Ordea ez dago aietan arrautza azal, itxura edo irudia baizik. Lengo zuringo, gorringo orde, daude barrunbeetan txitatxo bizi biziak. Len arrautza egiazkoak ziran zuringodunak, gero arrautza irudiak ta irudi oen azpian bezela txita biziak. Txitak egin diranean ez dago arrautzen izate egiazko edo sustanziarik; ta arrautza egiazkoak ziranean, etzegoan txitarik. Ekusiko ezpagenu gere begiekin egunoro bezela, nolako biurtza, edo aldatzea egiten duen arrautzaren izateak Olloak ematen dien berotasunarekin, nork sinistuko luke? Jangoikoak eman zien, edo Jangoikoak prestatu zuan naturaleza, arrautzak idukitzeko txita gaiak, ta gero berotasun egoki batekin irtetzeko txita biziak arrautzaren izatea galduta bezela, edo batetik bestera aldatuta. O konparazio ederra! Onelako birtutea badu Olloaren berotasunak, nola erraz sinistuko ez dezu Jangoikoak eman diela Sazerdoteai konsagrazioko itzen bitartez aldatzeko lurreko ogia Jesu-Kristoren Korputzera, ta matz ardoa bere odolera, gelditu gabe benetako ogi ta ardorik, ta bai oen itxura utsak? Jesu-Kristok autatu edo eskojitu zuenean ogia bere Korputz gaitzak eman zion prestaera egoki bat Konsagrazioko itzen bidez bere aragi eginda gelditzeko.

        G. Zein da laugarren mirari, edo egia sinistu bear deguna?

        E. Jesu-Kristo guzia dagoala Ostia oso, edo guzian, ta guzia Ostiaren apurrik txikienean, hostia erdibitu, naiz zatitzen danean, ez dala zatitzen, ez erdibitzen Kristoren Korputza, bai bakarrik ostiaren itxurapen edo irudi esan dituanak.

        G. Gauza aditzen gaitza, esango dezu; nola ori gerta liteke? Badira mirari au adirazteko konparazio, edo berdintzaren batzuek?

        E. Bai. Ona San Agustinek dakarrena. Sermoigilla batek egiten duen itza, guzia dago aditzalle guzietan, ta guzia aditzalle bakoizean; guziak enzuten dute itz guzia, ta bakoitzak enzuten du guzia, itza erdibitu gabe. Geienen iritzian gure Anima dago osoro Korputz guzian eta guzia korputz zati ta apur bakoitzean; ez zati bat buruan, beste bat biotzean, ta beste zatia bularrean, bada ez du zabaltasunik animak. Zein aurraren anima, zein gizon azi batena, ez da bata baño bestea andiagoa. Nai dezu beste konparazio aditzen errazagoa? Ekusten duenak bere burua Ispillu oso ta andi baten, ekusten du bere irudi edo itxura osoa; egiten bada gero Ispillu ura lau edo bost zati, ez da zatitzen irudi edo gizon itxura; begiratzen duenak bere burua zati bakoitzean, ekusten ditu arpegi ta esku osoak, edo zatitu gabeak; ta esan genzake gizonaren imajina, edo irudia dagoala osoz Ispillu osoan, ta osoz edo guzia edozein parte edo zati begiratu al ditekenean. Onela bada Kristoren Korputza dago osoro Ostia guzian, ta osoro zatituaren edozein apurrean.

        G. Gauza andi ta miragarria, Jauna idukirik Kristok Gizon ondo egin batekoak bezelako anditasuna, egotea osoro ostiaren apur txiki txiki baten.

        E. Ongi diozu gauza miragarria dala, baña Jankoikoarentzat ez dago gauza gaitzik. Nola izan liteke suak ez erretzea? Bada ez du erretzen Jangoikoak nai ez duenean erretzea, askotan gertatu dan bezela. Gauza miragarria Zaldia baño andiago dan ta Kamelloa deritzon Aberetzarra igarotea jostorratz baten zulotik, bada Kristok berberak dio errazago ori egingo dala gizon aberats diru zale bat salbatzea baño. Bada Kristoren naiz erraz igaroko bada alako aberetzarra jostorratz baten zulo txikitik, erraz egongo da Kristoren Korputz guzia Ostiaren apur txiki baten, guk aditu ezin badegu ere nola gerta ditekean.

        Bostgarren egia edo mirari sinistu bear deguna Jesu-Kristoren Korputzarekin batera daudela Ostia konsagratuan bere odola, bere anima, bere Jangoikotasuna.

        G. Nola ori?

        E. Jesu-Kristo dagoalako bizirik, dala Zeruan, dala aldarako Sakramentu santuan. Piztu zan Kristo illen artetik berriz ez iltzeko. Orain bada, Korputz bizi batek iduki bear ditu odola, ta anima. Jesu-Kristoren Jangoikotasunak ez dio larga bein artu zuanari. Obeto aditzeko jakin bear da, Jesu-Kristo ill zanean aldegin zuela animak korputzetik; anima joan zan Guraso Santuen Linbora, ta Korputza gelditu zan Kurutzean ta gero Sepulturan. Baña bere Jangoikotasuna egon zan beti, ala animarekin Linboan, nola Korputzarekin Gurutze ta Sepulturan. Onela bada, Ostia konsagratuan dago Jesu-Kristoren Jangoikotasuna, edo Trinitate guziz santuko bigarren Persona gizon egin zana.

        G. Baña Kalizan konsagrazioko itzak esan ezkero ote dago Kristoren odolaz gañetik beste gauzarik?

        E. Bai; odolarekin batera daude bere Korputz osoa, anima, ta Jangoikotasuna, ta ostian dagoan guzi guzia dago Kalizan, ta Kalizan dagoana Ostia konsagratuan.

        G. Trinidadeko bigarren Persona Jangoiko dana badago Ostian, naiz Kalizan, egon bearko dute beraz lenengo, ta irugarren Personak ere, edo Aitak, edo Espiritu-Santuak?

        E. Ala da, zerren Jangoiko bat baizik ez izanik, iru Personak ezin egon ditezke bata besteak gabe. Baña nola bakarrik bigarren Persona egin zan Gizon, bakarrik bera dago beregan dauzkala Ostian Kristoren Korputz ta Anima ta beste Persona biak ez ala, ta bai beste modu goratu guk, aditu ezin dezakegunean.

        G. Ostian badago Kalizan dagoan guzia, ez geiago ez gutxiago, zertako esaten da ostian artzen dala Kristoren Korputza, ta Kalizan bere odola?

        E. Ederki galdetzen dezu. Ona ordea adigarria. Ostiara itzen birtutez dator artez Kristoren Korputza, ta nola Korputz bizi bat ezin egon litekean odol ta anima gabe, oek dijoaz laguntzaz, edo batutasunez, ez itzen indarrez; eta nola bigarren Persona Jangoiko danak ezin larga lezakean artu zuen gizatasuna, egon bear du Korputz ta animarekin. Egon ere ezin diteke Trinidadeko Persona bata besteak gabe. Beraz Ostian daude Korputzarekin, Odola, Anima, ta iru Personak len esan bezela. Orobat Kalizara konsagrazioko itzen indar edo birtutez dator Kristoren odola, ta nola odol biziak eskatzen duen Korputza ta anima, oek dijoaz, ez itzen indarrez, ta bai laguntzaz ta unioz, edo batutasunez, bigarren Persona Jangoiko dana Korputz ta anima bereganatuakin, ta beste Persona biak bata bestea gabe egon ezin ditezkealako.

        G. Zer da ordea itzen indarrez edo birtutez etortea Kristoren Korputza Ostiara, ta bere odola Kalizara? Nola nekezaleak adi lezakete itzkera ori?

        E. Ona zerbait aditzeko bidea. Dijoa gizon bat zaldiz; deitzen dio norbaitek etxe batetik biur didilla. Zaldiz zijoan gizon ura dia deitu dionagana Zaldi, soñoko ta guzi. Etzien deirik egin ez Zaldiari, ez Zaldunaren janzi edo soñekoai, guziaz ere berekin daramaz Zaldidunak Zaldia, ta bere arropa edo janziak, zeren berekin zeramazan Zaldia ta arropak. Ala bada Sazerdoteak ostia konsagratzeko unean deitzen dio bakarrik Kristoren Korputzari esan esanaz gure Salbagilleak esan zituen itz oek, Au da nere Korputza: bakarrik izentatzen du Korputza, ta au jartzen da Ostian itzen birtutez. Baña nola Korputza egon ezin ditekean gizon bizi baten odol, ta anima gabe jartzen dira Ostian oek, ez deituak izan diralako, bai lagundu ta alkarturik daudelako korputzarekin: berriz Trinidadeko iru Personak, len esan diran arrazoiak gatik. Orobat, ardoa konsagratzeko unean Sazerdoteak, deitzen dio bakarrik Kristoren odolari gure Salbagille onek esan ta erakatsi zituan itz oekin Au da nere odolaren Kaliza. Bakarrik aotzen edo izendatzen du Kristoren odola, ta au da jartzen dana Kalizan itzen dei edo indarrera: baña nola odol bizia batu edo alkarturik dagoan korputz ta animarekin, oek jartzen dira Kalizan laguntzaz edo batueraz, ez deituak izan diralako, eta iru Persona Jangoiko bat diranak len esan dan bezela.

        Egia au obeto argitzeko ona jakitunak erakasten duteena; konsagratu balu San Pedro edo beste Apostoloren batek Jesu-Kristoren Korputza Sepulturan egon zan orduetan, jarriko zala Ostian Korputza anima gabe, zeren etzegoan lagundurik animarekin.

        G. Ostia konsagratuan dagoan guzia badago Kalizan konsagratu dan ardoan, zertako egiten dira konsagrazio aparteko bi, bata ostia edo ogiarena, ta bestea ardoarena?

        E. Arrazoi bigatik. Alde bitatik begiratu bear zaio Konsagrazio santuari, Sakramentua dan aldetik, ta Sakrifizioa danetik. Sakramentua dan aldetik, nai izan zuen egin Konbite, edo Janaria bezela; ta konbite onrako baten, bear da jana ta edana, ta animako bizitzari iraun erazitzeko ez da asko jaana edaari gabe, nola ez dan korputzeko bizitzarentzat. Sakrifizioa dan aldetik, izanik Meza santua gure Redentore maitagarriaren eriotzaren Irudi edo Imajina bizi bat, nola eriotzan aldegin zuen Odolak Gorputza gandik, adirazo bear zan Sakrifizio onetan Kurutzeko eriotza edo sakrifizioan gertatu zana konsagrazio banaak, edo apartekoak eginik, ez korputza egon ditekealako ostian odol gabe, ez Kalizan odola korputz gabe, baña bai itzak egiten duen alderatze modu asko esan nai bategatik.

        G. Ez dakit nola izan ditekean esan dana. Sakramentua dan aldetik ematen bada janaren ta edanaren Konbitea, nola Sazerdote ez diranak edaten ez dute Kristoren odola?

        E. Anzinako denporetan ematen zitzaien kristau Sazerdote etziradenai ere edaaten Kalizatik Kristoren odola ardo konsagratuaren irudian orain Sazerdoteak artzen duten bezela. Ordea arrazoi onak gatik eragotzi zuen Elizak, ta premiarik ere ez dagoalako. Esan degu Jesu-Kristo dagoala bizirik Ostia konsagratuan, ta ala bere zañetan duela odola. Beraz ostia konsagratua artzen duenak artzen du Kristoren odola edanari moduan ezpada ere.

        G. Fedeko gauza guziak sinistu bear ditugu begi itxiakin, ordea txit onak dira ejenplo edo gertaerak Fedea sendotzeko; nai nituzke batzuek enzun.

        E. Ongi diozu fede laburrekoentzat txit onak dirala Jangoikoak Fedearen sinisgarri egin dituen mirariak, ta ez da Fedeko Artikulorik, zeñen argibiderako egin diran geiago. Zenbat bider ekusi da Ostia konsagratuetatik odola irtetzen herejeak desprezio arrigarriak egin ondoan? Zenbat alditan agertu da askoren begietan aurtxo ederraren irudi edo itxuran? Zenbat bider abereak ta infernukoak belaunikaturik Ostia santua igarotzean? Zenbat Sazerdote Santuak ekusi dut argiro Jesus Ostian bertan meza emateko orduan, ta argia zeriatela Korputzetatik? Nork esan, zenbat atsegin gogoz beterik arkitzen ziran komunio ondoan San Ignazio Loiolako, San Felipe Neriko, Santa Theresa ta anbeste Santu ta Santa! au da bai janari atsegin guziak dauzkana. Omne delectamentum in se habentem. A nola esan dezakean Kristok Isaak Esauri baño arrazoi geiagorekin! Ogi ta ardoa eman diot zure anexe Jakoberi, au da eman al dezodan guzia, zer eman dezakezut zuri? Eman guri Jesusek ogi ta ardoaren irudien azpian bera dan guzia, zer eman dezakegu geiago? Eta zer emango ez digu berekin batera guk bear bezela anima garbiakin artutzen badegu! Ona Santa Theresak beste mundutik etorrita esan ziona Jangoikoa ekusteko goseaz zegoan anima txit on bati. O anima zori onekoa! Zergatik larritu ta nekatzen zera Jangoikoa ekusteko egarri penazkoaz, egun oro badago altara santuan guk Zeruan gozaten deguna ber bera? Guk ekusten degu argiro Gloriako argiarekin; zuek lurrean Fedekoakin ta merezimentuarekin. Zuen emengo gozatzeak geitu dezake merezimentua. O ta bagenu guk Fede bizi bat, amore andi bat, ta konzienzia garbi bat eldutzeko grazia guzien Iturri bizira! Nola desterro edo erbeste onetako naigabeak gozatuko lirakean Jesus sarri bisitatu ta artuaz! Zertako da ekustea Fede bizi bat dutenentzat! Ona emen ejenplo ederra! Egun batean meza ematen zegoala Sazerdote bat Parisen, agertu zan Jesus Ostian aurtxo eder baten irudian txit askok ekusten zuteela. Joan ziran arinka berri au ematera San Luis Erregeari; Jauna; betor laster Ostian ekustera Jesu-Kristo aurtxo eder baten itxura zoragarrian. Eranzun zien Errege Fede andikoak: ez det nik ekusi bear korputzeko begiekin sinisteko Ostia konsagratuan dagoala Jesus ber bera. Sinisten ez duteenak, dijoazala ekustera korputzeko begiekin. O Fede bizia! O Fede engañatu ezin dana korputzeko begiak bezela! Sinistu bear degu bada sendo sendo, Ostia konsagratuan adoratu, ta artutzen deguna dala, Aita Eternoaren Seme gure amorez egin zana gizon Ama Birjinaren sabel garbian, Gurutzean ill zana ber bera, ta orain dagoana Zeruan Aingeru, Santu ta Santa guziak adoratzen duteena, ta etorriko dana Juzioko egunean mundu guzia juzgatzera. Au ondo sinisten duenak, artuko ditu bitarteko onak biotza garbitzeko mai Santura eldu baño leenago. Ala izan didilla.

 

aurrekoa hurrengoa