www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE II.

Konfesio aurreko Esamina

 

        Esan degu igaro dan doktrinan ondo konfesatzeko bear dan lenbiziko gauza dala Konzienziako Esamina.

        G. Zer da bada Konzienziako Esamina au?

        E. Da kristauak egaiten duan bere biotzaren aztertze, edo billakuntza kontuzko bat, gogora ekartzeko azkeneko Konfesio ondo egiñetik egin dituan bekatuak.

        G. Zergatik esaten da Konfesio ondo egiñetik?

        E. Zerren ez dan asko konfesio azkenekotik esamina egitea, leenago konfesioren bat, bi, edo geiago gaizki egiñak badauzka. Arkitzen dira kristau dauzkeenak gaizki eginda Konfesio asko, edo lotsaz bekaturen bat edo geiago isildu dituztelako, edo egiazko damu gabe konfesatu diralako. Oek zer egingo dute azkeneko Konfesiotik, egin bear duenera, esamina egiteaz? Ezer ez gauza onik, ta bai bideak egin geitzeko sakrilejioak. Onelakoak, gero astiro erakatsiko degun bezela bear dute egin Konfesio gaizki egin guzien Konfesio jenerala, ta artarako, denpora guzi artako bekatu guzien ta konfesio eginen esamina kontuzkoa; bestela ezin salbatuko da, ta ezin ondo konfesa diteke Konfesio jenerala egin artean. Ala bada Konzienziako Esamina egitera dijoanean lenengo eginbidea da aztertzea, edo billatzea ote daukan edo ez konfesio gaizki eginik. Ordea leenago kontuau atera duenak, ta arkitu ez arrazoi onik sinisteko gaizki konfesatu dala, eztu beti ebilli bear alako arazo ta ardura geiegian, batez ere ezaguera osuaz ezer estaldu ezpadu ta oitura gaiztoetan sarturik egon ezpada; eta arrazoi geiagorekin Konfesoreak agindu badio ez artan bururik ausitzeko.

        G. Zertako da esamina konzienziakoa?

        E. Agertzeko Konfesoreari bere konzienzia, akusatzeko bere burua, Jangoikoaren ordean barka ditzan bekatuak absoluzioaren bidez. Esan genuzan, nola Konfesorea dan Jesu-Kristoren ordeko Jueza. Juezak ematzeko sentenzia jakin bear du zeren gañean eman, bestela oker ebilliko da. Lurreko Tribunaletan daude Piskal, edo Akusatzalleak, Testigoak, ta gaistagillearen deklarazio edo Konfesio Juezak artu bear dizkonak. Guziak aituta ematen da sentenzia, edo libratzeko, edo kastigatzeko. Nola bada Konfesore batek eman dezake sentenzia zuzena ezpadago akusazio, ta deklarado garbirik? Eta nola deklarazio edo, konfesio zuzena eman, biotza esaminatu gabe? Geiago. Lurreko Juezak eztie inori agintzen burua akusatzeko, edo agertzeko gaiztakeria, ezpadago akusatzallerik, edo egin duelako señaleren bat. Baña Jesu-Kristok agintzen dio, barkazioa nai duen bekatariari, egiteko berak akusazio edo konfesio zuzen garbi bat ezer utzi gabe, zerren egin zuan Tribunale Inkisiziokoa baño ixillagoa, beste akusatzalle ta testigu gabe bekataria bera baño. Beraz bear da esamina kontuzko bat egin akusazio osoa aleginez egiteko. Lurreko Tribunalak dira Justizia utsekoak bezela, Juezak ondo badabiltza. Berriz Konfesioko Tribunala da miserikordia utseko Tribunala, zerren Konfesioa egin zan barkatzeko gaizki egiña konfesio zuzen ta garbi bat egiten bada bekatuaren damuarekin. Eriotzaren bat egin da Justiziak arrapatzen duenari, zer erakusten etzaio? Darame Karzelara, ezarten diez kateak, sartzen dute zepoan, an dira gosea, otza, loia, lur gogorra, bakartadea, ta zenbat naigabe? Konfesioak artzen diozkenean andira Eskribauak, ta Jueza bera, edo bere ordezkoa itz on bat esaten ez diela, ta bai agertu bekoki illuna. Ukatzen badu, arrapatzen dute gezurrean milla kontu artzerekin, artzen dira testigoak, ta eztio ezer balio ukatzeak probantza osoa billatu dutelako. Egia esanagatik, ez dago barkaziorik, kondenatzen dute bizitza galtzera; ez dio ezer balio kulpagabe badago ere, baldin egotzi badie eriotza egina, arkitzen badira testigo gezurrezko sendo daudenak. Milla negar malkorekin barkazioa eskatu arren, ezta enzubia, Justiziak egiten du berea, ta arrazoiaz. Ez ala Konfesioko Tribunale Jesu-Kristok ipinian. Konfesatzen badu zuzen egia, ta ori ezkutuan Juez inori esango ez dionari, ta eskatzen badu barkazioa humiltasun ta damu andi batekin, ezdago kastigu esatekorik, ta bai barkazioa. Eriotza bat eginda dagoanari deituko balio ixillik Juezak, ta esan, libratuko zaitut Karzelatik esaten badidazu egia, edo konfesatzen badidazu neuri bakarrik, nola konfesatuko ez lioke? Nolako eskerrak eman ez alako Juez biguñ, ta errukiorrari? Orra bada zertako dan Esamina, agertzeko Konfesoreari bekatu, edo gaizki egiñak barkatu ditzan Jesu-Kristoren Juez ordekoak bezela. Nork ezagutu ez juizio onen biguntasuna? Nork emanez Jesu Kristori esker andiak anbeste erruki agertzen digulako?

        G. Zergatik geiago egin bear da Konzienziako Esamina?

        E. Zerren Konfesorea Juez ez eze, dan ere animako Osagille edo Medikua, ta Mediku bati esan bear zaizka garbiro korputzeko gaitzak, ta ez ezer estaldu utsik egin ez dezan. Mediko batek zenbat azterri egiten ez ditu gaitza ezagutzeko? Jakin bear du gaitza zaarra edo berria dan, nondik jaio dan, ta zer ez? Beraz Konfesoreak animako Medikua dan aldetik, jakin bear du bekatua zaarra edo berria dan, anzinatik datorren edo ez, nondik jaiotzen dan, nolako leka edo adiskide gaiztoetatik, dan gaitza mingañekoa, eskukoa, bularrekoa, edo toki askotakoa, au da itzez, eskuz, biotzez edo nongoak diran bekatuak. Ematen ezpadio kontu zuzena bekatariak osatu bearrean, eriotzarekin irtengo du. Beraz bear da bekatu edo animako gaitzen esamina kontuzko bat egin, agertzeko garbiro Konfesoreari.

        G. Zergatik geiago egin bear da Esamina au?

        E. Zerren gure salbazioko osasuna dagoan esekita bere bekatuaren ezagutzatik. Inituim salutis notitia peccati. Ala dio Seneka Jakitun fedea ezagutu etzuanak. Ezagutu gabe, ezingo du konfesatu, damurik ere artuez; ezagutzen ez dan bekatua nola gorrotatu? Nola berriz ezagutu, aztertu, edo esaminatu gabe biotza?

        G. Beraz Konzienziako esamina da obligaziokoa?

        E Nola ere dan; ta ala bakoitzaren nagitasun osoaz, edo andiz largatzen bada konfesatu gabe bekatu mortalen bat, izango da Konfesioa txaarra; nagitasun esaminakoa laburra edo gutzi baten bada, izango da bekatu beniala, ordea ez gaiztoa konfesioa beste utseginik ezpadu.

        G. Nolakoak bada izan bear du Konfesiorako esaminak?

        E. Kontuzkoak, arretaz egiñak, ez itoka, arinka, ta senian bezala. Zeregin astun edo ardura ematen dutenak, ez dira beingoan ta itomendian egiten, baizikan astiro ta kontuz. Zerbait irabazi bear bada, edo bai aldegin kalte andi batetik, nolako dilijenziak? Galdu danean ereztun eder bat, ekusten dira etxe guziko bazterrak, artzen da itxuski edo eskaba, garbitzen dira loiak. Ekusiko bagenu sartutzen etxean Suge bat, nolako beldurra, zenbat arazo? zulo, oape, ta zoko guziak aztertzen dira arkitzeko piztia zitala. Nork lo egin bakean arkitu ta ill gabe? Zerk egiten du au? Estimatzen dalako ereztuna, osasuna edo bizitza. Non da gure fedea? Zenbat kristau dira dakitenak, beren biotzean sartu dirala sugea baño kaltegarriagoko bekatuak, ta lo egiten dutenak beldur gabe, ta ekusi gabe nolakoak ta zenbat diran, arkitu, ta iltzeko Konfesioko ezpataz? Errege batek irten biar badu gerrara beste Errege batekin, dio Jesu-Kristok, parten da kontuak ateratzen nolako gastuak egin bearko diran, zenbat Soldadu prestatu bear dituan etsaiari arpegi emateko. Sedens prius cogitat: asitzen da pensatzen eserita, au da astiro, ez itoka, ez arin ta beingoan. Orain bada, zer egin bear ez du: Kristauak bere zereginikan dienan? Atera bear du kontu Errege alakoak, dira Kristoren itzak, asko ote dituen, gauza guziak ondo aztertuta, amar milla Soldadu, ogei millarekin bere kontra datorrenari, irtetzeko. Nolakoa ez da gure gerra Infernuko etsaiarekin? Badauzka etsai gaiztoak ogei bekatu mortal guri ateratzeko, guri gerra berekin emateko, ta guk kontuak ondo ez ateratzeagatik, gure esaminaren paltaz, amar baño ezpadaramaguz Konfesioko batallara, ta au gure nagitasunez, ardurarik ezaz, iges egiten degulako doktrina ta Sermoietatik, non ikasi genzekean esamina ondo egiten zer gertatuko zaigu? Garaituko gaitu etsaiak, beretuko gaitu, ta Jangoikoaren grazia atera bearrean Konfesiotik, aterako ditugu Sakrilejioak.

        G. Nai nuke enzun gertaera edo ejenplu egoki bat gauza onen gañean.

        E. Ona erakurten dana Santa Margarita Kortonaren bizitzan. Zegoala munduko bizitza lasai eraman zuena kastigatzen bizitza penitenzia arrigarri batekin ondoan, agertu zitzaion sarri Kristo, baña beti ematen zion bekatari gaisoaren izena. Jauna, esan zion alako ager aldi baten, zergatik ematen ez dit noiz bait alabaren izena? Ez dizur ematen, eranzun zion Kristok, dauzkatzulako bekatu ezkutu anzinako bizitzan egiñak bear dan bezela konfesatu gabe bear adiña esamina egin etzenualako. O nere Jauna, esan zion Santa Penitenteak, zu zera argi egiazkoa, ken zazuz bada nere animako illuntasunak, ezagutu detzadan argiro ta banaan bezela, nere bekatu ta zirkunstanzia guziak, berriz Konfesio jeneral ta bizitza guziko bat eginda, iritxi dezadan guzien barkazio osoa, ta, zuk ematean niri alabaren izena. Bereala ispillu baten bezela agertu edo ekusi erazi ziozkan Jangoikoak argi bizi batekin bere bizitza guziko utsegiñak, ta konfesatu zituan, nork esan nolako damu amore garbikoarekin? Orduan agertu zitzaion berriz Jesu-Kristo, ta emanik alabaren izena, artu zuen bere sekreto andi ta askoren kontua emateko. Santa onek egin zuan konbertitu ta laster bizitza guziko Konfesio jenerala damu guziz andiarekin, etzuen ezer utzi lotsaz, ta igaro ere zituen urte osoak sarri konfesatzen ta komulgatzen zala, egiten zituen obra on asko, zeintzuen bidez zegoan ez bakarrik Jangoikoaren grazian, baita ere aurrera penandiak perfekzioko bidean eginda. Zerk bada atzeratzen zuen Jangoikoa alabaren izena ematera, ta ez bekatari gaixoarena? Agertu etzituelako bekaturen batzuek, Jaunak nai zuen zeetasunarekin, ez borondate onaren paltaz, ta bai bear adiña esamina edo aztertze egin etzuelako. Santa onen utsegitea etzan andia izan, ez bekatuzkoa ere bere esaminaren laburtasuna; ala ere eskatu zion esamina zeagoa. Egia da esamina ondo egiteko nagitasuna eztanean andia, barkatzen dirala kondesatu gabe gelditzen diran bekatuak, nola barkatzen diran esamina oso ta kontuzkoa eginda aaztuak; ordea konfesatzeko kargarekin gogoratzen direnean. Ez ala nagitasun andiarekin, edo ezaueraz esamina txit laburra egiten danean Konfesorearen galdetze ze ta kontuzkoarekin suplitu ez danean esaminaren laburtasuna, ta au noiz edo berriz gerta diteke buru txaarrekoren batzuekin, ez beti ta ez guziekin. Ona zer dion Trentoko Konzilio Santuak gauza onen gañean. Bear dira Penitenteak agertu esamina kontuzko baten atera dituen bekatu mortal guziak. Eskatzen du esamina ziur ta kontuzko bat. Nolako ziurtasun, arreta ta kontua idukitzen ez da gauza pisukoetan? Guraso on ta zur bazek nai duenean ezkondu bere alaba, ez dio ematen emaztetzat edozein gizasemeri. Nolako azterriak egiten ez ditu Senargaiaren ondasun, kristautasun, jenio, ta Odolaren gañean? Zenso bat ipiñi nai duenak begiratzen du kontuz, nori ematen dion, zeren gañean: aztertzen du leenago beste zenso edo zorrik duen, ta zenbateraño; eskatzen diozkaz piadore seguruak. Jaun batek eskatzen diozka bere azienda edo ondasunen Maiordomoari kontu estuak, ez dio esan utsari sinistea ematen. Nola bada kristaua gauza ain pisukoan, nola dan animako salbazioa, izan diteke nagi ta arretagabea? Nola bere buruari kontu estuak artu ez jakiteko nolako moduz, ta zenbat bider ta ze aldetatik utsegin duen Jangoikuak ondo erabiltzeko eman dionai animako gobernuan?

        G. Ori ondo ezagutzen da, ordea zenbateraño eldu bear du esamina onen kontu ta zeaztasunak?

        E. Eztago zuzen bide edo erregla, jakin ta erabakirik; batzuek bear dute denpora geiago, besteak gutxiago. Nork nai ezagutuko du, Konfesio bizitza guzikoa, edo jeneral osoa egiteko, bear dala geiago lau edo bost urteko Konfesio jenerala egiteko baño. Buru iratzarri, azkor, ta onekoak gutxiago bear duela buru txar, ta gutxi jakin batek baño. Konfesio urte osokoak geiago, urte erdikoak baño; ta ala ere gutxiago konfesio sarri egiñak. Langintza edo ofizioak ere badira batzuek baño besteak arazotsuagoak ta obligazio geiago dakartenak. Beraz, neskame batek obligazio gutxiago du etxeko Jaun edo andreak baño, neskatx batek ezkonduak baño, aberats batek nekezaleak baño, merkatari batek atxurlariak baño; bada estaduko obligazioak eskatzen dute berezko esamina. Ola gizon baten alkandorea ez da ain erraz garbitzen, nola beste askorena. Urte guzian sutegi, ikatz, ta mallu burnizkoekin dabillenaren eskuak ur geiago, igortzi estu ta sarriagoak bear dituzte arotz baten eskuak garbitzeko baño.

        G. Ondo dio, ta ez det zer esanik orren kontra; ordea beti gelditzen naiz beldurrarekin ondo esaminatzen naizan edo ez.

        E. Ezin eranzungo dizut zuzen jakin gabe nolakoa dan zure bizitza. Bi aldetatik utsegiten da gauza onetan, geiegiaren ta gutxiegiaren aldetik. Geiegiaz utsegiten dure Kristau eskrupuloso, ikarakor, ta bidegabeko beldurrez burua autsitzen dutenak esamina luzeetan. Deabruak siniserazi nai du Konfesioa dala tormentu lekua, ez lege biguna, gogaiterazirik, eramatea guk bizitza estua, ta iges erazi anima onai konfesio ta komuniotik. Anima naiago duenak bizitza galda bekatu mortal bat egin baño, ta prestaera biotzeko onekin betiko beldurrean daudenak ondo esaminatu diran edo ez, leenagoko konfesioak onak diran edo ez, berriz egin bear dutela esamina luzeagoarekin Konfesio jenerala, Konfesoreak uzteko esanagatik baketu ezin diranak, utsegiten dute. Zertako onelakoak ausi burua esamina gogaitgarri ta luzean? Eztute besterik egiten baikan asmatu bezela bekatu egin ez dituztenak; begitantzen zaiez bekatu naiak, edo tentazioai leku emanak eman ez dien orduan. Onelakoak bekatu mortalen bat egin balute, ezin egiteko bear dan ezaguera ta borondate osoa, ezin aztuko luke, ez lorik egin beldurgabe, ta ez dute esamina andiren bearrik gogoratzeko bekatu mortala. Bekatu benialen konfesioa txit ona bada ere, ezta obligaziokoa; beraz ez da beren esamina ere. Au esaten det Kristau egiaz eskrupulosoak diranentzat, ez gauza batzuetan lasaiak, besteetan estubegiak. Onelakoak dira euskalerrietan esan oi dan bezela Zaietan ziogi, irinetan ero. Zai apur bat galdu ez didin estu ta larri, ta irin zatiak galduagatik farre galanki. Anzinako Sakristauak bezela, ostu Elizan ostuala argizai, ta beldur izan txistu apur bat Eliz barruan botatzen. Ekusten dira kristau bekatu mortal galantak irinsten dituztenak, ta bestetik bekatu ez diran gauzeetan txit beldurtzak Fariseo arro ta hipokritak bezela. Oek dira deabruak poliki engañatzen dituenak. Onelakoak bear dute Zeruko argi eder bat, ta esamina luzearen bearra: Baña benekako eskropulosoak ez luke bekaturik egingo esamina apur batekin, ta esaminarik gabe balijoaz ere konfesatzera; zerren esamina ez da bear bearra dakianean batek azkeneko konfesi onetik bekatu mortalik egin ez dala, ta au txit sarri gertatzen da anima onetan. Ai, Kristau eskrupulosoak esaminagintzan igarotzen duten denpora, alperraik galdu ta kaltegarria, igaroko balute Jesu-Kristok digun amorea aztertzen, batez ere altarako mai santuan, eta nola beldur eragabeak utzirik elduko lirakean komulgatzera gozamen ta bake geiagorekin! Zer bide artu onetarako? Enzun Jesu-Kristoren itza Konfesorearen aotik, ta begi itxuekin egin bere esana. Besteak dira kontrako bidetik dabiltzanak; oek dira kristau nasai, ta arduri gabeak animako salbazioaren gañean. Oen artekoen ill askotako edo urte guziko Konfesioak dijoaz esamina gabe, edo txik arin batekin Konfesorearen oñetara, ta esaten dio, Jauna galdetu begit. Nola igarriko die leenago ezagutu eztuan konzienzian zer igarotzen dan? Konfesore artuak, sarri konzienziako baztarren berri izan dutenak, laster ta erraz igarten die dan edo ez pekatu penitenteak iduki duen tentazioa, ezta-baida edo duda aldietan ebakitzen dute gaitzgabe. Mediku ez ezaguna ez da ain ona besteak berdin dirala, nola Mediku gaisoaren berriak dakizkiana. Etxe baten sarri sartu danak, edo urteetan bizi danak, gabaz ta illunean ere ebilliko da erori gabe. Berriz len etxeko berri eztakiana, ebilliko da, argirik ezpadu, atzaparka eztakiala nori eskua erratsi erori ez didin, ta geldika dabillela ere banatu diteke erraz bazterren baten kontra, edo erori eskalleratik. Ala konzienziako etxe illunean sarri sartu dan Konfesorea, ebilliko da erraz; badaki non dauden gelaak, zer dagoan, non labandu ditekean, nolakoak diran penitentearen jenio, pasio, oitura, tentazio, ta daraman bizimodua. Zer egin berriz Konfesore jakitun onak ere esamina kontuzko gabe datorren penitente ez ezagunarekin! Ezin jakin lezake zertaraño galdetu, ez zer ebaki ezta-baida edo duda askotan. Ain erraz eranzungo dio amar, zein ogei, ain laster konsintitu zuela, nola ez. Ala dio Suarez jakintsuak. Egia da kristau gutxi dirala konzienzia txit ona ezpadute konfesio luze ta naastuetan egin dezaketenak esplikazio argi, zuzen ta bear diran zirkunstanzia guziena, ta bear dutela Konfesorearen laguntasuna galdetzeetan. Ordea, eldu Konfesorearen oñetara esaminarik gabe, edo itxurapenazkoarekin igarri dezon zer egin duen, au litzake jartea konfesio gauza ez dan bategiteko bidean.

        Badira beste batzuek Konfesio luze edo urte geikoarekin beren esamina modua eginda asiko diranak esaten, akusatzen naiz Jauna, aserre apurtxo batzuek izan ditudala nere etxean, ta auzokoekin, galdu det zerbait nere pazienzia, esan ditut farre eragiteko itzat, baita gezur txiki batzuek, ezarri det noiz bait trago bat geixeago, baña eztet trokatu, ez pakerik galdu, ez errierta andirik jaso, ez inori gaitzik egin... Eztet Jauna geiago zer konfesatu. Akusatze labur onekin zer aditu lezake konfesoreak? Eztu akusazio garbirik egin, pekatu arintzat esan ditu guziak. Onelakoak geienez dira orazioa zer dan ez dakitenak, mortifikazioaren izena ere aitu ez dutenak, daramenak bizitza lasai ta gauza onik egingabea. Zenbat bekatu estaltzen dira beren animako begi lausotu, edo geunduetatik? Itz farre eragiteko akusatu dituenak dira edo murmurazio astunak, edo itxusi, zatargarbitasunaren kontrakoak, ta anima asarren galgarriak. Errierta edo aserre apurtxoak dira birao edo maldizio gogoa etxeko ta auzokoen eskandalagarriak, tragotxo bat geiago edatea, da albo alboka, begiak lausotuta, oñak lokatuta etxera nekez biurtzea etxekoak bear zutena gastatuaz ardantegi edo Tabernan. Onela dijoaz konfesatzera esamina gabe lenengo burura etorten zatena esatera, apintzen dituztela bekatu andiak ta utsera joerazita. O konfesio ederrak! O esamina prestaera ederrekoa! Eguzki argitik sartutzen dana gela illunean, itxutzen bezela da ordu artan, ta ez du ezer ekusten ordea irauten badu gela artan egotez, ekusiko ditu gerora an dauden pintura, ta tresna guziak. Beste onenbeste gertatzen zaie kristau askori berea konzienziako leiza, edo kobao illuna bezelakoan. Begiratze edo lenbiziko sarreran, esamina laburrean, ez dute ezer ekusten egonagatik bekatu itsusi asko. Baña iraungo balute esamina, edo kozienziako begiratze, ta aztertzean ekusiko lituzke an dauden gauza lotsagarriak. An arkituko luke nola leku eman zien tentazioari, nola berriketatzat zeudenak, diran murmurazio astunak, itz farre eragitekoak, zirala itz zarar ta eskandalagarriak; nola eragotzi bear zituzten gauzak, eragotzi etzituzten, ta ala beste gauza txar asko. Idiki orma, ta an arkituko dira gordeta nork esan zenbat gaizki egin. Fade parietem.

 

aurrekoa hurrengoa