www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE III.

Zenbat on egiten dituen
komunioko sakramentuak,
eragozpenik ipintzen ez duten animetan

 

        G. Zertarako erakatsi degu igaro diran doktrina bietan, ala Fedeak erakasten duena Sakramentu onen gañean, nola kristauak duten obligazioa artzeko?

        E. Erakatsi degu ezagu erazitzeko zenbat mesede ta on andi egiten dituen gure animeetan eragozpenik ipintzen ez padiogu.

        G. Zer da eragozpenik ez ipintzea?

        E. Da eramatea, on egin dezan, bear diran prestaerak, ta guzien zimentarria da egotea anima Jangoikoaren grazian, ta irabazi ta frutu osoak bezela artutzeko bear dira Fede bizi bat, Esperanza sendoa, ta amorio garbi bat. Eta oek ta beste birtute guziak azi ta geitzeko da gauzarik onena Komunioa, erakatsiko degun bezela.

        G. Zein da Sakramentu santu onen lenengo on, ta frutua?

        E. Da ematea ta geitzea grazia Jangoikoarekin adiskidetzen edo laztantzen gaituena. Beste Sakramentuak ere egiten dutee frutu ta onau, ordea ez Sakramentu onek bezela. Beste Sakramentuetan ematen du, edo geitu Jangoikoak grazia, gauza, edo kreaturen bidez, nola bateoan uraren, ta Konfirmazioan krismaren bitartez; baña Sakramentu santu altarekoan ematen du ta geitu Jesu Kristo ber berak bitartetasun gabe.

        G. Zein da bigarren on, mesede, edo frutu egiten duena?

        E. Da izatea animako bazkari, edo janari gozoagorik ez dana; ta lurreko janariak korputzean egiten duena, egiten du Sakramentu onetan ematen dan janariak, ondo prestatua dagoan animan. Ona Santo Tomas deboto andiak, ondo probatuak bezela, erakasten dituenak; Sakramentu onek, dio, iraun-erazitzen dio animako bizitzari, nola lurreko ogiak korputzekoari. Sustentat. Azi ta geitzen du animako bizitza, lurreko ogiak azi ta gizentzen duen bezela korputza, Auget. Galdu dana billa erazitzen du, argaldua sendotu; lurreko ogi edo beste janari osasuntsuak korputzarekin egin oi duen bezela. Reparat. Azkenean, ematen dio animari atsegin, pake, ta gozotasun andi bat, nola lurreko janariak gose danari korputzean eman oi dion. Delectat.

        G. Nai nituzke enzun lau frutu oen esplikazio zeagoak.

        E. Ona bada. Esan degun lenengo frutu au da mantenitu edo iraun erazitzea animako bizitzari. Lurreko ogi ta beste janariak erasten edo unitzen dira Korputzarekin. Alkartasun, eraaspen edo unio onen bidez, lurreko ogia gizonaren aragi, ta ezur egiten da. Onela dirau gizonaren bizitzak, bestela illko litzake jan ezaz. Beraz lurreko alimentu edo janaria ta edaria bear bearrak dira irauteko bizitzan. Sustentat. Onela bada, Kristok komunio santuan ematen digun bere aragi, edo Zerutik jetsiriko ogiak alkartzen gaitu berekin, ta moduren baten berekin bat egiten gaitu. Nere aragia jan, ta nere odola edaten duena, nigan gelditzen da, ta ni berekin: ala dio Kristo ber berak. Komulgatzen zeranean, esan zion bein Jaun onek San Agustini, zu aldatzen zera nigan, ez ni zugan, nola gizonaren aragia egiten edo aldatzen ez dan ogi izatera, ta bai ogia aragia.

        G. Ez da aditzen erraza esan dan aldatze au konparazio edo berdintza gabe. Ala bada ekarri beza bat edo bat, obeto aditu dezadan lengo esana.

        E. Txit gogotik egingo det eskatzen didazuna. Ekusi dezu inoiz nola gaixoai ematen dizten noiz, edo berriz pildoratxo urrez gañeztu edo estalduak? Urre au gelditzen da ezertan aldatu gabe, ordea ematen dio korputzari bere indar edo birtute ongarria. Ala bada Kristoren aragia komunioan ez da aldatzen gizonagan edo gure aragi izaten, ez gure anima, baña ematen dio animari bertute guztiz andi bat zeñekin nola bait bereganatzen gaituen.

        Nai dezu Santo Tomasek dakarren beste konparazio bat enzun? Ona bada. Eztitzen danean madari, edo txermen pinta eder bat irasagar baten ondo, edo oñean, ekusiko dezu nola irasagarrak ez duen aldatzen madari mendua irasagar izatera, ta bai madari edo txermen menduak irasagarra, madari arbola izatera. Ez irasagarraren ondo edo oñak galtzen duelako bere izate edo naturaleza, baña bai ematen zaiolako madariaren bertutea egiten duten batutasun, edo unioagatik. Norenak dira frutuak? Ez irasagarrarenak, bai madariarenak. Nork sinis lezake gertatzen dan naturalezako mirari au egunoro ezpagenkus? Onela bada anima alkartzen da Kristorekin komunioan, moduren baten kristotzen da, edo ematen ditu, ez kreatura frutuak, ta bai Kristoren frutuak, Kristo aldatu gabe animan ta bai anima bera Kristo gan, nola bait Jangoikotzen duela. Deificat animam. Alkartasun, ta beregantze Kristok animari egiten diona, ez da bakarrik fede utsekoa, bai egiazkoa ta benebenetakoa, dio San Krisostomok. Non fide solum, sed et recipsa. Egiten gera Kristoren ostatu, egotegi edo tabernakulu biziak, ta San Ziprianok dionaz, Kristoren erabiltzallak, senide bezela, edo odol batekoak Ama Birjinaren Semearekin. Christi-feri, concorporei, consaguinei: Izan liteke mesede andiagorik?

        G. Nola baña iraun-erazitzen du Sakramentu onek animaren bizitza? Substentat.

        E. Ona nola. Korputza janari gabe argaltzen, ta aginte gabetzen da; argaltasunak edo aginte gabeak dakar aldi txaarra, ta gero eriotza ezaguna. Janariak eragotzen ditu kalte oek, biurtzen ditu indarrak, sendotzen du korputza, ta ala irauten du urte askoan bizitza, bestela jan gabeaz galdu bear zana. Ala bada, Ogi Jangoikozko Sakramentu aldarakoan ematen danak iraun-erazitzen dio animaren bizitzari, emanaz grazia sendagarri, edo indargillea, ta grazia onen bidez irauten dute anima askok espirituko bizitzan. Zuen Gurasoak jan zuten basamortoan Mana, edo goietatik intza bezela erorten zan eztimodua, baña ill ziran: ordea nire ogia jaten dueenak, bizitza betikoa izango du, esan zien Jesu-Kristok bere Sermoia enzuten zeudenai. Zan esatea bezela, ez korputzez illko etzirala, ta bai emango ziela graziako bizitzan irauteko indarra emen, ta gero Zeruan beste bizitza beti betikoa.

        G. Beraz gutxitan baño eldutzen ez diranak Komunio santuko maira, bekatu mortal gabe artzen badute ere gutxi artze aietan, argal, ta indar gabeak egongo dira animan?

        E. Ala da. Ekusten dira pobre batzuek, zer edo zer janagatik ez iltzeko bestean, dabiltzala oñen gañean argal, erkin, ta itxuratik irtenda; ozta dabiltza zutik, zeren jan gutxiak ezin eman lezake sendotasunik. Ala bada bakan, edo gutxitan komulgatzen diran animak, nagitasunez danean, ebilliko dira animako argaltasun gogorrean, birtutean aurreratu gabe, ta tentazio andietan erorteko peligro gogorrean, zeren ez dituzten billatzen indar bide, edo sendagarriak diran graziak Kristok eskintzen dien mai ederrean.

        G. Ori orrela bada, beraz ezingo du kristauak aurrerapenik egin animako bizitzan, ez azi birtutean, igesi bezela badabil mai onetatik?

        E. Ongi diozu, zeren komunio santuak dakarren irugarren mesede, edo ona, da ematea bizitza espiritukoan azitzea.

        G. Azalda beza nola dan ori.

        E. Txit pozik egingo det. Korputzeko janariak, ez bakarrik iraun-erazi oi dio bizitza aragizkoari, bai ta ere azitzea edo geitzea eman. Aurtxoa jaio ta zerekin azitzen da? Urte bete igaro orduko zenbat azi oi da? Zerk eman aziera, edo korputzeko geitzea? Amaren ugatzak. Gero nola dijoa aziaz ogei urteraño gutxi gora bera? Jaanaz. Ala bada aziko da anima bizitza graziakoan, geituko zaizkoz bertuteak, izango da humillagoa ta garbiagoa: izango du eroapen edo pazienzia andiagoa lurreko naigabeetan; geituko zaio Jangoikoakiko amorioa: lagunari barkatuko diozka gaitzeginak, ebilliko dira bertuterik bertute Siongo Jangoikoa ekusi artean betiko bizitzan. Fedea piztuko zaie, Emausko diszipuloai piztu zitzaien bezela, Jesu-Kristok ogia zatitzean. Aurreratuko dira Esperanzan, gogoan idukirik Jesusen eskintza au, Nere aragia jaten duena biziko da betiko. Espiritu Santuaren doaiz beteko da, prestaera andiakin badarama anima. Lenengo kristauak biotz batekoak bezela ziran, beti pakean; ondasundunak gabeak eramaten zituzten Apostoluak gana etzuenai zatitzeko, pobre esturik etzan; martirioan bizitza emateko nolako gosea ta karra? Nondik anbeste bertute? Zeruko janaria egunoro ta prestaera ederrekin artzen zutelako. Santa Maria Magdalena Paziskok esan oi zuen, komunio prestaera osoakin egin bat asko zala anima bat eramateko santutasun andira. Zer esan genzake geiago?

        G. Zein da laugarren mesede edo on animan egiten duena?

        E. Biurtzen ditu indar zerbait gutxitu edo galduak. Restaurat.

        G. Nola izan diteke ori?

        E. Alde askotara Bekatu benialak barkatuaz, inperfekzio edo utsegite ezauera txit arinarekin egiñetatik garbituaz, bekatuen ugar, edo zetaketatik anima libratuaz, ta txurituaz.

        G. Ez da erraz aditzea esan dana astiroago esplikatu gabe.

        E. Ona bada. Bekatu benialak erraz egiten dira, ta guziz ezauera laburrez ta borondate gutxirekin egin oi diranak. Anima birtutean aurreratzen diranak ere ez dira libratzen onelako utsegite arinetatik. Persekuzio, ta naigabeetan kejatxoren bat, geiegi estutzea gaizki esaten digutenean, Jangoikoarn borondatearekin ez osoro ta bakez berdintzea biotza; desprezioak ez artzea ixil ixillik, orazioko orduak laburtzea noiz bait, edo nekearen beldurrez, edo nagitasunez, edo bear bezelako prestaerakin oraziora ez joatea, murmurazio txikitxoak, ta onela ezin kontatu beste bekatu arin, ta inperfekzio ezagutzen ez diranak begi Jangoikoak argituakin ezpada. Eguzkia sartzen danean gela baten ekusten dira aidean mota, ispita lauso bestela ekusten ez diranak. Arropa zuri ta garbi piñ baten ezagun da mantxa edo loirik txikiena, ez ala zatar trebes baten. Asko alditan olio mantxa galantak ere ekusten ez dira. Onela, anima on Jangoikoak argitzen dituenak, ezagutzen dituzte utsegite ta palta asko, kristau epel nagiak ezagutzen ez dituzten gauzeetan. Ezaguera gabe damurik ez da artzen damu gabe ez da ezer barkatzen, barkatzen ez dan bekaturik arinenak izango du kastigua beste munduan: ala dijoaz bekatu mortal gabe iltzen diran geienak Purgatoriora, non egongo dira luzaro, bekatu benial askorekin eriotzak arrapatu zituelako.

        Beste batzuek dira gazte egunetan eraman zuteenak bizitza lasai, mundutar, ta gaiztoa. Bizitza onekin komulgatzen ziran, egiten zituzten sakrilejio itxusiak edo damutu gabe, edo bekatuak estalduta konfesatzen ziralako. Oek Jangoikoaren argi andi batekin biurtu ziran beragana, eginzuten Konfesio jeneral oso ta damu andiko bat, azi zuten bizitza berri bat. Ordea zenbat garbikizun onelako animak? Zenbat ugar edo zetaka animan gelditzen diranak bekatuak berak barkatuagatik? Urte asko Relijio estuetan, penitenzia betikoan bezela bizitza eraman duteenak, santutzat zeudenak, joaten badira geien geienak Purgatoriora, ta gutxi gutxi batzuek Zerura zuzen, nolako garbitu bearra idukiko ez dute bekatuetatik irten berriak bezela diranak? Zenbat urteko Purgatoria itxaroten ez die garbitzen ezpadira geiago? Penitenzia korputzekoak onak dira, limosnak onak; ordea sinisnazazu, prestaera onakin egiten diran komunioak geiago garbitzen dutela anima bestelako obra on guziak baño. Bai dio San Franzisko Sales ondo probatuak, badira leku batzuetan erbi txuriak. Zergatik? Zerren beti jaten duten elurra, ta elur txuria beti jaanaz txuritzen zate narrua. Ala gertatuko zate Bildots txuri eder Kristo dana sarri sarri, ta ondo prestaturik jaten duten animai; txuritu ta edertuko dira; kenduko dizte zetaka ta loi guziak, ez dira atzeratuko beste egite onetatik; ta bai gogo geiagorekin egin.

        G. Ori ondo dago, baña nola gordeko gaitu aurrarakoan bekatuetan ez erortetik?

        E. Ona nola: komunio ondo egiñak argituko du gure entendimentua, ezagutzeko bekatu benial, ta inperfekzioak. Argi onekin ezagutuko degu, zein gauza txaarra dan iñola ere ofenditzea Jangoiko maite gaituena bera dan guzia emateraño. Komunio ondoan, egiten diran akto fedeko, esperanzako, karidadeko ta esker emateakin borondatea irizikitzen da, eskintzen dio biotz guzia Jesusi; ezagutzen du zein maitagarria dan, zein ona, ta artzen ditu gogo berriak ez emateko injuriarik. Emen artzen du ezagutzen dituen falta guzien damua, laguntzen dio damuari aurrera alakorik ez egiteko propositoak, ta ala artzen ditu neurriak ez erorteko berriz falta txikietan ere ezagueraz, ta noiz edo berriz zerbaitean uts egiten badu, damutzen zaio bereala, ta lotsa andi batekin dijoa komulgatzera: emen artzen ditu indar berriak, ta onela dijoa aurreratzen Jangoikoaren bidean. Ala da; ez dago santu izateko bitarteko urragorik, nola dan komunio ondo egiña. Emen garbitzen gera, dio Trentoko Konzilio santuak egunoro egin oi diran utsegite txikietatik, zeintzuek diran auts erasten diranak igarri gabe. Emen pagatzen diran Jangoikoaren Justiziari diozkagun zoorrak, garbitzen da anima Bildotsaren odolean, ta prestatzen da betiko atsegiñak artzeko, zerren dan Jesus ematen zaiguna etorriko dan Gloriako Bai, edo prenda ederra. Futurae nobis Gloriae pignus datur.

        G. Nola erraztzen du Zeruko bidea?

        E. Ona nola. Beldurra sartuaz gure animako etsaiai, zeintzuek eragotzi nai diguten ebiltea Zeruko bidetik. Aragi bat degu uzarkatu, ta eraman nai gaituena bere naikunde ta atsegiñetara. Nolako esetsi ta gerrak jasotzen ez ditu? Nola arrotu ez? Sentidu guziak su ematen die. Nola ezita eskuratu etsai gaizto au, zeñek negar eragin zion bein baño geiagotan S, Pablo Apostoluari? Nola ezi? Goazen sarritxo ta prestamentu onakin mai Kristok ipintzen digunera, an santifikatuko da nola bait gure aragia Jesusen aragi eder ta garbiaren ikutze ta egoteaz, ta onekin galduko ditu bere arrotasunak, ausiko zaioz bere egoak, ta gure borondatea eskuratuko du, ta ekarri arrazoizko bidera, ta noiz edo berriz arrotzen bada, bereala galduko ditu indarrak. Badegu beste etsai bat, ta etsai baten, asko etsai; esan nai det infernuko Dragoi anzinakoa ta gaurkoa, zeñen mendean bezela dauden bere agindura anbeste serbitzari, edo Aingeru gaizto berekin infernura erori ziranak. Oek ez dute lorik egiten; gaba ta eguna orobat dira oentzat; ezin ekusi dute gure onik, nai lukee guziok kondenatzea, inork Kristo ez serbitzea, ta ala dabiltza gure inguruan gure animak irinsteko, dio San Pedro Apostoluak. Nai dezu jakin, zein dan animarik sendoena garaitzeko etsai oek? Da, dio San Krisostomok, komunio ondo egiña. Facti diabolo terribiles. Eldu gaitezen dio, konfianza ta amorio andi batekin mai eder onetara, ta irtengo degu Leoi batzuek eginda, indarrez beterik, arpegi eman ta iges eraziko diogu Deabruari. Kristok largatzen duen usai, Aingeru onentzat gozoak, igui ematen die Infernuko gaizkinai, ta artzen dute igesa.

        Ipiñi zituen Jangoikoak Paradisoan arbola mota bi beste askoren artean. Arbola bata zan osasunekoa, edo bizitza luzatzen zuana. Etzan iñor illko arbola artatik jan ezkero, jaten ezpazuen bigarren Arbolatik, zeiña zan eriotza zekarrena. Zer egin zuen Suge asko jakinak edo deabruak? Etzion esan, ez konsejurik eman Ebari jaateko osasuneko arbolako frutua, ta bai eriotza emango zionetik. Ala bada gaur ere, ez die putzik emango kristau onai jan dezen Sakramentuan Kristok ematen digun osasun ta bizitzako frutua, bai atzeratu alegiñez, eldu ta urreratu ez gaitezen mai santura, dakitelako nola iraungo degun bekatu gabe, anima ill gabe, ta aurrerapen andiak egiten birtuteko bidean. Nork esan zenbat gerra ematen dituzten infernuko etsaiak joan ez ditezen kristau onak komunio santuko maira? Nolako ikara, beldur, ta atzerapenak? Zer egin bear da? Eman kontu osoa Konfesoreari, ta egin itxu itxuan agintzen diona. Komunio bat galtzen duen kristau onak bere naiz, ta beldur bidegabeaz, nolako kalteak bere animari? Nolako atsegiña deabruari?

        G. Nai nuke Jauna enzun ejenplo edo gertakuntza bat jakiteko gordetzen ote dien lotsarik infernukoak Jesu-Kristo Sakramentuan dagoanari.

        E. Ona Aita San Franziskoaren Koronika, edo bere Relijio andiaren historia edo gertaeretako Libru baten erakurten dana. Trailo zeritzon Jaun batek zeukan Alemanian bere etxean emakume birtutetsu edo bizitza oneko bat; baña Jangoikoak ala laketurik, jabetu ziran Infernuko gaizkinak emakume gaixoaren korputzaz; orre-gatik largatzen zien noiz edo berriz pakean Elizara joaten, meza enzuten ta etxean bere Senarrarekin tratatzen. Egun batean irteten zuela San Franziskoko Konbentuko Elizatik, igarotzen zan ate ondotik Apaiza Hostia konsagratua zeramala gaixo bategana. Belauniko jarri zan emakume gaizkindua beste an zeuden jende askorekin batera, ta bakarrik oen artean arkitzen zan Judu batek makurtu etzituan belaunak. Emakume ura jaiki zan zegoan tokitik, ta onen bitartez edo eskuz eman zion etsaiak Juduari belarrondoko edo maxallako ikaragarri bat esaten ziola, Zorigaiztoko ta esker-gabeko gizona, zergatik honratzen ta adoratzen eztezu Ostian dagoan zere Kreadore, ta Jangoikoa? Eranzun zion Juduak, Ostia guzietan badago Jangoikoa, Jangoiko bakar bat izango ez litzake. A tontotzarra, esan zion deabruak emakume aren aotik; artu zuen Galbae zulo asko zeuzkana, ta ipiñirik Eguzki argitan, ator ona, esaten dio, ez dek ekusten nola anbeste zulotik agertzen dan Eguzki osoa, ta nola esateko moduau sartutzen dan Eguzkia zulo askotatik bat izanik? Ala bada, bat da Jesu-Kristo, bat Jangoikoa, ta orregatik dago lurreko Ostia konsagratu guzietan. Onela obligatuak izandira noiz bait infernukoak aitortzera damu gorrian Jesusen Sakramentuko egoera egiazkoa, adoratzera Jesus San Pablok adierazitzen duen bezela itz oekin, Jesusen izenean guziak belaunak makur ditzatela, Zerukoak, lurrekoak, ta infernukoak. Ordea beste asko alditan tentatzen dituzte gizonak egiteko Jesus Sakramentatuari egin al injuria ta deshonra. Tentatu dituzte Judu ta hereje asko bota ditzen Ostia konsagratuak surtara, lurrera, ibaira, zakur ta zaldien eztarrietara. Tentatu ditu aitatu ezin ditudan gauzarik itxusienak egitera. Tentatzen dituzte kristau onak joan ez ditezen komulgatzera, baita ere gaizki bizi diranak ondu gabe joan ditezen bekatu mortalean, onela injuriatzeko aleginez Jesu-Kristo bere amorioa agertzen duen lekurik ederrenean. Nola garaitu anbeste animako etsai gaizto? Anzina esan zuen Dabidek gero gertatuko zana, ta ipiñiko zuela bere aurrean Jangoikoak mai bat, zeiñen janariarekin sendoturik garaituko zituen, etsai guztiak.

        Animari ez ezen, korputzari ere eman dio sarri indarra. Santa Katalina Senakok, oraindik gaztetxoa zanean, ezin ezer jan izaten zuen komulgatzen zan egunetan; ematen zion igui jan guziak ta korputza gelditzen zitzaion janda baño indar geiagorekin. Galdetu zion Konfesoreak, nola egon zitekean gose gabe; nola indar osoakin egun osoetan alimenturik artu ez da? Eranzun zion: Jauna ain andia da sentitzen dedan atsegin edo gozotasuna Jesusen Korputza artzean, zein da ezin artu det lurreko gauzarik jaateko gogorik; ezin komulgatu naizanean, Elizan sartuaz, Sagrariora fedeko begiak eramanaz, ase ase egin ta indartzen naiz. Meza eman duen Sazerdotea ekusiaz beste gabe, gogoan artuaz bere eskuetan egon zala Kristo, edo komulgatu ondoan bere bularrean zerabillela, bere espiritu guzia sendotzen zion, ta gertatu zitzaion noiz bait Garizumako lenengo egunetik Kristoren Aszensio, edo Zeruko igoerako Jaira artean, egotea Santa aitatu degunari, ezer jan bage; bakarrik bai komulgatu egunoro, ta au zan bere indarrak oñean zeuzkana.

        G. Zein da esan degun azkeneko on edo mesede Sakramentu onek egiten duena?

        E. Da animan largatzen duen atsegin edo gozotasun ezin esan bestekoa. Lurreko jatekoak atsegin eman oi du, ta esan ere oi da, gozoa dan gauzak aragi ona egiten duela. Baña mingaña zetakatu edo ugartua badago, etzaio atsegin edo gusto onik artutzen. Erakurten baditugu Santuen bizitzak, ekusiko ditugu zein amorez urtuak, zein gozatuak gelditzen ziran komunio aurrean, komunioko unean, ta komunio ondoan. Zirudien ito bear zutela kontentuaren kontentuz, zeru berri baten arkitzen zirala, ta amore gozoz ordituak; non zeuden ere etzekitela. Ain Santu andiak ere ez diranak, baña bai ebilli birtuteko bidean, izan oi dituzte aldi askotan lurreko jende eroak beren olgantza guzietan arkitu oi duten baño atsegin geiago. O nolako negar samurrak! Nolako nasai aldiak, ta biotzeko olgura, ta askatutasunak.

        G. Ori orrela bada, ez dute komunio onik egingo komunio ondoan motel, agor, ta siku siku daudenak?

        E. Ez da egiaz zuk ateratzen dezun kontu edo ondorena nik esan dedanetik. Santo Tomasek berak dio, samurtasun, gozamen, ta atsegin sentikor ta ezagunak ez dituztela arkitzen anima onak beti ta era guzietan, komulgatu ondoan. Ordea ez da inoiz izan anima birtutean aurreraturik noiz edo berriz, baita aldi askotan ere probatu gabe komunioko gozotasunak. Eman niri, dio San Agustinek, Jangoikoa benetan maite duen anima bat, ta aituko du esaten dedana. Da amantem et senti et quod dico. Baña kristau beti epel, ta kontu gutxirekin bizi izan diradenai itz egiten badiet, ez naute aituko, ez dutelako inoiz probatu alako gozotasunik. Urreratu zaitezte beregana, dio Dabid Errege Santuak, egizute bere esana, kendu biotzetik Jangoikoaren amorea, galdu edo gutxitzen dituzten gauzaak ta argituak izango zerate. Argi onek irizikiko du biotza, ta jaikiko dira amore gar andiak. Ordea probatu oi ditu Jesusek animarik maiteenak biotzeko agortasun, entendimentuko illuntasun, espirituko mingoiztasunekin, komunioan ere lengo gozotasunik sentitzen ez duteela. Uste dute iges diela betiko Jesusek, ezkutuko bekatuaren batekin aserra-erazi diela, larga dituela guziz: emendik zenbat negar samin, zenbat estutasun! Konfesoreak animatuagatik, ez die sinisten, ta bizi dira animako martirio gogor baten. Daude Jangoikoa amatu nai sendoan, egingo luke edozein gauza Jesusi atsegin ematerren; ta uste izanik maite ez duteela Jaun ain maitagarria, daude penaz ta naigabez. O anima zorionekoak! Igaro negu gogor orretako oztasunak, gau illun orretako beldurrak. Jarraitu fedearekin Kristorik, egin berari atsegin emango dion gauza guzia, ta artuko dituzu pazienzia ta humildateko frutuak. Igaroko da negua, argituko da eguna ta orduan ekusiko dezu, zenbat mesede ekarri dituen zure animaren barrenera, Jesusen iges egite edo ezkutatze amorezkoak. Sicut tenebrae eius ita et lumen eius. Andiak izan badira illuntasunak, andiak ere izango dira argiak.

 

aurrekoa hurrengoa