www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKURLE EUSKALDUNARI
ITZ-AURREKOA

 

        Artu nuen orduko asmo ta gogoa argitaratzeko orain ekusten dezun Libro euskerazko au; ezagutu nuen, batek baño geiagok jardungo zuteela marmarioz ta nere leporako zirala itz gogor ta astunen karga guziak. Beldurtzen nintzan zerbait, atzeratu ere bai aldi batzuetan beste askotan artzen nituen gogo guri, ta beroetatik. Nere buru zalea, edo nerekoia izanik jatorriz, esaten nuen nere artean: Zerk sartu nai zaitu, zu baño gizon jakintzuagoak artu nai izan ez duten lan gogorrean? Euskera ondo itzak erakastea, gauza gaitza da; Konfesio, ta Komunioko Sakramentuak zeero, ta banaan azaldu ta adieraztea, oraindik gaitzagoa zertan edo artan utsegin gabe. Zer egin bear nuen bada? Ixildu? Gorde burua, ta ez eman Euskaldun nekezale edo langillai Jangoikoaren itz santuaren ogia? Au zer da? Erdaldunak izango dituztela Libru gisa guzietakoak ugari, ta geiegiaz bezela, ta Euskaldunak ain urri? Erdaldunak ez dira atzeratzen ateratzetik Doktrina santuko Libruak, badakite ere gauza gaitza dala erakastea zeero ta apur apur eginda bezela Fedeko gauzaak, ta gure Kristautasuneko egin bideak, ala Jangoikoaren amar agindu edo mandamentuen nola Sakramentu santuen gañean, ta eragozpen guziak, ta gaitztasun garaitu ezinak egongo dirala Euskaldunentzat? Zer egin bear bada, diot berriz? Larga koldarkeria, ta ikara guziak, ez enzuterik eman erauntzi, berriketa ta esamesai, ta dendatu azkortu, ta biotz-anditu emateko Euskaldun beargillai argia beren jakin-ezetan.

        Egia esan bear bada, Euskal-errietako Apaiz, Fraile, ta Anima-zai guziak esan dezakegu bidaldua edo autuak gerala berri on animaren gañekoak emateko, ez Erregei beren Jauregietan, ez Andiki goratu, edo Jaun urre-zillarra ugari darabiltenai, ez jakituria lurrekoz beren ustez beterik dauden gizon arrotzaarrai, ta bai nekezale, beargin, artxulari, olagizon, ikazkin emakume gorula, eula, jostun, ta onelako jende me ta bekokiko izerdi larriarekin ogia billatu bear duteenai. Ez degu Pablo Apostoluak bezela agertu bear Athenasko Bilkui, ta Erakastegian, eranzuteko Jakitun aizto-asmariai beren galdetze guzietara. Agertu bear degu enzula biotz oneko ta samurerren aurrera zeintzuek enzungo gaituzten geienez ao, ta biotz zabalekin, ta beti ixillik. Ebangelizare pauperibus miscit me Dominus.

        Orain bada, nolako erakaste, edo doktrina eman bear zaie onelako jende argi laburrekoai? Aurtxoak ogi eske zeuden, dio Espiritu Santuak, ta etzan nork puska ziezaten. Aurtxo txiki indar gabeai ematen badiezu ogi oso ta azaltsua, illko ditu goseak beste jan gabe. Ezingo dute gaixoak ebaki ez gañibetarekin, ez eskuarekin, ez ortzekin, ogia gogorra dagoalako, ta berak indarrik ez dutelako. Berriz zeatzen, puskatzen, ta apurtzen badiezu, egingo die, aseko dute gosea, ta biziko dira. Ala bada gure euskal-errietako gizon ta andra, neskatx ta mutillik geien geienak dira jakituriaren aldetik, aurtxoak bezela, ta eman bear diegu animako ogia zeatu ta puskatuta. Esan nai det, eskuaz bezela erakatsi bear diegu, non dagoan infernuko bidea, non Zerukoa, non Purgatoriokoa; au da, noiz egiten dan bekatu astun edo mortala, noiz bekatu txiki edo beniala, ta noiz gauza ona. Pilloan, edo albastoan erakatsiaz ezer egiten ez da; da ogi osoa ematea ebaki ezin duen aurrari; geldituko dira lengo ez jakinean; bekatu andiak idukiko dituzte txikitzat; txikiak edo utstzat, edo anditzat; ondo dana txaarra dala iritziko die, ta ebilliko dira illunbean larrapastaka, non oña ipiñiko duten ez dakitela; erorten badira ezagutuko ez dute non erori diran. Zenbat kalte emendik, jakineza, bada gaitz guzien raso, edo iturburua? Ordea ez det uste utsegin ta jakinez geiago dagoala ezertan, nola Konfesioko Sakramentuaren gañean. Pozoi izatera biurtzen dute askok, Jesu-Kristok gure animen osagarritzat larga zigun Sakramentu au. Ekusten degu kristauen artean lasaitasun lotzagarrizkoa, urte batak dirudi bestea gaiztagoa ezpada datorrena igaro dana baño: Ekusten ditugunean Santuaren kontra jaiki, ta jarkita etsaiezagun, ta agiriak, damutzen gera. Ezin aitu ditugu biotzeko min gabe Kristoren kontrako gaizki esate, ta izt astunak. Negar malkoak eroiten dira gure begietatik jakiten degunean gure Fede santuko etsaiak amorrurik andienarekin ezarri dituztela lurrera Elizak, erre Santuen korputz-apur edo erlikiak, eragozten duteela meza ematea, konfesatuta komulgatzea, Sazerdote onai pakerik ematen ez diela, kastigatzen dituztela Presondegi gogorretan, deserritu asko, ta ez gutxi ill, kristau onai lagundu nai zielako, ta gaiztoai erakatsi beren bide utsegiña. Bada negargarriago da kristau izenekoak, Eliza Santari ematen dien naigabea, adiskide ta pake estalkiaz jasotzen dien persekuzio motel, ta otsgabearekin. Pakean, dio San Bernardok, ematen zaiola mingozitasun ta sentigarririk andiena. Ekusten ditugu Konfesategiak jendez inguraturik; urbiltzen dira gero aldara santura; uste genzake poztutzeko gauza dala. Baña nolakoa da ateratzen dan onera, edo frutua? Zerk geien estutzen du gaurko egunean Eliza Santa gure Ama? Ona zer eranzun zuan Florenziako Bilkui, edo Konzilio Santuak, dala Penitenzia palso, edo itxurapen utsekoa. Falsa scilicet paenitentia. Batzuek erratzen dira bekatuak egitera konfesatuko dituztelako sesio, edo aitzakiaz: beste batzuek uste dute konfesioan agertu ezkero ezer estaldu gabe, guzia dagoala eginda, ta irteten duteela garbi garbirik, begiratu bearrean nolakoak izan bear duen bekatuen damuak, ta aurrera onizateko gogoak. Asko dijoaz kontzienziako esamina, billakuntza, edo azterren arin ta gañetiko bat eginda, ezagutzeko nekerik artu gabe, nola ez-egiñaz edo egin bearrak largaz, edo esan oi dan bezela itz arrotzean, omisioz egiten diran bekatu txit asko. Onezaz gañetik, zenbat kristau daude lotsaz bekatuak ukatzen, gutxitzen, apaintzen, edo estaltzen? Zenbat Konfesio guzien edo jenerala egiteko premia estuan, ta ez dakiteta nola egin! Uste izan det bada ezin nezakeala gauza obeagorik, nola dan gauza oien gañean erakastea zeero ta argiro jakin bear duten guzia kristauak. Konfesio onak dakar berez komunio ona, ta konfesio ta komunio ondo egiñak bizitza berria, ta gero betiko salbazioa. Erakusten da Santa Teresak Zerutik etorrita adirazo ziola anima txit on bati, Konfesari, ta Predikatzalleak beti bezela jardun ta ekin bear lukeela itz egiten konfesio gaiztoen gañean; sinistu ezin zitekeala zenbat anima betiko galtzen ziran konfesio gaizki egiñak gatik.

        Ori orrela da, esango dit nork edo nonk: baña idukirik Sazerdote edo Eliz-gizon erakaslak libru asko ta ugari erdaraz, zertako dute euskarazko au? Berak biurtuko dituzte erderatik euskarara. Ala dirudi, ordea ez da alperra nere nekea. Badira Eliz gizon asko, Apaiz egin berrian txit atzeraak daudenak euskaraz itz egiten, ta guziz Elizan. Agurtzen detuzte beren buruak Sermoi bat euskeratu ezinik. Nola erdalerrietatik etortzen diran urteren batzuek igarorik Eliz gauzak ikasten, ta aztu zaien asko len zekiten itzkera Amaren bularretik zekartena, ez da esatekoa, zenbat gaiztasun ta atzerapen arkitzen duten euskera itz egiten Eliz gauzeetan. Ez da berdin oen gañean bear bezela itz egitea agirian, ta bestelako gauzeetan. Gure gizon ta andra baserrietakoak txit ederki, ta bear bada inork ez bezela, itz egiten dute berai dagozkien gauza askotan. Ordea ez lukee jakingo nola zuzendu itzak gauza goratu ta beren gañetikoetan. Au onela izanik, Libru euskarazkoak, ez dira alperrak, ta bai mesede andikoak Eliz-gizon askorentzat ere. Erakurriaz ikasiko dute nola esaten dan euskaraz berak etzekitena. Oituko ere dira erraz erakurtera, zeren gauza lotsagarria da ekustea asko, errazago erakusten Franzes ta Ingles Libruak oen itzkerak aitu edo jakin gabe, jatorriz dakarten euskera ondo dakitena baño. Zerk egiten du au? Ekandu, edo oitu ez diralako euskarazko libruak erakurtera.

        Badira bai animen kargua daukaten artean ere, ain ikarakor, edo beldurtiak, non da ezin azartu diran buruz Sermoi bat egiten, ta zenbat kalte emendik? Baleuzke Libru egokiak erdaldunak bezela, erakurriko luke Elizaan, joango litzake beldurra geldiro, ta egingo lirake gero buruz ta itzbizian erakastera.

        Zer esango det berriz bestelako kristauei elduko zaien onaren gañean, badituzte libru euskerazko ta animaren onerako egiñak? Erakurriko lituzkee etxeetan. Erakurten ez dakiten askoa, erakurten ikastera dendatuko lirake. Emendik zenbat bekatu bide larga? Zenbat jakinez kendu?

        Badira euskarazko libruak, esango didate. Aitor det, ta euskaldun guziak eman bear dizte esker andiak onetan jardun duten animazaleak izan diran gizonai. Gora-bera guzien artean ez dira aztu euskal erritan Kardaberaz, ta Mendibururen izen onak. Au ezagutu zuten bai Napar ta Giputzak; ura, oek ta Bizkaitarrak, Arabar ta Naparrekin. Zabaldu zuten al izan zuten artean aoz misio santuetan Jangoikoaren itzaren azia, artu ere bai frutu gozoak. Beren anima gosea etzan onenbestean gelditu; iraunkorrago izan zidin frutua, izkribitu zituzten deboziozko libruak. Ala ere esan bear da, ez dala arkitzen laburki baño itz egin duteenik Konfesio, Komunio ta beste Sakramentuen gañean, ta orobat Doktrina libru oso batek eskatzen dituan zabaltasun, ta zeetasunez. Astete ta Dutariren librutxo euskaratuak ezin obeak dira egin ziran asmorako; au da buruz ikasteko doktrina bearra. Baña zenbat zer ikasi ta jakin gure Fedeko Estal pon-edo misterio miragarrien gañean? Zenbat argi zabalduko ez dira Jangoikoaren Legeko agindu edo mandamentuak zeatuaz, ta erakatsiaz, nola uts egiten dan oen kontra? Nere gogoa izan da Doktrinako lau Zati edo Parteen gañean egitea erakaste edo esplikazio osoak. Etzait gogoa oztu. Baña nola gauzarik bearrenekotzat iduki dedan Konfesio ta Komunio Santuen gañean astiro itz egitea, ta erakastea jendeai, orain bein iritzi izan dit, obe dala oen gañeko Libru au agertzea. Arrera ta jera ona egiten badie oni, beste gauza ez ustekoren batek galerazitzen ezpadit, argitaratuko ditut gerora aitatu ditudan gaien gañeko beste libruak, ta lan edo nekerik andiena egin det.

        Izango dira bear bada jakitun bupera, milika, ta begiratuegi batzuek, ondo iritziko ez dienak emen arkituko diran gertaera miragarri, edo esan oi dan bezala, ejenploai. Ez dala esan bear Erakastegi Santuetatik Eskritura Santeetan arkitzen diran gertaera edo ejenploak baño. Ipuiak kendu bear dirala Eliza, egia billatzen duanetik. Ipuiak kendu bear dirala? Arkitzen det nik Eskritura Santan ere Arbolen gakeño ipui egoki bat, zeñekin Profeta Santuak adirazi zuen berak gogo ta Jangoikoak nai zuena. Ipui ero, ume ta atzoen artekoak ez dira Pulpitorako egiñak, ez da ere gezur itxurakin datozen ejenploak. Ordea, gaizki egintzat ematea, ejenplotxo bat edo beste, erakutsi dan gauzaren sinisgarri geiagorako, kontutzea jende pozik ta onandiaz enzun nai dituztenai, da esatea gaizki egiten zuteela San Agustin, ta San Gregorio Elizako Erakasla ta Jakitun andiagoak, gaizkitzat ematen dituztenak baño. Da esatea gaizki egiten zuteela San Antonio Padoakok, San Bizente Ferrer miragillak, San Bernardino Senako ta zenbat beste birtute ta jakituria andiko Predikari beneragarriak! Irakurri bidiz oen Sermoiak, ta ixildu ditezela gero lotza apur bat badie alako Santuai, ta ez gaitzala iñor salatu, beren bideti bagabiltza. Jesu-Kristok predikatu zien penitenzia, ta zematu zituan nagiak mundu onetan ekusi ziran kastiguak gogoraerazirik. Bere Sermoiak ziran txit lauak, berdintza edo konparazio ederrekin eginak ez itz apainduz moldatuak. Apostoluen Burua zan Pedrok, doktrina errazarekin, bildu zituan anima asko Kristoren artaldera. Onela bada gauza onik egin nai duteenak gure errietako jendeetan, eman bear die ogi biguña, ta San Pablok dionaz, Ama batek aurrari ugatza bezela. Lac dedi vobis.

        Zer billatu bear du Animazale izan bear duten edozein Eliz-gizonek? Ez besterik ezpada animak irabaztea. Nork esan bada zenbat anima aldatu diran bekatutik Jangoikoaren aldera enzunaz beste gabe ejenplo edo gertaera mirarizkoren bat? Zenbat kristau urte osoetan egon ziranak lotsaz agertu gabe bekatu itxusiren bat edo asko, joan dira arinka Konfesorearen oñetara egiteko konfesio zuzen, garbi ta damuz betea bakarrik enzunaz Sermoien artean Jangoikoak egin dituan kastigu latzgarriak onelako ta alaka anima konfesatu gabe gordetzen zituztenekin! Au dakite Misionari, ta anima billa dabiltzan Konfesore guziak. Onelako ejenploak enzuten dituzte nekazariak ao zabal, ta atenzio andiarekin; ejenploa bukatzean asitzen dira Jesuska, larritzen dira beste anbeste gertatu ez didin berakin, daramate arantza biotzean, erasten zaizte gertaera guziak, kontatzen dituzte etxeetan joan etziranen aurrean, ta Jangoikoak berak bakarrik jakin dezake, zenbat on dakarren predikatze erraz, ta humill onek. Tito Libio, Plutarko, ta onelako mundu-jakitun batzuek zerbait kontatzen badute, sinisten zaie. Berriz testigu obeagoetatik datozen ejenploak, Ipuitzat dauzkee onelako jende jakitun ustekoak. Fedeko gauzeen sinisgarrirako egin dituala Jangoikoak mirari andiak, nork uka lezake? Ala bada egin ditu mirari asko bekatariak zuzentzeko bizitza onera, obligatzeko ondo konfesatzera ta komulgatzera.

        Euskararen gañean zer esan dezaket? Batzuek dituzu, dio Aita Larramendi euskaldunean maisuak, gure euskeran nai ez lukeenak beste itzkundeetatik itztxo bat ere. Euskerari eratxi zaizka erdaldunetatik itz ez gutxi; baña adituaz, ta oituaz, euskerakoak bezain ongi aditzen diranak; ta oiek utzi bear eztitugu, ta bear bada noiz edo berriz obeko da onelakoak usatzea euskerakoak baño, batez ere Eliz gauzeetan, ta gure animen salbazioari dagozten egikarietan. Onela itz egiten digu Maisu izen andiko onek. Eta egia esateko, Elizak beretu ta konsagratuta bezela dauzka itz asko doktrina santua erakasteko. Ez dira bada utzi bear izen oiek, Bateoa, Konfirmazioa, Komunioa, Konfesio edo Penitenzia, Oleo azioa, Ordena, ta onelako Eliz itz asko igaro diranak kristau erri guzietako itzkundeetara. Oen ordean esan ditezke itz euskarakoak, ordea guzia naaitzea da, ta ez adierazotzea gauzaak bear bezala. Esaten badet nik Bautismo orde Garbituntzako Sakramentua, egia esango det, baña ez ziurki ta bear bezela azaldu, zeren garbitzea zabaltzen da gauza askotara, berriz bateatzea, ematen zaion sentidu edo esan naian gauza bakar ta guziak aditzen dutenera. Beraz erakeria edo arrotasun kaltegarria da animako gauzeetan ez jarraitzea arturik dauden Eliz itzai.

        Beste batzuek, dituzu premia gabe ta animen-kalte andiarekin euskara guzia galtzen duteenak, bein euskera, bein latiñera, guzia baraustu ta zikindua. Gutxik daki bere jaieterriko euskeraren erdia, ta alpertzen, nagitzen, ta lotsatzen ere dira ikasten, ta galdetzen; ta gero gaitzki esaka dabiltza garbiro euskera egiten duteenak gatik. Begitantzen zaie nekazari euskera baño ez dakitenak, aditu bear dituzteela erdera euskeratuak. Euskerak dauzkanean itz ederrak, guzien aoetan dabiltzanak, zertako da erdera mordollo jardutea Erakastegi santuan? Euskaldun garbiak, zer aituko du esaten bazaio Seme Unijenitua, Aita Omnipotentea, Espiritu Santu Bibifikadorea, gauza nezesarioak, ta ezin esan beste itz onelako? Ala bada ebilli bear da bide erditik geiegiaz edo gutxiegiaz utsik egin ez dezagun. Nork ez daki Jesu-Kristok itz egiten ziela Hebreo, edo Judatarrai, ez anzinako Gurasoak zekiten itzkera garbi Adanegandik artuan, ta bai Salbagille onen egunetan itz egiten zan bezala, naiz zeukaten itzkera naasia ta eratxirik itz arrotz ta erbestekoak. Bazekian egiaz Kristok nola itz egin anziñakoen gisaan naste gabe, edo garbiro: ordea etzuen ala itz egiten, ezpada bere egunetako Judatarrak egiten zuten bezela. Onela guk ere egin bear degu. Nork aserre gabe enzun lezake euskera ederki jakin bear duten Eliz gizonak esatea Pulpitotik itz zatar oek Abarientoak dira Idoloen sierboak, Ira da bizio kapital, ta benganzaren orijina puru purua, Jangoikoaren Klemenzia infinitoak asko aborrezitzen duena: ta zenbat onelako astakeria! Zer adituko dute nekazariak, belarriekin enzuenagatik, alako itzkera irutik bategiña?

        Uste det berriz libru onetako euskera izango dala aditua Giputz guzian, Bizkaiko erri askotan, ta Naparroa geienean. Kardaberasen libruak aditzen errazagoak dira Euskal-errietan Mendibururenak baño. Onek itz asko artu ditu Napar euskeratik, ta nola urruti dauden bata besteagandik Naparroa, ta Bizkaia, ez ala Giputzak (bada oek erdian daude) errazago egiten zaie Bizkaitarrai aditzea Kardaberasen itzkera giputz utsekoa, Mendibururen giputz-naparra baño. Auez da esatea, Mendibururen euskera, ederra ez dala; da egiaz ta itzak garbiago ta euskeratsuagoak Kardaberasen libruetakoak baño; ala ere onenak leku zabalagoan aditzen dira esan dedan arrazoiagatik. Nik ere oni jarraitu diot aleginez arrazoi beragatik.

        Bada atsekabe ematen didan beste gauza bat, au da enzutea Euskaldunak gaitzki esatea, ta auzitan bezela batzuek besteakin. Giputzak enzuten dutenean Bizkaitarren itzkera, bereala abiatzen dira esaten, au dek euskera zatar, astun, ta gogaitkarria. Nork enzun belarriak estaldu gabe? Bizkaitar askok (ez erri guzietakoak) esango dizute giputzak dirala labañak beren itzkeran, emakumen mingain zorrotzentzat ona dada, bizkaikoa gizontsuagoa. Asitzen dira kiñu ta siñuka; oek arpegian ematen die aiei, nion, zion, diot, ta ala beste epai moldeakin. Aiek berriz Bizkaitarrai, deutsat, neutsan, zeuntsan, esan juan, ez dok, bai dok ta onela beste itz askotan. Euskaldun maiteak, zertako dira itzauzi oek? Zer esango digute erdaldunak errietan ta siñuka bagabiltza alkarren artean? Gure euskera gauza ez dala. Aita Larramendi, ta Kardaberasek, giputzak izanik, aitortzen zuten, etzekitela zein zan obeagoa: bakoitzak jarrai beza bere jaieterriko euskera; ordea ez gaizkirik esan. Ez degu errikoiak, edo erriko amorean itxutuak izan bear. Nik guziak dauzkat edertzat. Zati bat naiz giputza, ta beste zati bat bizkaitarra, ta bietara zerbait egin banaiz ere, geiago bizkaiko euskerara nere bizitarik geiena emen igaro dedalako jendeai erakasten animako gauzaak. Libru berau ipintzea uste det Bizkaiko euskeran ere. Ez dakitenak aste dute Bizkai guzian esaten dala: Ene, ara toroa plazaan manzania jaten. Bilbotarren erdi erdera erdi euskera daukate Bizkai guziko euskaratzat. Ez da ordea ala. Eztitsuagoak dira giputzen itzak; baña itzen euskeratasun, garbitasun, ta euskera legeen aldetik, ez dio ezer zor Bizkaikoak, ta Kardaberasen iritzian, obeto gordetzen dira euskeraren regla edo zuzen bideak Bizkaian, Giputzean baño. Dan bezela dala, o euskaldun onak! arzazute nere borondatea libru onetan. Ez arren utzi inoiz, sartu zanetik, euskal-errietan galdu ez dan Fede egiazkoa. Fede oni lagundu bear dio bizitza onak, gaiztoa erama duenarentzat, ona emen Onbidea, Konfesioko Sakramentuan. Jaunari eskerrak, gauza onik badago. Aaztu zitzatan gauza bat adieraztea bere lekuan, edo euskeraren gañean aitatu dedanean. Ez da berdina itz-joko edo konjugazioa Euskera giputza ederki dakitanen artean. Aita Ubillosek, zeñek Franzes erderatik euskaratu digun Fleuriren Doktrina-librua, onela ebakitzen du baten itzketka, ta askorena. Nik egin nuan, aiek egin zuen, ta ala oetatik jaiotzen diranak. Bizkaiko euskeran ere jarraitzen da itzjoko au letra bi oekin, a, ta e; a batena danean itzkera edo egikera; eta e askorena danean; nik egin neban, aek egin eben; ala Aita Ubillosek ere nuan, zuan, zuen letra aldatze labur onekin. Berriz Aita Larramendik, Kardaberas, Mendiburu, ta Labort euskerako librugillak, beintzat nik ekusi ditudanak, ez dute ala konjugatzen, ta bai onela, nik egin nuen, ark egin zuen, aiek egin zuten, ta ala oetatik jaiotzen diranak. Zein dan konjugazio obea, nik ez dakit; errazagoa ta garbiagoa dirudi Aita Ubillosenak. Baña nola aitatu ditudan beste euskaldunak diran izen andikoak, eien gisara nik ere kunjugazio esana egin det. Zein batera, zein bestera egin, ez da zer esanik. Giputz garbi garbia billatu bear da Giputz erdian, ez Franzes, Napar, ta Bizkai urrean dauden errietan; zeren erasten zaiez alkarren itzak urrean dauden errikoai. Irun, ta alderetan Franzes euskeraren usaia dute, ala ebakitzen itzak, nola itzen batuetan. Elgoibar, Eibar, Bergara, Mondragoe, ta ala besteeritxo batueetan erdi giputz, ta erdi bizkaikoak dirudite, Bizkai urrean daudelako. Ez da ordea ansi. Libruetan bakoitzari eman bear zaio. Giputz izeriditzen danean, giputz euskera naaste gabea alegiñez; Labortarrak beren gisara, ta orobat Bizkaitarrak. Baña buruz ikasten dan doktrina, obe da erakastea bakoitzaren errian itz egiten dan bezela. Ez dago onen premiarik Sermoi ta bestelako libruetan. Elgoibar, Eibar ta Bergaran predikatzen bazate giputz garbian, ondo adituak izango dira Sermoigillak, baita-ere giputz urrean dauden Bizkaiko errietan. Ordea Kura Jaun edo animazaiak itz egin bear dute, al dezatela, beren kargura daukaten errikoak itz egiten duten bezala errian erakasten dutenean. Itztxo bi oei ta beste Eliz-gizon Eraskaleai, ta ona San Pablok guzioi esaten diguna: Attende tibi, et doctrinae. Hoc aenim faciens, et te ipsum salvum facies, et eos qui te audiunt. Et certe, quid nobis proderit clamor et tumultus in docendo, predicatio opportuna et inportuna, argumenta aegregia methodo elaborata, increpationes, et obsecrationes in populum effutire, si unun audiunt, et aliud vident? Si exempla pravitatis in nobis obserbant? Praenstans praedicatio exemplum bonum. Attendamus ergo nobis bene vivendo. Sed nulla vita bona in Eclesiae Pastoribus sine doctrina. Qui non docet iam iudicatus est: qui suarum ovium curam non habet fidem negavit et est infideli deterior. Qui Eclesiae doktrinae in Tridentino anuntiatae non obedit, Christi vocem non audit, et tamquam et nicus habendus. Qui autemad virtutem erudiunt multos, et qui bene praesunt Praesbiteri, magnam remunerationem habebunt, et in Dei iuditio dicent, Ecce pueri, quos dedisti mihi.

 

aurrekoa hurrengoa