www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE IV.

Nola ondo konfesatzeko
bear dan biotzeko damua

 

 

        G. Zeren gañean itz egin bear degu doktrina onetan?

        E. Kristauak gutxien dakiten, ta geien jakin bear bear duten gauzaren gañean, zeña dan bekatuen damu konfesiorako bear dada.

        G. Orren bearra da damu ori? Ez ote da asko bekatuen esamina kontuzko bat egin ta guziak ezer utzi gabe humiltasun andi batekin Konfesoreari agertzea?

        E. Ez dago konfesio humillik biotzean maite bada bekatua. Bekatua anima duen kristaua da Jangoikoaren kontra jaiki dan traidore andia, ta traizio onetan irauten du damu ezpadu biotz guziarekin bekatu egina. Nola bada izango da humilla? Eskuetan mun egin, ta esku mun egiñak erretzea nai. Alakoa da kristau askoren humiltasuna konfesioan. Daude belauniko, golpetzen dituzte bularrak, eskatzen dute barkazioa, aoan dirudite humilde batzuek, ta biotzez gezurti andiak. Itza Jakob justuarena, ordea eskuak, edo egitadak Esau gaiztoarenak.

        G. Zergatik esan du damu au dala gutxien dakitena, ta geien jakin bear dutena kristauak?

        Ez da sarri predikatzen gauza au, edo damuaren premia? Nola bada egon diteke jakineza?

        E. Enzuten dute Pulpituetatik; aurtxotatik ere erakasten zaie esaminaren ondoren bear dala bekatuen gorroto edo damua. Baña etzaie erasten biotzean. Begitantzen zaie bekatuak osoro konfesatu ezkero, ta nere Jesu-Kristo Jauna kolpe batzuek bularrari emanda eginda dagoala guzia. Au da Eliza Ama Santak duen gerrarik kaltegarriena; penitenzia palso edo gezurti bat. Aoarekin damutzea, biotzarekin bekatua laztantzea. Itxurapen utseko penitenziak dakar berekin animako lo ta itxutasun osagaitza. Ekusten ez duen begia, da damutzen ez dan biotza. Igarten ez dan gaitza nola osatu? Gaizki konfesatzen danak argiro, bekatuen batzuek lotsaz ixildu edo estalduta, igarten dio non duan min, non dagoan gaitza, ez du pakerik, biotza samintzen zaio txitsarri, arantzaz beterik darabil, sermoietan enzuten badu Jangoikoak egin duen kastiguan diren bat bekatuak gorde zituztenekin, tarritzen dira, izerdi otzak irtetzeraño, ta ekusten dira beldurrez beterik dijoazala agertzera bekatu ezkutatuak Konfesio oso edo jeneral batean. Ordea bekatuak agertu dituztenak, ta damu irudi batekin konfesatu diranak, daude lotan deadarrekin ere iratzartzen ez dirala beren lo zorro gogorretik. Ez dute kezkarik ez larririk; begitantzen zaie ondo konfesaturik daudela, dijuaz komulgatzera beldur gabe, ta konfesio ta komunio bekatuzkoekin bizi dira kondenazioko arrisku andian.

        G. Nola gaizki konfesatu ta komulgatu igarri gabe?

        E. Eranzuten du Santo Tomas Maisu andiak, ez igarte edo ez ezagutzea danean bakoitzaren erruz, edo kulpaz; zeren jakineza ta ez ezagutzea dan bekatua, ta bekatu bat izango ezin dalako beste baten eskusa egiazkoa. Gauzaren bat danean ikasi bearra ta ikaserraza, ez ikastea ta ez jakitea, bekatua da. Damua da gauza bear bearra konfesio ona egiteko, inork ukatuko ez duen bezela, ta bestetik jakinerraza sarri erakasten dalako. Bada ez dakitenak, edo Sermoietatik iges egiten dutelako, edo enzunda sinesten ez dutelako, edo sinistuta puestatzen ez diralako, beren naiz egiten dituzte konfesio ta komunio gaiztoak, ta dijoaz otsgabe ta animako begi estaliekin beti iraungo duen Suleza edo Infernura. Egia au ezagutzeko ez dago galdetu baño edozein kristauri konfesioa eginda ezer ixildu ezpadu; damu dezu Jangoikua ofenditua? ezagutzen dezu zeure gaizki egina Jaun gaitzik egin ez dizunaren alderako? Esazue egia, damu dezu? Bai Jauna, damu det; eztet damu izango? Nola ere damu dedan; emango ditu golpeak bularrean, makurtuko du burua, ta esango du ezpañez nere Jesu-Kristo Jauna edo akto kontriziokoa eztuela. Onela konfesatzen dira bekatuen inguruan beti dabiltzanak. Onela okasio galduetan sarturik daudenak. Onela urte osoetan obetu ez diranak sarri konfesatuz ere. Onela ordi, luxurioso, lapur, ta bizio gaiztoen oitura jarraituak dauzkeenak. Artutzen badute absolbizio arin emana bekaturik ezagueraz utzi gabe, dijoaz pake iridiko baten komulgatzera ta erakustera Jeku-Kristori bere ostatu gaizto artan, nola biotza dagoan bekatuarekin oratuta. Odolezko malkoakin negar egin bear genukean itxutasuna! Bekatuaren izena ez dute nai, bai ordea bekatuaren izana. Beraz ez da egongo doktrina bearragorik nola damu onen gañekoa, erakatsiaz, zer dan, zenbat modukoa, nork daraman konfesiora, ta nork ez. Erakurten da Santa Teresaren gertaeretan eskribitu, edo adirazo ziola Santa onek Predikadore bati predika zezala txit sarri konfesio gaiztoen gañean, zerren ez du, zion, deabruak animak arrapatzeko katigugarri edo lakirio seguruagorik, nola kontesio gaiztoak. O gauza arritzekoa! Konfesioa berez izanik animak libratzeko deabruaren kateetatik, askorentzat da, bakoitzaren kulpaz, beren animen galbidea. Ekus dezagun bada zeero ta astiro doktrinagai au.

        G. Zer da bada Kontrizio edo damu konfesiora eraman bear dana?

        E. Kontrizio edo damua da, dio Trentoko Konzilio Santuak, zeñen itza da Elizaren ta Fedeko itza, bekatu egin danaren naigabe, eta gorroto biotzeko bat aurrerakoan geiago ez egiteko gogo edo propositoaz. Penitenziako Sakramentuak dauzka iru Parte, Kontrizioa, Konfesioa, ta Satisfazioa. Kontrizioan sarturik dago bekaturik geiago ez egiteko proposito edo gogo sendoa; Konfesioan, aurrez egin bear dan examina. Kontrizio edo damuak, dio berriz Konzilio Santu onek, prestatzen du bekatuen barkazioa iristeko, laguntzen badio Jangoikoaren miserikordiaren itxaropen edo konfianza, ta borondateak egiteko Sakramentu au artzeko bear diran beste gauzaak. Emendik aterako dute kristauak, dio Erromako Doktrina-libruak, damu edo Kontrizio au ez dagoala bakarrik gerora bekaturik ez egitean, ez bekaturik geiago ez egiteko asmoan, ez da bizitza on bat asitzen ere; bear dala guzien aurrez bezela, artu leengo bizitza gaiztoaren igui edo gorroto sendo bat lema edo satisfakzioa emateko gogoarekin. Egia da ezin egongo dala egiazko proposito edo bekaturik ez egiteko gogo Jangoikoagandik jaiorik, bekatu lengoen damu, edolare eztutuko gabe; ta asitzea ta eramatea aurrekoan bizitza on bat, dala señalerik onena ezagutzeko kontrizio edo damua. Baña eskatzen da ez bakarrik propositoan sarturik dagoan damua, baita ere Jangoikoagandik datorren mobimentu bat, zeñek gorrota erazitzen digun leengo bekatua. Konfesatuko dizkitzudaz nere urte guziak nere animako naigabe, edo mingaiztasunarekin. Ala dio Isaias Profetak. Enzun zuen Jaunak nere negarren itza, ala zion Dabid Erregeak.

        G. Beraz negar egin bear da egiazko Kontrizioa idukitzeko.

        E. Ez ori, dio Doktrinako libru aitatu degun, ta besterik ez bezelakoa. Kontrizioa da borondateko akto edo egikari bat; damua da dio San Agustinek Penitenziaren laguna, ez Penitenzia bera. Ordea Elizako Irakaslak bekatuaren gorrotoari ematen die damu edo dolorearen izena; baita ere Eskritura Santuak. Damu au dator Kontriziotik; damu au agertzeko aldatu oi zituzten anzinako penitenteak beren janzi, edo soñokoak, ta egin oi zuten penitenzia zilizio ta autsez estalirik. Nola bada soñoko penitenziakoekin egon ditekean biotz bekatuan sartua, ta penitenziako janzi gabe bekatuaren damu txit andia, ala ere malko ta zizpuru gabe egon diteke bekatuaren damu edo gorroto bizi bat, ta negarrekin ere bai damu biotzekorik eza. Beraz negar egitea konfesio aurrean, edo konfesioan bertan ez da damuaren ezaugarri edo señale argia, ez da damurik ez dagoanarena ere malkorik ez ematea. Ekusiko degu egia au geroago.

        G. Zergatik bekatuen damuari ematen zaio Kontrizioaren izena?

        E. Adirazotzeko Penitenziarekin ausitzen, urratzen, ta biguntzen dirala gure biotzak, nola arri batekin ausitzen, edo mallatzen dan gauza gogorren bat. Bekatuak dauzka gogortuak biotzak, ta penitenziak ausitzen edo biguntzen ditu. Argatik lurreko gauzaren batzuen galtzapenak ematen duen naigabeari, ematen zaio damuaren izena, ez ordea Kontrizioarena. Itz oek dira Erromako Doktrina-libruarenak, nondik izentazu gabe ere artuko ditut gauza txit asko. Iturri garbian ura edan dezagun.

        G. Zergatik esaten da biotzeko Kontrizioa? Biotza da Korputzaren zati bat, ta kontrizioak izan bear du animakoak. Kontrizioa nola egon biotzean?

        E. Ederki galdetzen dezu; ona zer eranzuten duen, aitatu dedan Doktrina-libruak. Biotzaren izenez aditzen da animako borondatea, ta nola korputzeko mobimentu guziak sortutzen diran biotzetik, ala borondatea ere da zuzentzen dituena animako akzio eta afekto guziak. Biotza ustela badago, ez da korputza usteldu gabe egongo; biotzeko eriotza esan dezakegu dala korputz guziaren eriotza. Iturburua agortzen bada, ez da txorrotik urik eroriko. Orobat, borondatea ona dagoanean ta kalte gabe, animan kalterik egongo ez da; berriz borondatea dañatua edo kaltetua badago, anima ere kaltetua egongo da. Zure begia garbia badago, dio Jesu-Kristok, korputza ere garbi edo argia egongo da; ta zure begia geundua, ta gaiztoa badago, korputz guzia illunean egongo da. Buir zaitezte nigana biotz guzitik baraurrekin, negarrekin, zizpuruekin, ta zatitu itzatuez zuen biotzak; ala dio Jangoikoak Joel Profetaren aoz.

        G. Kontrizio gabe barkatu diteke bekaturik?

        E. Ez iñola ere. Esamina, aozko konfesio, ta penitenzia obrazko gabe salba liteke, ez ordea bekatuaren damu egiazko gabe.

        G. Nai nuke jakin nola dan ori?

        E. Artzen du norbait gaitz eriortzkor batek Sazerdoterik bertan ez duela, ta esaminarik egiteko astirik ere ez. Nai luke konfesatu, ta ez duelako norekin, artzen du bekatuen damu egiazkoa, ta galtzen zaio itza. Dakarte arinka Konfesorea ta arkitzen du konfesatu ezin ditekean estaduan. Ordea, nola eskatu zen Konfesioa ta eman damuaren señaleak absolbitzen du konfesatu balitza bezela. Gaixo ark etzuen esamina ta aozko konfesioa egiteko eperik izan; baña egiazko kontrizio edo damua bazuen, barkatuko zitzaion bekatua konfesatu balitza bezela. Berriz esamina kontu andiko ta konfesio zuzen ta oso batekin iltzen bada ta absoluzioa artuta ere, ezpadu kontrizio edo egiazko damurik, ez dio ezer balio, ta kondenatuko da. Munduan igarotzen dira asko alditan Eskritura ta diru palsoak; baña ez Jangoikoaren aurrean kontrizio egiazkoa ez danik. Ez da ezer egiten, dio San Gregoriok, Osagilla edo Mediko bati gaitz guzia agertzea; bear ere da osasuna benetan naiz izatea, ta gaitzari gorroto bezela artzea.

        G. Zenbat modukoa da bada Kontrizio edo damu au?

        E. Bi modukoa; bata da Kontrizio perfekto, edo oso osoa, ta bestea Kontrizio ez osoa. Kontrizio osoari deitzen zaio Kontrizioa, ta osoa ez danari deitzen zaio Atrizioa. Argiroago jakituria gabeko ta euskaldunentzat, Kontrizio edo damu osoa da Amorio-damua, ta Atrizioa Beldur-damua.

        G. Zergatik Kontrizio, edo amorio damua da oso edo perfektoa, ta ez Atrizioa edo beldur damua?

        E. Zerren kontrizio edo amore-damua bera bakarrik asko dan bekatua barkatzeko ta animai grazia iristeko. Ez ordea Atrizioa, edo beldur damua. Damu onek prestatzen du bekataria Konfesio Sakramentuaren bidez grazian jarteko. Doktrina au da Trentoko Konzilio Santuarena. Eiztari batek jarraitzen dio Basaurde bati ta jaurtiki edo tiratzen dio; joten du garunetan balarekin, ta bertan gelditzen da illik abere zatarra. Irtetzen dio geroago beste Basaurde batek, tiratzen dio oni ere; ordea etzuan jo leena bezela beingoan eriotza emateko tokian; ausitzen dio aurreko besoa; ezin abere erituak arinik egin du igesa artzeko: jarritzen die zakurrak ta Eiztariak, ta atrapaturik iltzen dute bertan kolpea, ta usikiekin. Ona amen Kontrizio ta Atrizioaren berdintza edo konpario ederra. Eiztariaren lenbiziko tiroa zan oso osoa, zerren il zuen bertan; ala Kontrizioa ere da damu osoa, zerren Konfesioaren laguntasun gabe edo konfesatu baño leenago, iltzen du bekatua berriz beldur damu edo Atrizioa ez da kolpe osoa iltzeko bekatua: mankatzen du, ta konfesioak lagundurik gelditzen da illik bekatua.

        G. Zer da bada Kontrizio edo damu osoa?

        E. Da gorrotatzea bekatua gauza gaitz guziak baño gutiago Jangoiko txit on ta maitagarriaren ofensa dalako. Damu au dator Jaunari artzen diogun maitetasun, amorio, edo karidade garbitik gere onari begiratu gabe, alako moduz, ezen Zerurik ezpalego ere saristatzeko gure bizitza ona, Infernurik ere ez kastigatzeko gure bekatu mortalak, naiko genukean ondo bizi ta bekaturik egin ez, merezi duelako Jaunak guk bera amatzea bere ontasun neurrigabekoagati. Jangoikoa Zeruak ta Infernua baño leenago zan berez orain bezein ona; ez dio perfekziorik geitu kreaturak egiteak. Egun baten artu zuen Santa Maria Magdalena Pazisko Jangoikoaren amorio-kolpe ain andiak, non da irten zuen bere gelatik illitz bat esku batean, ta urez beterikako morko bat bestean zuela. Zer darabilzu? nora zoaz, Magdalena, esan zien beste Monjak? Noa nere gogoz, eranzun zien, illiti onekin erretzera Zerua, ta ur onekin iltzera Infernuko sua maitatzeko Jaun ain ona Infernuko beldurgabe, ta Zeruaren interes gabe.

        G. Beraz kendu bear degu Infernuaren beldurra, ta Zeruraro gogo ta esperanza Jangoikoa garbi garbi maitatzeko?

        E. Ez orrelakorik. Ori litzake doktrina txit txarra. Jangoikoaren beldurra ta Zeruaren Esperanza dira Espiritu Santuak ematen dizkigun doe ta mesede andiak; ta ez dute eragozten Jangoikoaren amorerik andiena. Gutxi izan dira San Agustinek baño amorio andiagoa Jangoikoari izan dionik. Orregatik ere esaten zuen Ignem aeternum timeo. San Franzisko Borjakok amorio andi ta garbi garbia zion Jangoikoari; orregatikan ere ordu osoak igarotzen zituen egunoro Infernuaren gañeko konsiderazioan. Ala San Ignazio Loiolakok, ala San Luis Beltrangok, ala beste Santu ta Santak amorio ta Jaunaren beldurraren ego biakin igo zuten perfekzioko mendi goratura. Zertako dira besteen ejenploak gure Salbagille ta Maisu Jesu-Kristorenak iduki ezkero? Bere Legea amore legea da; predikatzen zituen amore lege bi oek, zeintzuetan sartutzen diran beste mandamentu guziak; amatuko dezu zere Jaun ta Jangoikoa biotz, anima, ta indar guziakin, ta zere projimoa zere burua bezela. Orregatik ere, esaten zuen, ez beldurtu munduko bizitza galdu dezakenak gatik. Beldur izan zaitezte bai anima ta gorputza Infernura bota dezakeanaren. Beraz beldur au da txit ona, ta Jaunaren aginduak gordetzeko bidea.

        G. Eta Zeruko Gloriaren esperanzagatik bekaturik ez egitea ote da gauza ona?

        E. Nola ere dan, ta Infernuko beldurragatik Jangoikoa ez ofenditzea baño ere obea.

        G. Zergatik ala?

        E. Zerren Jangoikoaren amoriora biotza eramateko dan gai obeagoa. Gizonak guzienez ezin ezagutu lezakete zein ona ta maitagarria dan Jangoikoa, baizik bere begirada edo obra miserikordiaz beteetatik. Ekusten diran gauzeetatik aditzen ere dira ekusten ez diranak. Erraz dijoa biotza amatzera Ongillea. Zenbat Santu ta Santak konsideratzen zituzten sarri Jangoikoaren mesede ta ontarteak, ta emendik iriziki beren biotzak amorio txit garbi ta andira? Ekusten dituenak fedeko bekiakin Jesu-Kristok gizonen amorez egin dituen gauza andiak nola bere eriotzarekin urratu dizkigun bekatuko kateak, nola Infernutik libratzeko bideak idiki dituen, baita ere Zerurako ateak, nola piztuko ezta amatzera Salbagille ain maitagarria? Santu ta Santak gogoratuaz Zeruan Jangoikoak bere maiteentzat prestaturik dauzkan atsegin neurri gabeak, azkortzen edo animatzen ziran igarotzera persekuzio ta martirioak poz andi batekin. Beraz Jangoikoak agertzen dizkigun bere Ontasunaren señaleak dira bide ta gai egokiak amorio eder ta garbi batera eldutzeko. Au ez da amatzea bakarrik Jangoikoa guretzat ona dalako, baita ere amatzea bere ontasunagatik. Infernuko pena ta Jangoikoaren kastiguen beldurrak ere presta lezake biotza Kontrizio oso edo amoriozko damura. Jonas Profetak esan zien Ninibetarrai, berrogei egunen buruan ondatuko da Ninibe. Beldurtu ziran; beldur onekin egin zuten penitenzia egiazkoa edo paketu zituana Jangoikoarekin. Etzegoan orduan Konfesiorik, ta bekatuaren barkazioa iristeko bear zan Kontrizio oso edo amoriotik sortua. Ezagutu zuen Jangoikoa zala Jueza, ta Aita; ta bere aserrea palagatzeko joan ziran Aitaren erruki ta Ontasunaren billa. Beldur santu batek eraman zituban Aitagana, prestatu amatzera ta penitenzia egiazkoa egitera. Orregatik dio Espiritu Santuak amorioaren asiera dala Jaunaren beldurra. Timor Domini initum dillectionis. Ala bada Zerua izaiteko esperantzatik sortutzen da Jangoiko emallearen amorioa, ta amorio onek prestatzen du ederki biotza amatzera Jangoikoa bere Ontasunagatik; zeñi deitzen dien Jakitunak onginaiko amoria. Amor benebolentiae.

        G. Beraz Jangoikoaren amorio garbia eztu eragozten Esperanzako birtute, ta emendik sortutzen dan amorio Santuak?

        E. Ala da; ta Esperanzako birtutea bear bearra da birtute guzietarako. Amatzeak Jangoikoa guretzat dauzan sari Zerukoak gatik, ez du eragozten amatzea Jauna sari gabe ere. Seme on batek artzen ditu amorezko ezagueraz. Aitak ematen diozkan sariak ondo serbitzen duelako; amatzen du Aita, agertzen dion amorioagatik ematean sari edo erregaloak. Ordea pobretzen bada Aita ura, ezpadu zer eman, Seme onak jarraitzen dio serbitzeari len bezela sariaren ustegabe.

        Au da amorio garbi sari utsagatik sortutzen ez dana.

        G. Nola Zeruko deseotik igaroko gera erraz Jangoikoaren amorio garbi garbira?

        E. Zerua deseatzen degunean ez bakarrik gure korpurz ta animak an iduki dezakeen gozamentu ta atsegin andiak gatik, baita ere an amatuko degulako Jauna amorio txit andi ta guziz garbiarekin; an ofendituko ezin degulako deseo biziarekin; an bedinkatu ta alabatuko degulako amorearekin. Au da nai izatea Jangoikoaren onra ta ona, ta amatzea bere ontasunagatik. Orobat damutzen duena Infernuak, ez bakarrik an gorputz ta animak emango dituzten tormentu ta naigabe ikaragarriak gatik, baita ere an amatuko ezin dalako Jangoiko maitagarria, ta bai gorrotatu, ta bere Justiziaren kontra birago andiak egotzi, ta emendik damutzen bagaitu bekatuak galerazitzen duelako betiko Jangoiko amatzea, da idukitzea bekatuaren damu amorio garbitik datorrena: Egia esateko, Infernuko penarik, edo zorigaitziz andiena da Jangoikoa an inoiz amatu ezina, ta Jangoikoaren kontra madarikazioak egoztea; eta Jangoikoa an amatu al baliteke, guziz laburtuko litzake ango pena. Ala bada aleginaz dendatu bear gera, ala Zeruko gloria, nola Infernuko tormentuen konsideraziotik egitera amorezko aktoak ta pekatuari gorroto artzera Kontrizio osoarekin.

        G. Zer da beldur-damu edo Atrizioa?

        E. Da artzea gorrotoa bekatuari edo Jangoikoak gaiztoentzat prestaturik dauzkan kastiguak gatik, edo galerazitzen ditu alako onentzat dauzkan betiko atseginak gatik, edo bekatuaren itsusitasunagatik, Fedeko argiak laguntzen digunean. Damu au dator Jangoikoaren beldur santutik.

        G. Eta Infernuaren beldur guzia da Atrizio ta damu santua?

        E. Ez: Gauza bat da Infernuaren beldurra, ta beste bat pekatuaren damua Infernuaren beldurrez. Beldurtzen zaitu Infernuko suak, ta ez bekatuak, dio San Agustinek bekatari askoren beldur utsagatik. Iru beldur gisa edo modu ezagutzen dituzte Jakitunak; bata da Jangoikoaren Semeen beldurra, bigarrena bere serbitzariena, ta irugarrena Esklabuena. Semeen beldurra da beldurtzea bekatuak dalako Jangoiko Aitarik onen ofensa bekatuaren kastiguai begiratu gabe. Serbitzarien beldurra, da damu ematea bekatuak animako kalteak gatik; oek dira Zeruko gloria galtzea, ta Infernurako bidean ipintzea. Esklaboen beldurra da batek gordetzen duenean bere burua bekatu egitetik Infernuaren edo beste kastigen beldurrez, kastigurik ezpalego bekatu egiteko borondatearekin. Seme on batek egiten ditu Aitaren esanak Aitak kastigatzen ezpadaki ere pobre izan ta herenziarik itxaraten ezpadu ere. Au da amorio garbia. Serbitzari onak egiten ditu borondate onarekin etxeko Jaunaren esanak, ta bearrak, ala aserratu ez didin, nola ematen dion ogi ta alogeragatik, ta ez dabil bearrik egin nai ezta etxeko Jauna kanpoan danean edo ekusten ez duenean: begiratzen dio etxeari amorio moduaz, ta egiten du bearra borondate onarekin. Esklaboak geienez egiten dituzte Jaunaren esanak ezinbestez, damuz bezela; beti dute gogoan azote edo makilla, ez die begiratzen Jaunaren aurrera penai borondate garbiaz, ta iges egin al badue kastigutik, uzten dute bearra. Oen serbitzea da borondate gaiztokoa. Mutil jokolari baten jarduten du karta jokoan bere lagunekin. Ekusten du datorrela bere billa Maisua. Ezkutatzen ditu bereala karta ta joko diruak, ta asitzen dira itz egiten modu onean. Esango degu mutil ark gorroto diela karta ta joko txaarrari? Ez. Beldurtzen dute Maisuaren agiraka ta kastiguak. Otso gosesto batek irtetzen du basotik ardiren bat arrapatzeko, ta artaldera urreratzean, enzuten ditu zakur zaukak, ta ekusten du aga bat eskuetan duela. Beldurrak gelditzen du; ez dio ardiari gaitzik egiten, ta biurtzen da bere basora. Otso au aldatu da bildots izatera? Ez, dio San Agustinek. Bere gogoa ta ardia arrapatu naia leengoa da. Lupus fremens, lupus tremens, sed semper lupus. Etorri zan arrapatzera, orroaz, buirtu zan beldurrez, baña beti da otsoa. Onelakoak dira bekatari txit asko. Enzuten edo erakurtzen dituzte Infernuko tormentu inoiz bukatuko ez diranak. Beldurrak atzeratzen ditu zerbait beren bide gaiztoetatik. Ordea ez dute gorrotatzen bekatuaren gaiztotasuna, malitiam autem non odivit. Poztuko lirake ezpalego Jangoikoaren Justiziako zigorrik, ezpalego Infernurik, ezpaleude zauka bezela Jangoikoaren Ministroak beldur gabe bekatu egiteko. A anima zorigaiztoko Jangoikoari ematen ez dienak biotza, ez biotz onetik utzi bekatua? Lapur batek bidera irtenda eskatzen du bolsa: beldurrak eman erazitzen du dirua; ordea dio bakoitzak bere artean, iges egin al baneza, banu lagun sendo ta armaduna ukatzeko bolsa eskatu didana. Ematen diozunean ematen diozu borondate onez? Ez; ta bai damuz ta ezinbestez. Ala dira kristau asko; ematen die Jangoikoari biotza, biotz ta borondate gabe; ezpalego eriotzarik, ezpalego Infernurik, iraungo lukee bekatuan. Eta artuko du Jangoikoak onelakoen biotz gaiztoa? Ez, ta bai geiago kastigatu bekatua, geitzen dutelako beren biotzeko prestaera txaarrarekin.

        G. Zer bear da bada Atrizio edo beldur santu edo bide onekoa idukitzeko?

        E. Bekatuarentzat borondate guzia kentzea, dio Trentoko Konzilio Santuak, naiago galdu honra, bizitza ta gauza guziak Jangoikoa ofenditu baño, artu asmo sendo bat aldegiteko bekatuko okasio, lagun ta ebillune urreko guzietatik, ta biotza jiratzea benetan ta osoro Jangoikoagana; otso zana bildots egin. Artu bear da beldur santuaren bidez bada ere biotz ta espiritu berri bat, ta damu emanez Infernu utsak, eta bai bekatuak berak Jangoikoaren ofensa dalako. Beldur santu ta bide oneko au da amorio garbiaren asiera, ta irauten badegu Jangoikoa serbitzen, geituaz joango gera Jangoikoaren amorioan. Juez Jangoikoaren beldur onak eramango gaitu eskatzera barkazioa ontasunez betea dan Aita Jangoiko beragana: Ebanjelioko Seme ondatzalla ta Aitaren etxetik iges egin zuenak ekusi zuanean gosea, premia, ta gauza guzien palta, zer egin zuen? Joango naiz, zion, nere Aitagana. Uste zezakean goseak, premiak, ta interesak zeramala Aitagana. Ordea beldurrak, ta miseriak ezagutu erazi zion, nor galdu zuen; nor ofendidu zuen, ta norgana biurta bear zuen; eta au zala bere Aita maitagarri ta biotz biguñekoa. Ala bada Jangoikoaren beldur santuak ezagutu eraziko digu, nor ofenditu degun, zein ona ta maitagarria dan Jangoiko, kastigatu gintzakeala pekatu egin genuanean asko bezela, kastigatu ez gaituena, bedeikatu ta alabatuko degu bere ontasun ta miserikordia andiak gatik, ta serbituko degu aurrerakoan Seme esker onekoak bere Aita bezela.

        G.. Baña bear ote da Konfesio ona egiteko Kontrizio oso edo amorio garbitik jaioa?

        E. Da txit ona, ez premiazkoa, edo bear bearra.

        G. Zergatik ez da bear bearra?

        E. Zerren Kontrizio oso ta amore damu garbitik irtenak, beti ipintzen duen anima Jangoikoaren grazian, ta Sakramentu penitenziakoan Konfesorearen absoluzioaren bidez jartzen dira asko bekatari Jangoikoaren grazian, ta an ez litzake gertatuko bear bearra balitza Kontrizio oso edo amorio garbiko damutik jaioa.

        G. Beraz asko izango da ondo konfesatzeko Atrizioa, edo beldur santutik sortu dan bekatuaren damu egiazkoa?

        E. Atrizio edo beldur damu onek ez du amorio garbiko damuak bezela konfesioko sakramentu gabe grazian ipintzeko birtuterik; baña bekatuaren borondatea iltzen badu, prestatzen du anima Konfesioko Sakramentuan grazia artutzeko. Au dio Trentoko Konzilio Santuak. Eta Teologorik geienak dioe asko dala Konfesioan grazia artutzeko Atrizio edo beldurdamu esan dan bezelakoa. Beste batzuek eskatzen dute Jangoikoaren amorioaren asiera bat. Zertan dagoan amorioko asiera au, ez da guzien iritzi berdina. Trentoko Konzilio Santuak bautismoan, arrazoira eldu diranak grazia artutzeko, eskatzen du asi ditezela maitatzen Jangoikoa Justizia guziaren Iturburua bezela. Incipiat diligere Deum tanquam omnis justitia fontem. Ez dio, asi bear duela maitatzen Ontasun guziaren Iturria bezela, baizik Justizia guztiaren iturria bezela. Ala ezin esan diteke eskatzen duela Jangoikoaren amorio garbi edo karidadea, zein dagoan maitatzean Jauna dana dalako, edo berez duen ontasunagatik. Esan degu len Espiritu Santuak dioala, Jangoikoaren beldur santua dala amorioaren asipena. Timor Domini initium dilectionis. Beraz atrizio egiazkoa bera da amorio santuaren asipena. Atrizioak eskatzen du asmo sendoa, gordetzeko Jangoikoaren legeko amar mandamentuak; beraz bai gogo sendoa amatzeko Jangoikoa gauza guziez gañean, zein dan lenbiziko mandamentua. Jangoikoaren mandamentuak gordetzen dituenak, maite nau ni, dio Kristok. Beraz mandamentu guziak gorde ez dituelako damu duenak, gogo edo borondate sendo batekin gordetzeko aurrerakoan guziak, iduki bear du amorio santuaren asipenen bat. Ala bada Jangoikozko damu egiazkoaz konfesatzen diranak ez dute estutu ta larritu bear amorioz damutu baziran edo ez. Biotza aldatzen ezpada, eztago egiazko atriziorik; aldatzen edo konbertitzen bada, Konfesioa ona izango da. Egin dezagun alegina bekatuaren damua artzeko konsiderazio beldurgarri, ta amoregarriakin. Konseju au txit ona ta guziak ematen dutena da.

        G. Nai nuke enzun berdintza edo konparazio on bat Kontrizio oso ta Atrizioa adituta ezagutzeko.

        E. Ona emen. Seme batek bere aserrean ematen dio Aitari kolpe andi bat. Jakiten du Justiziak. Seme gaizto ura darame karzelara; ezarten diez grillo edo kateak, ematen die gutxi jaaten. Artzen dute Informazioa, ta kentzen die Seme oni Aitaren ondasunetarako eskubide guzia. Seme onek ezagutzen du bere gaizki egina. Deitzen dio Karzelara bere Gurasoari, ta ekusirik onen aurpegia zauritu edo banatua, asitzen da negarrez, erdibitzen zaio biotza, ta esaten dio damu andi batekin, Ai nere Aita ona! Zer egin det nik nere itxutasun gogorrean? Zuk agiraka egin bazindan, izan zan nere amorez. Zuri zor dizut Jangoikoaz bean nere izatea; zuk ni mantentzeko artu dituzu neke andiak. Eta nik eskuak ezarriko nizkitzula zuri? Nik zu banatu? Ez naute penatzen, ez dauzkadan kateak, ez leku loi onek, ez goseak, ez nere gaizki egiñagatik Justiziak kendu didan zure ondasunetara eskubidea. Oek ta geiago merezi ditut: bakarrik damu ematen dit zuri egin dizudan bidegabe ta injuria ain andia; zuri, zein zeran nere Aita, ta Aita nere ona billatu dezuna agiraka egiten zindanean ere. Ona emen Kontrizio oso edo amorezko damu garbiaren irudi edo pintura eder bat. Bekatariak fedeko argiarekin ezagutzen duenean bekatu mortal batekin. Aita baño Aitaago dan Jangoikoari egin dion ofensa itxusia, ez bakarrik kolpetu, baita ere berriz kruzifikatzen duela Jangoikoaren Semea, ta artzen duenean damu txit andia, ez galdu duelako Zerurako eskubidea, ez Infernuko pena ikaragarrien beldurrez baizikan bere Aita ain on ta ain maitagarriari egin dion bidegabeagatik, artzen du amore garbi ta interes gabeko damua; ta au da Kontrizio oso animaren santifikagarria. Ordea esan degun Seme ark ezaguturik zenbat kalte ekarri diozkan bere buruari. Aitari eskua ezarriaz, damuturik egiaz bere gaizki eginaz erregutuko balio biotz humillaz Gurasoari, enpeña didilla Justiziako buruarekin libra dezan Karzelatik, ta biur dezon heredatzeko kendu zion eskubidea, ematen diola itz sendoa ez diola geiago injuriarik emango, erregu au egiten diola ezaguturik bere Aita dala errukiorra, ta konfianza oso batekin, damu ematen diola ez bakarrik kastigu daramanak, baita ere Aitari egin dion ofensak, au litzake Atrizio edo beldur damu santuaren irudia. Emen ondo egiten du Semeak humildade osoarekin barkazioa eskatuaz gañetik, billatzea bere bitartetasuna iibratzeko Karzelatik, ta biurtzeko Semeen eskubidera. Ala bada ekusten duenean kristauak bekatu mortalaren bidez ekarri diozkola bere animari kalte andiak, galdu duela Zerurako deretxo edo eskubidea, jarri dala kondenazioko peligroan, anima itxusitu dala bekatuaz galdu dituela lengo obra onen irabazi ta merezimentuak, dadukala deabruak lotuta bezela, ondo egiten du zuzentzeaz Jangoiko ofendituagana konfianza oso batekin artzen duela egiazko damua aserraerazia diolako Jangoikoaren Justiziari. Emendik datorkio Jangoikoaren miserikordiaren ezauera osoa, zeñen besoetan ezarten dan humil humillik, ta amatzen du Jauna, edolaere ain ona izan dalako beretzat kastigatu zezakeala kastigatu eztuelako, ta bai itxaran penitenzia egiteko. Prestaera onekin eldu ezkero Konfesiora, iritxiko du bekatuaren barkazioa.

        G. Nai nuke enzun gertaera edo ejenplo zuzen bat ezagutzeko nolakoa da Kontrizio oso, edo amore damuaren indarra edo birtutea.

        E. Ona San Bizente Ferrerkori gertatuta zitzaiona, ta berak kontatzen duena, ta eztet uste gezurrak eskribitzen zituela Santu ain miragilla onek. Zegoan predikatzen gure Españako erri baten. Joan zan Sermoira besteen artean emakume mundutar, lasai, ta lujuriako pasio gaiztoan sartua. Adirazo zituen Santu onek aragiaren bizio onen itxusitasuna, ta Jangoikoak prestaturik zeuzkan kastiguak. Gero asi zan pintatzen Jaunaren ontasuna, ta nola Magdalenak artuko zituen amorerik andienarekin. O anima deabruak lotuta zaudenak! Esaten zien. Atozte, atozte Kristoren oñetara. Ezaguzazute nolako injuria ematen diezun zuen amorez ill zan Jangoikoaren Semeari. Biur zaitezte nigana maitatzalle askorekin enredatu zeranak, esazen dizue Jaunak. Fornicata es cum amatoribus multis, tamen revertere adme. Zeren zai zaude anima gaisoa? Zergatik eman nai diozu biotza kreatura ustelkor ta gaizto bati, ta ukatu Jangoiko ain on ta maitagarriari? Itz oek igaro ziran emakumearen biotzera; ezagutu zuen bekatua Zeruko argi andi batekin, ta ain andia izan zan artu zuen Kontrizio, edo amore damua, ezen gelditu zan bertan illda penaren penaz. Jende guzia ikaratu zan Sakramentu gabe zalako bizitza gaiztoa eraman zuen emakume ura. Orduan Predikadore Santu ari agertu zion Jangoikoak, nola ill zan damuaren anditasunaz, ta enzun ere zan Eliza guzian itzaro edo boz zoli bat; Ez ezazute erregetu onen animagatik, zerren dagoan Zeruan. O Kontrizio andiaren frutua! Deabruaren esklaba zana, egin zuen Jangoikoaren alaba. Ai nork eman lezakean bere bizitza Jaunari ona ofenditu duelako amore bizio damuaz! Ai jetsiko balitza gure biotzetara Espiritu Santuaren su andi bat garbitzeko gure animetako bazterrak, ta erreak bezela gelditzeko su eder onetan! Ordea, zenbat dira benetan damutzen diranak? Zenbat ondo prestatzen diranak Konfesio santurako? Au ekusi bear degu datorren doktrinan.

 

aurrekoa hurrengoa