www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE VIII.

Nola egiazko Propositoa
ez dagoan bekatuen okasio urreko,
eta borondatezkoan
arkitzen diran kristauetan

 

        G. Zeren gañean izango da gaurko irasbide edo doktrina adirazo bear deguna?

        E. Gauza premia txit andiko baten gañean, eta da agertzea ez dagoala egiazko ondu-nai edo propositorik larga nai ezpadira bekatuen okasio jakin, urreko ta borondatezkoak; ta emendik aterako da zergatik egiten diran konfesio gaizto asko, ta irauten duten ain gutxik artu duten on izateko gogoan.

        G. Zein da egiazko Propositoaren leta edo kondizio bear bearra?

        E. Idukitzea borondate sendo bat kendutzeko oitura gaiztoak, ta largatzeko bekatuen okasio ezagun ta urrekoak.

        G. Zer aditzen dezu bekatuen okasio ezagunaren izenez?

        E. Aditzen det bekatura eramaten duen gauzaren bat, dala bere naturalezaren indarrez, dala jarraitzen dion zirkunstanziaren bategatik.

        G. Ez det ondo aditzen eranzute au, zeago edo argiroago esaten ezpadit.

        E. Adizazu bada. Okasio batzuek izatea ezagunak urrekoak, ta borondatezkoak berenez, dator dadukelako peligra jakiña, zeñean jarri ezkero ezagutu bear dan geienez galduko dala, berez duen birtute galgarriagatik. Onela libru desonesto, ta kontu loietakoak erakurtea premia gabe, ta gazteak, da bide ezaguna ta urrekoa, zerren txit asko galdu diran alako erakurtearekin. Onela beste gauza ta ebillune asko gero astiroago aitatuko ditugunak. Beste okasio batzuek dira berenez ez dutenak gaitzerako lagungarri ezagunik; ordea zirkunstanziaren bategatik galgarriak diranak. Kale batera joatea, etxe auzokura joatea, berez gauza gaiztoa ez da; ordea kale ta etxe artan badaude tentatzalle gaiztoak, edo lengo adiskide bekatuzkoak, izango litzake okasio benetakoa alako lekuetara joatea. Orobat itz egitea personaren batekin, berez bekatu ez da; baña itz egitera dijoanak badaki emango diola bekaturako bidea, orduan itz egitea da bekaturako okasioa, ta bere borondatez badia itz egitera izango da okasioa billatzea. Okasioa da ezagun ezaguna, urrekoa, edo jakina, zeñean, jarri ezkero jartzen dan bat bekatuan erorteko arriskuan gizon aitu edo jakitunen iritzian, edo nork berak leenago igaro zanetik ezagutu bear duenean. Badira ere, munduan okasio txik asko urrutikoak, edo bekaturako ez dutenak birtute jakin ta urrekorik noiz edo berriz kristauak bekaturatu badituzte ere. Mundua peligroz beterik dago, ta lurrean gauden artean ez gera gordeko onelako peligru guzietatik. Relijio estu baten sartuta ere ez dago anima gerra gabe. Ala bada bakarrik gaude oblibatuak aldegitera peligro banaan jakin, ezagun edo urrekoetatik.

        Okasio ezagun edo urrekoa izan liteke, edo borondatezkoa, edo nora ezekoa ta borondategabea. Okasio borondatezkoa da, zeñetatik aldeegitea dagoan bakoitzaren eskuan, ta onelakoak dira geien geienak. Noraezeko edo borondatezko okasioa da, zeñetatik aldeegitea eztagoan bakoitzaren eskuan, ta onelakoak dira txit gutxi edo ez askok uste oi duten beste, gero agertuko degun bezela. Deabruak asmaerazitzen dizte askori zeresanak, eskandaluak, desonrak, ta ala dauzka beti okasioko grillo edo katea gogorretatik irten gabe. Artu bear dira artu al ditezken bide ta neurri on guziak irteteko okasio gaizto ta ezagunetatik. Egin dezagun kontu gurasoakin bizi dan seme bat bizi izan dala amorio loian etxeko serbitzari neskame batekin. Usteko da, ez dala borondatezkoa okasio alakoa, ez dagoala seme aren eskuan neskatxa etxetik ateratzea. Au siniserazitzen badio Konfesoreari milla itz emanda geiago eroriko ez dala, aterako dio absuluzioa. Ordea etzaie sinistu bear beren eskuan ez dutela alako Personak okasioa kentzea. Esan ta erregutu bear dio seme ark etxeko neskatxari irten dezala aitzakia edo estalkiren batekin; ta nai ezpadu, esan isiltxorik Aitari edo Amari, ezarian edo modu on batekin atera dezela etxetik neskatx ura arkitzen dalako bere anima galtzeko arrisku edo peligruan geiago adierako gabe, onenbesterekin egin al badidi okasioa kentzea. Zer honra galduko du Seme batek Gurasoari agertzeaz bere animako peligroa neskatx ura etxean dagoan artean? Zein da Guraso estimatuko ez duena alako abisua, ta egingo ez duena al duena modurik onenean ta ospe andi gabe etxetik ateratzeko neskamea? Oni berriz kalterik egiten ez die etxetik ateratzeaz ta bai mesede andi bat. Ala benetan nai balitza okasio gutxi dira borondatezkoak ez diranak.

        Okasio batzuek dira, dio San Karlos Borromeok, oñean edo izatean daudenak, ta beste batzuek ala ez daudenak. Okasio oñean daudenak dira, batek idukitzea bere etxean, edo auzu baten etxean bezela, amore laguna; bai eta neskame serbitzaria arkitzen danean bekatuko okasioan bere etxeko Jaun edo Ugazabarekin. Onelako okasioak dira guzien artean gaiztoenak. Beste okasio oñean edo izatean ez daudenak dira, dio Santu aitatu degunak, karta jokoa, dakianarenzat ezarri dituela sarri blasfemia, edo birao astunak, edo geiegi jokatuta ondatzen duela bere bizi modu ona, edo besteena. Da Ardantegi edo Taberna, dakianarentzat leenago igaro zaionetik, an sartu ezkero jartzen dala moskortzeko okasioan, edo gastatzeko etxeko kaltean. Da onelako ta alako Konbite edo olgantzara joan ezkero jartzen dala itz gaiztoak esan edo atseginez enzuteko peligro andian, ta bai beste edozein bekatu mortal konsentitzeko okasioan, biltzen diralako jente modu gaiztoak, edo leenago joan dan guzienetan, ala gertatu zalako.

        G. Baña bekaturik egin ta konsentitu gabe egon liteke okasio urreko ta andia?

        E. Bai bai. Demagun neskatx bat arkitzen dala serbitzen etxeren baten; ta etxeko Jaunak, edo bere Semeak, edo morroe bertakoak ematen diola bekaturako bidea itz gaizto, akzio edo eskuka zatar, edo tentazio loiekin; ez bein edo beste, baizik sarri. Neskatx onek ezer konsentitu ezpadu ere, arkitzen da konsentitzeko peligro txit andian, eta ez dago gizon aitu edo prudente esango ez duenik alako neskatxarentzat dala okasio urrekoa etxeko persekuzio edo tentazio ain estua. Onelako neskameak ekusi duenean bere arpegi astun ta agirakakin largatzen ez diola tentatzalleak lan gaiztoari, irten bear du etxe artati, ta iges beste leku on batera, ta ipiñi Jangoikoagan konfianza osoa, ta ez dio paltako, ogia animaren amorez bide au artu duelako.

        G. Baña obra osoko bekatuan erori ez danak konsentituagatik pensamentu, itz ta akzio gaiztoak etxeko okasioetan, zergarik irten bear du?

        E. Au da askoren utsegite ta engañu kaltegarria: begitantzen zaie erorten ezpadira korputzez bekatuan, ez dagoala zer irtenik. Eta zer? Ez dira bekatu mortalak pensamentu, itz, akzio torpe konsentitu edo borondatezkoak? Bai. Bada bekatu mortaleko okasio jakin edo urrekoan dagoanak borondatez, ezin eraman lezake absoluziorik, ta larga nai ez dutenak daude bekatu mortal betikoan edo jarraituan.

        Eta neskame bat bein bakarrik erori balitza etxeko Jaun edo Semearekin obra osoko edo korputzeko bekatuan, arkitzen ote da okasio urrekoan? Irten bear ote du etxetik? Gauza gogorra dirudi.

        Gogorra animako salbazioa baño gutxiago ez dijoana? Etxean sartu ta laster zurra andi bat eman balio etxeko Jaunak ez luke igesa artuko ezeri begiratu gabe? Ez luke esango bere artean, onela bein eskuak ezarri diztanak, zer egingo ez dit gero? Ala bada bekatu obrazkoan bein erori dan neskatxa galdua da etxe artan: bigarren bekatua errazago egiten da ta ala irten bear du laster kanpora, bekatua San Pedrok bezela negar egitera. Pekatuko etxeko negarrak laster leortuko ditu tentatzalleak. Onek esango diozka milla gaura zoragarri, ta nola dakian len ekarri zuela gaitz egitera, usteko du erraz ekarriko duela berriz ta berriz ere egitera; ala sartuko lirake biak amorio itxuan ez ekusteko honra galtzea, anima galtzea, korputza galtzea, ta zer esan edo eskandalu etorri oi diranak. Ala bada irten nai ezpadu bereala bekatuko etxe artatik, dago borondatezko okasio jakinean, ta ezin absolbi lezake Konfesoreak biak galdu nai ezpadute.

        G. Nola bada arkitzen dira kristau okasio gaiztoan sartuta daudenak konfesatzen ta komulgatzen?

        E. Au dator edo Konfesorearen utseginez edo konfesatzen danaren gaiztotasun edo maliziaz. Konfesorea badabil presaka, ta ondo aztertu gabe bekatuaren sustraiak, ta iturburuak, ez da ezagutuko gaitza azaletik baizik, zeren Penitente alako geienetan, ez da arkitzen zinzotasun, ta ondo explikatu nairik. Zer egiten dute okasio gaiztoan sarturik dauden askok? Akusatzen dira, nola egin dituzten eskuka torpeak edo aragiazko bekatu osoak; ordea estaltzen dute noizkoa dan oitura gaizto ura, nola len ere Konfesoreak kargatu zien eskua, nola etxean, auzoan, edo leku jakinen baten daukaten okasio jarraitua. Konfesoreak galdetzen ezpadio noiz artu zuen adiskidetasun txatarra, noiz asi zan akzio zikiñak egiten edo konsentitzen; etxean, edo auzoan dadukan okasioa, emango dio absoluzioa, geldituko dira oñean oitura gaiztoak, oñean etxeko okasioa, ta osatu bearrean anima geldikuko da len baño gaitz andiagoarekin, bada geituko dira sakrilejioak Konfesio ta Komunio gaiztoak eginda.

        G. Baña jakin nai nuke, nortzuek dauden, edo bizi diran okasio gaiztoetan; zerren gutxienak dira beren etxeetan okasio txatarra dutenak?

        E. Ezin izan liteke doktrina bearragorik ta ala bear du du esplikazio argi ta bana banako bat.

        Lenbiziko Zuzenbidea. Jangoikoak eragozten duenean bekatu gauzaren bat, eragozten ere du jaartzea borondatezko peligro jakin, edo okasio urrekoan. Emendik dator peligroa nai duenak, nai ere duela ausi Jangoikuaren agindua. Geiago. Borondatez jartzen danak bekatu mortalen baten erorteko peligro andi, ezagun edo urrekoan, gero egin ezagatik bekatua bera, zeiña egiteko peligroan jarri zan, egiten du bekatu mortala, ausi duelako Jangoikoaren agintza, ez peligro borondatezko ta ezagunean jartzeko. Ala bada ezagueraz, ta borondatez jarri danak mesa ez enzuteko peligroan jaiegunen baten, gero meza enzun bazuen ere, egin zuen bekatu ntortala. Kontu dezagun jartzen dala bat jaiegunean beste erri batera joateko bidean, beldur andiarekin arkituko ote duan meza. Bere errian meza enzun zezakeala irten baño leenago, beldur andi esan degunarekin, badijoa beste errira, gero meza enzunagatik mugonez eldu zalako, egiten du bekatu mortala bakarrik jarri zalako meza ez enzuteko peligro ezagutzean; berriz ez, antxituko zualako uste osoarekin erritik irten bazuen, uste gabe meza leenago esan zalako eldu zan errian. Orra nola peligro ezagutua bera da bekatu mortala. Orobat okasio gaiztoa iduki duenak etxeren baten, jakin bearrik jartzen dala bekatu egiteko peligroan ara badijoa, joanaz beste gabe egin du bekatu, gero bekatu loirik egin ezpadu ere. Orobat jokolari, ta moskortzeko oitura dutenak, batzuek gastu kaltegarriak jokoan egiten dituztelako, ta besteak Ardantegi, edo Tabernan ardaoan igarotzen diralako. Utzi bear die jokatzeari, utzi Tabernan sartzeari, ta joateaz bakarrik egiten dute bekatu. Peligroa maitatzen duena, bertan galduko da, dio Espiritu Santuak; au da peligroan bertan dauka anima galtzea; eta beste leku baten dio, aldegiten duena lakirio, edo lazoetatik seguru ibilliko da. Qui cavet laqueos, securus erit: Beraz aldegiten ez duena, eroriko da. Ala bada okasio gaiztoan borondatez sartzea bera da bekatu: ta sartuta egiten bada Jangokoak debekaturiko gauza, beste bekatua, dio Aita Calataiud Jesuita misionista beneragarriak.

        Bigarren zuzenbidea. Gauza bat izan liteke batzuentzat ez; nola bijiliako jaateak gaitz egiten dien batzuei, besteai ez. Batzuek dira erorierrazak beren oitura lengo txaarrak gatik, ta beste batzuek ez.

        Irugarren zuzenbidea, ta len aitatu deguna. Okasio urreko ta borondatekoa izateko, ez da bere etxean iduki bear bekatuko bide edo laguna, ez bekatu oso edo korputzarekikoak egin; orobat dago okasioa kanpoko lagun, etxe, ta ebilleretan, pensamentuz, itzez, edo akzio txaarrekin bekatu egiteko peligro andia dagoanean. Au onela izanik daude bekatuko okasio urrekoan, ez bakarrik mirabe bere etxeko Jaun onen seme, edo etxeko morroeren batekin bekatu aragizkoetan erori diranak, baita ere anbesteraño eldu gabe ebilli diranak sarri eskuka, apaka, ta beste akzio zikiñetan. Au ezagutzen erraza da. Orobat kanpokoren batek etxe artan etxeko adiskide edo ezagunak bezela sarrera badauka. Nora joango naiz? esaten dute. Nora al. Jangoikoak lagunduko dio bere probidenzia ederrarekin bekatuko peligro ezagunetik aldegiten duenari. Atoz ona; norako ziñake, sarri etxekoren batek banatu edo mankatuko bazinuke? Gorputzeko kalteak beldurtzen zaituzte ta animakoak ez? Kristau ederra. Irten irten Babiloniako etxe orretatik; bestela zure konfesioa gaiztoa da.

        Ezagutzen dezu onelako edo alako etxera joan zeran askotan ebilli edo konsentituko dituzula akzio gaiztoak, edo esan itz zatarrak? Ez oñik ipini etxe artan, ebaki komunikazio guzia estalkiren batekin. Aserre munduko bat izaten duenean, agur etxeak, itz egiteak: ez agur gozorik, bai bekoki iluna bidean topatuta ere. Au eztu Kristok erakusten; bai ordea gorroto santu bat artzea ta iges egitea bekatuko okasioa dagoan lekuetatik; ez agur gozorik egitea len amore gaiztoa izan zaionari, ta agertzea bekoki illun ta astuna. Gurasoai berai ere artu bear zate gorroto santu bat, dio Jesu-Kristok, Jangoikoa ofenditzeko bidea ematen dutenean. Kenbat geiago bada gorrotatu bear ez ditugu bestelako kristau bekatuko okasioak izan diranak, infernuko etsaiak baño kaltegarriagoak! zeren infernukoak beldurtzen dira konjuro ta gurutze bat eginaz; ez ordea tentatzalle lurrekoak: oek batzuetan milla palagu ta eskintzarekin erraztzen dute bekatu egitea; beste batzuetan oratze ta eskuen loiakin Idisko gorituak bezela persekuzio gogorragoa ematen dute Infernuko guziak baño. Beraz iges egiten ezpada, gelditzen da anima okasio urreko ta borondatekoan. Beraz ezin kristaua joan diteke bekatu egin gabe bekatuko labanarriak dauden etxe, leku, ta dibersioetara.

        Ezagutzen duenak urlia lagunaren itzketas, ta konseju txaarrekin len galdu dala, nai badu konfesatu artu bear du asmo sendoa aldegiteko, ez tratatzeko alako personarekin zeren gaizto batek erraz gaitztotzen du ondu nai duena, ta ekusten badu bizitza berri ta on baten, milla parre ta burlarekin atzeratuko du bide garbitik. San Pablo Apostoloak enkargatzen du kristau lujuriosoakin ez jaartzeko mai baten; au da beintzat, ez idukitzea adiskidetasun ta traturik.

        G. Zer esan Jauna euskal errietan ekusten diran jente gazteen bilkui edo batzakuntzagatik bearren batera dijoazenean? Ote dira bekaturako okasioak?

        E. Negar egiteko gauza. Erri txik asko oitura, edo usario txaar au dagoana. Artoak zuritu bear badira biltzen dira auzoetako jente gazte neskatx ta mutillak. Bearrean daudenean, esaten dituzte batzuek itz zatar ta jentil baten ere gaizki irudituko lukeenak; beste batzuek laguntzen die itzkera loiari zerbait aurreratuaz; neskatx eroak egiten dutuzte algara gozoak; gizon ta andra eragotzi bear lukeenak ez dute damurik artzen, ta uste dute gazteetan guzia ondo dirudiala. Ala askotan guzi guziak, zar ta gazteak betetzen dira bekatuz. Ez da alako baten palta nork itzeli edo amatatu kruseluko argia, ta gero illunean andira apaka ta akzio deshonesto nai diran bestekoak. Andik laster asmatzen da danzatzea; an fandango mobimentu gaiztoetakoak, an bestelako danza ezin okerragoak, begiak, mingañak, ta eskuak oñakin batera dabiltzala nasaitasun guziakin. Ordu osoak pekatu asko egiten igaro dituztenean, dijoaz etxeetera illunean neskatx ta mutil, ta aitatu ere bear ez dira alkarren artean egiten dituzten gaiztakeriak, ta dijoaz oera bekatuz ase ase eginda. Gauetako dibersio oei ematen die bigiraren izena. Oek ekusten dira kristau errietan, kristautzat daudenen artean; gurasoak largatzen die seme alaba joaten alako bigira etxeetera, ala artoak zuritzeko, nola linoak apainzeko estalkiaz, ta beren etxeetara ere artzen dituzte beste aldietan. O ejenplo ederra! Oek dira bekatuko okasio ur urrekoak, ta bekatu andi ta askoren iturburua. Zorigaiztoko Guraso sema alabai largatzen dienak alako bigira etxeetara joaten, ta beren etxeetan dauzkeenak onelako bulla ta batzakuntzak. Zer uste dute gertatuko dala azkenean? Jangoikoa alabatu bearrean, gari, arto, ta linoak eman diztelako, artzen dute bidea oetatik bera ofenditzeko bekatu itxusiekin. Okasio oei larga nai ez dienak, ezin absolbi litzakez Aita Santu Erromakoak ere. Agertzen ezpadute konfesioan nola joan ziran, ta zer egin duten, gaizki konfesatzen dira; agertzen badituzte ta larga nai ez alako leku ta lagun artera joateari, konfesatzen dira proposito gabe ta gaizki. Animarik onena iru edo lau zilizio aragian dituela badijoa, galduko da bereela alako nasaitasunetan. Zenbat geiago bestelakoak?

        A Jauna! esaten dute; nola bidalduko ez ditugu seme alaba, morroe edo mirabeak aukoko etxeetara laguntzeko artoak zuritzen, edo linoak apaintzen. Zer esango dute? Aserratuko dira. Aserratu ditezela nai badute, esan dezela nai duten guzia. Obe da gizonak aserratzea Jangoikoa aserratzea baño. O munduko esamesak! Eta zenbat anima galdutzen dituzun! Bakoitzak bere etxean zuritu dezakez artoak, baitaere apaindu linoak onelako bullak dauden errietan. Ebakitzen ezpadituzte bekatu bideak, ezin lezakete konfesio onik, ta bizi dira betiko bekatu mortalean.

        G. Eta zer esan bear da hermita ta erri albokokoetako pestetara dijoazanak gatik? Arkitzen ote da ebillera oetan bekatuko okasio ezagun eta andirik?

        E. Galdetze oni eranzutea erraza da askori min emango badie ere. Zertako da egia estaltzea? Sinistu nai ez dutenak, ez dute esesioa baizik ateratzen. Atoz ona. Zer gauza on ekusten da bide orietan? Mutillak ta neskatxak nola oi dabiltza? Zer itz egiten duze? Zenbat eskuka zatar, ta musuka? Zenbat kanta edo itz desonesto? Gelditzen badira edaten, edan lekuetan neskatxak ta mutillak, nolako modestia agertzen dute? Zenbat konbersazio lotsagarri! Zenbat algara gozo oek enzunda? Pestako danzeetan gauza txatarrik egingo ezpalute ere, bai asko ta asko bideetako egoera ta joan-etorrietan. Santa Teresak adiña birtute balute ere, galduko lirake denpora gutxiren buruan alako pesteetan dabiltzan neskatxak. Aztertu konzienziak, pezta zaleak. Zer gertatu zatu alako ebilleretan? Arkitu dezute ejenplo onik? Iriziki zerate debozio santuan? Galdu dezute bai modestia guzia. Saltoka, brinkoka ajui edo deadarka eskuak alkar emanda, orain itz berdeak esan ta enzuten, gero eskuka zikinak egiten, gaba eginda ere leku bakarretan... O kristautasuna! Oek ezpadira bekatuko okasioak ta bekatu garbiak, non dago munduan okasioa? Itz egizute. Ala da? Bai Jauna, esango dute; ordea ez degu intenzio gaiztorik, ala da usu, ala izan dira lengoak ere. Zer? Intenzio txaarrik ez dagoala bekatu mortal andietan ebillita? Esan dezake kristau izena duenak, ez dirala bekatuak musuka ta eskuka desonestoak, eta itz edo konbersazio lujuria zabaltzen dutenak? Zer eranzungo dute Jangotkoaren Juizio zuzenean? Nola pensatuko dute eriotzako esturasunean? Ala bada ezin dezakete konfesio onik aldegin naiz ez dutenak onelako ebillera nasai ta bekatuzkoetatik. Ez daramate proposito egiazkorik ta bizi dira kondenazioko bidean. Ala da usu. Ez gera juzgatuak izango munduko lege ta usu txatarretatik, ta bai Jangoikoaren Legeti, dio Santu andi bat. Asko dabiltza. Anbat gaiztoago. Askoren bekatuak geiago azerratzen dute Jangoikoa gutxirenak baño, ta ez dira infernuan gutxiago erreko, dio San Agustinek, askorekin erreko diralako.

        G. Eta utzi nai ez dituztenak danza modu gaiztokoak? Bizi dira okasio urrekoan?

        E. Edozeñek esango du danzako olgantza edo bidersioetan egiten badira mobintentu loiak, esan amore itzak, ta ebilli eskuka tentagarri indezenteetan, dagoala okasio urreko ta gaiztoa. Ez det nik nai alakorik egin dezen, esan oi dute emakume askoak; dibertitu edo olgatu bai. Baña badakite egingo diozkeela, ala egin oi dutelako danza modu askotan, zertako jarri anima galtzeko peligroan? Zer? Olgatu, edo dibertitu itz desonesto, ta eskuka zikiñak ekusten diran dibersioetan? Oek die gorroto bekatuari? Ematen die damu andia Jangoikoaren ofensak? Ez ote dira peligro andian jartzen konsentitzeko akzio gaiztoren baten? Orren sendoak dira? Orren birtutetsuak bekatu askoren artean dibersioa arkitzen dutenak? Nork itxutzen ditu onela pensatzeko? Badira berriz danza onelakoak pandangoetan, ta gutxi batzuen artean mutil ta neskatxak egiten dituztenetan. Pandangoetan oñekin magalak erabiltzea arinka aurrera etorri ta egitea demostrazio bekatukoak ta mobimentu intenzio gaiztokoak ekusten daudenai ere ematen diela okasioa pensamentu loietarako, ta musukak baño ere malizia geiago erakusten dutenak. Ez dago akzio oek nork libra ditzakean bekatutik, ala ematen dielako bekatu bidea danza lagunari, nola ekusten daudenai. Egiten ere dira danza modu gaiztokoak inoren beldur gabe neskatx ta mutillak bazterretan bildurik, edo etxe barruetan egiten dituztenean. Mingaña ta eskuak ebilten dira askatuak edozen gauzatarako. Onelako danzeetatik guziz aldegin nai ez dutenak bizi dira bekatuko okasio ezagun ta andian, ta ezin egin dezakete konfesio onik.

        G. Zer esan baña Plaza agirietan Tanboril soñuekin Justiziak dakiala usatzen diran danzeen gañean? Ote dira okasio urrekoak?

        E. Oni eranzuteko asko esan bear litzake, ta bear bada egingo det berariazko doktrina euskal erriko danza oen gañean. Orain bakarrik esango det, danza oek askorentzat dirala bekaturako okasio andiak. Sarri ta afizioz onelako danzeetan dabiltzinak daudela okasio andian, ta animarik onena ere galduko dala ta guziz nasaitu urte bete baño leenago. Beñ edo berriz gutxi gutxitan afizio gabe, lotsaz, edo obedienziaz kontu andiarekin ebiltzeko gogoz danzatzen dutenak, bekatu loiari gorroto diela, libra litzake bekatutik, ta onelakoentzat ez da izango okasio urrekoa. Bein edo berriz afizio amorezko gabe neskatx batek itzegitea mutil batekin bakarrik ere ta arrazoi onarekin, ez da bekaturako okasioa; ordea afizioz, inklinazioz, gogoz sarri alkarrekin egon ta itzegitea neskatxa mutillak, da amore gaiztoa artzeko, ta gauza txaarretara igarotzeko okasio andia, ta utzi nai ezpadute tratu alakoa, ezin ondo konfesatuko dira; zerren alako okasioetan galtzen dira geienak, ta len onak ziranak ere. Ala bada orobat, gutxi gutxitan, munduko beldurrez, ta asmo txar gabe danza agiri edo plazakora joatea, gorroto dionak bekatu loiari, ta gogo sendoarekin ez lekurik emateko gauza gaiztori, ez da izango beintzat bekatu mortaleko okasio ezagun ta urrekoa. Guziaz ere Jangoikoari emango dio atsegin txit andia inola ere ez badijoa danza nastuetara, edo gizaseme, ta emakumeak batera egiten dituztenetara, ez da ekustera ere; ta ez dute Seme-alabak obligaziorik obedezitzeko Gurasoari agintzen badie pestara joan, edo ala danzatzeko. Persona edo kristau onak ekusten badituzte danza lekuetan, nola siniserazi nasai, ta Jangoikoaren beldurgabeai ez dutela alako danzeetara joan bear? Gauza bat da ez izatea bekatu mortala bakan edo gutxi gutxitan, ta kontuz ibiltzeko asmoz, ta afizio gabe danzatzea, beste bat askoz obe izatea ez inoiz ere joatea. Baña bein edo berriz, ta bein bakarrik ere joatea danza angiro gaiztoetara da bekatu mortala. Berriz Jangoikoaren bidean aurrerapenak egin nai dituztenak, utzi bear die guziz munduko bulla guziai.

        Gauza gogorra, Jauna, esan oi dute kristau askok, urte guzian egotea pesta ta danzeetara joan gabe. Zer esango dute nigatik? Txaldan, gatzgabea, edo lelo bat naizala. Erotu zatala. Besteak ere salbatu uste dutela... Gauza gogorra dala animagatik orrenbat egitea? Atoz ona, esan oi diet, Gurasoak eskiniko balizu amar bat erreal pesta edo danzara etzoazin egun bakoitzean, egongo ziñake etxean joan gabe? Bai Jauna esan oi dute. Auzoko lagun batek errgutuko balizu berekin joateko, joango zinake? Zein gutxi? Amar errealekoak garaituko luke pasio guzia. Jangoikoaren amorez, ta animako salbazioagatik egingo ez ote da erreal batzuek gatik egingo litzakeana? Zenbat andiagoak dira Jangoikoak eskintzen dituen sariak bere amorez urrutiko okasio urrekoak laster egiten diranetatik aldegiten dutenai? Nork iduki lezake gogoa, ta nork gorroto artuez ebillera, ta olgantza nasai ai, zeintzuetan anbeste anima galtzen diran, ta egin Jangoikoaren ofensa asko? Parre egingo didate ezpanoa. Eta lotsatuko zera Jesu-Kristoren dizipulu izaten? Bera ere lotsatuko da onelako lotsoor ta beldurtiak bere dizipulutzat ezagutzeaz. Larga bada larga, munduko legeai, askoren egite eroaiz, ta bizi beti iratzartuta tentazioko lekuetara joan gabe. Berriz leenago animako kalteak atera dituztenak, besteak baño arrazoi geiagorekin.

        Ez det nik inoiz gauza txaarrik egin Plazako danzeetan; au da betiko leloa edo soñua. Izan liteke zuk bear bezela ez ezagutzea, ez sentitzea usai gaiztoa, nola Gaisotegi edo Hospitaletan gaisoen artean sarri dabiltzanak sentitzen eztuten usai txaarrik, ta bai banaka batzuetan baizik ez diazanak. Atoz ona. Eztiozu oniritzi edo berezko kariñorik artu danzara eraman zaituenari? Ez dizute esan itzketa labañ, ta amorezkoren bat ixiltxorik belarrian? Ez dira igaro esku estutze maliziazkoak, ta beso tximurtzak? Eta noizbait geiago ere? Eta artu diezu gorroto andirik onelako akzio txaarrai? Esana esan. Peligrosoak dira gazte guzientzat euskalerriko danza agirikoak; ta askorentzat okasio oso, ezagun ta bekatubide garbiak.

        Gaiztoago da ebiltea bazterretan pandango ta danza lotsagabeetan edo konbersazio txatarretan agirian edo lotsa dagoan lekuan baño. Au da beste soñua. Kontu ederra. Eta egin lezake kristau batek ondo ez dan gauzaren bat onandiak baleroz ere gaitz egitetik? Ezetz dio San Pablo Apostoluak. O arrazoi sustrai gabea! Gaiztoagoa da gizon bat iltzea, makillaka banatzea baño. Eta makillaka bana lezake? Ez: zeren biak eragozten ditu Jangoikoak. Gaiztoagoa da, ogei ezkutuko bat ostutzea ezkutu bat baño. Eta ostu dezakegu ezkutu bat? Zer balioko dute Jangoikoaren juizioan apainduria ta esio txatarrak! Gauza on ez diran guziak eragozten ditu Jangoikoak. Bekatu arin ta benial batere ezin genzake mundura mesederik andienak etortzeagatik. Gorde buruak dio Apostolu tatek, gauza txaarraren irudia duten guzitik. Ab omni specie mali abstinete. Ez aaztu bada esan dedan egia au; ez dagoala konfesio onik Proposito egiazkoren paltaz, bekatuko laban-arri, edo okasio ezagunetatik irten nai ezpada. Au da Elizako doktrina. Sinisten ez diozu Elizari? Jentilen artean kontatua zera.

        G. Gaitz egiten zaie okasio gaiztoak dauzkeenai largatzea edo urratzea?

        E. Bai; bada lotuta dauzka deabruak amorio loiaren katea gogorrekin, ta urratu ez ditzen, ta iges ez dezen astuntzen diztez grilloak. Agravabit compedent vestrum ut non egrediamini. Zenbat asmazio ta aitzakia ematen ez dute? Ateratzen badet etxetik, edo irtetzen badet urtea bukatu baño leenago, gaizki esango da. Agur nere honra: agur nere ogia: non arkituko det beste etxe bat; non onelako serbitzaria? Zer da au? Bekatuan barrunberago sartzea, kateak astunago egitea, edertu naia beren bekatua. Baña zer eranzuten die Jesu-Kristok? Baldin eskuak, eda oñak ematen badizu anima galtzeko bidea, ebaki itzazu: begiak eraman nai bazaitu bekatura, aterazazu: obe da begi, esku ta oin bakoitzakin sartu Zeruan, begi, esku ta oin binaakin Infernuan baño. Nai dezu geiago? Ona zer esan dizun Jesu-Kristok: begia, eskua, ta oiña bera baño ere bearragotzat badaukatzu bekatura eramaten zaituen persona, leku, etxe, edo gauzak larga, iges-bota ta urratu. Infernura bazoaz, zer aterako dezu? Aterako zaitu andik zure etxo Jaun, edo bekatura eramaten zaituen Persona gorreto santua eman bear dizun orrek? Zer honra edo honra oste? Jendeak leenago ezer ezpadaki, ezin ezer esan lezake; badaki, beragatik kendu bear dezu zer esana. Arkitzen bada gosea ematen duen etxea, edo etxeko-andra erriertari eta ernegatu bat, irteten da ezeri begiratu gabe. Neskame edo mirabeak zerbait ostutzen badu, botatzen da etxetik, beinzat emendatzen ezpada agirakarekin. Ezin irtenak dira berriz anima galtzeko peligroaz daudenean. Orduan milla apainduria, ese sio, asmazio ta aitzakea. Edo larga okasio gaiztoa, edo larga konfesioa, ta joan infernura sakrilejioak egin gabe. Elizak debekatu edo eragozten die Konfesoreai onelakoak absolbitzea; ordea zer egiten dute ala bizi diranak? Billatu Konfesore jakituria edo konzienzia gabeak, dio San Antonino Florenzioakoak.

        Jauna joango naiz len gaizki bizitu izan naizan etxera, itz egingo ez det etxe artan dagoan bekatu lagunarekin. Len erorten banintzan ere pensamentu, itz ta eskuka gaiztoetan, orain artu det proposito andi bat. Gezurra diozu. Ez da proposito bear bezelakoak maita danean okasioa. Gorroto andia baeingo bekatuari, izango ziñake peligroari ere. Lenengo sarreran egongo zera beldur apur batekin; nondik edo andik agertuko da persona bekatukoa. Au bear bada egongo da lengo gogortan, ta ezpadago ere, begiak ez dituzu idukiko lurrean beti josita: elduko zatu ekusinaia, ekusteak piztuko du kariñoa geldika, geituko da tentazioa, ta denpora gutxiren buruan asiko dira irri-parreak, begiak katigatzeak, itz egitea, bakar egoteak, ta orra berriz preso lenengoan baño ere katea gogorragoakin. Jangoikoaren laguntasun berezko gabe nola iraun on asi danean? Nola Jangoikoak lagundu bere naiz okasioan jartzen danari? A, kristau deabruak loturik zaudena! Nora eramango zaitu etsai zure anima goseak? Infernura. Eta an, etxe artan bekatu lagunarekin bazaude, zer atsegin emango dizu?

        Nola Jauna igaroko naiz agur edo itzik egin gabe edola are bide baten arkitzen banaiz adiskide izan dedan personarekin? Adiskidetasun ori izanda etsaitasunik andiena; alkarri egin zingen kalterik andiena, zeña da animak galtzea. Gorroto baziño bekatuari, egingo zenduke etsaitasun edo gorroto diran personak egiten dutena; iges egin bidean alkar ekusi ez dezen, ta jatzen badira igaro edo agurrik egin gabe, edo agur otz bat eginda bekoki illun batekin. Ala bada egin bear dute gaizki bizi izan diran personak; egin alegin guzia ez ekusteko: ekusten bada uste gabe edo bideren baten arkitu, igaro aurrera itz egiten gelditu gabe bekoki illun batekin. Bestela itzak dakar ekusi naia, onek piztzen du kariño, edo oniritzia, ta sartuko ditu laster deabruak lengo sarrean. Eta berriz arrapatzen baditu, ez dute beingoan igesik egingo: gogortuko zate biotza ta parre egingo die len biotza bigundu zien Sermoi edo Konfesoren itzai. Zertako da kontatzea onen gañeko milla ejenplo izugarri? Zenbat galdu dira eriotzako peligroan ere negar andiakin konfesatu ziranak, etorri zitzatelako gelara, edo oe aurrera amore gaiztoko persona, ekusiaz beste gabe biotza samurtu ta amorea berrituta? Zenbat il dira laztan andi bat ematean oe ondoan zegoanari? San Juan Bautista, munduan Jesu-Kristoren bean izan dan Predikadorerik santuenari ez dio enzuterik ematen Herodesek. Beldurtzen da, beste gauza onak egiten ditu San Juanen konsejuz; ez ordea larga Herodiana gaiztoarekin zedukan okasioa. Ez ez: loturik dauzka deabruak, sartu ditu butroe barruan; ebilliko dira jira ta bira, baña irtengabe. Beti ezin egiñak, murmurazio beldurrak, ondunaiak, proposito ederrak; baña beti sare barruan, preso okasioaren grilluakin. Igaro Ejerzizio santuak, igaro misioak, negar egin, konfesio jeneralen ondoren. Ordea egun gutxiren buruan lengo okasioetara, etxeetara, pestetara, lagunetara. Bizarra egin, apaindu arpegia, baña sustraiak kendu gabe berriz bizartu. Nora dira negarrak? Nora proposito ain sendoak? Nora Konfesoreari esateak, ekusiko du, emendik aurrera beste bat izango naiz? Eraman ditu aizeak, deabruak sartu ditu idikita zedukan okasioko sarrean. O anima errukarriak! O zakur, trokatu dituzun, lengo jaanak berriz eztarriratzen dituzunak! Zer aterako dezute aberetzarren bizi moduan iraunda? Norako zerate azkenean atsegin zatarrez aseta? Badaramez beren egunak, esaten dizute Isaiasek, atsegin edo kontentuetan, ta beingo baten uste gabe bezela jesten dira Infernura. Azkean ederra.

 

aurrekoa hurrengoa