www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XI.

Nola konfesioari lagundu bear dion
satisfazio edo ordea biurtzeak

 

Facite fructus dignos penitentiae. Luc. 3.

 

        Ikusi degu igaro diran doktrineetan nola konfesio onak eskatzen dituan biotzeko Kontrizio edo damua, ta aoaz bekatuak agertzea. Baña bear da Jangoikoaren Justiziari ordaña edo satisfazioa ematea penitenziaren bidez; au da espirituko penitenziari lagundu bear diola azaleko edo agiriko penitenziak.

        G. Zer penitenzia modu da Sakramentu Konfesiokoari lagundu bear diona?

        E. Da Konfesoreak, animako Juezak bezela, ematen diona.

        G. Izan liteke konfesioa ona satisfazio, edo Konfesoreak emandako penitenzia egin ezagatik?

        E. Ezin izango da ona biotzeko satisfazio gabe, edo borondaterik ezpadu konfestzen danak kunplitzeko penitenzia arrazoiz ematen zaiona; baña izan liteke ona ta baliosoa obraz ez egiñagatik. Gerta diteke Konfesoreari aztutzea eman bear zion penitenzia. Onelako penitenteak berak gogoraerazi bear dio; baña gerta ere diteke konfesatzen dagoana ere ez oroitzea. Alakoan ona da konfesioa beste gauzarik falta ezpazaio. Baña urrengo biurtzen danean konfesatzera, esan bear dio, nola aztu zitzaion penitenzia ematea, edo aitu etzion berak zer penitenzia eman zion. Orobat eriotzako aldigaizto edo akzidente baten ezin penitenziarik kunplitu dezakeanean, damuaren señaleakin Konfesoreak absolbitzen duenean, izan diteke Konfesioa ona ta baliosoa penitenziarik kunplitu ezagatik, nola aozko konfesio gabe ematen dan absoluzioa ordu alakoetan, edo konfesioa eskatu dualako gaixo edo eri dagoanak, edo eraman duan bizitza onean arkitzen dualako Konfesoreak señale bear duikoa absoluzioa emateko. Ala bada ez da bear bearra aozko konfesioa, ezdaere obrazko satisfakzioa ezin dan aldietan, ta asko da borondate, edo biotzeko konfesioa edo bekatu agertzea, ta biotzez penitenzia artu ta kunplitu nai izatea.

        G. Beraz ai dala badu penitenteak penitenzia artu, ta kunplitzeko obligazioa?

        E. Bai, ta artu nai ezpadu ez dago prestatua absoluzioa artutzeko. Ez beldur izan Konfesoreak penitenzia geiegiak ezarriko diozkala gaurko egunean penitenteari, onek uste izanagatik astunegiak dirala. Ala geienez ematen dituzten kejaak gezurrezko ta arrazoi gabeak dira, ta astunegiak izatea noiz edo berriz gertatzen bada, ezin bere buruz larga lezakez kunplitu gabe. Alakoan joan diteke beste Konfesore jakin, ta birtutetsun bategana, agertzeko oni gertatzen zaiona. Baña zer gertatzen da batzuetan? Iges egitea Konfesore zuzen, jakitun, ta anima zaleetatik, ta billatzea beste nola alako bat bere erara itz egingo diona, ta oni nai duana esan,ta gutxitu edo kendu erazitzea beste Konfesoreak arrazoiz eman zion penitenzia. Ona ejenplotxo bat. Dia bat konfesatzera; Konfesore begiratuak aztertzen ditu animako peligroak, arkitzen du penitente ura dala bulla zalea, danzazalea, sarri dijoala onelako lekuetara; arkitzen du edo ezagutzen du ezin iraungo duala bere argaltasunari begiraturik artu bear duan proposito sendoan aldegin gabe alako okasioetatik: bear bada (ta geienez gertatuko da jende gazteekin) arkitzen du edo danza beretan, edo danza lekuetan, edo joan etorrietan igaro dirala eskuka, itz, eta akzio desonestoak. Esaten dio Konfesoreak nik absolbituko bazaitut, larga bear diezu olgantza edo pesta kaltegarri oriei; galdu dizue len anima, santa batek ere iraungo ez du birtutean onelako lekuetan dabillela; zenbat gutxiago zuk? Ematen dizut bada penitenzia osagarritzat ez joateko dantza naastu ta neskatx mutillen artekoetara. Ez det nik zugatik kondenatu nai begiratun bear diot nik zure animako salbazioari, ta galerazi bear dizkitudaz salbazioa galtzeko diran okasio andiak. Zer eranzuten due batzuek? Jauna ez diot penitenzia orrelakorik artutzen. Besteak ere badabiltza. Zer esango due aldegiten badet len ain zalea izan naizan pesta edo olgantzeetatik? Zalea izan zera? esaten dio Konfesore onak. Anbat gaiztoago. Zuk ez dezu konfesiora ekarri ondutzeko proposito egiazkorik. Proposito egiazkoak eskatzen du borondate zoli ta sendo bat ez bekatuko okasio jakin ta ezagunetan sartutzeko, aldegiteko bekatutik sugearen arpegitik bezela. Kristok dio, begia atera, ta oña ebaki bear dala anima galtzeko bide jakiña ematen badigue; au da begia ta oña baño bearrago bada ere utzi bear da anima ez galtzeagatik. Ez dezuekusi zere animan zenbat peligrotan arkitu zeran; zenbat esku estutzen amorezko danzeetan? nolako itztxo kariñozkoak? Eta zer ekusi dezu zerekin edo besteekin kale edo bide orietan pesta ondoan? Oek ez dira okasio jakinak? Zer diot? Ez dira bekatu ezagunak? Esango dezu gezur bat zuk nai ez dezula inork alako akzio txaarrik egitea? Ez diezu arpegi alegrea agertzen, parretxo egiten? Zerk zaramaz alako lekuetara benetan nai ezpadezu inork alakorik egitea? Txakur amorratuak balebiltza plaza orietan joango ziñake? Ez da ogei eskutuko bategatik ere. Au zertan dago? Korputzeko peligroak beldur geiago ematean animakoak baño. Eta nori begiratu bear diozu geiago, korputzeko bizitzari animakoari baño? Onelako arrazoiak enzunda mututzen dira; dioe batzuek beren artean, ez nau absolbituko artzen ez badiot penitenzia au. Ematen die itza Konfesoreari, baña ez kunplitzeko asmoarekin, edo beste Konfesore bati danzatzeko lizenzia eskatzeko gogoz. Ateratzen due absoluzioa, badijoaz komulgatzera berak dakite nola; diaz gero beste Konfesore kontu gutxiko bategana, ta bear bada danza ekuste zale batgana. Oni esaten dio, Konfesore batek eragotzi dit penitenziaren bean danzara joatea. Eman begit berorrek beste penitenzia bat, kendu besteak emana. Bai esaten dio, zoaz ta ibilli zaite modu onarekin. O Konfesore ta Penitente bata bestea galdutzen dezuenak! Sinistu beingoan arrazoi gabe eman ziola penitenzia eman ziona lenagoko Konfesoreak? Idiki penitenteari bidea ebilteko bekatuko peligroetan? Ez. Jakin Kofesore batek eman bear dituala penitenzia osakarri edo medizinalak; ta kendu besteak ondo emanaz? Ori da animako Borrero baten ofizioa egitea, ta ez medikoarena. Zer egiten du ta egin bear du Medikoak eririk edo gaixorik dagoan batekin? Galdetzen dio noizkoa dan gaitza, zertatik etorri zitzaion, nola asi zan; ta eragozten dio gaitzarekin kontuak etenarik, jaatea edo edatea onelako edo alako gauza; ta ez da mediko ona izango largatzen badio gaixoari egiten kalte egin dezokena. Nolakoa izango da bada animako Osagilla edo medikoa, largatzen badio kristau animan eri ta gaixo dagoanari ebilten gaitz egingo dien leku ta olgantzetan? Eta zer damu darama konfesore on ta begiratuetatik aldegin ta dijoanak penitenzia arinak ematen dituztenakgana? Ona zer dion San Bernardino Senakok, ez dutela alakoak bekatuaren damu geiago deabruak baño. Non plus habent contricionis quam diabolus. Eta salbatuko dira?

        G. Zertako ordea Konfesorearen penitenzia konfesio onarekin barkatzen badira bekatuak?

        E. Zertako? Jangoikoaren Justiziari biurtzeko bekatuarekin kendu zaion honra; gaizki egiña kastigatzeko penagarriren batekin; berriz bekatuan ez erorteko kontu geiago iduki dezan bekatariak, ta ala konfesioko penitenziak ez dira bakarrik egindako bekatuen kastigoan, bai ta ere bearragoak berriz bekaturik ez egiteko. Zertako Guraso onak kastigatzen du Seme gaizki egin duana? Zergatik maisuak ber eskolakoak? Ondu ditezen, berriz alakorik egin ez dezen. Nolako eskandalo ta gaiztakeriak ekusiko lirake errietan Justiziak inor kastigatuko ezpalu? Zer bada! Jangoikoaren kontra jaiki danak bekatu mortalen batekin, ez dio eman bear satisfakzioa? Ez kastigatu gaizki egiña? Ote daki bekatu mortala zer dan penitenziarik egin nai ez duanak, edo bekatu asko ta itsusiak gati gauza neke gutxikoak baño egin nai ez dituanak. Jangoikoa izanik ain ona alako moduz aserratzen da bekatu mortal baten kontra, non dadukan prestatuta iñoiz azkenik izango ez duan Infernuko sua. Eta bere miserikordia andiagatik eman digulako epe, ta denpora penitenziaren bidez, izango gera nagiak penitenzia egiten! Berriz nolako penak dauzka Purgatorioan bekatu mortal barkatu ta arinakgatik ere? Zer dira lurreko penitenziarik gogorrenak Purgatorioko tormentuen aldean! Utsa, edo ezti gozoa. Beraz bekatuaren ezaguera gutxi du penitenzia arin batzuekin paketzen danak. Ala bada Konfesorerik begiratuenak ematen dituzten penitenziak dira guziz laburrak, ta egin errazak bekatua zer dan zerbait ezagutzen dutenentzat, ta egiazko damuarekin konfesatzen diranentzat. Begira dezagun lurreko Justiziarekin igarotzen dana. Egiten du batek lapurreta andi bat, arrapatzen du Alkateak, darama Karzelara, ezarten diztez kateak, daude leku kiratsu, edo atsituan, ez dute oetzat lasto zati laster usteltzen dana baizik, jan gutxi, deklarazio astuak, ta azkenean ateratzen due erritik, ta bear bada bidaltzen due Gaztelu edo presidio batera, ta nolako nekeak igarotzen ez dituzte onelako lekuetan? Guziaz ere ez du inork esaten geiegi kastigatu duela, ta bai merezitu duala. Eta nolako penak karzelak, estutasunak eraman oi dituzte eriotzaren batekin duteenak? urte ospetan milla pena ta naigabe, ta gero ateratzen due Urkamendira deshonra edo lotsaaririk andienarekin. Eta bearrak ez dira onelako kastigu gogorrak? Orain bada, lurreko Justiziak begiratzen die lapurreta ta eriotza egindako bekatuei gizonen kontrakoak diran aldetik; eskatuarren barkazioa negar andiekin, konfesatuarren beren gaizki egiña humiltasunik andienarekin ez da libratzen kastigutik. Esango baziño urkamendira bar duanari barkatzen zaiola eriotza, baña egon bear duela Konbentu batetik irten gabe amar urtean, egin bearko dituala egunean eguneango baraurrak, jaiki gaberdi guzietan korura Kartujo batek bezela, artuko luke trukatzez penitenzia au? Bai ta esker andiekin. O krstauak non da gure fede ta arrazoia? Zer du zer ekusi bekatuak gizonen kontra dan aldetik ipintzen bada berdintza edo konprazioa Jangoikoren kontra dan aldez? Bekatu asko ta itsusiak egin dituztenai, Infernua merezi izan dutenai milla bider zoaz esatera egin dezela urte betean egunoro ordu bete oraizo astean baraur bi, erabilli aragiaren kontra zilizio batzuek, esango lizuke, ill nai dezun, zoratu zatzun. Asko dirala berentzat Errosario debozio gutxiko batzuek, altarak bisitatzea, edo beste errezo labur batzuek etxean egitea. O penitente ederrak! Iñoiz bekatu mortalik egin ezpalue ere, ezin penitenzia gutxiago eska lezakete. Ala ez due batere ezagutzen zer dan Jangoikoa ofenditzea bekatu mortal batekin. O itxumena! O Fedearen illtasuna! Nola lujurioso batek eziko du bere makurtua, dio S, Karlos Borromeok, mankatu gabe modu onean zilizio, baraur, ta disziplinakin; edo nola edo ala sakrifizioren bat egiten ezpadu? Nola iñoren ondasunak bide gaiztoz beretu dituanak, eman Jangoikoari satisfazioa, ta ebaki aurrerako inklinazio gaiztoa, restituzioak egiñaz gañetik, ematen ezpadu zerbait limosnaz, ez diot Zaqueo penitenteak beste, baña bai Konfesoreak modu onean agintzen diona bere ondasun edo errentai begiraturik! Nola Soberbio, edo kristau arro sutsu edo kolerara eman batek ezi dezake bere jenio gaiztoa, biraoti, ta gaizki esalea, oraziora ematen ezpadu, zeña dan osagarririk ederrena osatzeko animako gaitzak? Nola Jangoikoaren gauzeetarako nagia, ta atzeratua izan danak artuko du bizitza berri bat, ta palagatu Jangoikoaren Justizia, ezpadia sarri sermoiak enzutera, mesa nagusi edo bere Bizizakora, Bespera, Errosario ta beste gauza onetara, ta sarriago ezpadia konfesioko Sakramentura? Eta zer egin bear ez due errietan eskandalo edo ejenplo gaiztoak eman dituztenak, ta anima askori eman bekaturako ta Infernurako bidea? Nola onelakoak desegin eskandaloak bizitza santu batekin ejenplo onak eman gabe? Guziaz ere, esango dizue asko dala konfesatzea, ta penitenzia ezkutuko ta erraz erraz batzuek egitea, ta nai due Konfesorea ez eskura joatea ezertan. Nai dituzte len bezela munduko bulla ta olgantzak; len bezela jan edanak, len bezela korputza eregatu ta gozatu. Zer geiago penitenzia bear bearrak, Konfesoreak berak eskusatu ezingo dituanak ere ezpadituzte artu nai.

        Ona ejenplo batzuek. Izango da gizon bat ardoara emana, sarri moskortu dana, Ardantegi edo Tabernak geiago, edo beintzat gogo obeaz bisitatu dituana, Eleizak baño. Ezagutzen du Konfesoreak bear duela egin premiaz Konfesio jenerala, bekatuaren sustraia dagoala Tabernan sartzean bere moduko lagunekin, an berandutu ta joaten zala etxera zabuka, ta Errosario orde daramazala biraoak, ta deadarra emazte, edo Seme alaben kontra. Esaten dio Konfesoreak Konfesio guzia enzunda, zure bizitza, lengoa izango da, irauten badue, okasioak ta ala ematen dizut penitenziatzat ez Tabernan edaateko oñik sartzea, edango dezuna edatea, edo zere etxean, edo beste baten lagun begiratuekin, ta edan aldi, edo goiz, edo arratsalde baten ez igarotzea kuartillo batetik, edo geien guzien kuartillo ta erdi ardoak igaroko etzaituan moduan. Esaten badu penitenzia gogorra dala ezin kunplituko dula ez darama damurik, ta ezingo ere du absolbitu Konfesoreak, zerren ez dion agintzen, penitenzia gabe ere egin bear duana, baizik, au da ez sartzea bekaturako okasio jakiña dagoan lekuan, ta ez edatea baizikan edan dezakeana animako, korputzeko, ta honrako kalte gabe. Bene benetako penitenzia egin nai balue bizio onetara emanik izan diranak, ez lukee ardorik aoan sartu bear, edolaere urez ondo naastu gabe. Turkoai galerazi edo eragotzi zien bere Profeta falso Mahomak; ia Tabernarik ekusten ez da beren errietan, ta noiz edo berriz jakiten badie ezkutuan ere edan dutela ardoa, banatzen dituzte makilla kolpe andiekin. Eta guri Jangoikoak bakarrik eragotzi digu edatea arrazoiaren kaltean, ta ez degu bere lege ain biguñ au gordeko? Eta zer esango die Turkoak Kristau edalai Juizioko egunean?

        Arkituko du Konfesoreak bere etxean dadukala edo erriko beste etxe baten bekatu loiaren okasio andi ta jakiña. Adiskidea esango dio, agintzen dizut zere okasioa kendu bear dezula, ta bota zere etxetik mirabe bekatu laguna; au da ematen dizudan penitenzia, kunplizazu ta atoz gero abosluzio eske. Esaten dio besteari ematen dizut penitenziatzat ez bekatuko okasioa daukazun etxean sartzeeko, ta iñon topatzen badezu bekatu lagun ori, ez gelditzeko itzketan berarekin. Ez due penitenzia onelakoa artu nai? Datoz konfesatzera damu gabe, ezin absolbi litzakez konfesoreak, ezerren penitenziatzat ematen ezpalie ere, obligatuak daude agindu diena egitera; bada aldegin nai ez duenak bekatura dezakean okasio borondatezko, ta urrekotik, ez du eraman bear absolbiziorik, ta ala daduka Eliza Ama Santa erabakirik.

        Elduko zaio beste bat egon dana luzaro gorrotoan, itzik ta agur onik ere egin nai ez da etsaitzat daukanarekin, auzoai ejenplo txaarra ematen diela, alkar bisitatzen ere ez dutela gaixotzean auzoen artean oi dan bezela. Esaten dio Konfesoreak: barkatzen ez dionak gogo onez etsaiari, edo gorrotoa biotzean gordetzen duanak kendu gabe, ez dakar damurik ta ezin absoluziorik izango du paketu ta eskandaloa kendu artean; zoaz bada ta egizazuz bakeak, itz egin bear diozu amorez, naiz zeuk ofenditu dezula, nai zeu leenago berak. Ez dezu bera etorri dakizun zai egon bear; zaude obligazioan pakeak egin ta eskandaloa kendutzeko, ta ezingo dezu ori egin, humillatzen ezpazera orrenbesteraño. Zuk uste dezu zeu zerala ofenditua, ark berriz usteko du bera dala, ta nik diot biok ofenditu dezutela Jangoikoa, ta lagundu zer esana ta ejenplo gaiztoa ematen askori. Ez du humillatu nai, ez artu penitenzia? Ez darama damurik ta ez du izan bear ere absoluzioko graziarik Konfesoreak berak galdu nai ezpadu penitentearekin batera. Au ez egiña gati irauten due gorrotoak, itzik ta agurrik egin nai ezak denpora luzeetan. Ala artu, ta kunplitu bear dira penitenziak, baña geien bekatuko sustraia ta anima osatzera dijoazanak: bestela ez daude prest konfesio ona egiteko.

        A Jauna! penitenzia gogorrak, baraur ta korputzaren penagarriak etziran egin munduan bizi bear duteenentzat: oriek dira txit onak Konbentu barrunbeetan egiteko, edo eremuetan ezkutuan bizi ziranentzat. Ezin dezakee mundu zabalean bizi bear dutenak. Ederki. Eta penitenzia geiago egin bear ez du okasio andiagoetan sarturik dagoanak? Non ikasi da doktrina au? Zenbat kristau daude korputz ta osasun galantarekin aragiari su ta su ematen dienak orduetatik kanporako janta edanekin, goiz erdia, eguzki zabalai leioak itxita sartu ez didin argia gela barrunbean, igarotzen dutela lotan edo jira ta bira oe biguñean; egin guzian Jangoikoaren gauza onik egiten ez dutela, ezpada geien geien meza bat enzun, errosario bat esan ta debozio ariñarekin? Eta oek daude debototzat. Zer egingo du onelakoen aragi erregalatu edo gozatuak penitenziarekin ezi ta eskuratzen ezpada? Nekezale gaixoak bai, atxurlari, ikatzgin, ta langilla askok igarotzen dituzte pena edo neke asko, korputza mankatzen due ta zorionekoak onelakoak penitenzia orde, ta Jangoikoaren grazian badaramez anbat pena. Oek badue beren bearretan zilizio ta diskziplina ederra. Ai, ta bizi balira batzuek bezela tranparik egin bage zuzen ta garbi, ta nola Kaputxino batek beste satisfazio emango lioken Jangoikoaren Justiziari! Nola errazago igaro lituzkeen nai gabe, pobreza, ta bear gogorretatik etortzen zaizten nekeak, goizean obra guziak Jangoikoari eskeñi, ta beren bekatuen ordean eramango balituzke? Nola merezituko ez du asko baserrietan, ta erri barruetan serbitzen dauden mirabe, ta morroe gaixoak? Ezin due beren borondaterik, igaro bear dituzte etxeko andren jenio txaarrak, ta molde gabeko agirakak, goizetik jaiki ta egun guzia nekepean ezertako asti gabe bezela, soldata eltzen etzaie askotan beren janzirako; gaisotzen badira, edo bidaltzen dituzte etxetik kanpora, edo gastatzen dituzte botikakotan ta osagilleekin zoorrak egiteraño. Nolako penitenzia bizimodu au eramaten badue bekatuen ordean, pazienziaz, ta Jangoikoaren grazian? Ola gizonen bizitza, nork adirazo nolakoa dan? Zenbat emakume ezkondu ume askorekin, errentak nekez pagatzen, urteko artoaren beldurrez, ta bear bada senar ordi ta ondatzalle batekin bizi bear dutela? Nor errukituko ezta ekustean nekezale askoren bizitza gogorra? baña o negar egiteko gauza! Esan dezakegu askogatik Profeta batek ziona, erein zuten asko, ta batu dute gutxi; nekatzen dira armiarmak bezela eun ezertako eztana ziotzen. Telas aranear texerunt. Beren frutu ta bearrak alperrik egiñak. Zergatik ori? Zeren eramaten dituzten neke, pobreza, ta naigabe guziak, ez penitenziako, espirituz, ez pazienziaz, ta bai geienak erneguz ta biraoz, edo bizitza gaiztoan sarturik daudela; batzuek dira ardoara emanak arrazoiaren ta etxeko kalteaz; besteak egiten dituzte lapurreta agiri edo engañuak ofizioetan, ta zenbat lujuriako bizio gaizto ta zatarrean sarturik? Oek darame Gurutze gogorra; baña lapur gaiztoarena bezelakoa, ta kurutzetik joko dute Infernua jo zuan bezela lapur gaiztoak. Grazian ez dagoanak, eramanagatik penarik andienak, ez du Zerurako ezer irabaziko. O nekearen azpian bizi zeraten nekezale maite nere biotzaren erdian zaudenak, ezaguzazute gaixoak egia; egizazute Konfesio guziz on bat, jarri zaitezte Jangoikoaren grazian, eskinzazute gero bizitza anbeste penazkoa pekatuen ordean, Konfesoreak ematen dizuten penitenzia laburra kunpliturik, ta ekusiko dezute, nola poztuko zeraten eriotzako orduan.

        G. Nola erraztuko zaizkiguz penitenziak?

        E. Gogora ekarriaz, nola kastigatzen ziran bekatuak Moisesen legean, ta nola Elizako lenbiziko urteetan Jesu-Kristorenean. Ona Moisesen legean zer agindu zuan Jangoikoak. Esaten duanak blasfemia, au da itz gaiztoren bat Jangoikoaren, edo bere izen santuaren kontra, izan dezala eriotza, iltzen duela arrika erriko jendeak. Izan didilla illa Gurasoari birao gaiztoren bat ezarten diona, ta orobat luzatzen badio eskua. Seme lotsagalduko gurasoai obeditu nai ez dienak, ta bizio gaiztoetara emanak, izan ditezela arrika illak, ta arrien artean ezkutatuak. Emakume ezkondu bekatu loian erorten dana gizasemeren batekin, illa izan didilla, baita bekatu laguna ere. Abere, edo ganaduren batekin bekatu egin duana izan didilla illa, baita ganaduba bera ere. Ala zeuden eriotzako sentenzia barkatzen etziranak aurride edo senide Legeko liburuan izendatzen diranekin bekatu egiten zutenentzat, ta bekatu lagunentzat.Agintzen ere zuan arrika iltzeko gizaseme, edo emakume Igarle bidegabeko, edo Aaztuak. Ona nola bekatua dan bide gaiztotik gauzaak jakin nai izatea. Zoazte zoazte orain konsultatzera onelako jende moduai, non galdu dan, edo nork ostu dizuen onelako ta alako gauza. Ekusiko dute alako Igarla gezurti, ta alakoen atzean dabiltzanak, nolako kastigua izango duten.

        A Jauna! esango didazu, anzina Jangoikoak eman zuan lege ura gogorra zan; baña Jesu-Kristoren legea biguñago da. Kendu ziran lege gogorrak, ta sartu giñan pakeko ta amore legean. Bai, eztago Kristoren legean alako odol isurtzerik. Ordea bekatu len eriotzaz kastigatzen zana txikiago ote da orain? Txikiago? Askoz andiago ta itsusiagoa kristau diranentzat, ta Infernuan geiago kastigatuak izango dira kristau alako bekatuak eginda penitenzia egin gabe kondenatu diranak, Moisesen lege santuan gaizki egin ta kondenatu ziranak baño.

        Baña ez dezu uste izan bear Kristoren legean beti eman dizala penitenzia laburrak. Nork erakurri lezakez bioztu gabe lengo denporetan Elizak ematen zituan kastigu ta penitenziak bekatu ezagutu ta agertuak gatik? Uste dezu asko zala konfesatzea ta orazio batzuek esatea? Garizumako baraur bat ausitzen zuanak, zedukan ogei egunean ur ta ogiko baraur gogorra; ta berrogei egunekoa lau denpora, edo Kuarta denporetako baraurren bat ausitzen bazuan. Gurasoai bide gabeko injuria ematen zienak, egin bear zuten iru urteko penitenzia ikaratzekoa edozein. Desprezio andiren bat ematen zienak zazpi urteko penitenzia. Elizan Ofizio santuetan berriketan, egon ziranak amar egunean ur ta ogi utseko baraurra. Gezur jakiñaren gañean juramentu egiten zueenak berrogei eguneko baraurra ur ta ogi, ta gero zazpi urteko penitenzia. Etsaitasunean edo gorrotoan egon ziranak anbeste ur ta ogiko baraur, zenbat egun egon ziran tratatu nai ezta. Seigarren mandamentuaren kontra persona libre, neskatx edo mutilla erorten bazan, iru urteko penitenzia, Elizan sartu gabe etxea gordetzen zuala negar egiten. Ezkonduta zegoan emakumeak bekatu aragizkoa egiten bazuan, amar urteko penitenzia komuniorik artu gabe denpora guzi orretan. Donzella bat erorten bazan, naiz alarguna, gizonen batekin, amar urteko penitenzia. Arrebaren batekin bekatu egiten zuanak bizitza guziko penitenzia. Koñata edo beste aideren batekin bekatu egiteagatik amabost urteko penitenzia. Amarrenak ez pagatzeagatik ogei eguneko ur ta ogi utseko baraurra, ta pagatzea lau bider geiago. Lapurreta gauza pisura eldutzen zanagatik, zazpi urteko penitenzia; ta orobat gezur astunen bat erasteagatik lagunari. Onela beste bekatu moduak gatik zeuden ipiñirik urte osoetako penitenziak.

        Baña zer egiten zuten penitenziako urte orietan? Adizazue. Garizumako lenbiziko egunean agertu bear zuen Eleiza atarian janzi loi, pobre, ta zerbait urratuakin, onelakoak ziran lutu janziak denpora aietan. Elizan sarerazirik ipintzen zien Obispoak autsa buruan, ta ematen zizten zilizioak penitenziako señaletzat: gero etxuten ziran lurrean, ta ala Obispo, nola Sazerdote ta beste jendeak egiten zuen orazio barkazioa eskatzeko penitenzian sartzen ziranak gatik. Egiten zien Sermoe labur bat Obispo Jaunak, ta esaten zien, bota bear zituala Eleizatik denpora zati baterako, Adan atera zuan bezela Jangoikoak Paradisutik bere bekatuaren kastigoan. Ateratzen zituzten bada Eleizatik, ta itxitzen zizten ateak. Nolako bizitza eraman bear etzuten gero beren etxeetan? Etziran oe biguñean etxuten baizikan lur gogorraren gañean; baraur ur ta ogikoak zenbat? Etzuen dibersio onetara ere irtetzen, ta deskomulgatu batzuek bezela egoten ziran gauza askotan. Nork ekusi zeizkean penitente ferboroso aiek. Eliza atarian auzpezturik negar andiekin erregutzen. Elizan sartzen ziran Kristauai, oroi zitezela berak gatik miserikordia Jangoikoari eskatzeko? Urte osoetan egoten ziran onela Elizan sartu gabe, ta gero ekusten zuanean Obispoak egin zutela negar asko beren bekatuak gatik, eman zutela ejenplo ona bizitza penitentearekin, largatzen zien Eleizan sartutzen; ez ordea meza guzian egoten, ez da ere komulgatzen, ta bai Sermoi egiten zana enzuten, ta meza zati bat. Mezako Ofertorioan sartzen zanean Sazerdotea, irtetzen zuan Diakono edo Mezara laguntzen zuan Ministro Eleiz gizonak esateko Zoazte, asi da Meza. Ite Missa est; ta irtetzen zuen humil humillik ezagutzen zutela etzirala prest ta diña egoteko mezako denporan. Nolako negarrekin irtetzen zuten gaixoak beren bekatuaren anditasuna ezaguturik? A bai, esaten zuten! Galdu degu gure bekatuekin Adanek galdu zuan baño leku obea, ta fruta obea. Irugarren aldian meza enzuteko lizenzia ematen zien; baña ez komulgatzeko, ta egon bear zuten urte osoetan, penitenzia andia egin da ere, komunioko maira artutzen etzituztela, beste denpora zati ta luze bat igaro gabe prestatzen penitenzia berriekin. O denporak! O egun ederrak! Nora zerate? Bekatari guziz gutxi, ta berak Santu bat egiteko asko ziran penitenziak egiten mundu guziaren aurrean. Zer ekusten da berriz gure egunetan? Bekatua bekatuaren gañean lotsaren apur gabe, ta gero penitenzia itxura batekin palagatu nai Jangoikoa; ta paketu konzienzia. Negarren artean igaro bear diran denporak Jangoikoa ofenditu dalako, igaro orobat danza ta olgantza guzietan, korputza eregatu ta erregalatu, jan ta edan galanki, apaindu al dan bestean ezer ezpalira bezela egin dituzten ofensa edo bekaturik itsusienak. Eta onelako bizitzarekin uste dute salbatu penitenzia geiago gabe? Oraingo bekatuak ote dute gaiztotasun gutxiago bekatariak geitu diralako? Eriotzako tormentuen beldurrez fedean faltatzen zuenak, bizitza guzian len komulgatu gabe, penitenzia andiak eginda ere, bein baño geiagotan ekusi zan bezela; orain beldurgabe ta borondate oso osoarekin bekatu asko eginda, konfesio arin batekin bereala komunio santura? Aiek ere konfesioak egin zituzten orain baño negar geiagorekin. Eta bekatuak ta bekatariak geitu diralako laburtu bear da penitenziako espiritua? Ordu onean, ez gaitezela gu egon Eleiza atarietan soñoko urratuakin lepotik beerako sokaakin, ta autsez burua estalirik; sartu gaitezela beti deskomulgatuak ezpagaude Eleiza santuetan, Sermoia enzun, ta meza santua ere bai; baña ez egin gere borondatez penitenziarik, ez bekatuen damu andia artu, ez bizitza obetu, ebilli munduko bulla guzietan, ta bizi anima garbi ta iñoiz bekatu mortalik egin ez dutenak bizi ez diran bezela, bekatu asko egin ezkero? Non ikasi da doktrina au? Ezta iñoiz desegingo San Juan Bautistaren esan au: Egin penitenziaren frutu, edo obra egiazko, edo bear bezelakoak.

 

aurrekoa hurrengoa