www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE X.

Gauza beraren gañean

 

        Itz egin badegu ere zerbait bekatu ixildu, edo lotsaz estalduen gañean, badago gaia bigarren doktrinarako.

        G. Zer egon diteke ordea esanak esanda?

        E. Bekatuak ondo ez agertzeko egiten diran tranpa, ta ematen diran aitzakia, esesio, edo eskusa bide gabeak, esan bearrean argiro, bekatua gutxitu gabe, ta zer ta nola dan. Ona Eskritura santako ejenplo eder bat.Josue Israeltarren Ejerzituaren Buru zala, galdu zuten oek guda edo batalla bat askoren eriotzarekin. Galdetu zion Jangoikoari Josuek, zertan zegoan kastigu ura? Eta adirazi zion agertuko zala noren bekatuagatik izandu zan, ta bota zitzala suerteak, ta erori zitzaion Akan zeritzon Soldadu bati. Artu zuen au Josuek, ta esan zion, eman egiozu gloria Jangoikoari, ta aitor ezazu zer egin dezun? Bazekian Soldadu errukarri ark gastigo andia izango zuela egia konfesatzen bazuen; ala ere naiago izan zuen bizitza galdu bekatu ezkutuan egiña, ta iñork munduan etzekiona ukatu baño. Konfesatu zuen bada onela. Gerra irabazian gelditu nintzan granazko kapa batekin, zillarezko amabi dirurekin, ta urrezko kana batekin, zeñek balio zituen berrogeta amar siklo; au zan moneda edo diru modu orduan usatua: nere diru naiak edo goseak gorde erazi ziztan, ta estaldu nuen zillarra lurraren azpian. Konfesio ain garbi ta ze au eginda, etzuen, lurrerako barkaziorik izan, ta bereala ill zuten arrika. Orra nola konfesatu bear dan bekatua edergarri gabe; ta nola konfesio egiazkoak ematen dion honra Jangoikoari, ta desonratu gezurrezkoarekin. Zer eranzungo die Jangoikoari kristau bekatuak estaltzen dituztenak Juizioko egunean Akan edo Soldadu ark irten ta esaten dienean; nik konfesatu nuen agirian nere bekatu egin nuen malizia guziarekin ta egin nuen guzia barkazioaren esperanza gabe, ta nekiala galduko nuela bizitza bekatua agertuaz. Eta zuek kristau izan zeranok, ukatu dituzute, edo ez esan bear bezela lotsa apur bategatik Sazerdote gordeko zizunaren belarrian ta konfesatuta Jangoikoak barkazioa eskiñi zizuten egun zorionekoetan. Ala lotsatu ta kondenatuko du Soldadu ark kristau konfesio gezurrezkoagatik kondenatuko dana, ta ez du idukiko zer eranzun kargu andi oni. Bekatu bat dago dio San Agustinek, Jangoikoak berak barkatuko ezin duena; ta bekatu au da bekatuaren estaltzea, eskusa edo defensioa. Akusatzen danean bat ezarri dituela madarikazioko itz edo maldizioak, zertara dator edertzea esanaz ernenagerazi ziden seme alabak, ezin dezake bizitzarik iñork nere senarrarekin, Santa bati ere galeraziko dio pazienzia; ordi bat, ondatzalle bat da? Zertako eskusatzea esanaz egin dizte kalte andiak nere auzokoak, ezin ekusi naute, begitan artu naute, ta gorroto badiet, da motibo andiak gatik. Pakean utziko balidate, bakean egongo nintzake, ez diet nik gaizkirik egin. Au da egiazko konfesio humilla? Zure humiltasun pazienziaren paltaz egin dituzun bekatuen kulpa egotzi besteai; ta agertu oen bekatuak zereak baño argitasun geiagorekin? O konfesio damugabea, ta mutildua! Zertako da konsentitu ezkero akzio edo eskuko loiak, esatea; Jauna, ni pakean nengoan, ez nien biderik eman, ni egongo nintzan geldi larga balidate. Atoz ona; ta tentazioari leku emanaz ez dezu bekaturik egin? Zergatik urratu etziñon arpegiko narrua, edo iges egin ez bereala? Zertako aserre andi batekin esan etziñon gaizki zere anima lapurrari? O konfesio ederki apainduak! Akusatzen zera; Jauna, eman diet leku pensamendu gaiztoei, ta akzio zatarrai, baña zertako ez esan, au datorrela joaten zeralako olgantza edo pesta lekuetara: ekusten diozula gauza txaar asko, amorio itxu bat artu diozula, agerzen dituzula bekatuen iturri, ta etor bideak? Bai berriz. Gezurra aurrera; gorde bearrean dana ta utzi zirkunstanzia Konfesoreak, zu ondo osatzeko jakin bear dituanak. Zertako Konfesore begiratu batek luzatu dizunean absolbizioa larga artean okasio gaiztoak, eman artean emiendaren señaleak, edo egin artean restituzioa, zoaz ernegatzen, gaizki esaten, ta gero biurtu bearrean beragana ordenak kunplituta, joatea beste Konfesore bat engañatzera, esaten diozula nai dezuna, ta estaltzen diozula beste leenago Konfesorearekin gertatu zatzun guzia? Zertako dira asmo galdu oriek? Zergatik ezkutatu bekatuak? Ona emen estalgarri asmatzen dituztenak. Beldurtu nintzan konfesatzeko, zeren uste nuen bearko zala joan Erromara edo Inkisiziora absoluzioa izateko. Enzun det noizbait ezin Konfesoreak absolbi lezakeala Bulda santuarekin ere herejiako, bekatua, ta neritzon nik neuzkanbekatuak zirala herejiakoak. O deabruaren asmoak animak atzeratzeko Konfesio oso bat egitetik! Zer ote da zuk herejiako bekatutzat daukazun ori? ganadu, edo animalia motaren batekin eginikako bekatu itsusia? Ez da ori herejiako bekatua, ta edozein Konfesorek absolbituko zaitu orrelako bekatutik damu oso batekin konfesatzen badezu. Ez dago berriz inolako bidez ezergatik absoluzia izateko Erromara, ta Inkisiziora joan bearrik herejiako bekatu egiazkoan erori baziña ere. Konfesoreak berak artuko ditu bideak zuk bururik agertu gabe izan dezazun absoluzioa. Herejiako bekatua dago ukatzen ezagueraz ta temaz bezela Fedeko artikulo, edo Elizako doktrina erabaki bat. Berriz etortzea gogorazio gaiztoak, duda moduak Fedeko Artikulo edo Elizak erabakita dauzkan doktrina kontra, ez da bekatua damu ematen bazizun alako tentazioak etortzea, edo zere borondatez ta ezagueraz lekurik ematen ezpaziñen. O zenbat alditan egon diran asko konfesatu ezinda onelako pensamentu itxusi, bekatu etziranak, begitandurik akordatzeaz beste gabe bekatu herejiazkoa egin zutela.

        Bigarren engañoa; Jauna beldurtu nintzan Konfesoreak norbaiti esango ziola, edo aurrerakoan begiratuko zidala arpegi astunarekin, ta ekusten nenduen leku guzietan oroitu edo akordatuko zitzaizkola nere bekatuak. Konfesoreak iñori esan? Ez da erreko balute ere konfesoreak agertu. Ez da zerorri ere ezer aitatu premia, ta zure naiz oso edo lizenzia gabe. Urte askotan izan nai Konfesore, ames asko egin ditut milla erakeriatan, ta esaten dizut egia, inoiz amesik egin ez dedala iñoren bekaturekin. O Jangoikoaren Probidenzia miragarria! Ez dunai amesetan ere ezer gogoratzea. Konfesoreai enzun dituzten bekatuak. Konfesore izan diran askok galdu dute burua, edo zoratu zate. Oek esan oi dituzte milla gauza igaro; ordea ez da inoiz ekusi onelakoak ere aitatzea konfesioko gauzarik, ta jende gaiztoren batzuek noizbait zerbait aitatu badie tentatzeko, aserratu oi zaie zorota guzti. Enzun dezakezu geiago? Bai. Izan dira munduan Sazerdote Konfesoreak Judas bera baño gaiztoagoak, izan dira herejiak erakatsi ta hereje askoren buru izan diranak, ta Konfesoren kontra asko esan ta eskribitu dutenak Lutero batek bezela. Guziaz ere ez dute inoiz agertu konfesioan aituriko gauzarik: ez beldurrez, ta eskrupuloz, ta bai Jangoikoak bere probidenzia miragarriaz aztuerazitzen dielako ezer esatea. Eta kristau eroa, beldurtuko zera Konfesoreak ezer esan ez dezan? Uste dezu egongo dala zure bekatuak buruan darabiltzala, ta egingo dizula arpegiera astuna? Nai dezu ejenplo eder bat?

        Zebillela San Luis Beltran misioak egiten eldu zitzaion bein gizon bat konfesatzera: baña au zegoan belaunak ikara egiten ziela, ta izerdi otz bat korputzean irtenda bere burua zekusalako Santu andi baten oñetan, ta bere anima bekatu itsusiz beterik. Igarri zion Santuak bere beldurra. Asi zitzaion galdetzen bekatuak amorio ta samurtasunik andienarekin. Esaten zuenean bekatu itsusi bat esaten zion ezertan gelditu gabe, aurrera, ederki explikatzen zera. Onela esaten zituen animo andi batekin guziak beldurra igarota, ta esanago, ta arpegi alegreako Santuak, zeriozala pozezko negar malkoak gizon gaiso aren buru gañera; ta eman zion penitenzia uste zuen baño ariñagoa esaten ziola; nere Semea, zure bekatu andien penitenzia nere kontura artzen det, nik egingo det zure ordez beste guzia. Gizon gaisoak ito bear zuen negarrez bere bekatuen damuz, ta esan zion Konfesore Santu andi ari Aita, beste bekatu guziak ere enzun dizkidazu emetasun, edo pazienzia andi batekin; enzun bear dit bada konfesatzen nago ala etorri zatan gogorazio gaizto bat ere. Ikusi dedanean berorren biguntasuna nere bekatu andiak enzuteko, etorri zat gogora ez dala berori izango esaten duten bezein Santua, berorrek ere noiz edo berriz egin izan dituela nere moduko bekaturen batzuek; zeren nola artuko nenduen ala ez izaitera anbeste amoriorekin? Nola ikaratu ta agiraka ito ez ni bezelako gaizto bat? Ai nere Seme biotzekoa, esan zion gutxi gorabera Santuak; Jangoikoari eskerrak, ez det orrelako gauza gaiztorik egin; gaztetxoa nintzala mundua ezagutu baño leenago deitu nenduen errelijiora ta gorde nau bere miserikordiaz bekatu loietatik. Ordea zer nai zenuen? Zeruko Aingeru Santu ta ni baño garbiakgoak alegratzen badira Jesu-Kristok dionaz bekatari baten biurrera edo konbersio egiazkoaz, nola ni gozatuko ez naiz ekusi ezkero onelako damuarekin Konfesio jeneral edo oso bat egiten? Nola nik zure malkoak bilduko ez ditut ekintzeko Jangoikoari, zeñek ateratzen dituen zure biotzetik? Animako mediko egin banau Kristok, nola poztuko ez naiz zu osatuta ekustean? Egin banau Aita animakoa zuk esan dezun bezela, nola konsolatu ez nere Seme espiritukoa egiten danaren osasun ta bizitza berriarekin! Non arkitu nezake nik bazkari gozoagorik! O nere Semea. Iraun zazu bada emen artu dituzun gogo santuetan. Salbatzen bagera biok kantatuko diozkaguz Zeruan alkarrekin Jaunari, zuk, itxoran zizulako penitenzia egiteko, ta nik bidaldu zaituelako nigana Kristoren pasioko frutua zure animan iraasteko. Ala egin zuen gizon ark aurrerakoan, ta ariktu zuen Zerurako ate idikia. O kristau beldur ikaraz zaudena agertzeko zere bekatu urte askotakoak, zergatik etzoaz billatzera Konfesorerik birtutetsuena? Dezu premia urte osoetako edo bizitza guziko konfesio jeneral bat egiteko? Ez izutu bekatuari betiko agur bat egin, nai badiozu, ta larga nai badituzu bekatura eraman zaituzten okasioa andi ta ezagun guziak. Zer atera dezu bekatuko atsegin ustel ta zatarretan animako kezka ta arantzak baizik? Jangoikoaren kontra zabiltzala, nola arkitu benetako pakea? Nolako poza izango ez da berriz zurea, bekatuen karga astuna botata, bazoaz Jesusen besoetara Magdalena bat egiñik?

        G. A Jauna esan dute batzuek, ori erraz esaten da; baña ez du inork enzun nere bekatuak bezein itsusirik. Ai esanda baneuzka; eta nola aurrerakoan egingo nukean bizitza txit on bat. Baña dauzkadaz bekatu bi edo iru txit jarregarri edo lotsagarriak; besteak esango nituzke errazago, aiek esanda baneuzka.

        E. Ai kristau eroa! eta nola kastigatzen zaituen deabruak. Nai dezu betiko kondenatu? Ori ez Jauna. Uste dezu salbatu zindezkeala agertu gabe? Ez Jauna: ori fedeko gauza da. Deritzazu gaur ezin dezula egingo dezula gero errazago? Ala uste det. Etorriko da misioren bat, arkituko det noiz edo noiz Konfesore ez ezagun bat, ta erraz esango diozkadala deritzat. Baña nik esaten dizut deabruaren asmoak dirala oriek. Atoz ona; eta badakizu itxarongo dizula Jangoikoak misio berri bat etorri artean? Dezu lurrean egun seguru bat? Eta Jangoikoak zuri denpora luzatzeko da bitartean konfesio ta komunio gaiztoak egitea bide, edo merezimentu ona? Baña etorri didilla misio, etorri Konfesore ez ezagunak; uste dezu esango diozkazuela bekatu guziak ezer gorde gabe? Etzaituela ikara berri batek artuko, itoeraziko dizuna biotzaren ondoan zere bekatua? Ona ejenplo ikaratzekoa, ta sarri esan bada ere Erakastegi edo Pulpito santuetatik, beti izan dana frutu andiaz. Emakume bat arkitzen zan urte osoetan lotsaz bere bekatuak konfesatu ezinda Konfesore ezagunik etzedukalako aitzaki edo estalkiaz. Zeraman bizitza guziz estu bat, jaten zuenak ere onik egiten etziola. Ai esanda beneuzka zion, nere bekatu guziak! Eta nola eramango nukean aurrerakoan bizitza guziz on bat! Ai Jangoikoak ekarriko balit Konfesore kanpoko, ez ezagun ta jakitun bat! Orra non eldu ziran erri artara igarobidez Misionari bi. Poztu zan ikusi zituenean, ta joan zan Elizara urrengo goizean itxarotera Sazerdote kanpoko aiei. Sartu ziran oek Elizan meza esateko. Emakume gaiso ura urreratu zitzaion Misionista batari, ta eskatu zion konfesa zezala. Bai ta pozik, eranzun zion Jangoikoaren ministro anima billa zebillen ark. Asi zan Konfesioa, ta bitartean zegoan beste Misionista bere laguna Eliz bazter baten orazioan,ta ekusi zuen onek, nola Zapo erreskada batek prozesioan bezela irteten zuen elizatik kanpora. Au zer da? zion beregan. Nondik dator zapo belz oiek? Begi animakoakin jarraiturik, ekusi zuen nola irtetzenzuten emakume konfesatzen zegoanaren aotik. Ikara santu batekin zegoala erraparatu zuen, nola emakume aren eztarrian zebillen Zapo txit andi bat, irten nai ta irten ezinik, pelea baten bezela; baña bere biotzeko damu andi batekin ekusi zuen, nola animalia edo piztia zatarra sartu zitzaion sabelera irten gabe. Bereala Zapoen Prozesio irten zuen guzia biurtu zan lengo bidetik, ta guzi guziak sartu ziran lengo tokira, edo emakumearen barrunbera. Jaiki zan Konfesiotik emakumea, baita Konfesorea ere, ta mesa eman zutenean, esan zion bere lagun Konfesoreari beste Misionistak; au ta au ekusi det puntuan konfesatu dezun emakumea konfesatzen zegoan artean; ta beldur naiz lotsa andiren bat ematen zion bekaturen bat estaldu dizula. Konfesoreak billatu zuen andra ura Elizan; ordea etzuen arkitu joan zalako Etxera. Jangoikoari graziak emanda meza ondoan, esan zien alkarri, goazen emakumearen etxera galdu ezididin bere anima gaisoa; igo zuten gora, baña arkitu zuten illik. Ikaratu ziran len igaroaz, ta orduan aurrean ekusten zeudenaz. Jarri ziran orazioan eskatzeko Jangoikoari igaro anaren argia: ta orra non piztu zitzaien, edo agertu Infernutik emakume illaren anima etxura guziz ikaragarrian suge itxusi ta izugarri batek beti zauritzen ziola biotza, ta beste guzia suz inguraturik. Gelditu ziran Jaunaren serbitzari biak konorte, edo zenzugabe bezela beldurraren beldurrez, ta esan zien emakume kondenatu aren animak, Jangoikoare Ministroak, anima ziatezete enzutera nik esango dizudena; jakin bear dezute, nola egon nintzan ni urte osoetan konfesio onik egin gabe ezkutatzen nituela gazte egunetan egin nituen bekatu batzuek, ta oen artean bat guziz itxusitzat nedukana. Deabruak engañatzen nenduan siniserazirik largatzeko konfesioan agertzea bekatu aiek beste denpora baterako; Konfesore ezagunari ezin alako gauza itxusirik esan zitekeala; etorriko zala noiz edo noiz kanpoko ez ezagunen bat, ta alako bati esatea zala guziz erraza. Ona non Jangoikoak bidalduta, eskusarik izan ez nezan, etorri ziñaten zuek erri onetara. Asi nintzan konfesatzen; esan nituen bat ez ta beste guziak, ta bat ura esateko sarri abiatu nintzan, baña sartzen zitzaitan ikara txit andi bat, ta azkenean gorde nizun agertu gabe. Ark orain zauritzen nau suge onen itxuran, galdua naiz betiko, ez nigatik orazio alperrik egin, ta predika ezazute mundu guzian nere azkena, ta zer egin duen nerekin Jangoikoaren Justiziak, zeñek ebaki ziran nere bizitza beingoan galdu nuelako alako okasio ederra agertzeko nere bekatuak osoro.

        O kristau ero, ta deabruak emakume ura bezela engañaturik zauzkana, zeren zai zaude? Ezin agertu dezula diozu orain, ta gero bai? Gero errazago izango dala bekatu geiagorekin anima kargatuta? Konfesio ta komunio gaiztoakin gogortuko zatzu biotza, geitu lotsa, deabruak artu indar edo podere geiago, beteko dezu bekatuen neurria, largako dizu Jangoikoaren len bezelako deitzeak, ta joango zera konfesio oso bat egitera Infernuko Sura Luziferren oñetara, esaten dizu San Bizente Ferrerek, non ez dezun ezer esan gabe largako, ta emango dizu inoiz akabatuko ez dan Penitenzia.

        Bekatu ikaragarriak dira, diozu, ta ezin aoan artu nezakez. Zer egin dezu bada? Esan milla maldizio Jangoikoaren kontra? Madarikatu dezu bere izen santua? Artu diozu gorroto andi bat Jesu-Kristori? Poztu zera Juduak ill zuelako? Zer egin dezu bada? Ill dezu zeure etsaia, edo aur bateatugabea bekatua estaltzerren? Nork igarri lezakean, egin dezuna! Komulgatu ondoan eraman dezu hostia konsagratua etxera, ta eman txakurrari, edo erabilli ostikopean? Ostu dituzu Elizako gauzaak? Egin dezu deabruarekin tratua, saldu diozu anima zere firmaren azpian ta odolarekin? Persegitu dezu Jesu-Kristo, ta bere jarratzaleai eman gerra? Ori egin zuen San Pablok, ta egn zuen penitenzia, ta izan Santu guziz andia. Nork egin du munduan Manases Erregeak beste bekatu? Inork ez; ta salbatu zan konfesatu zituelako guziak deadarrez ta negar andiakin Konfesio ezkutukorik etzegoen egunetan. Eta esango dezu gero bekatu ikaragarriak dauzkatzula! Zer ote dira berak? edo eskuka zikin zere buruarekin egiñak, edo animaliarekin egindako bekatuak, edo sarri konfesoreak enzun dituen, beinzat bai erakurri, bekatuak. Aitatu ezin dezula diozu. Ona bada zer egin bear dezun. Esan Konfesoreari, lotsa andia ematen diden bekatu bat, bi edo geiago dauzkat ta inoiz konfesatu ez ditudanak; ta berorrek lagundu bear dit pazienzia andi batekin galdetuaz; ta esan zein mandamenturen kontrakoak diran. Ekusiko dezu, nola Konfesoreak itz au enzunda, animatuko zaituen, ta esanerazi. Pekatu andiagoak egiten dituzu komunio gaiztoekin zuk esan ezin dituzun besteak baño, bada treatatzen dezu Kristoren korputz eder Zeruan, ta hostia santuan dagoana Juduak tratatu zuten baño deshonra geiagorekin; ta au nai du deabruak zuk bekatuak ez agertuaz. O anima kristaua! Nola iduki dezakezu lurraren gañean pake apur bat, nola farre gozo bat egin, nola joan lotara, konzienzia gaizto ta larrituarekin? Kain zorigaiztokoak etzuen egun on bnat ekusi bere Anai Abel justoa ill zuenetik, beti zebillen igesi erririk erri mundu guziak ill bear zuelako beldurrez. Zuk zere beste bekatu ezin esan dituzunai geitzen diozkazuz sakrilejio izugarriak komunio ta konfesio gaiztoekin, ta daramazu Kristo ber bera zere bekatu zatarren ta infernukoak dauden Karzelara. Orra zer egiten dezun osoro ez agertzeaz.

        Adiezazu ejenplo au, ta ekusiko dezu nola pakerik arkituko ezin dezun atera artean zere biotzetik gorderik dauzkatzun bekatuak. Zaldun aberats batek egin zuen bein bekatu guziz itxusi bat. Damutu zitzaion laster; ordea nola kristaua zan, konfesatu bear zuen salbatuko bazan. Baña gogoratuaz beste gabe esan bear ziola Konfesoreari, irtetzen zion izerdi larri batek. Ernegatu zuen bere buruarekin pakerik arkitu ezin zuelako iñon. Enzun zuen noizbait bekatu aztutzen ziranak konfesioan, barkatzen zirala, ta etorri zitzaion burura aztuko zitzaiola berak egin zuen bekatu itsusia irten ezkero munduko erri andiak ekustera, ta aietako dibersio, jolas, edo olgantza modu guzietakoa ematen bazan. Ala egin zuen; bazebillen erririk erri, jokorik joko ukatzen etziola bere buruari nai al zezakean jostatze edo dibersorik. Ordea guzia alperrik; beti arantza biotzean, lo gozorik ez, ta bere bekatua begien aurrean beti. Ekusirik etzuela pakerik arkitzen bere asmo eroakin, esan zuen: bear bada limosna andiak eginda, gaisoak Hospitaletan ekusi, ta konsolatuta, Elizetan ordu luzeak igarota, aztuko zitzaiola bere bekatua, edo barkatuko ziola Jangoikoak konfesatu gabe. Baña geroago ta larriago bere biotza: Zer balio dizue, esaten zion konzienziak, zure Eleizako egoera luzeak, zure limosna guziak bekatu ori animatik bota gabe? Azkenean bere buruari pakea emateko erabaki zuen Judasek bezela urkatzea. Bazijoan egitera; ta orra non arkitu zuen bidean San Ignazio Loiolakoren Seme, edo Jesusen Konpañiako Sazerdote bat. Beren agurrak eginda, erregutu zion Zaldun triste ark igo zezala bere Kotxera; alakoak izan ziran erreguak, ezen sartu zan Sazerdote Jangoikoak prestatuziona. Jaiki zan Ostia illun edo eguraldi trumoezkoa; asi zan esaten Relijioso ura, zein gauza ona zan konzienzia garbia idukitzea, nola pakerik etzeukan pekatuan zegoanak; oñaztarri batek, edozein gauzak eraman zezakeala mundu onetatik, ta konfesio egiazkoak ekarri zezakeala bakarrik zorioneko izatera mundu onetan ere; lurreko ebillera, jolas ta dibersio guziak etzekarrela animako deskasu, atseren edo pake iraunkorrik. Jauna, esan zion Zaldun ark; nondik daki berorrek nire berri inoiz alkar ekusi gabe; ta bata besteagandik urrutikoak izanda? Non irakurri du nere konzienziako librua? Nik ez det berori ezagutzen eranzun zion Errelijioso ark; baña nola San Ignazio Loiolakok enkargatzen digun beti itzegiteko gauza ona, ala irten dide enzun dituenak. Ala bada Sazerdotea ta Konfesorea naiz, ta ezertako nai banau, emen nago prest animaren salbazioan laguntzeko. Konfesatu gabe balitza egingo nuke edozein gauza; baña ez niri aitatu agertzea nere konzienzian gorderik daudenak. Izan didilla ala; esan zion Sazerdoteak, baña artzazu librutxo au, egizazu emendik esamina konfesatzeko ezpada ere, damu andi bat artzeko; ta gero biok ibilliko gera mendi onetan paseo batzuek ematen. Egin zuen ala; irten zuten alkarrekin basora, ta zebiltzala, esan zion Sazerdote ark. Etzera zu orren jakituna animako gauzeetan, ta nik aitatuko dizkitzudaz nolako bekatuak egin oi dituzten gizon errukarriak; mandamentu onen kontra egin oi dute au ta au, beste onen kontra au ta au, baita onelako ta alako bekatua ere; ta aitatu zion Zaldun ark egin zuen bekatua. Ai ene! Orise da nere bekatua, esan zion Jesuita anima zale ari. Orrek narabil zoratuta. Ori da nere animako borrero gogorra; ta ori ezin esanak inori, neraman burua mendi onetan urkatzera bakea billatzerren. Oratu zion laztanga Sazerdote asmo Santuz beteari, etzin zitzaion bere oñetan; ta esaten dio konfesatu bear nau, enzun bear dit nere Konfesio jeneral edo bizitza guzikoa, pozik esango ditut ekusi ezkero idiki didala nere biotza, atera dedala suge tormentatzallea. Ala eginzuen negar andiakin; eman ziozkan milla esker Konfesore ain onari, biurtu zan bere etxera, ta egin zuen gero bizitza santu bat.

        A Kristau maite, zaudena bekatuak agertu gabe lotsaren lotsaz; zeren zai zaude? Alperrak dira zure asmoak; ez dezu pakerik arkituko emen lurrean esan artean guziak estalki gabe. Konzienziako arra bizi da, ta biziko da gero ere Infernuan orain iltzen ez badezu bekatuari eriotza emanaz Konfesioko ezpata zorrotzarekin. O bekatua! Laburra da zure atsegiña ta luzea zure miña. Amon Zaldun zorigaiztoko ta Dabiden Semea gaisoa argaldurik dabill Thamar emakume ta aidearen amorez. Milla asmazio egiten ditu erakarteko bekatura, ta indarrez bezela irtetzen du bereaz; baña bekatu egin orduko amore loi guzia biurtu zitzaion gorrotora, ta egun gutxiren buruan ematen dio eriotza dama engañatu zuenaren Anaje Abasalonek, ta jetsi zan Infernura bekatuaren arrarekin.

        G. A Jauna esango dit onela konfesatu ezinik dagoanen batek: nork arki lezakean orain aitatu duen, bezelako Sazerdote on ta biotz biguñeko bat! Baña ez det nik arkituko orrelakorik. Nik ez dakit nondik asi ere anbeste urteko konfesioa. Itz gogor bat enzuten badet ezingo ditut esan.

        E. Egia diozu alde batetik; Konfesorerik Konfesorera dijoa desberdintasun edo deferenzia andia. Bear dezu autu ta billatu al dezun birtutetsuena ta jakitunena bide luzeak egin bear badira ere. Enzun ta enzun baño egiten ez duen Konfesoreak, edo presaka ta gogo txaarrarekin dagoanak, nola largako du pakean naaste andiak dauzkan anima lotsatia? Galdetzen ezpazaie askori, ta ikutu zaurian, geldiko dira bekatua gaizki esanda, ta irtengo du anima gaixoak sartu zanean baño kezka geiagorekin. Artzen ezpadira itz biguñakin, laguntzen ezpazaie ateratzera ezkutuan dagoan suge okertu ta kirimillatua, ta barrenago sartuko da. Eta zer, itz gogorren batekin ikaratzen bada? Zergatik kondenatu zan Inglaterrako Errege baten alaba? Enzun ejenplo au, zeñek eragin dituen Konfesio on asko predikatu dan aldi askotan.

        Inglaterran Fedea osoa zegoan egunetan, izan zuen Errege batek alaba bat guzia Jangoikoari emana. Bere edertasuna zan inork ez bezelakoa, ta billatzen zuten Errege kanpokoen Semeak ezkontzarako. Ordea etzien enzuterik ematen, ta egin zion Jesu-Kristori kastidadeko eskintza edo boto osoa. Egun guzia igarotzen zuen edo erakurtzen libru onak, edo orazioan, edo gaisoai hospitaletan laguntzen, eta etzegoan Inglaterra guzian beste zer esanik ezpada Dama aren limosna, humiltasun, ta birtuteak. Egunoro erakurzen zion Pajetzat zeukan Zalduntxo batek libru debozioko bat, ta gero onek muñ egiten zion eskuan aldegiteko denporan. Deabruak emendik artu zuen Dama santa ura galdutzeko bidea. Eskuan muñ egiteko orduan, etorri zitzaion gerra lujuriakoa, etzion lekurik eman egun askotan; baña okasioa guziz kendu etzuelako, egun batean alakoa izan zan deabruaz eman zion bekatu naia, ezen egin zuen Zalduntxo gazte arekin eskuka edo tokamentu itsusi bat. Laster igaro zan atsegin loia; baña ez beingoan konzienziako arra. Damutu zitzaion bereala; txikitzen zuen negarrez bere burua; deabruak ematen zion ernegazioko gerra. Zer egin dezu? Errege andi baten alabak egingo zuen gauza ain itxusia bere serbitzari batekin? Nora dira zure limosnak, zure orazio, penitenzia, ta obra on guziak! A traidorea! Zuk egin ziñion Kristori Kastidadeko promesa, edo eskintza betikoa. Galdu dituzu anbeste ezkontza eder, gordetzearren, ta orain erori zera bekatu itsusian. Ala zerabillen deabruak desesperazioko bidean. Guziaz ere atera zuen kontu, obe zuela mundu onetan lotsa apur bat igaro ta konfesatu zuzen, ta ez gero Infernuan agertu. Joan zan negar andiekin bere Konfesorearen oñetara, ta esan zion, Jauna erori naiz tokamentu itxusi baten nere serbitzari gaztetxo batekin. Konfesore zenzu gutxikoak esaten dio, Zer? Berori erori bekatu ain itxusian? Errege baten alaba, ta anbeste urtean santa bat bezela bizi ezkero? Zer dio? Egia da? Alako moduz ikaratu zuen ze mai edo agiraka bidegabeko ark, ezen esan zion edertuaz; pensamentu nai izan edo konsentitu bat izan zan, ez geiago. Eta zer? esan zion berriz Konfesore txar ark; gutxi da pensamentu loi bati leku ematea alako birtutean bizi izan danarentzat? Nora dira berorren limosnak? Nora penitenzia ta anbeste obra on? Beldurrago egin zan Dama gaixo ura, ta esan zion Konfesoreari, Jauna, ezin esanezake lekurik eman niola gogorazio loiari. Onela galdu zuen Konfesio guztia, bekatua gutxituaz, ta azkenean ezerezera jo eraziaz lenengoan ondo konfesatu zuena. Absolbitu zuen Konfesoreak, komulgatu zan, ta geitu zituen bekatu sakrilejio andiko bi, bere tokamentu itxusiaren gañean. Geroago ta lotsaago ta artu zuen eriotzak konzienzia garbitu gabe. Pobre guziak negar egin zuten bere eriotzan, Inglaterra guzian etzan entzun ezpada ill da gure Erregeren alaba santatxoa; ta uste zutenean egingo zuela mirari andiren bat, besterik gertatu zan. Agertu zitzaion anima Santa bere ezagun bati guzia suz inguraturik, ta esan zion nola ta zergatik kondenatu zan. Baña o Konfesore gogor astun, ta itz garratzakin bidea eman diona ixiltzeko bekatua, ta nolako kontua eman bearko dion Jangoikoari! Billa ezazu bada kristau lotsaatia, ez Konfesore lasai, mundu zale, ta nola alakoa, baizik anima zale, orazio zale, libruzale, ta Jangoikoaren urreko bat. Onelakoak gatik uste oi dute kristau lasaiak, estuak dirala; baña oek dira biguñenak ta animak geien maite dituztenak. Zertan dago biguntasuna? Ematean bereala absoluzioa kristauaren anima prestatu gabe? Itz egitean bekatariari bekatua ezagutuko ez duen moduan? Largatzean okasioko bideetan ardura gabe? Enplastu arin eta azalekoekin osatu nai izatean barren barreneko gaitza gaixoari kontentu ematerren? Ori litzake gogortasunik andiena, animako osasuna ez billatzea. Ekusten bazaitu Konfesore Jangoiko zale batek eldutzen zerala bekatuen damuz ta on izateko gogo sendoekin, nolako poza artuko ez du zuri erasotzeko bekaturik itsusienak? Nolako poza artuko ez du Jangoikoak bialtzen zaituelako osatu zaitzan ardo ta oliozko unguentu edo balsamo biguñarekin? zenbat atsegin artuko ez du anima baten salbaziorako bitarteko edo instrumentutzat artu duelako? Ez diozu enzungo esaten Fariseo gaiztoak bezela, recedé ame, kendu zaite emendik, zoaz nai dezun lekura, ta bai Jesu-Kristorekin, atozte nigana bekatuen karga andiarekin makurturik zaudenak, ta karga ori kendu nai dezutenak, nik arindu, nik konsolatu, nik lagunduko dizuet.

        Badakizu zerk mintzen duen Konfesore jakitun ta anima zale bat? Ekusteak bekatuaren ardura ta damu gabe datozela konfesatzen asko, larga nai ez dituztela bekatuen okasio andi ta ezagunak, ondutzeko gogorik erakusten ez dutela, restituzioak egin nai ezak, artu nai ez izateak osagarririk. Oekin ere peleatzen dira amorezko itzakin ezaguerazitzeko beren animetako peligro andia, ta luzatzen badie noiz edo berriz absoluzioa izaten da amorez, ta presta ditezen bekatuen damua Jangoikoari eskatzera. Baña topatzen dituztenean biotz bigunduak, ondu nai dutenak okasioak larga ta, prest daudenak onagarri edo erremedioak artzeeko, negar egiten dute pozaren pozez, artzen die penitenteai amorio garbi ta Zeruko bat beren animako umeai bezela, egiten dute orazio oen salbazioagatik. Ez dira falta non edo non, errian edo auzokoan onelako ministro zelo andikoak, ta billatu onelako bat biotz guzia agertzeko ezer estaldu gabe. Baña lotsa ta beldurrak zer asmatzen ez du?

        Badira beste batzuek leenago ezkutatu duten bekatua agertzera animatzen diranak, baña ez esatera lotsaz gordeta iduki dutela anbeste konfesiotan. Akusatzen naiz Jauna txikitxoa nintzala egin nuela laguntxo batekin onelako edo bestelako loikeria bat, bi edo geiago, ta gogoratu zat konfesatu ez dedala, aztu zitzalako. Gezurra diozu. Etzitzatzun aaztu, sarri gogora etorri zatzu sermoietan, ta beste ordu askotan; iduki dezu, ezin esanda lotsaz ta beldurrez, ta orain lotsatzen zera berriz esaten, nola lotsaz konfesatu gabe gorde dituzun, estaltzen dituzu ori esanda konfesio ta komunio gaiztoak, ta zer balio dizu agertzea lengo bekatu konfesatu gabeak agertzen ezpadezu zenbat konfesio ta komunio egin dituzun konfesatu ezinaz beldurrez? Lenengoan asko zan esatea bekatu egiñak; baña larga duenak konfesioan lotsaz agertu gabe, esan ere bear du argiro, estalki ta jira bira gabe bekatua gogoan zedukala egin dituen konfesio ta komunio txaarrak. Gauza bat da aztutzea, ta beste bat lotsaz ezin esanik gordetzea. Aztu utsa esan bear da aztu utsa bezela, ta lotsaz konfesatu ez dana, izan dan bezela; Orra len esan nuena, nola geroago ta gaitzago dan bekatuak konfesatzea, gero esan bear diralako konfesio ta komunio gaizki egiñak ere.

        Orain lotsa andiarekin arkitzen naiz; dio beste batek, baña kondenatzeko beldurrak konfesatu eraziko dizkidaz guziak eriotzako peligroan. Uste den emango didala Jangoikoak asti ta lekua; deituko diot Konfesore on bati, ta konfesio jeneral batekin garbituko det nere anima. O deabruaren gogorazio gaiztoa! Nondik dakizu emango dizula Jangoikoak epe galanta ta astia? iltzen ez dira asko beingo batean ezertako astirik ez dutela? Onela iltzen ez diranak ere, zenbati burua galdutzen zaie ta ekusten dira arrazoi argi gabe? Ez det ori nai: demagun ezaguera osoarekin zaudela: baña non idukiko dezu burua konzienzia ondo esaminatzeko urte askotako konfesio ta bizitzaren gañean? Gaitz gogorrak, buruko miñak, kalentura erregarriak, beldurrak, aietan dabiltzan jendeak largako dizute ondo konfesatzen, ta matasa guziak baño naastuago idukiko dezun konzienzia ariltzen, edo garbitzen. Erraz izango da arpegiz arpegi esatea Konfesoreari anbeste bekatu, len mantillapean ta sareta batetik esan ezinda egon baziñan? O itxutasuna! Beldurrak esan erazio dizkit, diozu bai, ta beldur utseko konfesioa nolakoa da? A egia esan nai balute eriotzako peligroan konfesatu ta gero osatu diranak, ta nola esango lukeen batzuek gorde zituztela bekatuak lotsaz, ta infernura bear zutela osatu ezpalitu Jangoikoak.

        Enzun ezazute San Antonio Florenziakoak kontatzen duen gertaera edo ejenplo beldurgarri au. Dama ondo jaio batek egin zuen bere buruarekin, ta bakar bakarrik eskuka loi edo desonesto bat; atsegin gaiztoaren ondoren sartu zitzaion egin zuelako damu ta pena andia, zerren etzan beste batzuek bezelako bein, birritan, ta geiagoan eginda ere bizi diranak damu gabe. Txikitzen zuen negarrez bere burua. Ai ene! esaten zion konzienzian Aingeru onak, bekatu mortalean zaude; iltzen bazera kondenatua zera. Zoaz Konfesore bategana ta agertu ezazu egin dezuna estalki gabe. Bada edo konfesatu, edo kondenatu. Geroago ta gaitzago izango dezu. Baña deabruak ematen ziozkan kontrako gogorazioak; nola len ain garbia ta modestia izanik esango diozu Konfesoreari gauza ain itsusi bat? Zer esango dizu? Utzi ezazu beste era obeagoren baterako. Ala engañatu zuen, ta konfesatu zan ezer agertu gabe, baita komulgatu ere. Geroago ta gaitzago egiten zitzaion ta bere animako kezka, beldur ta larritasunak igaro ezinik, beti triste zebillela, erabaki zuen sartzea monja. Etzegoan Konbentu guzian bat berak beste penitenzia ta orazio egiten zuenik, ta zan guzien ejenploa. Baña sugea ill gabe; konfesatzen ta komulgatzen zan munduan egin zuan bekatua agertu gabe. Jangoikoak penitenzia ta orazioko denporetan ematen ziozkan inspirazio edo argi andiak. A gaixoa! Zer balio dizun anbeste penitenziak zure humiltasunaren paltaz agertzen ezpadezu bekatua ta egiten dituzun sakrilejioak? Armiarma baten bearra, neke alperra, arbola igartuari simaurra, edo ongarria botatzea, Konfesaezazuz. Baña beldurrak etzion largatzen, ta aurrera penitenzia ta konfesio gaiztoak. Alako baten egiten dute Konbentuko Nagusi. Orduan gaitzago zeritzon konfesatzea birtutre andiaren usaia zabaldu zualako. Bete zuen bekatuen neurria, eldu zitzaion azkeneko gaitza. An ere etzion largatzen konzienzia edo Aingeru onak; deitu zion Konfesoreari, ta azkenean beldurraren beldurrak atera zion itz labur au, Jauna, eskrupulo bat etorri zat. Baña nola Konfesoreak zedukan santatzat esan zion oriek dira deabruaren tentazioak, bota eskrupulo oriek; ala geiago esan gabe konfesatu ta komugaltu zan, artu ere zuen Oliazio edo Unzio Santua, ta ill zan monjaz inguraturik negarrez zeudela alako Abadesa santa bat galdu bear zutelako. Il zan gau artan zegoan bakarrik Koruan beste monja birtute andiko bat enkomendatzen bere abadesa defuntaren anima. Orra non lanparako argian ekusi zuen, keriza belz ta izugarri bat; ikaratu zan guzia, baña Jangoikoaren graziaz sendotuta, galdetu zion; Zer zera, ta zer bear dezu? Ai ene! Eranzun zion itxura belzak, ni naiz zuen Abadesa gaur ill ta Infernuan nagoana; ez nigatik oraziorik egin; Jangoikoaren Justiziak arrazoi andiarekin kondenatu nau; sarri bizitzan deitu zidalako konfesatzera gaztetxoa nintzala munduan egin nuen tokamentu edo eskuka loi bat. Inoiz ez det konfesatu, alperrak izan dira nere penitenzia, ta orazio luzeak: ni izan nindekean Santa andi bat bekatua egin, ondo konfesatu, ta gero egin ditudan obra onakin. Ordea galdua naiz galdua naiz, nere honra, geiagoan iduki nuelako, nere anima baño.

        O ejenplo arriak biguntzekoa! Bekatu bakar batek galerazi bearra anbeste penitenzia! O onra gaiztoa ta zenbat eraman dituzun infernura. Konfesatu ezin zituena munduan ixiltxorik, dakar beste mundutik Jangoikoaren Justiziak agertzera bekatu guziak ta bere kondenazioa beste monja bat, ta onen bidez besteai, ta andik ona publikatu da Pulpito askotan besteen bildurgarrirako. O zenbat errazago izango zuen esatea ixiltxorik damu andi batekin gordeko zion Konfesore bati! A Kristauak! Badago zuen artean iñor onela deabruak engañaturik? Atoz ona esatera eriotzako orduan agertuko dituzula ez bekatu bakar bat monja ark bezela, baita ere lotsa geitzeko asko diran bekatu izugarriak. O kristau zoratua! Nai dezu anima galdu betiko onra apur bategatik? Zer diot? Onra galdutzen dala? Konfesoreak mespreziatuko zaituela? Galdu zuen onrarik Magdalenak joan zanean Kristoren oñetara an negarrez ta askoren aurrean agertzera bere bizitza gaiztoa? Galdu? Alabatu zuen Kristok, atera zuen arpegia gaizki esaten zutenen artean, ta desonra andiarekin eldu zana biurtu zan Kristok onratuta. Eta nolako onrarekin zabaltzen da bere konfesio humill, ta penitenzia? Samaritanaren bizitza txaarrak, non ekartzen dio desonrarik penitenzia egin ezkero? A Kristauak! Nik esaten dizuet, konfesio garbi egiazko ta oso batek laguntzen dionean bekatuen damu, ta ondu nai zindoak, onratzen duela anima Konfesorearen begietan ere. Eta zenbat geiago Aingeruen begietan ta Jangoikoaren aurrean? Nola onratu etzuen, Ebanjelioak kontatzen duen Aitak, Seme galdu ta etxera biurtu zitzaiona? Nolako ereztun ta soñeko ederrekin apaindu etzuen bere oñetan bekatuak agertu ta negar andiekin barkazioa eskatu zionean? Bai Jauna, zion Dabid Errege penitenteak Konfesio ta edertasuna alkarrekin janzi edo batu dituzu. Confesionen et decoren induisti. Ez da Kristoren aoko itza Aingeruak jai andia zelebratzen dutela Zeruan bekatari baten egiazko biurrera edo konbersioan? Orra nola onratuak diran Zeruan ere ondo konfesatzen diranak.

        Oriek orrela dira, dio nork edo nork; baña ez da erraz agertzen urte askotako bekatu ixilduak, ta egin diran konfesio-komunio gaiztoak. Eta errazago da emen lurrean eramatea bizitza larri ta kezkaz bete bat, lo gozorik ere ezin egin dala? Zenbatek amesetan ere igarotzen dituzte ikara andiak! Ona batekin neuri gertatu zatana, ta inork ezagutu ezin dezakeana. Egin zuen Misionista batekin Konfesio jenerala, baña larga zion bekatu itsusi animaliakin egiña, ez aaztuta, bai beldurrez. Geroago gau baten izan zuen ames beldurgarri bat txakur andi baten itxuran galdetzen ziola, atoz ona, zer jaten dezu? Zerekin mantenitzen zera? Ikara gorrian zegoan gizon tristea. Gu mantenitzen gera bada Infernuan piztia txaarren aragiarekin. Etorri zitzaion gogora nola gaizki konfesatu zan, nola estaldu zuen lotsaz bekatu itsusi bat. Esnaatu zan ta izerdi larri batekin. Luze iritzi zitzaion gauari konfesatzera joateko; jaiki zan bereala ta eguna baño leenago irten zuen nere billa; etzirudian zana beldurraren beldurrez, ez agertzeko bekatua, zerren erraz konfesatu zituen utzi zuena ta beste guziak; baña bai kondenazioko beldurrez. Lagundu nion amorez ta aleginez, ta damu andi baten señaleakin egin zuen nere iritzian Konfesio eder, ta oso bat. Jangoikoak eman zion gizon gaiso oni mirarizko grazia bat, deitu zion ames onean, ta agiri izan zuen zerukoa zala dei ura, ekusi ezkero zein erraz agertu zituen bere bekatu len esanak ta ez esanak.

        A kristaua! Zuk lo egiten dezu ames beldurgarri gabe konfesio ta komunio gaiztoak egiten dituzula? Parre egiten dezu, olgatu galanki konzienziako kezka gabe? Zer esan zure biziera modu orren gañean? Kangrenatuta dagoala zure biotza miñik artzen ez duenean. Betiko eriotza urrean dezula, Jangoikoak larga bezela zaituela. Baña etorriko da ordua, zeñean iratzartuko zeran lo zorro gogor orretatik. Zuk estaltzen dituzu, Konfesoreari agertu gabe, dakizkitzun bekatuak; ta nik, dio Jangoikoak Natan Profeta santuaren aoz, nik agertuko dizkitzudaz, ta arpegian eman; nik erakutsiko diet jende guziei zure billostasuna, ta desonratuko zaitut reinuen artean. Bai, dio San Gregoriok, bekatuak itz egiten dute. Zure bekaturik ezkutuenak, gordeenak, ta lotsagarrienak itz egingo dute juizioko egunean; esango dute. Zuk egiñak gera. Badira Saul Erregearen gisako asko largatzen dutenak ill gabe. Agag Errege gizen gizena, gordetzen dituztenak gauzarik baliosoenak, ta bakarrik ill ta erre gutxi balio duten gauzak? Zer esan nai det? Badirala konfesatzen dituztenak beste bekatu txikiagoak, ta ez bekatu gizen, lodi lodi ta itsusien batzuek, guziak ill bearrean konfesioko ezpataz. Ordea esango die eriotzako esturan Sauli bezela ekusten dituztenean oe aurreen itxura belzak, Amelecites ego sum. Ni naiz zuk ill bear zenduena. Ekusiko du animaliaren itxura, ta esango dio, ni naiz arako abere edo giberri bekaturako billatu ninduzuna. Ekusiko ditu aurtxoak, ta esango die, gu gera bekatu egitera eraman ginduzunak. An ekusiko dute batzuek aurtxo txiki bekatua estaldutzeagatik bateo gabe ta amaren sabelean galduak. Eta nolako ernegazioa, nolako desesperazioa ekustean argiro eriotzako kandelan bekatu ondo konfesatu gabeak? Illko zera azkenean, ta joan bearko dezu Jesu-Kristoren Tribunalera Aingerua, deabrua, ta zure konzienzia testigo dituzula bizitza guziko Konfesio jenerala egitera. Nola irtengo dezu deabruak ta konzienziak akusatzen zaituztenean, nola onelako edo alako bekatua konfesatu gabe larga zenuen lotsaz ta beldurrez, onra apur bategatik? Norako zera Kristoren oñetatik? Nora? O salto ikaragarria! Infernuko Luziferren oñetara. Zer egingo dezu an? Ukatu ta estaldu bekatuak Konfesoreari bezela? Edertu, gutxitu, ta eskusatu? Ez. Esango dituzu nai ta ez damu gorrian andi ta txikiak desesperazioko amorruarekin; emango dizute komunio orde dragoien beazuna, ta azkenean beti beti iraungo duen penitenzia. Ez nau ni gaurko sermoian ezertan artutzen dioe batzuek: nik ez det konfesatu gabe ezer larga dakidala ta lotsaz. Ero garbiak dira probetxo gabeko ta kalte andiko konfesioak egiten dituztenak. Ez naiz ni gezurrak esatera joan konfesorearen oñetara? Ez? Atoz ona bizio gaiztoetan sarturik egon zerana, konfesiotik bekatura, bekatutik konfesiora zabilzana, ez diozu esan Konfesoreari dezula proposito egiazko ta sendoa ez geiagoren geiago bekaturik egiteko? Ori bai Jauna. Bada zein gezur andiagorik! Zu biurtzen zera erraz bekatura, zure propositoa izan da gezurrezkoa, zure konfesioak gaiztoak ezer konfesatu ezpazendu bezela. Eta bizi zera guziz estaltzen dituenak baño kondenazioko peligro andiagoan konfianza bide gabearekin bizi zeralako. O nola egunen baten agertuko dan biotza bekatuarekin zendukala damu det Jauna gezurrez esaten zenduanean! Ai nere kristauak! Eta nola deabruak arrapatzen dituen asko konfesio txar askoren bidez. Mundua beti bat bekatu ta guzi; aurrera lujuriak, aurrera irabazte bidegabeak, aurrera bekatu modu guziak, ta aurrera konfesio gaizto ta frutu gabeak. Konfesatu nai ezpadituzue zuzen, utzi nai ezpadituzue benetan bekatuko okasio ezagunak, barkatu Jesu-Kristori esaten dizue Elizako santu andi batek. Parce in te Christo. Zertako zoazte laztan palso bat ematera Judasek bezela? Zertako jan nai dezute Jangoikoaren juizioa komunio gaiztoetan? Zertako eldu sillatzera bezela zuen kondenazioa Kristoren odolarekin. Ez dira asko ta geiegi beste bekatuak? etorriko zerate persegitzera Jesu-Kristo berbera sakrilejio andien bidez? Bada bitik bat, edo ondo konfesatu, edo betiko kondenatu. Zer nai dezute? Pensatu ondo.

 

aurrekoa hurrengoa