www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XIII.

Nola konfesio jenerala egin ondoan
iraun bear dan bizitza onean
ta nola iraungo dan

 

        Ez da gauza sarriago ekusten danik, nola diran Konfesio jeneralak misioko egunetan, baita ere beste denpora batzuetan. Badirudi erriak aldatu dirala onera. Ordea gutxik irauten due gogo santuetan, ta lau edo bost ill igaro baño leenago, negarrak leortzen dira, ta erriak biurtzen anziñako bizitza lasaira. Atseren apur bat artu due pasioak, baña gero azkortzen dira: alkar ekusi gabe egon ziran adiskide txaarrak Konfesoreak egindurik, edo Sermoien bidez, geldika egiten dituzte bisitatxoak gauza txatarrik ez egiteko asmo deabruak edertuarekin. Ekusiak dakar parrea, itzketa amorezkoa, ta egun gutxiren buruan askatzen due pasioa, galdu lotsa ta beldur guzia, ta dira gerora egunetik egunera gaiztoagoak.

        Beste batzuek egin zuenean konfesio jenerala artu zuten asmoa biurtzeko ostua, kalte eginak edo irabazi bide gaiztokoak; eman zien itza konfesoreari anbat lastarren egingo zituztela restituzio edo gauza kenduen biurrerak. Ordea min ematen die etxetik ezer ateratzeak, ta dabiltza aurrera konfesatzen kunplitu gabe obligazio ain bearra.

        Beste batzuek eman zuten itza konfesatuko zirala illean bein largako ziela olganza, ta pesta len galdu zituztenai, eramango zueela bizitza modu oneko bat: baña denpora gutxiren buruan largatzen die Konfesatzeari, ta ez Tanboril soñuari; lasaitzen dira kunplitzen ez dituzte penitenziak, ta biurtzen dira anzinakoak izatera. Itz gutxitan; asitzen dira ondo, jarraitzen due gaizki, ta bukatzen due bizitza eriotza gaizto batekin; zerren gaitzera biurtzerekin egiten zaio Kristori injuria, edo bidegabe guziz andi bat, sendotzen dira deabruaren indarrak, ta argaltzen animarenak. Iraun nai ezpazan, zertako asi? Eta zergatik iraun ez asi ezkero bizitza on bat? a jende ero ta gatzgabea, esaten zien San Pablok Galatakoai, nork lausotu ditu zuen begiak ez ekusteko egia, ta jarraitzeko gezurrari? Asi ziñaten ondo, egin ere bai bide zati bat egiaren ezagutzan. Zergatik onik onenean larga diezu bide onari? Nor izan da onela galdu zaituztena? Quis bos fascinavit?

        Iru gauzak dakar morroe bat largatzera bere etxeko Jauna; lenbizikoa, aldatza edo mudanzaren bat dakuzanean etxeko Jaunagan; bigarrena, serbizioa lengoa ez danean; irugarrena, laburtzen bazaio alagorea, edo urte saria. Etxeko Jaun, len bigun errukiorra zana, biurtzen bada gogor, astun, ta gogaitgarria izatera, aldatzen da beste bat bezela izatera: morroea bazegoan konfianza osoan, giltzen kontuaz, ta beingoan morroe azpiko egiten badu, gaitz deritzo aldatza oni, ta dijoa etxetik. Azkenean, amar ezkutu soldatatik eresten badio bostera, ez dio ondo jakiten. Ordea, ze arrazoi arki lezake anima Jangoikoaren serbizioan sartu danak iges egiteko, largatzeko Jaun aldatu ez dana, mesederik gutxitu ez diona, ta bearsariak ugari ta laburtu gabe emango diozkana? Jaun maitagarri onek artzen du Aitaren izena; gaitu bereak, ala berak eginak geralako, nola bere odolarekin erosi ginduelako.Zergatik iges egin alako Aitaren etxetik atsegin ematearen aragi gaiztoari, edo mundukoen esamesak gatik? Edo Infernuko etsaiaren tentazioai leku emateagatik? O eskergabetasun itxusia! Konfesio jenerala osoro ta damu andiarekin egin danean, nolako poza biotzak, nolako arintasun ta pakea zor andiak pagatu ta zor gabe gelditzen danak bezelakoa? Zertara joko du pake ark biurtutzen bagera lengo bizitza gaiztora? Zenbat arrazoi dauzkagu bada irauteko bizitza onean, egunoro obeak izateko, ta birtuterik birtute gabiltzala izateko eriotza ona! Esanda dago; irauten duanak onean azkeneraño, salbatuko da, ez asi, ta largatzen diona on izateari. Obe izango zan nola bait ez ezagutzea egia, ez sartzea Jangoikoa serbitzen, aldegiteko bere legetik. Etxe eder ta andi bat asi duanari, parre egingo die neke andiak artu, ta largatzen badu bukatu gabe erdi eginda.

        Nondik dator ordea ez iraute bide on artuan? Ona zer dion Kristok. Etxearen zimentua egin da arearen gañean, dator eguraldi gaizto bat, jaikitzen dira aizeak, ta ujolak, ezarten due lurrera etxe guzia zimentu argal ta txatarra zeukalako. Ala bada birtuteari ezarten ezpazaioz zimentu onak, eroriko da laster tentazio andien aize gogor ta ujolekin. Nabasaiari eskua ezarten dionak soroan bear egiteko, ez du atzera begiratu bear, ta bai ekin bere lanari. Au egin bear da birtuteko lanean; bestela ez da gauza neretzat dio Kristo ber berak. Ekusi bear degu bada zein diran zimendu onak erori ez didin animako bear guzia. Gauza guziak datoz bi oetara, aldegitera onean irautea galerazitzen diguten gauza guzietatik, ta egitera onean irauteko lagunduko diguenak.

        Lenengo, alde egin bear deguna, da bekatura garameezan okasio ezagunak, ta onetan eztago parkaziorik. Gaizki len bizi izan diranak daude gaiso edo eritasun andi batetik iges egin uenak bezela, argal, eror errazak; edozein jatekok, kontu andiarekin ezpadabiltza, gaitza biurtuko dienak, beste sendoai kalte egiten ezpadie ere. Beraz konberti berriak arreta geiagorekin aldegin bear due erorbide, edo bekatuaren okasioetatik, birtutean luzaro iraun ta sendotu diranak baño. Aientzat okasio ezagun ta ur urrekoak dira, leku ta ebillera asko, besteentzat urrutikoak diranak. Kontu dezagun kristau lujuriako amore, ta bideetan oitu dan batek, Jangoikoaren argi batekin bere bizitza gaiztoa ezaguturik, egin duala Konfesio jeneral eder, ta damu andiko bat. Onelako batek iraun nai badu artu duan bizitza on ta berrian, nolako kontua iduki bear ez du? Begiak oiturik dauzka ekuste amoragarrietara, belarriak kanta, edo itzketa zatarra atseginez enzutera. Non nai bezela arkituko da nai ta ez ere lengo ezagun ta lagun gaiztoekin. Oek emango die bideren bat bear ez diran gauzeetarako. Bada artzen ezpadie lagun aiei gorroto santu bat, iges egiten ezpadu txakur amorratu bategandik bezela aien artetik, arpegi astun bat erakutsirik, laster galduko da. Eta zer joaten bada lagun aien artera berak nai duala? Zer agertzen bada karrika edo plazaan prest ta eskintzen bezela burua danzarako? Nola iraun? Nola piztuko ez da anziñako amorio edo oniritzi aragizkoa? Nola parre, itzketa, ta esku estutzeakin likatuko ez da bere biotza? Nola deabruaren soñuan ixilduko ez du Jangoikoak bakarzaleai biotzetan ematen diena? Galdu da bai, anima gaixoa, iges egin du Kristoren eskolatik, ta sartu da infernuko eskolan. Sartu zan peligro beretzat ezagunean, ta beste gabe galduko da. Anima onak, ta birtutean sendotuak ere ez lukee iraungo luzaro galdu gabe. Zer egingo due anima argal ta bekatutik irten berriak? Iges bada iges Babilonia gaiztotik. Bakartzen diranak ere badue zer egin irauteko bide onean. Infernuko etsaiak inguratzen gaitu alde guzietatik; orazio, penitenzia, ta gauza onetara emanak ere peleatu bear du garaitzeko tentazio asko, batez ere len bekatari andia izan bada. Oek galtzeko ekartzen ditu Infernuko etsaiak beste etsai bera baño gaiztoagoak, ta esesten die guziak. Bada nola izango ez dira galdu ta garaituak munduaren erdira irtetzen duenak, mundu etsai andiarekin laztantzen diranak? O itxumena egia au ekusten ezpada! Beraz larga bear dira dibersio edo olgantza peligrosoak; iges egin alako lagunetatik sugearen arpegitik bezela. Ala ez egitera, galdua da anima gaixoa. Orobat edanean len erorten zanak aldegin bear du edateera tentatuko duen gizon ardanzaleetatik, aldegin Ardantegi edo Taberneetatik, non sartu ezkero, jakin bear duen, len gertatu zateenaz, igaroko dirala edanean. Adiskidetasun gaiztoren bat iduki duteenak auzoan, edo urrutiagoko etxeren baten, ez due ara geiago joan bear, ez, esaterako, agur sikurik ere egin bideren bat arkituta ere adiskide kaltegarriari; ta kendu bear da alegiñez bere gogotik alako adiskide gaiztoa. Largatzen bada amore txingarren bat, jaikiko da su andia, ta egur guzia kendu bearrean, geitzen badira berriak, irtengo du garondagarriak.

        Bigarren etsai iges egin bear dana da mundua, esan nai det, ez dala begiratu bear lurrekoen esamesetara. Nere ustean kalte geiago egiten du anima onera biurtu diranetan mundu gaizto onek, infernuko etsai gaizto guziak baño. Mundu zaleak ekusten badue beren lagun len izan dana Jangoikoaren aldera jiratua, asitzen dira milla farra, ta siñu egiten. Ona emen egun gutxiko Santa aldaretan ipiñi bearko deguna; guk kondenatu bearko degu; onek izan Zeruan Koroa andia. Zu bezelako eroak galduko dira. Burua laster galduko dezu. Zergatik irten ez pesteetara! Zer gauza txaar egiten da? Guk ere salbatu uste degu; infernua ekusteko dago. Onela milla berriketarekin beldurturik, atzeratzen dira Jangoikoaren bidetik, lotsatzen dira Kristoren eskolakoak izaten, sartutzen dira munduaren erdian. Baña zer gertatuko zaie? Lotsatuko da Jesu-Kristo ere alako jente beldurtiak bere umetzat artutzen. Eta isilduko da mundua egin alak eginda ere? Largatzen badiozu bide onari, irteten badezu apainduta, bazabiltza pesta ta dibersio galgarrietan, esango due, ona zertara etorri dan onen santidadea. Agiri da engañatu dituala Konfesoreak. Egizu nai al guzia; ez dezu mundua ixilduko, San Juanek egiten baditu baraur gogorrak, gaizki esango due, Kristo ekusten bada Zaqueo ta beste etxeetan zerbait jaaten animak irabazteagatik, esango du dala burukina, edala, ta sabel andikoa. Beraz ere garbia da munduko esamesen beldurrez largatzen diona Jangoikoaren bideari.

        Irugarren eragozpena irauteko artu dan bizitza onean, dira igaro bear diran tentazioak. Asko da anima bat sartzea bizitza on bat egiten, bereala irteteko bidera atzera eragiteko. Ezagutzen du infernuko etsaiak nola iges egin dion? Geitzen ditu tentazioak, ematen ditu beldurrak, ezin jarraituko duela asi duan bidea, alperrik dabillela egun batzuetan, gero ere eroriko dala. Ez da zer, kristauak artutzen baditu neurri onak irauteko? Zer, sartutzen badu orazioko, ta penitenziako bidean. Eta artzen ez duen asmorik, dio Santa Theresak, eragozteko orazio ixillekoa. Asko da orazioko lekuan jartzea sentitzeko tentazio zatarrak, loa, beldurrak, korputzeko min edo oñazak. O anima gaixoa! Ez ikaratu: ekin ekin lan eder orri; garaituko dituzu etsaiaren asmo guziak irauten badezu atzerarik egin gabe. Ez dezu sentitzen gozotasunik? Zaude leor, gogor, pensamentua ezi ezinda! Ez da ansi. Aurrera. Zure iran-penak bigunduko du Zerua; jo atea, egin oles berriz ta berriz, ta idikiko zatzu. Nola uste dezu garbitu anima lengo bekatuen loi, zetaka, ta ugar guzietati estutasun gogorrak igaro gabe? Peleatzen badezu tentazioen kontra, oek badira belz, itxusi ta zikinek, berekin garbituko zera, nola lisibako auts loituak garbitzen dituen zapiak. Jakikiko zaizkitzu gizonen persekuzioak, zure kontra izango dira aideak, adiskideak, ta mundu guzia. Aragia bera egongo da eskatzen atsegin zatarrak. O Kristoren Soldadua! Ez izutu: eman arpegia etsai guziai; zure pazienziarekin garaituko dituzu mundukoen persekuzio ta iraun guziak. Aragia eziko dezu orazio ta penitenziarekin ta ukatuaz eskatzen dituen gauza txatarrak, ta fede sendo batekin Infernuko etsaia, ta azkenean bear bezela gudatzen duenak, izango du inoiz zimeldu ta igartuko ez dan Koroa.

        Gauza gogorra! Esango dezu; betiko gerran ebilli bearra. Atoz ona. Nolako naigabe ta penak ez daramez lurreko Erregeren Soldaduak gerrako denporetan? Otza, bero geiegia, jaateko laburra, lo gutxia, ta iltzeko anbeste peligro, ta azkenean bizitzarekin irteten badue ere, zer sari ematen zaie? Berriz Jangoikoaren serbizioan peleatzen dutenai, nolako sariak itxaraten ez die Zeruan? Non da gure zenzu ta fedea?

        A Kristau maite Jangoikoarn serbizioan sartu zerana, jakin zazu, azkeneraño irautea birtute onean dala gutxi batzuenak, zeren artu nai ez dituzten neurri egokiak orretako. Bear dira bada gauza bi; bata Jangoikoaren aparte aparteko grazia edo laguntasuna, ta gere aldeti artzea bitarteko sendoak. Jangoiko, zu gabe egin zaituenak, salbatuko etzaitu zeu gabe, dio San Agustinek. Bear egin bear du graziak gurekin batera, dio San Pablok. Gratia Dei mecum. Orain bada erakatsi bear det zein diran gure egin bideak irauteko artu degun bide onean, ta egunoro aurreratzeko bide onetan. Itxasoan aize ederrarekin zijoan onzia gelditzen da batzuetan aizeak uts emanda kalma edo pake kaltegarrian: dago ez aurrera, ez atzera leku batean. A onzi gajoa! Orrela bazaude, etzera elduko uste edo gogo zenduan lekura. Beste batzuetan jaikitzen zaizko aize gogor ta kontrakoak, botatzen due Onzia atzera, galdutzen ditu aize ederrarekin egin zituan bideak. Itxasoan dijoazanak ez due onekin bearrik; nai ta ez gertatzen dira, ta itxasbidiaztirik jakitunak ere, ezin eragotzi lezakee ez aize kontrakoa, ez aizegabetasun edo kalma kaltegarria. Ordea Espiritu Santuaren aize ederra berez beti dago prest; aize oni laguntzen badiogu, beti joango gera aurrera. Gu nagitzen bagera, gurea da bearra edo kulpa. Baña nondik izango degu aize ederra? Orazio gogokotik. Bai, orazioa da, non Espiritu Santuak argitzen dituan gure entendimentuak, ta berotu borondatea ezagutzeko bekatuaren kalteak, gorrotatzeko biotz guziarekin, ta maitatzeko Jangoiko ain ona ta alde guzietatik maitagarria.

        G. Zertan dago kristuak penitenziarik ez egitea, edo egiten asi bada, ez irautea?

        E. Dago, dio Jeremias Profeta Santuak, biotzarekin aztertzen ez ditugulako etorkizun, ta gure Fedeko gauza miragarria. Quia non ist qui recogitet corde. Oroi zaite, gogora etzatzuz zure azkenkiak, etorkizuna, oek dira eriotza, juizio edo kontu eman bearra, betiko Gloria, edo betiko Infernua, ta ez dezu inoiz bekaturik egingo, edo iraungo dezu bizitza onean; ala dio Espiritu Santuak. Orobat zenbat gauza miragarri zeatuko ez lirakez Jesu-Kristoren bizitza, Pasio ta eriotzaren gañean, artuko bagendu asti puska bat egunoro? Astirik ez det orazioan denpora igarotzeko. Gezur garbia. Zenbat kristau egoten dira oean eguzkiak irtenda ere jira ta bira dabiltzala, edo lo gogorrean daudela aspertu artean? Gero eguna darame paseo, berriketa luze, joko ta nai dituzten gauzeetan. Zenbat onelako jende mota errietan alperreriari emanak, meza arintxo bat enzun, ta ito itokako Errosario bat esanda, asko egin duela deritzeeala. Gazeta erakurtea pozik; libru animarako onak ekusi ere nai ez ezin bestez baño. Korputzarekin kontu andia, zer jan dan, zer jango dan, aragi ona, ardo ona saltzen dan edo ez kontu andia, ta animako salbazioa ezertakotzat iduki ere ez. Utzi gerorako, datorrena datorrela. Onelako bizitzarekin nola iraun bide onean? Nola aragia jaikiko ez da ezi bearrean, gozatzen ta gizentzen bada? Ordu erditxo bat orazioan igarotzeko, gogoan izateko zer dan eriotza, zer beti-iraune edo Eternidadea, eztago ta bai lo asko egiteko, bai jan edanean ta jokoan igarotzeko. O anima gaixoa! Eta zein gutxi maite zaituzten gizonik geienak.

        Beste batzuek dira ain emanak beren irabazi naietara non da igarotzen dituzten eguneko orduak arazo andietan ordutxo bat animarentzat gorde gabe. Nekazari, ta beargillak berak ere artu lezakete zerbait denpora nai balue, kristau on askok artutzen duen bezela, orazio, edo meditazio zatitxo bat idukitzeko. Zertako gabiltza? Ezin iraungo da bizitza onean biotzarekin aztertu edo zeatzen ezpaditugu etorkizunak. Itzelliko da surik biziena, erregarririk ematen ezpazaio.

        Ordea, nola egingo da, ta zeren gañean meditazio santua? Ezin denpora labur onetan adirazo dezaket. Billa ezazu Konfesore jakitun ta Jangoikozko bat, ager ezozu zure jakin naia, ta bere obligazioari eranzun nai badio, erakatsiko dizu, ta zuzenduko zaitu orazioko bidean. Ona emen beste gauza bearra irauteko bizitza onean, Konfesore on baten aukera edo elekzioa.

        Jauna, Konfesore guziak dira onak, gu ondo bagoaz; au da askoren soñua. Baña ez Santa Teresarena, zeñek eskatzen duan ardura edo kontu andia Konfesoreak billatzen, ta gutxik egin zuan Santa ura lenbiziko urteetan galdu etzutenean Konfesore jakituria laburrekoak, bekatu benialak gatik esaten zien ezer etzirala, ta mortalak txikitzat zeuzkatela, inoiz bekatu mortal eginik ezpazuan ere Santa andi onek; baña ipini zuten egiteko, bide latsaiak erakutsirik. Gaisotzen bagera osagilla edo mediko asko dauden errietan, ez da billatzen nornai, edo edozein; baizik izenik onena duana. Auzi bat darabillonak billatzen du Letradurik jakitunena. Eta animako gaitzetan, tentazio andien auzietan ez da billatuko Konfesorerik onena, birtutetsuena, Jangoiko-zaleena? Berriz iges egin bear da Sugearen arpegitik bezela Konsejari txarrak diranetati. Aingerua izan bear duana egiten bada deabru, Zeruko bidea erakatsi bear duanak erakasten badu infernukoa, iges iges alakoaren arnasatik. Zor gaiztokoa bai sazerdote anima galtzallea; baña zori gaiztokoa laguntzen diona, Jangoikoa ofenditzen; madarikatuak beste guzien artean alako Persona sakrilegoak, ta penitenzia egiazko batekin biurtzen ezpadira mugonez, eroriko dira Infernuko Osin ondo sakonean. Estadu guzietan daude onak ta gaiztoak; onak salbatuko dira, ta gaiztoak kondenatu. Esana esan billatu Konfesore zur, jakitun, ta al ditekean onena zuzendu gaitzan Jangoikoaren bidean; ta orretako konfesatu sarri, ta komulgatu Konfesoreari ondo deritzonean.

        G. Beraz sarri konfesatzea ta komulgatzea izango da bitarteko ona irauteko bizitza onean ta gordetzeko Konfesio jeneralaren frutua.

        E. Nola ere dan. Sarri eskuak garbitzen dituanak garbiak idukiko ditu: sarri aldatzen dan alkandorea ez da ain loi zetakatua egongo, nola egun edo illaskoan aldatu ez dana. Sarri konfesatzen diranak Konfesorearen konseju asko artzen due, sarri aztertzen dute konzienzia, sarri egin on izateko proposito edo gogoak, ta nola onek lagunduko ez du ondo bizi izatera? Berriz gutxitan konfesatzen diranak, ez due animarekin ardura edo konturik, ez Kristogana eldutzeko goserik, ezin bestez bezela, edo oniritziz dijoaz konfesiora, gogo gabe, ta ala prestaera txarraren siñaleaz.

        G. Baña noizik noizera konfesatzea ondo izango da?

        E. Ez da erri oetan iñor, gaisoren bat ezpada, konfesatuko ezin dana edolarik illean bein. Oraziora edo bizitza espiritukora emanak, sarriago egin oi dira, ta bakoitzak artu bear du bere Konfesorearen iritzia, ta ez irten mundukoen erausi ta berriketak gatik. Elizako lenengo urteetan, apostoluen doktrinak artu zituztenak, komulgatzen ziran egunoro; argatik ziran ain onak orduko kristauak. Gaur ekusiko balitza, sazerdotea ez dan kristau bat, egunoro komulgatzen nolako zeresanak, parreak, ta gaizki esateak ala Konfesore, nola penitentearen kontra? Obedienziaren bean dabillena, dijoa zuzen. San Agustinek nai zuan igande guzietan komulgatzea bizitza ona zeukatenak. Au berau San Franzisko Salesek, bekatu benialerako eraspenik ezpadago, ta bai Kristoren gosea. Sarriago egiteko, ekusi bear da nolako frutuak ateratzen diran komunio sarrikotik, ta au ezagutu bear du Konfesoreak. Gauza onen gañean itz egingo da astiro Komunioaren gañeko doktrinan.

        G. Zergatik da gauza ain ona Igande, edo demekeetan komulgatzea?

        E. Zeren dan biderik onena jai-egunak santifikatzeko, edo Jankoikoaren onran igarotzeko, ta Jaiegunak ondo gordetzea da bitarteko egokia irauteko bizitza onean. Ala da, ala da, baña ez da ala egiten. Jai egunak dira geienentzat bekatu egunak; Jangoikoaren egunak, deabruaren egunak. Oetan dira joko geiegiak, ordikeriak, danza naastu, ta moldegabeak. Oetan egiten da infernuko Feria, non egiten dituan debruak irabazte andiak. O negar egiteko gauza! Asteko bearegunak eskatzen dira ogia billatzeko korputzeko bizitzari iraun-erazitzeko. Gorde zuan Jangoikoak egun bat bera onratzeko, gere animako bizitza gordetzeko, ta goiak beratu dira, egun santuak igaro dira bekatu egunak izatera. Mezatxo bat enzun debozio gabe ta egun guzia olgantza, joko, ta ezin aitatuko diran zatarkerietan. Eta gero nai da betiko saria? Eraman Koroa onean irauten duenai emango zaiena?

        Baña iraun nai duenak bizitza onean, ta salbatu, igaro bear dituzte egun guziak gaitz andirik animari egin gabe, ta artu egun bakoitza ondo igarotzeko neurriak. Zeruetako erreinuak eskatzen ditu neke edo indarrak, ta nekatzen diranak, edo indar egiten duteenak, arrapatuko dute, ala dio Kristok. Gure animako salbazioa ote da zeregin laburra, non eta eguneko denpora zati bat bear eztuan? Zer aterako degu mundu guzia geretuaz, anima galtzen badegu? Edo zer eman dezakegu bere ordean? Igarotzen dira itxasoak bizitza galtzeeko arrisku andiekin, diru apur batzuek gatik. Gaiso daudenak edaten dituzte edaaririk mingoztzeenak osasunagatik. Eta anima aberastzeagatik? Eta gaisotu bada osatzeko, zer egiten da? Baña, orren neke andia da ordu erdi bat goizago jaikitzea orazioan igarotzeko? Neke andi bat eragozpenik ez degunean meza bat debozioz enzutea? Neke andia ama Birjiniari goizoro, ta gauoro iru Abe Maria errezatzea gorde gaitzan bekatuko tentazioan erortetik? Neke andi bat noizik noizera gere bearren artean biotza Jangoikoari goratzea erlojuak jotzen duanean Abe Maria bat esan, ta ordu datorreneko obrak eskintzea? Neke andia da esamina apur bat oera joan aurrean egitea aztertzeko nola igaro degun eguna? Neke andia da atsekabe, edo damu ematen digun gauzaren bat izan degunean, jasotzea biotza Jangoikoari, ta bere amorez ixiltxorik igarotzea? Neke andia da tentazioko denporetan gurutze bat bekokian, edo biotz gañean egitea gorde gaitzan Jangoikoak, erortetik. A kristau eskergabea! Ori zor diozu Jaun maitagarri infernura bota gabe zauzkanari anbeste bekatu len eginda? Arzai on deitu zaituanari beragana zure goze ta bear balitza bezela? Zertako dira zure negarrak, zure Konfesio jenerala, zure itzonak ematea, iraun nai ezpadezu bide santuan? Iratsi bada ta ausnartu itzatuez itz oek, Irauten duanak azkeneraño, izango du Zerua.

 

aurrekoa hurrengoa