www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE II.

Nola gauden komuniora obligatuak,
ta zein gauza txit ona dan
sarri komulgatzea

 

        Erakatsi degu igaro dan doktrinan, nola sinistu bear diran komulgatu baño leenago, Aldarako Sakramentu Santuan sarturik dauden mirariak, ta nola Fedeko egia dan Ostia konsagratzen danean, arkitzen dala Jesu-Kristo ber bera.

        G. Zertarako ordea utzi zigun gure Redentore maiteak Sakramentu ain miragarria?

        E. Prestaera onakin artzen duenarentzat, izan didin animako janaria, grazia ta bertuteak geitzeko.

        G. Beraz komulgatzeko obligazio estua da?

        E. Nola ere dan. Ona arrazoi zuzena. Jaten ezpadezute Gizonaren Semearen (izen au artzen zuen sarri Kristok) aragia, ez dezute bizitzarik izango zuen animetan. Orain bada animako bizitza, edo grazia gabe Zerurik ez dago. Komulgatu gabe animako bizitzarik, edo graziarik ez. Beraz bear bearra da, al didilla, komulgatzea, salbatuko bada.

        G. Eta komulgatu ezin danak eriotzako peligroan, nola izango du salbazioa?

        E. Komulgatzeko prestaera, borondate edo nai sendoarekin. Arkitu zan Santa Juliana Falconeris azkeneko gaitzean komulgatu ezin zan gaitzaz. Eskatu zion Sazerdoteari ekarri zezola Ostia santua edolarik adoratzeko. Ala egin zuen Apaiz bere animako garbitasun, ta Kristoren gosea ezagutzen zuenak. Eskuan artu zuenean erakusteko ta adoratzeko Julianak, ezkutatu zitzaion Sazerdoteari eskuetatik Ostia santua, guziak arritu zirala mirari arekin. Andik laster arpegi gozatsu batekin ill zan Santa zorionekoa, ta erantzi zuteenean illa bezela janzitzeko, arkitu zien biotzaren gañean ostiaren marka edo señale modu bat, ta igarri zuten, ostia igaro zala Santa andi aren barrenera.

        G. Noizik noizera komulgatu bear degu?

        E. Edolarik urtean bein Pazkoako egunen batean, ta leenago eriotzako peligroan bagaude.

        G. Jesu-Kristok zer agindu zuen gauza onen gañean?

        E. Etzuen gauza erabakirik utzi; bai komulgatu bear zala bizitza betikoa izan nai zuenak, ta sarri egitera dendatu edo animatzeko, esan zuen, ogi au jaten duena biziko da beti. Erakurten degu San Lukas Ebanjelistak eskribitu zuen Apostoluen Egikarietan, lenengo kristauak komulgatzen zirala egunean bein; eta nola kristau aiek zeuden Kristoren amorez beteak, gauza alperra bezela zan ipintzea agindu jakin, edo egun erabakirik. Persekuzio gogorren artean bizi ziran, ta billatzen zituzten leiza, Kobao, edo lurazpiak meza esateko, komulgatzeko, ta ofizio santuak egiteko. Argatik anbeste kristau, anbeste martiri denpora zorioneko aietan, irtetzen zuteela komuniotik Leoi sua botatzen zutenak bezela. Iraun zuen oitura santu onek eun urte baño zerbait geiago. Debozio artan zerbait oztu zanean Jendea, komulgatzen ziran zortzi egunetik zortzi egunera Aita Santu Pio lenengoaren ordena edo aginduz. Nagitu ziran gerora kristauak pakearekin, ta azkenik Inozenzio irugarren, ta Erromako Aita Santuak Letrango Konzilio Santuan, ipini zuen mandamentu estu bat, komulgatu bear zala gutxienez urtean bein Pazkoako denporan.

        G. Ori orrela izanik, zertako da sarriago komulgatzea?

        E. Eliza ama Santak ezin bestez bezela ipini zuen urtean beingo komunioa, ekusirik kristau askoren atzerapen ta nagitasun lotsagarria. Baña beti eman du konseju, beti erregutu komulga gaitezela txit sarri. Ona zer esaten duen azkeneko Konzilio jeneral, edo Elizaguzikoak, au da Trentokoak. Naiko luke Konzilio Santuak meza guzietan izan ditezela komulgatzeko kristauak; esango balu bezela, komulga ditezela egunoro.

        G. Alde batetik erregutu egunoro komulga ditezela kristauak, ta bestetik ez agindu urtean bein baño komulgatzea, nola da ori?

        E. Nola dan? Bekatuak geitu ez ditezen ekusirik gure nagitasuna, ez du ipini urtean beingo komunioa baizik aginduz edo bekatu mortalaren bean. Berriz ondo esan, erregu, ta palaguekin bezela ekarri nai gaitu sarri komulgatzera. Ama batek ekusten duenean bere semetxoa gaixorik, adoregabe, ta aginte gutxirekin igui ematen diola jaatekoak, edo botika edariak, zer asmo artzen du? Nere Semetxoa, esaten dio, ezin biziko zera jan gabe; osatuko bazera artu bear dezu edaari mingoitz au. Ekusirik bere atzerapena, naieza, ta ikara modua jaana ta edari guzia artutzeko, esaten dio erreguka ta palaguka, aurra bada, ar zazu nere eskuetatik kollara bat salda; ondo esanda artu erazitzen dio; aurra beste kollarakada bat, ta ala geldika guzia ezpada ere, artzen du mutiltxoak: beste batzuetan jan edo edan dezan, eskintzen dio dirua, gozoa, edo zer edo zer, ta dakar alimentua artzeera. Onela bada gure animetako Ama bezela egiten dan Eliza santak, ekusirik bere Semeen gaitza, ta nola komunioko janari gabe bizitza betikoa galdu bear dan, zer asmatzen du? Ene umeak, ar zazute edolarik urtean bein janari osakarri au, ta geiagotan ar dezagun, erregutzen gaitu, ta urteko egun askotako dauzka Aita Santuen bidez ipiñi, edo eskiñirik induljenziak, anima gaitezen eskin-sariekin artzeera komunioa sarriago. Au nai du, au eskatzen digu erreguz, ta ez bakarrik komulgatzea urtean bein.

        G. Urtean bein baño komulgatzen ez diranak, nola bizi oi dira geienez?

        E. Arrazoi egiazko gabe, ta beren nagitasunez largatzen duteenak, Jangoikoaren beldur gutxikoak dira, fede argalekoak ta daude pekatu askotan erorteko peligro andian. Gaude etsaiaz inguraturik, tentazioak ez dira palta; igesi bezela dabillenak etsaiak ta beren tentazioak garaitzeko laguntasun ta bitartekorik sendoenetatik, nola garaituko dituzte? Iges Kristoren maitik, ta nola iraun animako osasunean? Zer itxaran dezakete Jesu Kristo gandik onelako nagi, alper ta bere amore gabeak, edo beintzat gutxikoak? Atozte nigana, dio Jesusek, neke, karga, edo tentazio andien azpian bizi zeratenak, ta nik arinduko dizut, nik aterako zaitut tentazio guzietatik, nik emango dizut janari gozo, ta sendagarri bat. Et ego refician vos. Kristo dago gau ta egun Eliza santuetan Karzela baten bezela zarraturik, dator egunoro Aldara santuetara, ez bakarrik Sazerdotea komulgatu didin, baita ere naiz komulgatu ditezen beste kristauak, ta gu urte guzian bein baño ta ezin bestez bezela, elduko ez gerala? Nola artuko ditu borondate txaarreko komunioak? Ezpalitza munduko oniritziagatik, edo eskomunio santuaren beldurrez, edo txartela eman bear dalako, egongo lirake batzuek urte osoetan konfesatu ta komulgatu gabe. Oek, zer itxaron dezakete Jesu-Kristo gandik? Nola egiten ere dute beren urteko komunioa? Ote dira oraziora emanak? Irakurtzen dituzte libru onak? Egin limosna asko? Eta nola iraun lezakete bekatu gabe?

        Obe da gaizki komulgatu baño, urtean bein baño ez komulgatzea: au da beren soñua.

        Nik diot, obe dala gaizki komulgatzeko, ez komulgatzea inoiz; obe da ez komulgatzea Pazkoaz ta eriotzako orduan ere, ta obe da infernura jestea batere komulgatu gabe komunio gaizki egiñakin baño. Ordea, nok obligatzen zaitu ta esaten dizu gaizki komulgatzeko? Gaiso bati esaten dio Medikoak, ar zazu alimentu bear dana. Gaixoak eranzuten dio: ez det artuko, zerren gaitz egingo dit. Medikoak dio, jaten ezpadezu, illko zera naita ez; ez dago osagarririk jaten ez dutenentzat. Dana dala, ez det jango illabete onetan. Gaitz egingo dit. Ez dizu gaitzik egingo janak bear dan bezela artutzen badezu. Garbituko dizugu sabel ori botikako batekin, ezarriko diogu saldeari ozpin edo binagre apur bat. Ez orrelakorik eranzuten dio gaiso ero edo gaiztoak; irauten du bere tema txaarrian, ta egun gutxiren buruan iltzen da janezaz. Zer esango zenuke onelako gaixoagatik? Eta zer esan bear da kristau nagi askogatik, zeintzuek sarriago ez konfesatu ta komulgatzeko aitzakitzat ematen duten, obe dala gaizki komulgatzeko batere, edo urtean bein baño ez komulgatzea? Esaten badiezu, argalduko dirala animako janariaren paltaz, presta ditezela animako loiak kenduaz, onela gaitzik egingo ez diela komunioak, ez dute enzuterik ematen, ta nai dutelako bizi nasaitasun guziaz, aldegiten dute Kristoren mai ederretik. Ekustea da garizumako egunetan jende gazte lasai urte guzian Sakramentuetatik igesi ebilli diranak, bear bada parre ta ista egiten zienak kristau on sarritxo komulgatzen ziranai, ekustekoa da, diot berriz, zein larri ta estu ebilli oi diran Pazkoako zer eginak egin artean. Norekin konfesatuko ote naiz? Esaten du bakoitzak. Esamina apur bat egiten dute, libru on bat edo beste erakurri; beste batzuek, bear bada asko jakiñagoak, dijoaz Konbentu batera, an bost edo sei egun eginda, engañatzeko ezagutzen ez duan Sazerdoteren bat. Igarotzen dute nola ala konfesioko ibaitxoa, au igarotzeko, ezarten dute karga dio Santa Theresak, ta komunioko lotsagaiztoko bat eginda, karga berriz lepora, esan nai det, lengo bizitza lasai, olgantza txatar, ta okasioetara. O jende zorigaiztokoak! Zer aterako dezute azkenean! Orra zertara joten duten zuen urteko komunioak.

        Beste batzuek dira Pazkoaz ere komulgatzen ez diranak, esaten duteela beren artean, zertako komulgatuko naiz sakrilejio bat geitzeko? Ni nago okasio gaiztoan, edo batere ondu gabe lengo konfesiotik, edo kunplitu gabe penitenzia, restituzioak ezin absolbituko nau Konfesoreak; zertako berriz konfesiora joatea gezurrak esateko, bekatuak ixiltzeko? Obe det itxaran denpora obeago batera; gerora kenduko al det okasio gaiztoa, kendu oitura txaarrak, kunplitu penitenzia ta restituzioak. Estalgarri oekin, txartelaren jira bira bat eginik, daude iru ta lau urtean konfesioko ta komunioko sakramentuetara eldu gabe. Calahorrako Obispaduan urteko komunioa arrazoi egiazko gabe largatzen duteenak, daude egin ezaz beste gabe eskomulgatuak inork jakin ezagatik.

        Eliza Ama Santuak agintzen du artzen duena eriotzak Pazkoako komunioa egin gabe, ez didilla artua izan Elizan ez bizitzan, ez enterratzeko, ta alakoari kendu bear zaiola Santuen Komunioa, edo kristauen arteko partiltasun animakoa.

        Nola eraman lezakete egun on bat lurrean, nola lo egin gozoro, Eliza Ama Santaren aserrearen bean? Itxaroten dute gerora ondutzeko ta onduta komulgatzeko. O erakeria! Nor da bere bizitzaren jaube! Nork eman dio itza illko ez dala ustekabean! Bekatuak geituaz, Kristo gandik aldegiñaz, errazago izango da salbatzea? Baña Jauna, esango dute, prest ezpanago, zertako joan konfesio ta komunio txaarrok egitera? Presta zaite, kendu edo irten okasioetatik, zoaz Konfesore on bategana, agertu oni zere premia ta estaldu txaarra ezer gorde gabe, bere konsejuekin emango dizkitzun ondo prestatzeko bideak, ta orduan prest ezpazaude absoluzio ta komunioa artutzeko, ematen dio eskubidea Elizak Konfesoreari, arrazoi onarekin luzatzeko Pazkoako egunak, edo egun señalatuak igarota, deritzonean komunioa emateko. Borondate onekoentzat, ta Jangoikoagana biurtzeko bitarteko sendoak artu nai dituztenentzat, erraz egiten da; ordea ez borondate sendo ta onik ez dutenentzat.

        G. Komulgatu naiz; ez naiz ni orren gaiztoa, non da largako nukean urteko komunioa, au diote beste askok.

        E. Komulgatu zera? Baña nola? Ondo edo gaizki? Larga dezu lotsaz bekatuen bat? Egin dezu len konfesio txaarrik? Ori bai Jauna. Beraz ez dezu Pazkoako komunioarekin kunplitu. Konfesio ta komunio gaizki eginekin uste dezu emango diozula atsegin Eliza Ama santari? Ezetz dio berak. Atoz ona, norbaitek zor bazaitu ogei ezkutuko bat, ta pagua ematera badator diru txar edo palsoarekin, artuko ziñoke? Urrea irudiagatik urrea ezpada, ez dezu artuko Zortzi dukateko edo ogei ezkutukoa. Ala ez da? Eta pagatu nai diozu komunioko zoorra komunio gaizto ta sakrilejio garbiarekin? Bada ez dezu ezer egin. Zer diot? Geitu dituzu bekatu andi bi, bata gaizki konfesatu ta bestea gaizki komulgatu zeralako. Konfesio, ta komuniorik egin ez duenak Pazkoaz, egin du txit gaizki, lotsarik gorde ez diolako Eliza santari, ta ala egin ditu bi bekatu mortal, ta Calahorrako Obispadukoa bada, bere gañean du deskomunio osoa. Ordea gaizki konfesatu, ta gaizki komulgatzen diranak, egiten dituzte lau bekatu mortal, bi, urratu dituztelako Elizako mandamentu biak, ta beste bi sakrilejiokoak, gaizki tratatu dituztelako Sakramentu biak. Orra nola gaiztoagoak diran batere konfesatu ta komulgatu ez diranak baño.

        G. Beraz berriz ta anbat lasterren konfesatu, ta komulgatu bear dute onelakoak?

        E. Ala da; zerren kunplitu ez dituzten Elizako mandamentuak. Pagatu ez duanak zoorren bat, edo diru gaiztoarekin pagatu duenak, pagatu bear du anbat lasterren señalatuta zegoan epean edo, denporan ez pagatuagatik. Ala ez da? Bada komunioko zorra, pagatu ez duenak bear zan epe edo denporan, pagatu bear du anbat lasterreren. Egiten dute au bekatari askok? Ez da burura etorri ere berriz konfesatu ta komulgatu bear duteela prestaera onakin. Nola nai konfesatu ta komulgatu badira, begitantzen zaie kunplitu dituztela Elizako aginduak. O itxumena! Zer esan bada urte oso, ta askoetan gaizki konfesatu ta komulgatu diranak gatik, dala lotsaz bekaturen bat, edo geiago larga dutelako agertu gabe, edo damurik eraman ez dutelako? Zenbat bekatu egotzi ote diez beren animai? Eta nolako bekatuak?

        G. Eta eriotzako peligroan badago komulgatzeko obligaziorik?

        E. Bai, dio Santo Tomas andiak, ta ateratzen da obligazio au beti Elizan ala egin dalako, Konzilio Santu askotan agindu dalako, ta arrazoiak ere erakasten digulako.

        G. Zertako da ordu artan komulgatzea?

        E. Orduan bear degulako laguntasun txit andi bat infernuko etsaiakin, ta eriotzako gaitzekin peleatzeko. Infernuko etsaiak egiten dute alegina milla aldetara berenganatzeko anima, dakitelako galtzen badute era edo okasio ura, ezingo duteela ezer gerora. Berriz nolako eroapen edo pazienzia bear ez da igarotzeko Jangoikoaren amorez ordu artako naigabe, gaitz portiz, ta larritasunak? Sartu bear da Eternidadeko bidean. Nolako indarrak bear ez dira bide estu ta beldurgarri onetan? Elias Profeta santuari bide gogorrak eginda, goseak argaldurik arkitzen zala, agertu zitzaion Aingeru bat, eman zion autsazpian errerikako ogia, ta esan zion, Elias, jaiki zaite, ta jan zazu, oraindikan bide luze gogorra igaro bear dezu. Jan zuen, ta ebilli zan txit erraz ogi ark eman zion sendotasunarekin, ta igo zuen Jangoikoaren mendira. Eliasek orduan baño bide gogorragoa egin bearko degu eriotzako tranzean. Utzi digu ordea guri Profeta santuari eman zitzaion baño ogi obe, ta sendagarriagoa, ogi Zeruti jetsia, Jesu-Kristoren aragi ederra berbera. Nola indartu, ta sendotuak geldituko ez dira grazian artzen duteenak, Jesusen gose diranak? Nola galduko ez dute beren indar guztia infernuko etsaiak, Jesusek egin dion bisitarekin anima bere maiteari?

        G. Nola baña prestatu bear da azkeneko komunio santua egiteko?

        E. Beti ondo prestatu bear badegu ere, ordea kontu geiagorekin eriotzako peligroan. Ez da orretarako itxaran bear, iñola al didilla, ez larga konfesioa, Apaiza joan artean Elizako ondasunekin, edo Ostia santuarekin. Konfesatu bear da leenaz bere gogoko duen Konfesoreari dei eginda. Anima eskrupuluz betea ezpada gaixoa, premiarik ez dagoanean ere, txit ondo da Konfesio jeneral bat egitea. Onela egiten dute kristau, Sazerdote, ta Frailerik onenak ere. Billatu Konfesore len artu ta animaren berria dakiana, lotsaren bategatik aldatu nai ezpadu. Ez begiratu munduko esamesai animako salbazioa dijoakun gauzaan. Kura edo Erretore Jaunarekin konfesatzeko atzerapen edo beldurra badu, dei egin beste bati. Eta nolako damu bideak artu bear ez dira? Ondo garbitzen bagera emen Sazerdotearen aurrean, garbituak arkituko gera Kristoren aurrean, edo juzgatzeko orduan.

        G. Baña erraz da ondo komulgatzea azkenean, leenago nagia zana sarri komulgatzen, edo komulgatuagatik, gaizki komulgatzen zana?

        E. Zer gauza gaitzagorik! Era ona zeukanean urbildu nai ez Kristo gana ezin bestez baño, ta joango da Jesus gogo onarekin alako nagi, igesla, ta amore gabeko anima gana? Eta zer; bizitza gaizto batean eraman baditu egun ta urte osoak Jauna gana biurtu, ta obra onen azirik erein gabe? Esango die Saul gaiztoari Samuel Profetak esan ziona, quare inquietasti me ut suscitarer! Zertako atera erazi nazu sagrarioko Obitik zugana etortzeko?

        G. Eta badago obligaziorik komulgatu baño leenago prestatzeko Konfesioko Sakramentu santuarekin?

        E. Bai bekatu mortalen batekin arkitzen bada anima, ta orobat arrazoizko ezda-baida, edo dudarekin arkitzen bada: Ez da asko Akto kontriziokoarekin prestatu naia, zeren Eliza Ama Santak aditzen ditu Konfesioaren gañean San Pabloren itz oek, Proba, edo garbi didilla gizona, ta jan dezala gero ogi santu onetatik, bada bear ez bezela, edo bekatu mortalean jaten duenak, jan ta edaten du bere juizio, edo kondenazio-bidea. Probantza, edo garbikizun au egin bear da Konfesioko iturrian. Ala bada ez da asko berez Akto kontrizioko bat egin ta eltzea komulgatzera leenago bekatu mortal jakin, naiz dudakoan dagoana. Orrela egiten dira egiazko Akto kontriziokoak? Asko ote da aoarekin esatea? Nolako aldatze ta trukada animakoa bear ez da Jangoikoaren amorio egiazkora? Nola bada eldu komulgatzera bekatuan dagoana Akto kontrizioko begitanduakin? Baña geiago. Beliaki batek Magdalenak berak baño amorio geiago artu diola Jangoikoari, bekatuen damu andiagoa dadukala Pelagia, Maria Egipziaka, ta Kortona penitenteak baño, ta Zerutik Aingeru bat etorri ta esango balio grazian jarri dala damu amorezkoaren bidez, ez legoke prest eldutzeko komulgatzera, konfesatu gabe bekatu mortala. Bear bearra da konfesioa komulgatzeko bekatu mortal ezagun edo dudakoan dagoanarentzat.

        G. Noiz asitzen da komulgatzeko obligazioa?

        E. Ez dago urte jakin ta erabakirik: gazte batzuek dira besteak baño iratzarriagoak, adin geiagokoak, ikasla obeak, ta oiturak ere ez dira berdinak guzietan. Eriotzako peligroan bearragoa da komunioa Pazkoaz baño. Ala bada begiratu bear zaie gauza askori. Komulgatzeko bear da jakin, zer artzen dan, nor dan Jesu-Kristo, ta iduki debozio moduren bat. Badira gazte guraso onen umeak, ondo aziak, doktrina ederki dakitenak zortzigarren urterako, oek komulgatu bear dute. Beste batzuek dira beranduago ere doktrina ez dakitenak, gaizki aziak, ala baserrietan nola kaleetan. Anima Kargua duteenak aztertu edo esaminatu bear dituzte lenengo komuniorako, ta gurasoak eraman berai. Utsegiten andia da, nere ustez, dio San Franzisko Saleskok, luzatzea geiegi animako janari osasun emallea denpora oietan, noiz azkor ta jakitunagoak diran gaztetxoak amargarren urtean, len amabostgarrenean baño. Ondo konfesatzeko zenbat gauza jakin bear ez da? Nola prestatu ez egiazko damua izateko? Nere ustez ondo konfesatzeko prestaerak dauzkatenak, erraz idukiko dituzte komulgatzekoak, edo beintzat ez illaskoan komunioa luzatzeko arrazoirik. Guzia dago geienez bizi moduan. Badira gazte gaizto, aziera txarrekoak, gauza onik egiten ez duteenak, ta bai gaizki asko. Mezatan beti enredoan, biraoak ugari, beti bezela auzka, burruka ta arrika, gurasoai lotsa gaiztoa ekartzen dienak, inoiz ondu gabe. Ikasten dituzte alkarrekin itz zatarrak, egin lotsatzeko gauzaak. Onelakoak doktrina jakinagatik, ez daude prestatuak komulgatzeko. Bear dituzte bada artu oitura obeak, ta larga gaiztoak. Ez dute geienez damurik: orain konfesatzen dute gauza bat, gero ukatu; batean amar dirala, bestean ogei, aora edo gogora lenen etortzen zaiena batere esaminatu gabe konzienzia: bekatu txikitzat dauzkate, berez andiak diranak, ta anditzat txikiak. Nondik dator anbeste kalte? Erakasten etzatelako, gaizki azitzen diralako, gurasoen konturik ezaz; et saepe numero Parochorum incuria, qui negligunt puerorum catecheses.

        San Gregorio Aita Santuak kontatzen du bost urteko aurtxo bat kondenatu zala. Orra nola batzuek ikasten ta ezagutzen dituzten gaiztakeriak mugonez, edo txit goiz.

        Ona berriz beste gertaera atsegin geiagokoa. Gaixotu zan bederatzi urteko mutiltxo ondoazi ta guraso onen semea. Arkitzen zan illzeko peligroan, ta joan zitzaion bisitatzera bere Kura, edo Erretore Jauna. Mutiltxo gaixoak eskatu zion ekarteko komunioa. Sazerdoteak uste zuen gazteegia zala komulgatzeko, ta ez tristetzerren ekarri zion ostia konsagratu gabea. Eranzun zion mutiltxoak, Jauna, zertako engañatu nai nau? Au ez da Sakramentua. Ekusirik Sazerdoteak anbeste argi, ezagutza, ta debozio, ekarri zion ostia konsagratua, ta artu zuen gaztetxo ark andi ta kristau on baten amorio, ta atseginez.

        O zenbat komunio eder egingo lituzkeen gaztetxo askok, ondo erakatsiak baleude, etxean ejenplo ona balekuste, ta gurasoak balira bear bezelakoak! Argizai samur baten bezela eraasten da gauza ona, edo txaarra gazteen biotzetan. Zein ederki ta laster ikasten duten euskera gaztetxo euskara baño enzuten ez duteenak. Berriz badator Euskalerrira erdaldun andi edo azi bat, zein nekez, ta gaizki! Nondik dator mutiltxo askok iges egitea Elizatik komulgatuta laster, gelditu gabe Jesusi eskerra ematen, edo dauden denpora apurrean batera ta bestera begiak darabiltezala debozioren tanta gabe? Erakasten ez dielako, nola egon bear dan, gutxienez ordu laurden baten, biotz batu ta humillarekin pensatzen zer artu duten, nor etorri zaien, zer eskatu bear zaion, ta nola esker andiak eman egin dien mesedeagatik. Nolako injuria edo bidegabeak ez daramaz Jesu-Kristok amorezko altara santuan? O lotsatzeko gauza.

 

aurrekoa hurrengoa