www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE IV.

Nola prestatu bear dan anima
ateratzeko frutu onak
komunio santutik

 

        Ikusi degu orainagoko doktrinan zenbat on ta mesede datozkion ondo komulgatzen dan kristauari. Orain ekusi bear da nor ondo komulgatzen dan.

        G. Nor da bada ondo komulgatzen dana?

        E. Bear diran prestaerakin urbiltzen edo urreratzen dana Sakramentu andi onetara.

        G. Ori bai; baña zein dira ondo komulgatzeko prestaera?

        E. Batzuek dira korputzaren aldetik, ta besteak animaren aldetik datozanak.

        G. Zer eskatzen da korputzaren aldetik?

        E. Baraur oso osoa, eriotzako peligroan ez danean, zeren artzen danean komunioa eriotzako bidean laguntasuna izateko, ez da eskatzen baraur egoterik, erraz erraz ezin danean. Gaixotze andiakin daudenak artu bear dute sarri alimentua, edo botikakoren bat, ta ez da erraz eraguziak ondo etortzea osasunaren kalte gabe baraur osoarekin komunioa artutzeko.

        G. Zer aditzen da komulgatuko danak eraman bear duen baraur natural edo oso osoaren izenez?

        E. Aditzen da, komunio aurreko gauerditik komulgatu artean, artu bear ez dala ez jan, ez edari gauzarik.

        G: Ori ondo aditzen det, baña badet zer galdetu; galtzen ote da baraurra ortz, edo agiñen artean gelditu oi diran lengo janaren izpi, edo apurren batzuek irinsten badira txistuarekin batera, edo arnasa artzean?

        E. Ez da baraurrik ausitzen, zerren ez diran artzen jaateko gogoz, edo janari moduan. Orobat odol tantaren batzuek irteten badute agiñe, ortz, naiz oietatik, ta irintsi-arren txistu moduan edo txistuarekin batera, ez da baraur oso au galtzen, ta komulga diteke. Arpegia garbitzean Elizara joan aurrean igarotzen bada eztarritik, berariaz ez dala, ur tanta bat edo beste, ez da baraurra galduko, ta ez eragotziko komunioa. Berriz nork nai daki aora etorri dan txistu mea, nai loditzarra berriz irentsiagatik, komulgatu ditekeala beldur gabe. Beste batzuek dira beldurrez daudenak komulgatu ezinda eltxoren bat, edo benetan edo begitazioz igaro zatelako eztarritik. Oek dira beldur sustrai gabeak ta aienatu bear diranak.

        G. Ondo da komulgatzera dijoanak ez artzea Tabako orri ta autsik?

        E. Nola ere dan, ta guziz tabako-orria. Sentidu guzien ildura edo mortifikazio osoa eraman bear dan une edo denporan, ez da ondo, atsegin molde gabeko, ta korputzaren palagarria eramatea. Berriz ao kiratstuarekin ez dirudi ondo, ez Konfesorearen sudurrai igui ematea, ez Kristo baizen gauza andia usai zatar ta mingain kiatuaren gañera eramatea. Zer da ansi baraurrik1 ez ausiagatik? Ez da egiaz bekatu mortala komunio aurretik tabako-orria pipa, edo papeletik kian artzea. Ordea komuniora eraman bear dira Jesusi onra emango dien prestaerak. Errege edo Jaun andien aurrean pipa artzea, litzake injuria ematea. Etzaio zor geiago Jesu-Kristori? Tabako autsa artu gabe dijoanak atsegin geiago emango dio Jesus mortifikatu, ta mortifikazio zaleari, artu ta sentiduari atsegin emanda dijoanak baño. Gutxi gutxi dira tabako autsa artzen duteenak bizio edo palta gabe. Ala bada edolarik mortifika ditezela komulgatze aurrean, baita Eliza santuan ere, ta guziz Sakramentu santua agertuta dagoan egunetan, eta meza enzutean.

        Korputzaren aldetik, eskatzen ere da modestia andia janzian, arrotasun gabeko soñokoakin agertzen dala humildadez beterik dagoan Jesusen aurrera. Nolako janzi humillarekin ez dago Jesus Ostia santuan bere Anditasuna estaltzen duela? Jangoikoari eskerrak, euskal-errian ez da ekusten janziaren aldetik agiriko arrotasunik komulgatzera dijoazenetan. Eskatzen ere da begietako lotutasun, edo modu ona; komulgatzera dijoanak, joan bear du ots gabe, pauso gelditxo ta zatarkeria gabeko ebiltearekin begiak goraturik, ez arinegi batera ta bestera begira darabiltzala. Balego fede bizi bat, ezaguera andi bat, ta artuko bagenu ondo gogoan nor gana goazen, nori hostatu eman bear diogun, joango giñake atenzio andi batekin, ta atenzio onek ekarriko luke korputzaren aldetik bear dan reberenzia. Sazerdoteak alde batera ematen baditu, ostiatxoak eraatsirik daudelako, igaro biak beldur gabe.

        G. Nolako prestaerak eraman bear dira animaren aldetik?

        E. Dira iru gisakoak, komunio aurrekoak, komunio ordukoak, ta komunio osteko, edo ondorengoak.

        G. Zein dira komunio aurreko prestaerak?

        E. Lenengoa, bearra, ta beste guzien itur-burua, da Jangoikoaren grazia, ta au gabe ez dago komunio onik, ta bai kalte andikoa. Esan genuen lenagoko doktrinan, nola grazia gabe dagoan animarentzat bearra dan, aurreko prestaeratzat Sakramentu santu konfesiokoa.

        G. Asko da graziako estaduan komulgatzea, len aitatu ditugun frutu guziak ateratzeko?

        E. Ez: zeren grazian, edo pekatu mortal gabe urreratzen diraden guziak ez daramez prestaera oso osoak irabazi guziak ateratzeko. Ona zein ederki adierazo zion Jesu Kristok Santa Katalina Senakori. Nere alaba, esan zion, idukitzen da kandela iriziki bat eskuan; dijoaz asko kandela artan irizikitzera bakoitzak berea; guziai ematen die argia; ordea ateratzen da argi asko edo gutxi bakoitzak nolako kandela daraman. Badijoa bat kandela me txiki, babil laburrekoarekin, argi gutxiago atera, edo artuko du librerdiko kandela batekin dijoanak baño: ta librerdiko kandela ta dagokion babillarekin dijoanak baño geiago artuko du sei librako kandelarekin dijoanak. Guziak artzen dute argia; ez ordea guziak berdin, nolakoa daraman kandela, alakoa izango da argi artua. Au berau gertatzen da nere Sakramentura urreratzen diranetan graziako estaduan; guziak ateratzen dute argia, edo nere graziaren gaarra; batzuek gutxi, besteak geiago, nola diraden dakartzien prestaerak.

        G. Nor da grazian egonagatik prestaera laburrarekin eltzen dana komuniora?

        E. Da lenen, gutxi gogoan arturik, ezaguera laburrarekin ta oitura utsez bezala dijoana komulgatzera. Janaria apurtzen edo zeatzen ezpada, ez du onik egiten: orregatik esan oi da Otsoak beti diradela argalak, zeren irinsten duten jaateko itoka, ta zeatu gabe. Bada pensatu bear da komulgatu baño len egun aurretik, ta egun bertan, nor artzeera goazen; zein dan Jesu-Kristo; nor gu; zenbat amodio erakusten digun bere aragi Jangoikozkoa guri ematen, nola ematen digun eman ala; nola gu ere obligatuak gelditzen geran gere biotz, ta sentidu guziak berari ematera esker gaiztokoak izan nai ezpadegu. Pensamentu, edo konsiderazio onek ekarriko digu lotsa santu ta reberenzia andia. San Franzisko Asiskok, gogoratuarekin, Jauna zu nor zera, ta ni nor naiz atera oi zituen amorezko, ta humiltasuneko kar andiak, ta emendik bete birtutez. Baña bagoaz komulgatzera biotza aurrez prestatu gabe, elduko gera epeltasun andiarekin, egingo diogu arrera motel, otz ta gogo gabeko bat, ta lotuko degu Kristoren esku emallea, ta irtengo degu frutu laburrarekin.

        Bigarrenak dira obetzen ez diranak beren bizitzan, egiten dituztenak bekatu txiki edo arinak beldur gabe, oituraz, ta ezaguera argiarekin. Onelakoak bizi dira bekatu andietan erorteko peligroan; Jangoikoari amorio guziz laburra die, daude epeltasuneko estadu kaltegarrian, ta Kristo gana dijoaz biotz ondo garbitu gabearekin. Errege bat dijoanean norbaiten etxera, garbitzen da etxe guzia goitik bera, ez da largatzen amelaun, ez autsik, apaintzen ere da alegin guziaz egongo dan leku, edo gela. Bekatu benialak dira gure animako amelau, ta ausak. Oek gere borondateko eskobarekin kentzen ezpaditugu, au da, artzen ezpadegu komulgatu baño leenago bekatu txiki edo benialen damu egiazko, ta obetzeko asmoa, emango diogu Jesusi, igui eman bear dion hostatu ez garbitua, autsez betea.

        Ona zein ederki adierazotzen duen San Franzisko Salesek. Badaukagu konserba usai gozokoa Onzi baten, persegituko dute euli txatarrak, ta seguruena da estaltzea Onzi ura eulirik sartu ez didin. Baña demagun arkitzen dutela sarrera konserbategi artara euliak. Euli bat edo beste sartu, apur bat konserba jan edo artu, eta bereala egiten badu egaa, kalte gutxi egingo dio konserbari. Ordea euli asko badijoaz, bertan asebete eginda gelditzen badira egaatu gabe, usteldurik, nori emango ez dio igui alako konserba euli ito ta atsituz beteak? Zenbat kalte egin ez konserbari? Onela bada bekatu benial bat edo beste egitea arinka, ezaguera laburrez, karidadeko konserba gozo ederra daukaten animai ere gertatzen zaie. Grazian daudenak badute konserba karidadekoa; ordea batzuek euli askoz, ta bertan illez, au da, bekatu benialez betea: egin ta egin, ta bertan ito egaatu gabe; damurik artu ez, ta dijoaz Kristogana atsegiñik emango ez dion prestaerakin. Emendik dator sarri komulgatuagatik irautea bizitza epelean, ez aurreratzea birtuteko bidean, beren buruben ildura edo mortifikazio gutxi edukitzea, aserra-errazak izaitea, gezur txiki edo kalte gabeak esatea ugari, janean billatzea atsegin geiago ematen diona nagia Jangoikoaren gauza neke apur bat dakartenerako, bakarrik daukatela kontu lodi lodi bat ez erorteko bekatu mortalean. O bizitza peligro andikoa! Jesusekin ain urri, zikotz ta zeken dabillenak, zer itxaron dezake? Gauza txikietan begiratua ez danak, geldika joko du bea, dio Espiritu Santuak. Nola ur epela trokatu edo errebesa erazitzeko ona dan, ala aterako ditut edo trokatu nere aotik bizitza onelako epela daramenak, esan zion Jesu-Kristok alako bati san Juan Ebanjelistaren bitartez, edo mandatari zala. Ona itzak berak. Naiago nuke otza baziña edo beroa; baña zeren zeran epel ta nagia, trokatu bear zaitut, edo bota nere gandik. Da esatea, ez dirala Jesusen biotzean ondo sartuak egongo, Zeruko bidean nagi, epel, ta ardura gabeak diranak, ez dituztela artuko Jesus gandik komunio ondoan bere maitatzalle zindo edo pin piñak artu oi dituzten atsegin gozagarriak. Biotz nagiak, zure epeltasunak nasten darozkit errai guziak. Erdi lo zaude, ta zere nagitasunak ez dizu esnaatzera uzten. Au esaten die Kristok bekatu benial edo arinak ardura ta kontu gabe egiten dituztenai, biotz batu edo barriundua ez darabiltenai, lo asko, jan ondo, ta olgantza mundukoetan dabiltzanai, gaizto gaiztoak, edo bekatu mortalekoak izan ezagatik. Oen artean badira erdi mundukoak, erdi Jangoikoaren izan nai lukeenak. Divisum est cor tuum. Banatu nai lukee biotza, eman erdia munduari, ta beste erdia Jesusi; au da etsai, inoiz alkartu ez diradenakin, bizi pakean, biai atsegin eman; ordea biekin galduko dute. Onelakoak nai dute konfesatu ta komulgatu txit sarri, astean bein edo birritan; baña aurrera lengo bizitza nagiari, aurrera bekatu benialak ardura gabe ta ugari egiteari: konfesatzen badituzte bekatu benialak, da damu gabe, zerren ez dituzten artutzen neurri egokiak obetzeko; leenak beti. Onelakoentzat ez da ain sarri komulgatzea.

        San Agustinek ematen zien konseju bere Sermoietan enzunlai, komulga zitezela Igande edo Domeka guzietan. Konseju ederra, dio San Franzisko Saleskok, baña kontuz egin bear dana. Zortzi egunetik zortzi egunera komulgatzeko bear da bekatu mortal gabe egoteaz ostean, ez iduki amorio edo eraspenik bekatu benialak diraden gauzai; ez erortea bekatu benialetan arinki, sarri, gogo osoz, oituraz, ta kontu gabe. Bear da eldu komuniora bekatu benial ezagun guzien damuz, ta asmoaz obetu edo emendatzeko. Bestela, komunio epela egingo da; ta zertako ditu Jesu-Kristok berekin ain sarri adiskide onak ta bere maitatzalle piñak ez dituenak? Ez utzi nai Kristogatik lurreko on izate edo interes labur bategatik largako lirakeenak, ta joan beragana maite bat balitza bezela? Atoz ona gezur txikiak ugari ta beldur gabe esaten dituzuna: esango balizu Jaun batek gezurrik esaten ez dezun egun bakoitzean emango dizula ogei errealeko bat, gezur asko esango zenuke? Ez Jauna. Ogei errealeko bategatik egongo litzake edozein, beintzat aberats aberatsa ez balitz, egun guzian gezurrik esan gabe. Eta beingo baten esango bazendu gezurtxo bat, nolako naigabe ta damua? A! Esango zenuke, galdu ditut ogei erreal aurkeria bategatik, kontu piska bat ez idukitzeagatik. Zerk egiten du pasio txaar ta zaarra ere garaitzea ain erraz? Diru amoreak. Orobat egingo zenuke bekatu benialak diraden beste gauza askorekin. Etzinake joango Kristoren legea arkitzen ez dan leku ta itzkera alperretara, bazenuka errentatxo bat egunoro zere etxean, ta leku on onean egoteagatik. Ala ez da? Ongi. Beraz ez egitea zuk Jesusen amorez, Jesusen atsegin, lurreko diru guziak baño geiago balio duteenak gatik, egingo zenukeana diru batzuek gatik, da argiro esatea, Jesusi atzea ematen diozula lurreko ondasun galkorrak begien aurrean iduki ezkero; da esatea, diru apur batzuei estimazio geiago ematen diezula Jesusen naia egiteari baño. Amatzalle ederrak egiaz! Eta joan gero ain sarri Jesus gana, zein ain gutxi maite dezun? Ez da asko esatea mundu guzia baño maiteago dezula, bere amorez garaitu nai ezpadituzu pasio txatarrak; artu bear dira ta ill azeri txikitxo animako maasti ederra gutxika galtzen duteenak, ez da asko basaurde zatarrak iltzea; oen kaltea agiri ta ezaguna da, ta persegitzen ere dira. Baña azeri gazte ta txikiak inork igarri gabe bezela egiten dituzte kalte asko; matsaien, edo txarmentuak ez ausiagatik basaurde zatarrak bezela, ausitzen ta galtzen dituzte panpanu, edo morgotatxoak, nondik etorri bear zuten mordoak. Arrapatu bada azerikume kaltegarri oriek, dio Jangoikoak. Capite nobis vulpes parbulas quae demoliuntur vineas. Au da kendu animako mastitik, urrutitu, edo aienatu iges dezen, bekatu benialak, zeintzuek ugari ta borondatez diranean, ta animan dirautenean kendu gabe, egiten dituzte kalte andiak.

        Ori orrela bada obe izango da gutxitan komulgatzea. Kontu gaiztoa ateratzen dezu. Ona zer esan bear zenukean. Ori orrela bada, kendu bear degu Jangoikoaren amorio andia eragozten digun guzia. Ori orrela bada, iduki bear degu kontu txit andia ezertan ere aleginez Jangoiko ain maite izan gaituenari atsekaberik ez emaiteko. Eraman bear degu bizitza Jesusi atsegin emango diona, mundutik biotzez aldegina. Izan bear degu oraziora emanak ta noiz edo berriz erorten bagera bekatu arinen baten, bereala bear diogu eskatu barkazioa Jesusi. Artu bear degu fede sendo bat Sakramentu komuniokoaren gañean, piztu baragana eltzeeko egiarri andi bat, ta aurtxoak beren Amaren bularrean erasten diran amoreaz edaateko ugatza, ala ta geiago, dio San Krisostomok, egin bear degu guk, eltzeeko komunioko maira, non Jesusek ematen digun Ama batek bere aurrari baño geiago ta amorio geiagorekin, ta gure naigaberik andiena izan bear da komulgatu ezin geranekoa. Onela bagabiltza, nolako ondasunak animarentzat? Nolako irabazi ta aurrerapenak Jaunaren bidean? Nolako amorio ta pozarekin artuko ez gaitu Jesusek iru bider asteoro bagoaz ere. A bai ta prestatuko bagiña egunoro eltzeeko mai santu onetara: Eta nolako arrera gozo edo beintzat sendagarria egingo ez likegu? Komulga zaite sarri Filotea, esaten dio San Franzisko Saleskok bere Alaba espiritual bati, ta aren buruan besteai, komulga zaite, ta al dezun guzian zere Konfesorearen borondateaz. Sinis nazazu, ezen nola Erbiak zuritzen diran gure mendietan elurra jaanaz, ala zurituko ere da zure anima, edertu ta apaindu Jesus ain garbi ta ederra jaaten ematen zaitzunean, edo sarri bazoaz Sakramentu onen maira.

        Baña Filotea ura zan anima Jangoikoari guziz emana, orazio zalea, bekatu arin edo benialetan ez erorteko kontu andia zuena, egunetik egunera aurrerapenak egiten zituena birtuteko bidean. Onelakoak eldu bear dute sarri edo maiz mai santura, nondik ateratzen dituzten ezin esan beste animako ondasun, ta sinistu nai badiozu Maria Jesus Agredako beneragarriari, ondo prestatu ta sarri komulgatzen diran anima askok gloria geiago izango duteela martirioan bizitzan eman dutenen batzuek baño.

        G. Birtutean berriak diranak, edo aurrerapen andiak egin ez dituztenak komulgatu bear lukee sarritxo?

        E. Ederki galdetzen didazu; ona eranzuna. Anima Jaunagana biurtu berriak, ez dira guziak modu batekoak; batzuek abiatzen dira gogo bero edo ferbore andiarekin, daude prest aldegiteko bekatu txikietatik, nai dute sartu orazioko bidean, iraun sendo, egin penitenziak ta itz gutxitan, jarri Konfesore aitu baten obedienzia osoan bizitza zuzen ta garbi bat eramateko. Oek nai ta ez bezala izango dituzte, geienez beintzat, tentazio ta eragozgarri andiak, ala infernuko etsaien aldetik, nola mundukoenetatik. Onelako animak eldu bear dute sarri, ez beren buruz, baña bai Konfesore anima zalearen konsejuz, mundukoen berriketai jaramonik egin gabe. Nola obeto garaitu, ta ebaki egoak ta indarra infernuko tentatzalleai Jesu-Kristoren aragi santua jaanaz baño? Kristok anima alakoetan largatzen duen usai gozoa, da deabruarentzat kirats iges-erazotzen diona ta gelditzen da etsai gaiztoa indar ta aginte gabe. Ur bedeikatu ta Kristoren irudi edo imajinak ikaratzen, ta urrutitzen badituzte, nola iges-erazoko ez dio Jesu-Kristo ber berak? Nolako amorroa emanez? Ala bada, zenbat eta tentazio geiagoz inguraturik arkitzen dan kristau Jangoikoaren serbitzaria, anbat sarriago eldu bear du komunio santura.

        Ori egiten det Jauna, ordea ez dira tentazioak gutxitzen; naiz gabaz naiz egunez, arkitzen ez det pakerik. Zertako da komulgatzea sarri? Beragatik; deabruak irten ez dezan bereaz, zeñek arrabiaz ta gorrotoz geitzen dizkitzu tentazioak, zu beldurtzeko, zuri iges erazitzeko mai santutik. Komulgatu ondoan desafia ezazu, ta esan ikara gabe, ator ona nai badek, etsai gaizto Zerutik deserrituta agoana betiko; zer nai didak? Nik ez artzea nere Jesus borondaterik onenarekin etorri zatana? Ez diat ere beldurrik berekin nagoan artean. Jarri bearko dek belauniko bezela bere aurrean, zeñi obeditu bear dion Infernuak. A zorigaiztokoa! Galdurik dek betiko Jesus Zeruan ekustea, ezin amatuko dek, ez orain, ez inoiz. Zer nai dek infernu andiagorik Jesus inoiz ekusi, ta amatu ezina baño? Nai dek ekusi nola nik amatzen ziadan?

        Onela arrabia eraziko zaio etsai gaiztoari, ta azkenean pakean utziko dio animari ekusten duenean konfianza osoarekin jartzen dala Jesusekin peleatzera.

        G. Nork geiago sarri komulgatu bear du?

        E. Jangoikoaren bidean arkitzen dituztenak mingoiztasun, ta agortasunak, pake osorik ez ta bai beti beldurrak. Onelakoak esango dute: otz, ta epel arkitzen naiz komulgatzean, ta komunio ondoan; ta esaten da, epelak ez dirala onak Jangoikoarentzat, ta igui ematen diela. Zertarako bada joan sarri komulgatzera? Zenbat eta jai andi debotoagoa dan, orduan ni otzago, ta epelago. Nik Kristo artzea da ozpal zati bat artzea bezela; ez det gozotasunik ez samurtasunik sentitzen; ta batzuetan etortzen ere zait tentazioa, edo bekatu mortalean nagoala, edo Kristorik ez dagoala hostia santuan. Ai Jauna! Len izan oi nituen poz andiak, negar gozoak, nere biotza samurtzen zan erraz, ta ez nuen largako komunio bat lurreko ondasun askogatik. Baña aldi onetan ikaratzen naiz gogoratuaz beste gabe komulgatu bear dedala. Atoz ona biotzeko martirio orietan zauden anima ezagutu gabe zorionekoa. Nai zenuke biotz guziarekin amatu Jangoikoa? Egin bere nai ta borondatea, berari atsegin eman al dezun guzian? Ori bai Jauna, gogo eta animako deseoa ez det galdu; ez nuke nai bekatu benialtxo batekin ere ofenditu Jangoikoa, ta egiten dedanean paltatxoren bat, damutzen zat bereala, biurtzen naiz Jangoikoari parkazioa eskatzera. Ori bai? Bada etzaude bizitza epelean; bizitza epelekoak egiten dituzte paltak kezka gabe, ez dira penatzen beren epeltasunarekin, bizi dira beldur gabe; iltzen zaiztez perfekzio edo on on izateko deseo guziak. Berriz nondik datozkitzu nai gabe ta biotzeko pena oriek? Nai zenuke ondo komulgatu, eraman Kristori amorio andi bat, ta nola biguntzen etzeran len bezala, uste dezu amore gabe zoazela; ta zure animan arkitzen dan estutasun ta naigabea, da amorio penazko geiago balio duena, ta on geiago ekarriko dizuna, amore gozatsu, eztitsu samur, ta biguñ negartsuak baño. Onelako amorea gozoago da; baña bestea alde askotatik on geiago dakarrena. Amore gozoak ekarri dezake konfianza arro, ta bere buruaren amorea; billatzean Jesus gere emengo gusto edo atsegiñagatik. Baña amore illun, agor ta penazkoak berez dakar humiltasuna, ta ez amatzea Jauna gere gustoz, ta bai dana dalako fede utsarekin. Ez naiz aspertuko au erakasteaz, zeren anima on askorentzat da doktrina animagarria.

        G. Sazerdotea ez danak artu dezake komunioa egunoro?

        E. Bere buruz egiten badu, ez du ondo egingo, zerren anima gutxigan arkitzen da anbeste komuniorako prestamena. Egiten badu Konfesore jakitun, ta bertuteko bide ezkutuak ondo aditzen dituenaren aginduz edo konsejuz, egin dezake. Eliza ama Santak ez du eragozten egunoroko komunioa, ta balego kristauetan artako bear dan prestaera osoa, lurrean izan al ditekeanez, naiko luke, ta ala agertu du bere borondatea. Ordea nola grazian egote utsa, asko ez dan orretarako, Aita Santu Erromako batek utzi zuen aukera edo begiratze au Anima-zai, ta Konfesore aituen eskuan. Jangoikoak denpora guzietan izan ditu, baditu, ta izango ere ditu anima bertute andikoak. Oentzat da txit ona egunoroko komunioa; baña ez geienez bestelakoentzat. Komunio ain sarriak, humiltasun andi baten sustraiturik ez dagoan animan, ekarriko du lotsa gutxia, edo desprezioa, gosea etzaio geituko, ta bai gogo betea; ta gero egingo dira komunio arinegi ta debozio gabeak. Gaurko egunean ekusiko balute kristau bat egunoro komulgatzen, nolako zer esanak ala Konfesore, nola komulgatzen danagatik? Usteko luke jendeak, ekusi bearko lirakeala milagro edo mirari andiak egiten alako kristauak; ez luleela belarra baño besterik jan bear: ikusiko balie palta txikitxoren bat, zeiña ekusteko dituzten mundutarrak begi zoli ta argiak, nolako burla ta parreak? Ala, bakea errrietan aleginez izan didin, gutxi gutxitan konbeni da egunoroko komunioa. Egia da ekusiagatik anima bat egunoro komulgatzen bere Konfesorearen kosejuz, ez dala gaizkirik esan bear; ez du bakoitzak bere buruarekin bestearena neurtu bear. Elizak permititzen duena, ez da eragoztekoa eskubiderik ez dutenen ao txaarrez. Ez diot nik iñori eman egunoroko komuniorik, ez nik baño obeto merezi etzutelako (inork munduan merezi ez duena bada ere bein bakarrik komulgatzea) baña bai beste arrazoi onak gatik. (Videatur Calataiudius tract. de Comu.) Sartutzen dira enbidia edo ondamuak anima argaletan. Zergatik ni ere komulgatzen ez nau bestea bezela? Zer ote du besteak ez dutenik? Onela esaten dute beren artean, ta bear bada lagunen aurrean, ta datoz animetara kalte andiak. Komulga ditekez egunoro biotzez ta deseoz; onela geituko da komunio gosea, ta komunio bakanago egiñetan aterako da frutu egunoro egiñetan atera zitekeana, prestamentu geiago badarama bakanagoetan. Jai bi edo irutan errenkan komulgatzea, ez da egunoroko komunioa beste egun askotan komulgatzen ez danean.

        G. Nork ere komulgatu bear ez du ain sarri?

        E. Fede laburreko jende batzuek, zeintzuek komulgatu ondoan denpora gutxi bat eginda dijoazan Elizatik beren zer egiñetara. Oen fedea da laburra. Au da Jesu-Kristo eramatea munduko arazkeria, ta zer egiñen artera. Ekusiko bagendu Elizakoakin dijoan Sazerdote bat bere bideari larga, eta joaten etxe batera Jesu-Kristo berekin daramala, ta igarotzeko denpora berriketa alperretan, jokoan edo jaaten, zer esango genuke? Fede ta Sakramentu andi onen siniste guzia galdu duela. Zer esan bada komulgatuta laster, zerimoniazko egote labur bat egin ta bereala dijoazanak gatik gosari edo almortzua artutzera, eta beste zer egin mundukoetara Kristo ber bera beren Sabelean daramatela, burura ere etorri gabe, norekin dijoazen? Ona kristauak jakin bear duen doktrina ondo aztertzekoa. Nork nai daki Jesu-Kristok dirauala hostia konsagratuan ogi irudi, edo itxurak desegin artean. Ez da guzien iritxi berdina jakiteko zenbat denporaren buruan desegiten dan hostia konsagratu edo ogi itxura. Batzuek dioe, dagoala desegin gabe ordu erdi baten; besteak, ordu lauren baten. Beraz ordu lauren bat Jesusekin igaro gabe eskerrak ematen, irteten duenak Elizatik, irteten du Kristo aldean duela. Izan diteke desonra edo bidegabe andiagorik? O Fedearen laburtasuna! Etorri Jesus hostia santura, ta gero gure barrenera gurekin egotera, guri mesede andiak egitera; nai berak gurekin bakartxoan egon, eta guk iges egin, artu ta atera gerekin munduko arazo zeregin ta asmoetara? Eta sinisten degu Sakramentu onetan dagoala egiaz Jesu-Kristo? O nola negar egiten zuen Santa Teresak ekusten zituenean kristauak, komulgatu ta astiro Kristorekin Elizan gelditu gabe, irteten munduko lan ta zeregiñetara, kontuz eman gabe mesede ain andiaren eskerrak, aztertu edo pensatu gabe, gutxi gutxienez ordu lauren baten, nor etorri dan gugana, zertara etorri dan, norgana etorri dan, ta zer nai duen gugandik bere etorrera miragarriaz! A eta zenbat grazia, zenbat bedeinkazio, ta zenbat ondasun animako aterako lirakean bisita eder artatik! Noiz egongo da Jesus grazia geiago egiteko abagune, edo era obeagoan! Etorri zan gure Jesus bizitza ematera ez ezen, baita ematera ere bizitza luzea ta ugariagoa. Ego veni ut vitam habeant, et ut abundantius habeant. Au da, etortzen dala Jesus, ez bakarrik ematera guri Sakramentu onek berez dakarten grazia, eragozpenik ipintzen ez dutenei, baita ere ematera beste bedeinkazio, ta grazia asko. O kalte andi ezin esan besteko datozkigunak astiro Jesusekin ez egoteaz komunio ondoan.

        Ona emen gertatu zana Aita Abila Beneragarriarekin. Ekusten zuen Sazerdote santu onek kristau fede laburreko batek (et hic erat Dacerdos proh dolor!) komulgatu ondoan bereala irteten zuela Elizatik; ta ezaguerazitzeko bere gaizki egitea, artu zuen asmo eder bat. Agindu zien beste Sazerdote edo Abade biri, egon zitezela prest kandela irizikiekin kristau komulgatu ondoan laster Elizatik irteten zuen ari, laguntzeko bidean. Esan ta egin; zijoanean Elizatik irtetera, jarri ere ziran Abade biak bere aurrean, beren kandelakin; ta zijoazen aurretik buru utsian. Arritu zan komulgatuta zijoana ekusten zuenaz ta galdetu zien Abade bi aiei: Jaunak, zer da au? Zertarako da nere aurretik Kandelakin joatea? Zertarako izango da? Eranzun zien. Orain komulgatu etzera? Ez daramazu zerekin edo zere bularrean Jesu-Kristo? Ez du Jaun ain andi onek merezi guk argiakin zure etxeraño laguntzea? Lotsatu zan kristau fede laburreko ura. A bai! Zenbat kristauri egin bear litzakio beste anbeste? Komulgatu ondoan, batzuek gelditzen dira denpora apur bat penitenzia kunplitzen, bete batzuek aldarak bisitatzen, ez gutxi errosario bat artu, ta errezuak egiten, beren bularrean daukaten Kristori ezer esan gabe, amore ta eskerrik agertu gabe. O Fedea! Eta zein illa zauden kristaurik geienen artean! Idiki arren biotza Jesusi. Bai arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa