www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesio ta komunioko sakramentuen gaņean erakasteak
Juan Antonio Mogel
XVIII. mendea, 1800

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Confesio ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac. Juan Antonio Moguel ta Urquiza. Ezquerroren Alargunaren etxea, 1800.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE III.

Gauza beraren Jarraitza

 

        Ikusi ditugu igaro dan dortrinan, zer dan Esamina konzienziakoa, nolakoak izan bear duen, ta zenbatek utsegiten duten gauza ain bearrean; baña nola gauza asko dagoan zer erakatsi gai ugari onetan, nai ditut azaldu, edo esplikatu beste doktrina baten, dauden zer jakiñak.

        G. Zertan bada utsegiten dute kristau askok esamina ondo ez egitean?

        E. Bi aldetara; bat, ez animari kontu artuaz bekatu omisiokoen gañaean, ta bestea pilloan, ta zeaztasun gabe mandamentuak igaroaz bekatuak gogoratzeko.

        G. Zer da bekatu omisiokoa, edo eginezekoa?

        E. Da ez egitea egin bear dan gauzaren bat. Ona ejenplo bat edo beste. Agintzen du Jesu-Kristok egiteko limosna. Au da obligazio estua. Bada ez egitea limosna egin bear dan aldietan, da omisioko bekatua. Ala beste obra miserikordiakoen gañean utsegiten da obligatzen gaituzten aldi askotan. Guraso bati agitzen dio Jangoikoak aziera ona emateko beren umeai. Ez ematea aziera ona da omisioko bekatua. Emen sartzen dira bakoitzak bere estadu edo ofizioko obligazioai ez eranzutea. Nork esan berriz zein gutxi diran onelako eginezen gañean esaminatzen diranak? Eldu zan bein Errege kanpoan zebillen bat erritxiki batera, ta billatu zuen konfesatzeko erriko Kura, edo Erretora. Egin zuen Erregek mandamentuetatik bere konfesioa, ta uste zuenean etzeukala zer esan geiago, esan zion Konfesore on ark, Jauna, konfesatu ditu gizonaren bekatuak, orain konfesatu bear dira Erregerenak. Artu zion gero kontu, nola zuzentzen zuen bere Reinoa nolako Ministroak zeuzkan, nola begiratzen zuen enpleoak ematen, ta ala beste gauza asko. Etzion gaitziritzi Konfesore aren kontu artzeari, ta bai egiñ Toledako Arzobispo, ain begiratua zalako animak zuzentzen, ta itzegiten beldurgabe. Eli Israelgo Jueza guziz ona zan alde askotara, baña bear bezela kastigatu etzituelako bere Seme gaizto biak, zeintzuek egiten zituzten oker asko, ta eragotzi etzituelako Seme aien bekatuak, irurak il ziran beingo batean, ta igaro zan kastigua beren ondorengoetara. Ala gizon aberats batek igarotzen badu mezaak enzuten goiz guzia, ta egunak dituen beste ordu guziak gauza on asko egiten, bada diruzalea, zekena, ta ez limosnaria, ez da salbatuko, zerren ez duen egiten egin bear duena, ez duen karidaderik; ta zerren pobreai ukatzea limosna bear orduetan, dan ukatzea Jesu-Kristori. Beraz dirudunak esaminatu bear dute konzienzia egiten duten edo ez bear beste limosna, bere gogortasunagatik atzeratzen ote diran edo ez premian da-odenak berari limosna eskatzen. Zergatik erori zan Infernura Aberats zikotz, zeken ta diru zalea? Beretzat zuen mai txit ona, jatekoa geiegiaz, ta bere atarian zegoan pobre Lazaro zeritzanari, erakusten zion arpegi astuna sokorritu bearrean. Orra nola kondenatu zan ez egiñaz edo omisioko bekatuagatik. Beste anbeste gertatuko zaie biotz gogorren jaubeai, errukiorrak ez diranai, ondasun asko eduki ta geituaz dijoazenai, zabaldu gabe pobren artean. Kutzia, edo Zekentasuna da Idoloak serbitzea, ta bekatu askoren iturburu edo sustraia. Ala dio Espiritu Santuak. Ez dute onelakoak zer ekusirik izango Jangoikoaren Reinuan, ala dio San Pablok. Ordea, nork ezagutzen du bekatu au? Bai aberats biotz biguneko ta limosnagillak, ez zeken diruzaleak. Beraz egin bear da esamina zuzena ez eginen gañean egin bear diran gauzeetan. Eskola-maisu batek iduki bear du kontu andia eskola mutillekin, eman bear die doktrina ta ejenplo ona, erakatsi ondo doktrina, erakurten ta eskribitzen, meza santuan ondo egoten; nagia bada, egingo du bekatu ez egiñaz egin bear zuena; ta koafesatzeko esaminatu bear du, nola kunplitzen edo betetzen dituen bere obligazioak. Gurasoak berriz zenbat utsegite? Oek egingo balute egin bear dutena, egiñaz alegina aziera on bat txikitatik emateko beren umeai, nola ekusiko lirake anbat nasaitasun ta bekatu mutil ta neskatxetan? Zenbat guraso dira onen gañean esaminatzen diranak? Gutxi. Zenbat etxeko-jaun edo andra beren morroe ta mirabeakin animako gauzeetan konturik ez dutenak? Etxerako ona bada, beargina bada, ta esku garbikoa, mingaña ta obrak gaiztoak baditu ere, txit kontentu daude beren serbizioarekin. Zer dio berriz San Pablok? Bere etxekoen ardura, edo konturik ez duenak, fedea ukatu du, ta da fedegabe edo Jentila baño gaiztoagoa. Ordu osoak ez dira asko adieratzeko Ofizio ta estadu bakoitzeko obligazioak, ta egiten diran utseginak. Jakin bear ditu bakoitzak bere ofizioari dagozkionak, ta jakineza da geienez bere erru edo kulpaz. Estadu guziak dituzte beren karguak, Kura Jaunak Sazerdoteak, Konfesoreak, mediku-barberak, Letradu Eskribadu, Juezak, ta ala beste ofiziokoak. Beraz bakoitzak jakin bear du nola utsegin dezakean bere ofizioan, ta nola ondo egin: esaminatu ere bai nola eranzun dien obligazioai.

        G. Zein dira gaizki esaminatzen diranak pilloan, ra zeaztasun gabe mandamentuak igaroak?

        E. Dira mandamentuen itz utsai begiratzen dienak, ta ez sarturik dauden anbeste gauzari. Demagun asitzen dala esamina egiteko amar mandamentuak banaan igarotzen, ta dio bere artean lenbizikoa Jangoikua amatzea gauza guziez gañean. Nik Jauna maite izan det, ez diot gaitik nai izan. Eztet zer akusatu mandamentu onetan. Emen gelditzen da esaminatze guzia. Ederki. Eta ez dio konzienziari begiratu bear aztertzeko Jangoikoa amatu duen edo ez? Egin ote dituen Fedeko, Esperanzako ta amoriozko aktoak? Arkituko dira asko etzaitenak gogoratu ere egiten; egin badituzte aoaz, ez dala izan bear bezelako bekatuaren damuaz, egon diralako bekatu mortalean denpora luzean. Bigarrena, ez juramenturik egitea alperrik. Justiziaren aurrean gezurrezko juramenturik egin ezpadute, aurrera igarotzen dira asko esamina geiago egin gabe, egiten dituztela gezurraren gañeko juramentuak bestalako denporetan, esanaz gezurren bat siniserazitzeko, Jangoikoak ala salba nazala, emendik pausorik eman ez dezadala, ta onelako bere kontrako biraoak. Uste dute gezur txikien gañeko juramentuak, bekatu arinak dirala. Irugarrenean mezarik enzun gabe utzi ezpadute, gutxi esaminatzen dira nola enzun duten. Laugarrenean lenago esan genuan bezela Gurasoak asko dute zer esaminatu umeen aziera onaren gañean, umeak ere bai gurasuai zor dien lotsa edo honraren gañean, ta utseginak ezagutu bear lituzke Teolojiarik jakin ezagatik. Bostgarrenean dakitelako iñor ill ez dutela, gelditzen ere ez dira. Baña zenbat daude aserre baten ondoren itzi zere egin gabe, gorrotoan, ta projimo alakoen gaitzetan poztutzen dirala bene benetan? Moskortzen diranak, zenbat edergarri estaltzeko beren bekatua? Seigarrenean, ez aragiazko bekaturik egitea. Jangoiko maitea, nolako esamina mandamentu onetan? Zenbat kristau dira bekatu oso edo aragi-korputzekorik egin ezpadute, ezereztzat ez dauzkenak apa laztanak, eskuka loiak, itz kaltegarriak, ta biotz bakarreko atseginak? Nolako esamina egingo dute alakoak? Eta zer balioko die beren itxutasun borondatezkoak? Zenbat aldiz edo bider aitu dute Pulpituetatik, Konfesorearen aotik, dirala bekatuak pensamentu nai izan edo konsentituak, ta esan diran beste gauzaak? Zazpigarrena, ez ostutzea. Eskuz ezer artutzen ezpadute, eztago beste esaminagintzarik askorentzat. Nork esan berriz zenbat aldetara bekatu egiten dan mandamentu santu onen kontra? Zenbat logreria, irabazte bidegabeko salduerosietan, zenbat kaltemodu inoren ondasunetan! Zortzigarrena, ez gezurrezko testimoniorik egoztea, ta ez gezurrik esatea. Iñori asmatu ezpazaio gezur kaltegarririk, eztago askorentzat beste eseminarik. Baña zenbat murmurazio astun ta ezkukuko? Onela, ala Jangoikoaren Legeko amar mandamentuen, nola Elizako bosten gañean egiten da esamina, edo konzienziako aztertze txit azalekoa ta laburra, uzten dira ezagutu ta konfesatu gabe bekatu asko, ta egiten dira konfesio gaiztoak. Nondik dator kalte au? Ez ote dituzte animazai edo Kura Jaunak zeaztzen mandamentuak beren Sermoi edo doktrinetan? Ote dira nagiak erakasten ta beren obligazio ain estuari eranzuten? Ala balitza, zer kontu emango lioke bere eskuetatik, entregatu diozkan animak, eskatuko dituen Jesu-Kristori? Baña zer esesio edo eskusa emango dute doktrina Santuetatik igesi dabilzan animak; edo ardi aldendurik dabilzanak enzun nai ez dutela Arzaiaren deia? Beren ezjakina letorke ikasi naiezagatik, ta au litzake bekatu, beste bekaturik estaldu ezingo duena. Ezagutzen ez dalako bekatua, ez da bere damurik artutzen. Ala dio Jangoikoak Jeremias Profetaren aoz. Ez dago nork egin dezan bere bekatuaren penitenzia, diotela, zer egin det? Esamina bi egin bear dira konfesio ona egiteko: bata ezagutzeko bekatuen zenbatasun edo numeroa, nolako gauzatan, bekatu egin dan, ta bekatuaren zirkunstanzia edo zer zelidade batzuek. Au egin bear da aozko Konfesio osoa aleginez egiteko. Bigarren esamina egin bear da ezagutzeko bekatuaren malizia, edo gaiztotasuna, nor dan ofenditua, edo noren kontra bekatu egiten dan, nor dan bekatu egiten duena, zergatik; zein diran bekatuaren ondorengo, edo kalteak. Esamina au egin bear da biotzeko Kontrizio edo damua iristeko, zeina gabe aozko Konfesioa alperra dan, gero agertuko degun bezela damuaren gañeko doktrinan.

        G. Nola bada egin bear da aozko Konfesio osoa agiteko Esamina?

        E. Jakin bear da bada eztuela esamina onek izan bear ez munduko gauzeen aztertze edo esamina bezalakoa, baizikan fade bizi batetik jaioa. Merkatari batek ateratzen ditu bere artu eman, galdu irabazien kontuak beti biotza dadukala iraatsirik ezagutzean, nola irtengo duen bere kontuetan. Ordea Kristau, konfesatzeko esamina egin edo bekatuen kontuak ateratzen dituanak, egin bear du lotsa santu batekin, ta barkazioa eskatzeko Jangoiko ofendituari biotzeko damu andi batekin. Jarri bear du Jangoikoaren aurrean, ta leku bakar baten; eskatu bear dio animako begien argitasuna, eskatu zion bezela Ebanjelioko itxuak Jesu-Kristori korputzekoen ikusbidea. Gizon gaiso ark, sentitu zuenean igarotzen zala Jesu-Kristo bere urretik, asi zitzaion deadarrez, Jesus Dabiden Semea, errukitu zaite nizaz. Jendeak esaten zion, zaude ixillik orrenbeste jardun gabe. Baña orduan deadarra geiago jasotzen zuen. Biurtu zan Salbagillea beragan, ta galdetu zion zer nai zuen? Jauna ekustea, edo begietako argia. Domine ut videam. Jesuses ekusirik bere eskatze fede osokoa esan zion, ala izan didilla eskatzen dezun bezela; ta argitu zitzaiozen bere begiak. Gu gerez itxuak gera anima ta salbazioari dagozkion gauza guzietan. Bear degu Zeruko argia ekusteko gure biotz barrenean igarotzen dana, ona iduki ez dezagun gaiztzat, ta gaitza ontzat; ta ala ere geiago, ezagutzeko bekatuaren gaiztotasun edo malizia. Dijoa bidiazti bat lekuez ezagunetan, ta artzen du gabak baso andi baten. Nolako estua berea? Nolako ikara ta beldurra? Alako baten arkitzen du bakartadean etxe erdi erori ta zar bat. Sartutzen da ta bideko nekea arintzeko etxuten da bazter baten lo egiteko. Argitzen da eguna, ta orra non ekusten dituen bere aldamenean suge, Dragoi ta beste Piztia asko. Izuturik, jaikitzen da bereala, ta ikara ta guzi iges egiten du. Non lo egin det? dio; Nola irentsi ez naute Piztia odol zale aiek? Nork eraman nau ni alako lekura? Zorionekoa Eguzki atera nauena peligro ain anditik. Zerk iges erazitzen dio len ordu osoetan lo pitzan egon zan leku artatik? Ekusi zuelako argiaren bidez bere galbide edo peligro andia. Ala bada bekatariak ekusten dituenean Zeruko argiaren bidez bere anima barrenean dauden bekatu Dragoiak baño kaltegarriagoak, nola lo bezela egon dan bekatu askoren erdian, artzen du ikara santu batek, iges egiten du Konfesorearen oñetara, ta an arkitzen du libra bidea. Nola bada esaminatzeko unean eskatu bear ez dio Jangoikoari bere argia, eskatzez aspertu gabe, ezagutzeko, zenbat bekatu ta nolakoak egin dituen, damu andi batekin konfesio osa bat egiteko? Argi au eskatuta, asi bear du kontuak ateratzen, noiz egin zuen azkeneko konfesioa, utsirik ote daukan bekaturen bat lotsaz, norekin lagundu dan, non igaro dituen denporak, utsik egaiten ote duen bere ofizioko karguetan; igaro bear ditu mandamentuak kontuz. Zer egiten du ereztun eder bat galdu zaionak? Asitzen da kontuak bere buruari artutzen, ta aztertzen non izan dan, noiz galdu zuen, nondik nora ebilli dan, ta gero dijoa bide ta leku aiek ekusten begi azarriekin damuz beterik bezala bere ereztunaren galtzapenaz. Arkitzen badu, nolako poza? arkitzen ezpada, dijoa berriz ere obeto aztertzen bideak ta leku ebilliak. Zerk arerazitzen dio anbat neke ta arazo? Ereztunaren amorioak. Munduko pitxi ta ereztun guziak zer balio dute Jangoikoaren graziaren aldean? Nola bada damutu bur ezta bera galtzean? Nola damu onekin aztertuez, non edo nolako lekuan galdu duen? Sartu bear du gero bere inklinazio, edo pasio txatarrak esaminatzera. Aserre erraza ta sutsua bada, ekusi, nola ezi duen bere jenio gaisto au; edo larga ote dion inoiz, ta zenbat aldiz egiten nai duena: emendik birao gaiztoren batzuek inori egotzi ote diozkan; golperen bat iñori eman ote dion, edo gorroto andiren bat artu. Ala ere egin dezake beste pasio txarretan.

        Esaminatu bear dira pensamentuak, itzak, ta egiteak, batez ere seigarren mandamentuan, izan bada zerbait lasaia alde onetatik. Kristau kontu andiarekin bizi diranak, ta geiago beldurtzegi edo eskrupulosoak ez dute esamina luzerik zer egin. Onelakoak idukiko balute beren naiz ta ezaguera osoaz pensamantu loia, pakerik izango ez luke ez egunez ez gabaz. Esango balute itz desonesto edo garbitasunaren kontrakoa, ta orobat egin txatarkeriaren bat, ez luke esaminaren bearrik; kenduko ezingo luke gogotik bekaku itsusia. Berriz kristau Jangoikoaren beldur gutxikoak irentsiagatik bekatu loiak, ala pensamentuz nola itzez egiñak, egiten dute lo arduragabe; geitzen dituzte bekatuak, ta esamina kontu andiko gabe ez dute gauza garbirik aterako. Esaminako denporan dudan edo eztabaidan gelditzen bada lekurik eman ote dion pensamentu gaisto loiari, konfesatu bear du konzienzian dauden bezala.

        G. Zein da biderik errazena esamina oso batekin Konfesioa egiteko?

        E. Da egunoro bein edo bi bider eguneko esamina egitea, ta esamina eginda konfesatzea Jangoikoari damu andi batekin bekaturik arkitzen badu. Zer diot nik? Au da San Ignazio Loiolako animako Maisu andiari sinistu nai badiogu, birtute goratu batera eldutzeko bitartekorik egokiena. Badira etxeko Jaun asko egunoro etxean zer gastatzen dan kontu ze zea daramenak: onenbeste diru atera nituen aragia erosteko, anbeste ardoarentzat. Astean dakite gero zer gastatu dan. Azteetatik ateratzen dute ill guziko gastua, ta illetik urtekoa; ta urtearen azkenean, noraño igo duen urte guzikoak. Daukate beste kontu bat errenta, ta irabazienak, ta kontuai jo erazita ezagutzen dute, kastua edo artua geiago izan dan. Berriz batere konturik ez duenak, baizikan eman ta eman, artu ta artu, dauzka kontu loi ta garbitzen gaitzak, ta onegatik galtzen ere dira etxe asko. Ala bada, nola idukiko ez ditu konfesiorako garbituak bere animako kontuak bere konzienzia egunoro aztertzen edo esaminatzen duenak? Nola betiko kontu artze onek, ta Jangoikuari egunoro egiten zaion konfesio bakarrekoak ekarri ez bizitza guziz on bat? Demagun kristau batek dauzkala oitura txatar batzuek, gezur txikiak esatea, aserratzea erraz, karidadeko paltak, ta anbeste pasioren frutuak: Artzen du onek asmoa goizean Jangoikoari egun guziko lan edo obrak eskinitzeko, ta ez egiteko ezagueraz paltarik, ta erorten bada inpazienzia edo gezur txikiren baten mingañarekin igortitzeko lurra, ta eskatzeko barkazioa Jangoikoari. Dator gaba: artzen dio kontu animari, nola igaro duen eguna, norekin lagundu dan, nolako itzketan egon ziran; nolako tentazioak izan dituen, ta nola portatu dan. Erraz gogoratuko zaio zer egin duen, batez ere paltaren bat eginda bere buruari eman bazion mingai gogoragarriren bat. Arkitzen baditu kolera, bizkortasun geiegi, edo gezurrak, konfesatzen diozka humildade andiarekin Jangoikoari, artzen du gogoa urrengo eguna obeto eramateko, ezaguturik nola Jangoikoa maite duen kristauak (ta nola maite izan bear ez duen) ez dion ofensarik egin bear bekatu benialen izena dutenekin; nola kastigatzen dituen Jaunak Purgatorioko pena andiekin. Nola izan ditake egunoro onelako kontuak animari artzen diozkan kristaua ez izatea guziz ona denpora gutxian? Esamina oni laguntzen badio goizeko, ta arrats aldeko orazio mental, edo biotzekoak, o ta nolako irabaziak ta aurrerapenak Jangoikoaren bidean! Zer? Lurreko ondasun labur batzuek gatik kenduko lirakean oitura txatarrak, kendu ez Jaunaren graziaz ala billatzen duen kristauak egunoroko esamina, ta orazioarekin? Esango baziño gezurti bati; gezurrik esaten ez dezun egunean emango zaitu ogei errialeko bat, Jaugoiku ona! Nolako kuidado edo ardurarekin itzegin ez! Nola esaminatu bere barrena itza atera bear duenean! Eta eroriko baditza gezurrean, nolako naigabe ta damua itz txatar bat esan gabe ez egoteagatik galdu duelako ogei errealekoa? Urrengo egunean kontu geiago idukiko luke, ta bear bada illabete osoan ez luke esango, beintzat ezaguera osoz, gezur bat ere. Beste batek du biraoak egiteko oitura zaarra. Konfesoreak esanagatik garai dezala ekandu edo usario txar ura; eranzungo dio naita ez bezela irtetzen diola, ta konfesio asko eginda ere beti oñean deabruai deitzeko oitura txatarra. Esango baziño biraorik egiten ez duen egun bakoitzean emango diozkatzula amar errial, nolako poza? Nolako arreta kontua ez esateko biraorik? Nolako damua berriz beingo baten ta ustekabean, edo lengo oitura txaarraren indarrez irtengo balio? Nolako kontua urrengo egunerako! Onela lurreko sari eskintzak gatik kenduko lirake kolera, edo aserratzea, ta ezi grina ta obenik bizkorrenak. Non ote da Kristauen fedea? Jangoikoak pasio gaiztoak ezitzen dituen animari, eskintzen diozka Zeruko sari andiak, emen konzienziako pake, ta poz andia; ta lurreko ondasun zirzil ta galgorrak gatik garaitzen diran pasio txatarrak, ez dira ezitzen Zeruko ta animako ondasun andiak gatik, ez da Jangoikoak, Juez zuzenak bezela, prestatuta dauzkan kastiguak gatik ere. Zergatik ez? Zerren egiten ez dan bear dan dilijenziarik, arretarik ere artuez. Zein da bada bide bakarra ezitzeko pasio andi ta txiki guziak? Egunoroko kontuartze, edo esamina, onen ondorengo konfesio gauoro Jangoikoari bakarrean egitzen zaiona, artutzen dan damua paltaren bat arkitzen danean, ta ematen zaizkon eskerrak Jaunari gorde geranean bere graziaz bekatu egitetik. Esamina artan ezagutuko dira len ezagutzen etziran palta asko; anima edertu ta zurituaz agertuko dira motarik ta orbanik txikienak, egunetik egunera geituko da bekatuaren gorrotoa, Jangoikoaren amorioa, ta birtutetik birtutera ebilliko gera. Zertako? Ekusteko gero Jangoikoa animako begi garbituekin. Esamina egunoroko au egingo balute Kristauak, irtengo luke epeltasuneko bide kaltegarritik, ez lirake egingo bekatu benialak ere ain erraz, ta ain begi argiekin; gure biotzak erantsiko lirake Jangoikoagana ta ala egin aurrerapen andiak Jangoikoaren bidean. Zerk ekarri zuan Dabid Erregea Santu ain andia izatera munduko zeregin askoren artean? Gau ta eguneko nere ogia dira negarrak, esaten zuen, galdetzen didatenean, non da zure Jangoikoa? Kargatik anbeste negar? Scopebam Spiritu meum. Aztertzen zuen bere konzienzia, oroitzen zan bekatu egin zuenaz, Jangoikoagandik artu zituan mesedeakin. Egin dezagun guk ere ala, ta elduko gera birtute goratu batera. Ala izan didilia.

 

aurrekoa hurrengoa