www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aita San Ignazioren bizitza laburra
Agustin Kardaberaz
1767, 1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

A. M.        J H S        D. G.

 

AZPEITIKO
ERRI TXITEZ NOBLEAREN

GLORIA PAREGABEAK

 

        Aita San Ignazioren Bizitza miragarria asi baño len, Azpeitiako Erriak Santuagatik dituen zeruko erregaliak kontatu nai ditut. Era bitan dira oiek. Batzuek Ignazioren bizitzako Santidadeak, besteak Ignazioren Etxe santu onek eman diozkanak. Biak argiro esan nai ditut: eta Euskaldunak oiek ondo jakitea txit nai det. Ditxazko erririk munduan ikusi bada, guzien artean bat, eta alde askotatik bakar señalatua, Azpeitia da. Onek bere seme batean, beste Errik ez bezelako, eta esan al baño andiago diran ditxak beregan ikusten ditu.

 

 

ERRI NOBLE ONEN ZERUKO PRIBILEJIOAK

 

        Lenbizikoa.— Munduko beste erritan non ikusten da, Azpeitiko Festa, ta prozesio solemne baten antzekorik? Ignazio bere semea, bere egunean, da lenengo graziaren Ponte edo Parrokiatik Azpeitia guziak urteoro triunfo añ gloriosoan, alegrizko gure antziñakoen Ezpata-dantzarekin ateratzen du, bere kaleak paseatu, ta Erri guztia onratu, ta santifikatzera.

        Bigarren Pribilejioa.— Munduan Azpeitian baizik non ikusten da biaramoneko, ta bigarrenik eztuen triunfo berria? Ignazio bere seme glorioso, ta Kapitan bitoriosoa errespeto andiko Kabildo biak alako Prozesio ederrean, antziñako Mosketeria galantarekin Parrokiatik erriz kanpora, ta bere jaiotetxe onetara ekarten dute: ta emengo Eleiza berrian solemnidade guziarekin Meza santuan kantatu, ta Parrokiara biurtzen dute.

        Irugarren Pribilejioa.— Azpeitian ezpada non bestetan ikusten da zeruko mirari au? Ignazio bere Semearen jatorrizko, edo jaiotetxe anziñako guziz Noblea osorik, ta onrarik altuenean dagoen bezala ikustea? Jainkoaren Probidenzia ezkutatuak Ignaziori, ta Azpeitiari fabore au egin dio: eta nola berak Gizatasuna Ama Birjiñaren sabelean, artu zuen lekua Nazareteko Etxe dibinoa, orañ Loretoko Ama Birjiñaren Etxea milagroz osorik gorde izan duen; ala Loiolako Ignazioren Etxe au beti gorde izan du. Beste Santuen Etxeren bat edo beste erakusten dirade. Baña non Azpeitiko Loiola bezalako glorian, Santuario edo zeru bizi bat egiñik, eta goitik bera Etxe guzia mirariz apaindurik?

        Laugarren Pribilejioa.— Anziñetako Gaztelu zar edo Torre, gure Probinzian famatuak urratu, bota, edo desegin ziran: Loiolako Etxe au Ignaziorentzat Jainkoak, orañ dagoen bezala gorde du, ta erregalia andiakin: Erriz kanpora, ez Errian, ta ez Errikoai Etxe bat ere kendu gabe, Loiolako bere lurrean, Eleizarik ederrena, ta Kolejio erreala, Etxe santuaren ondoan, ta Seminarioa beste aldean, nai bezala, edo lasai guzia jasotzeko. Au ere Pribilejio bakarra da.

        Onek edo ark patu ona, edo zeruko izarra duela, esan oi da: Igriazioren zeruko faboreetan egiaz au ikusten da; eta Santua Jainkozko patu onekin lurrean jaio, ta zerura igo zan. Erroman Santua ill zanean zeruko izarrak gorputz gañean agertu ziran. Baña zer milagro? Ignazio Izarraizpean, edo Izarren mendipe onetan jaio bazan lurrerako da zerurako Ignazio jaio zanean, onen obira, aingeruen musikarekin zeruko izarrak jetxi ziran. Ignazioren suerte, ta izar onaren patu santua edo Pribilejioa da au.

        Seigarren Pribilejioa.— Zeruko joia txitez estimagarria da Loiolako Etxe au, eta alde onetatik Azpeitiak duen gloria; goitik bera santifikatua dago guzia: goien da bean Santisimoa, edo Jaun dibinoaren presenzia erreala adoratzen da: eta Etxe bakar onetan zortzi Aldare ederrak marabilla andiaz gaur ikusten dira. Jainkoak bere gloriaren Jarleku, edo Trono eskojitua Ignazio egin zuen, eta onen jaiotetxea modu askotan glorifikatu nai izan zuen. Nere Euskaldunak: gauza ziertoa da Loiolako Etxe onetan Aita San Ignazio jaio zala. Baña non? Erdiko bizitzan, edo anziñako Oratorioaren ondoan: Kapitan glorioso, Erri edo Eleizako Patroi San Sebastian, Loiolan dan alajarik preziosoena, San Luis, ta San Estanislaorekin bere Aldarean dagoen gelan Ignazio jaio zan. Goiko bizitzan gela txiki asko ziran: ta gauza jakiña da, Ignazio soldadu bizarroa Panplonan eritu, eta Etxe onetara ekarri zutenean, goiko bizitzan, da orañ Kapillan erdiko Aldarea dagoen leku, edo gelan, sendatu artean egon zala. Eta emen gloria andiagoak.

        Goiko gela orretan Ignazio gaxorik zegoela, Jesu Kristoren, Ama Birjiñaren, da Santuen Bizitza miragarriak irakurri, ta Espiritu dibinoak bere biotz prestua argitu ta berotu zion, ta osoro beretu zuen. Emen San Pedro bere adiskide, zeruko Medikua bisitatzera etorri, ta fabore orrekin osasuna eman zion. 2.ª Emen Ama Santisima bere Ignazio erregalo dibinoaz betetzera, ta Semerik estimatuena bezala, bere mantupean betiko artzera amore onez etorri zitzaion. 3.ª Emen Ignaziok bere biotza Jaunari betiko eman zionean, deabrua arrabiaz beterik, ariñ da igeska bezala irten, da leioko bidriera urratu omen zuen. 4.ª Emen A. Joan Bautista Santiago, pobreen ongille, erri oietan ondo ezagunak latiñez atera zituen berso eder dobotoak, eta marabilla oiek guztiak esaten zituztenak oi zeuden: eta Kapillako sapaiean gure egunetaraño egon ziran. Dotore D. Agustin de Agirre, ondo famatu, nere adiskide estimatuak, ziranak txikitatik memoriaz artu ta gero esan oi zituen. Prodijiozko pribilejio oiek non bestetan ikusi dira? Azpeitiaren da Probinzia guztiaren onra andikoak dira.

        Azpeitiaren pribilejio andia izan zan Ignazio eta San Franzisku Borjak biarretan baster oiek bisitatzea Ignazio onara beñ Panplonatik, te gero Paristik: Borja santua beñ Erromatik ta gero Oñatitik Jainkoak ekarri zituen. Ignazio Gazteluan eriturik kuratzera onara ekarri zuten: eta gero medikuen, da lagun santuen erreguak emen sendatzera berriz ekarri zuten. Lenengoan: zeruko esan diran mirariakin bere burua santifikatzera, edo Santu izaten asitzera: bigarrenean, Azpeitia eta Azpeitikoak zeruko ejenplo ta dotriñarekin guzien animak santifikatzera. Ori gero bere lekuan esango da.

        Santu Borja andi edo Duke santua bi bider onara etorri zan. Beñ Erroman Kardenal egin nai zutelako, Aita San Ignazio bere Jeneralaren konsejuz gure bazter edo menditarte oietara iges, ondo ariñ da pozik Loiolan sartu arteraño ibilli zanean. Españako Anditasun guziaz azturik bere zeruko sagraduan bezala Etxe onetan sartu ta pozaren pozez biotzeko deseorik bizienakin, bere Aita San Ignazio jaio zan ditxazko gelaz bereala galdetu zuen. Emen bere burua lurrera bota, ta auzpez etziñik, luzaro Jainkoa adoratu, ta alabatu zuen, ta begiak negar gozo ugarizko iturri bi egiñik, lurrari muñ egiñaz biotz guztiko esker amorosoak eman ziozkan; zeren mundu biak bere oñpean, ta orietako animak bere biotzean guziak salbatzeko bere kontura zeuzkan zeruko Jigante, Ignazio paregabea gela artan jaio edo lurrean agertu zan. Autoreak diote pauso deboto onetan, Santu Borjak zorioneko gela orretan Aldare bat egitea txit nai zuela. Egin etzan; baña orduan Santuak nai zuena, nik orañ nekeztxo badere, San Sebastianen Aldare berria nere ditxa andiaz egin det.

        Santu Borja, ta D. Joan bere Seme santua Erromatik onara etortzeko, Aita San Ignaziok bere aide laztan Aita Antonio Araoz laguntzat eman zien: emen anziñako Oratorio esan oi danean debozio guziaz Santua komulgatu zan, da Aita Araozek Oñatiko Madalenara eraman zuen Santu Borjaren mirari bigarrenik eztuenak an ikusi ziran. Madalena leku eder agiri bat da: eta Santuak prodijiozko zeru bat egin zuen. Munduko Palazioak utzi, ta etxe umill bat beretzat jasotzeko, an Duke Santua peontzan, edo arria eta karea karreatzen, neke ta izerdi andiakin ikusi zan. An lurrak maneatzeko idi bat elbarritu, ta Santu Borja andia bere burua beste idiarekin uztartu, ta goldeatzen ikusi zan. O zeruko mirari ikusgarria! Non sekulan gizonen artean onelako umildadezko ejenplorik gogoratu zaio? Santu Borjari bai, ta besteri ez. Orren sarian zeruko fabore, eta erregalo dibinoak an artu zituen. Urte artan, Gauna zeritzan Obispo Jaun bat Duke Santua ordenatzera berariaz Oñatira etorri zan: da Trinidadeko denboretan, iru egunean ordendu zan, da Meza esateko Abustu artean prestatu zan. Bigarren aldian San Franzisko Borja bere Seme maitearekin Oñatitik onara Loiolako bere Aitaren Etxe au, ta bere burua onratzera etorri zan. Emen zeruko argi bero guzia bere espirituan irazeki, ta Meza berria Abustuaren lenenean eman zuen, da D. Joan bere seme predestinatuari Meza berrian, Aitak semeari komunioa eman zion, Etxe santuko pintura ederrean ikusten dan bezala. Santuak egun artan usatu zuen kaliza emengo Aldarean bertan erakusten da: eta Bergaran bere arreba santak Meza berrirako Santuari egin zion Kasulla ederra: gauza zierto jakiña da, bere lenengo Meza solemnea gero jubileo andiarekin an kantatu, Sermoia egin, da ezin kontatu al Komunio eman zituela. Bederatzietan Meza asi, eta ordu batean Santuak akabatu zuen: ditxazko Bergara erri guziz Nobleak Santu Borjaren mirari gogoengarriak bere onrarako oi ditu.

        Azpeitian Aita S. Ignaziok eman zituen pobreza umillaren ejenploak, ta aren Dotriña, ta Sermoietako konbersio milagrosoak aditu, ta Borja andi umilla Aitaren gisa, Azpeitian, da erri oietan bere alforjarekin eskean Dotriña erakusten ibilli zan. Santuak ala nai ta A. Araoz Sermoiakin asi zan: gero Santa Borja bera emengo txiki ta andiak arriturik eta negarrez aditu zutela, ta debozioz beterik ziotela: Duke santua, Duke santua: Probinzia oietan, Oñatin ta Mondragoi, Bergara, Azkoiti, Azpeiti, eta Erri nagusi guzietan prodijio andiak animetan egiten ibilli zan: eta orregatik euskaldunen Apostoluaren izen gloriosoa eman zioten. Onela Santu Borjak Azpeitia, ta Etxe au San Ignazio Erroman bizi zala, onratu zituen. Ignazio, ta Borja santuaz gañera, zenbat beste justu santu Etxe santu onetara etorri dira? Ta zenbat pekatari galdu, penitenzia, ta konfesioan, infernuko bidea utzi, ta zeruko biziera berria gogotik artzera Santuario onetara etorri diran, Jainkoak daki, ta bestek ez.

        D. Joan Borja orduan estudiante gaztea zan, da bere Aita maiteari pauso guzietan al egiñaz jarraitzen zion. Onen gañean urte antan Santu Borjak zeruko erregalo, ta mirarizko rebelazio bat ikusi, edo izandu zuen. Orazioan zegoela, bere emazte zana, edo D.ª Leonor santa gloria andiz beterik agertu zitzaion: eta ango berri on askoren artean, esan zion: bien seme estimatu D. Joan ori zerurako señalatu, edo eskojitua zala: eta Aitaren Seme santua nola zan, bere amaren bisita, ta berrion ori negar gozoen artean urturik, kontatu zion. Jainkozko D. Joan au D.ª Lorenza Loiola, Etxe onetako jabearekin gero ezkondu zan: eta biak Portugalen gure Erregeren Enbajadore, edo izenean egondu ziran. Oiek ume gabe ill baziran ere, gero berriz Borjak Loiolako Etxe onekin bat egin ziran.

 

LOIOLAKO ETXE ETA ORATORIOAREN GLORIAK

        Anziñakoak badirere, Euskaldunentzat berri onak dira. Jakizu bada, Aita S. Ignazioren bostgarren Asabak, kasi orañ bosteun urte txit famatuak izan zirala. Errege serbitzera zazpi anaia batetan Etxe onetatik joan ziran, da zortzieun Gipuzkoanok ainbeste milla etsai Franzesak, desegin zituzten. Loiolako zazpi semeai zazpi Bandak beren armetan Erregek orduan eman ziezten.

        Orañ lareun urte Ignazioren Asabak, Etxe edo Palazioan Gaztelu gisa jaso zuten. Gure erri oietako Etxe nagusi fuerteak galdu, ta Loiola bakarrik, orañ dagoen bezala, gelditu zan. Len zituen orma nagusi, ta abe andiak, Jainkoaren poderioak mirari andiz gorde, ta orañ ikusten dira.

        Oratorioa berriz, ta Ama Birjiñaren Aldarea, an bertan irakurten dan bezala, Ignazio jaio baño askozaz lenago zan. D.ª Madalena Araoz ondo izendatua Erregiña Katolika D.ª Isabelen Dama kutun laztana, eta diotenez, beraren besoetako edo Ponteko alaba Palazioan azi ta zegoela, Martin Garcia Loiola, Ignazioren Asabarekin an ezkondu, ta Kortetik Etxe onetara etorri zan. Erregiñak bere kariñozko despedidan, beste joia ta alaja askoren artean, bere Kapilla errealean zeukan Anunziazioko Ama Birjiña bat eman, da esan zion: an zeukan doai, edo joiarik preziatuena zala: benerazio txitez andian iduki, ta ondo gorde zezala. Ala Oratorioko Aldarean debozio andiarekin ikusten da.

        Imajiña onek marabillazko izerdi andiak eman zituen; eta orregatik Eleizara eraman nai zuten. Baña Jainkoak bere etxe onetan nai zuen: da Loiolako Etxandreak Ama Birjiñaren Angustietako erretablo deboto bat egin, da orañ dagoen bezala gelditu zan. Gero milla, ta bosteun da amabigarren urtean, Aita San Ignazio ogei ta bat urtekoa kanpoan zebillela, Ama Birjiña ori, bederatzi egunean izerditan egon zan; eta orren testimonioa, Oratorioan bertan ikusten da.

        Loiolako Etxearen anziñako gloriak libru ta paperetan txit jakiñak dira. Españan, da Indietako mundu berrian ospe edo fama andikoa beti izan da: eta Gaztelarrak diote, gure Probinzian Loiolak lenagorik eztuela; eta Españako Etxe andi, nagusi guziakin bat, edo berdin dala. Azpeitiko, ta auzo oietako Etxerik argien, da agirien señalatuetatik, ta Ignazio baño askozaz lenagotik, ta emengo Asaben Asabetatik Loiolak bere jatorrizko Jabe prestuen odol nasgabe garbia zekarren.

        Lazkauko Etxe nagusia emen andienetatik bat da. Etxe onetatik Loiolara Lope Garcia Lazkano ezkondu zan: da onen da bere emazte D.ª Sancha Loiolaren denboran Pelegrin Gomez-en auzi izugarria akabatu, ta pakeak osoro egin ziran, da Aita Santuak, eta Errege Don Joanek Loiolari Eleizako Patronatoa eman zioten.

        Loiolako odola ez Españan bakarrik, baita Indietako urrutietaraño, eta beste Etxe gutxi bezala, zabaldu zan. Aita San Ignazioren illoba Martin Garcia Loiola, Indietako Ingakin bat egin zan: D.ª Beatriz Koia Loiola, Infante Erregeen alaba, ta D.ª Maria Koia Loiola izan ziran. An D. Joan Borjarekin ezkondu zan. Orra Loiola Etxerik andienarekin bat egin zan: An Errege edo Ingakin; da emen Duke, Konde, ta Markesakin; Lazkaon, Najera, Borja, ta Xabier-ekin. Azkenik guzia Idiakezko Etxe andian gelditu da.

        Aita San Ignazio amagandik Bizkaiko Ondarroatik zetorren. Ala Señorio txitez Noble, ta txitez argiak milla ta seieun, da larogeigarren urtean, bere Junta Jeneralean Aita San Ignazio guztiz berea bezala Patroi andi, ta Bitarteko poderosotzat, al zan deboziorik andienarekin, bere ditxa, ta gloria andienerako artu zuen. Bere Dekretoan Señorioak dio, ditxa oriek, eta zeruko faborerik andienak Ignazioren bitartez logratzeko esperanza osoa daukala.

        Etxe onetako Kapilla Santua Ignazioren onrarako zeru bizi txiki bat egiña orañ ikusten da: eta egia esateko, ondo gauza gutxirekin. Nola era onean guztia apaindurik, ta agirian ederki dagoen, eta dan guzia batetan ikusten dan, askok ondo, ta asko derizte; baña egiaz ala ezta. Aita San Ignaziok bere biotzaren gañean, da Relikian daukan Manrique Jaunaren joia preziatua, ta ondo aditzen dutenentzat, are geieago Ignazio jaio zan gelako Aldarean dagoen, da D. Pedro Idiakez Jaunak eman zuen San Sebastian guziz estimagarria: oiek dira Etxe santuan diran alajarik baliosoenak.

        Jainkoak bere gloriarako Ignazio-ri biotz bat eman zion, mundu guzia baño andiago eta zabalagoa, eta añ prestu edo noblea, non da lurreko ondasun guziak, Jainkoa bere Eleizetan geiago onratzeko, gutxi ziran orrentzat. Ignazio pobrea beti izandu zan: ta bere Semeak ere pobre onraduak nai ditu. Egiazko pobreza maitea bakoitzari gure Amatzat utzi zigun, da ala estimatzen degu. Baña Jainkoaren Tenplo edo Etxe santuetan garbitasun, edertasun, da ondasun guziak nai zituen.

        Ainbeste urtean Ignazio eskeko pobre bat egin zan: eta ori onra anditzat zeukan: onen barrengo, ta zeruko espiritua ejenploetan ikasi, Santu Borja, Duke santua, esan degu, nola lurreko ondasun andiak utzirik, Ignazioren gisa, eskeko pobre egiñik gure erri oetan eskean ibiltzeaz lotsatu etzan. Onela gure Aita S. Ignaziok nai du, bere Semeak, bear edo premia danean, limosna atez ate eskatzea: eta iñoiz Eleizetarako, edo Santuen adornurako, ta ez bestela. Orrela iñoiz eskatzen bada, ori zertan gastatzen dan, ongille guztiak beren begiz ondo dakuste. Ignazioren zeruko prudenzia, ta espiritu dibino au gauza askotan; baña pobrezan, da obedienzian berezkiro agertu zan: eta bere Jesus pobre, ta obedientiaren Relijio berria jaso zuen: eta obra andi au Azpeitiaren obrarik txikiena ezta.

        Ignazio Azpeitira etorri baño len, Jesusen Konpañiako zimendu firmeak, eta Jainkozko amorioan ederki fundatuak, bere lagun santuakin Parisen atera zituen. Guziak estudio nagusietan maisuak ziran, guziak biotz bat eta anima bat egiten ziran; eta Karidadezko lege santu eder onetan Ignaziok sartu zituen.

 

aurrekoa hurrengoa