www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-II
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

GORPUTZ ILLAREN EJENPLOAK

 

        Txit gauza jakiña da Alejandro Faiak kontatzen duena. Konde Jaun andi bat besteak bezala iltzan, ta lurpean sartu zuten. Andik denbora puska batera aren obia idiki bear izan zan; eta an arkitu ziranak, arriturik ikusi zuten, Jaun orren arpegian zapo guziz aundi nazkagarri bat, begiak, eta buru guzia jaten, eta beste ar itsusi, eta pistia asko orobat ari zirala, eta an zeudenak nazkatu, ta lasterka iges joan ziran. Aren seme Konde galai gazteak, zer igaro zan aditu, ta bere begiz ikustera joan zan. Ikusgarri triste ori bere aragi ustel, zapo, ta arrakin ondo begiratu, ta Jainkoak aren biotza argitu, eta esan zuen: Ona zeñ itsuak gauden; ona zertan gaeratu bear degun. Pistia itsusi oiek dira gure adiskide alako kostuan, ta ainbeste eregalorekin azi, eta gizentzen ditugunak; oiek gure lagun, gurekin bizi ta gorde, eta oi biguñetan idukitzen ditugunak. O! Zer zorakeria da au?

        Ez, ez beñtzat orañdaño bezala. Obe degu, gorputz au, ta oriek batean, barau, ta penitenziaz orañ illerazo, guri burla gero egin, eta onela jan ez gaitzaten. Jainkoaren abiso, ta desengaño au biotzean artu, bere etxe, ta ondasunak bertan utzi, ta Kristori pobrezan jarritzeko, ezkutatu, ta andik iges egin zuen. Erromara igaro, ta Konfesore santu bat artu, ta Jainkoaren bildur, ta amorez irazaki, ta biziera santu bat asi zuen; eta bere janari pobrea irabazteko, Ikazkin egin zan. Luzaro Jainkoa serbitu, ta egun batean bere ikatza saltzera Errira zijoala, gaitz andi batek artu, ta txit pazienzia andiaz eraman zuen; ederki zerurako prestaturik bere anima Jainkoari eman zion.

        Puntu artan Erromako kanpana guziak berez ill ots tristea banatu zuten. Aita Santua, eta jendeak arriturik, zer ote zan, edo nor ill zan. Orduan ditxosoaren Konfesoreak guzia kontatu zien, ta iltzan Jaun andi nor, ta nolakoa zan. Jainkoak ala nai, ta Kondearen etxeko soldaduaren billa len ibilli ziranak, Erroman arkitzen ziran, eta beren Prinzipe Jabearen Gorputz santu benerazio, ta konsuelo andiaz bere Errira eraman zuten. Ta ora mundua utzitzea munduan ere nola Jaunak gloriaz pagatzen duen.

        Gure San Franzisko Borja andiari Enperatriz Doña Isabelen gorputza Granadara eraman, eta entregatzeko kaja idiki zanean eragin zion mudanza, ejenplo jakiña da. Arpegi ura añ trukatua, ta añ ta onen itsusi nazkagarria agertu zan, non Enperatrizarena zala, esatera iñor ere atrebitu etzan. Añ usai, ta kirats gaiztoa bota zuen, ze guziak len baño len andik iges egin zuten. Borja Santua bakarrik geratu zan.

        An zekusan gorputza, norena izan zan, ta nolakoa zegoen pensatzen jarri zan, eta zion: Arpegi onen lengo edertasuna non da! Usteldu, ta arrez betea dago. Onen lengo begiratzeko majestade erespetoz guziak betetzen zituena non da? Orañ bere obligatuenak ere utzi, ta iges joan dira. O munduko banidadea! Desengaño onek Borja Jainkoagana erakarri, mundua oñ pean utzi, ta zerua billatzera animatu zuen; eta ilko zitzaion Jaunik aurrera ez serbitzeko propositu firmea artu zuen, ta oretatik santu andi egin zan.

        Zori oneko Konde, ta Markes oiek biak begiz, ta obretan ikusi, ta ikasi zuten, San Agustinekin Santuak diotena: pekatuetatik libratzeko, deabruen tentazio, munduaren gezur, ta aragiaren palaguak benzitzeko obi batean, edo gorputz illaren konsiderazioan, fedeaz sartzea baño erremedio oberik eztala. Soseguz an pensezazu zer, nor, ta nola dagoen. Munduko anditasun, ondasun, onen balentia, ta bizarriak zer egin du? Orren etxeko, soñeko, maieko, oieko erregaloak non dira? Ona zertan paratu diran. Or ez dakutsu, arak, ta ezurrak, lur ustel, ta ubela, autsa, ta utsa, atsa, ta kiratsa baño. Orretan zu ere laster biurtuko zera; ondo pensezazu, ta buruko, edo almoada onen gañean beti lo egizu; ta lurreko atsegin, ta pekatuen ganak edo galeak kenduko zaizkitzu; banidadeak utzi, ta egia billatuko dezu; lurretik desegin, ta zerua betiko izango dezu.

 

aurrekoa hurrengoa