www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-II
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

aurrekoa hurrengoa

SAZERDOTE JAUNAI JESU
Kristoren pakea

 

        Irugarren aldian, Jaungoikoaren Ministro andiak: irugarren aldian, San Pablok Apostoloarekin esan dezaket, Zuetara nere zentrora bezala, orañgoan natorrela: Ecce tertio hoc venio ad vos. 2. Corin, 15.

        Zuen diñako presente, edo Obra berrizko doairik ezdakart: ta ez nator ez orien, edo beste gauzen billa. Era onetan Obra berriak ateratzea, edo asmatzea, da amets oro bat egitea, edo utsa billatzea. Salomonek esan zuena, munduan gauza berririk ezda: Nihil sub sole novum. Eccles. I. Mundu guzia Obra zarrez, edo Dotore Santu, ta Maisu jakinsuen Libru ederrez betea dago. Ala Latinez, nola Gaztelaniaz gauza andiak ditugu, ta txit aberatsak gaude; gure Euskera añ pobre orañdaño izan du badere. Orietatik onena artzea, ta bearrena ateratzea da guretzat lanik, egokiena, ta konsejurik seguruena.

        Eznator, ez zuen ondasunen, ezpada zuen anima estimatuen billa: Non quaero, quae, vestra sunt, fed vos. Corin. I 2. Ondasunen zale ez naiz, ta orien bearrik ezdet: nere gela pobre utsa onen testigu ona da. Leñ Jainkoaren pobre, edo Santuenzat, ongilleak eman, ta ezer izan badet, orañ gogo ori ere kendu zat. Ez egieki, nere Jaunak, ez orrelakorik uste. Janean, ta janzian, Jainkoak ematen didanarekin, kontentu naz, Apostoloak berak esaten digun bezala: habentes alimenta, quibus teganaur, his contenti timus. I. Tim. 6. Bakoitzak zuen joia bakar preziatuena indazute niri: ta zuenarekin batean, zuen probetxoen anima estimatuak indazkidatzute niri; eta beste gauza guziak zuenzat: Da mihi animas; caetera tolle tibi. Gen. 14.

        Zuen, Jaun beneragarriak, Apostolo, edo Obispoen urrengo Presonak, ta Jainkoaren Eleizan aurreneko Ministro paregabeak zerate. Zuek Eleizako Gorputz mistikoaren animak, animen espirituak: Izarren artean Eguzkia, Jainkoaren arteko Ispillua, ta anima fielen bizitza, Jaunak berak dion bezala, zuek zerate: Quonian estis Presbyteri in Populo Dei, ex quibus pendet anima eorum. Judit 8.

        Zuek zeruan, ta lurrean munduak duen estadu, ta lekurik altuena dezute. Zuek Jaunaren Suerte ditxoso, ta zorioneko beraren ordekoak zerate. Zuen diñadadea lurreko Errege guzien, ta zeruko Aingeru guzien gañekoa, ta goragokoa da:

bada Aingeruai Jainkoak eman ezdien esku, autoridade, ta potestadea zuei eman dizute, dio San Agustin batek: Quod datum non est Angelis, concessum est hominibus. In Psal. Zuek Jainkoaren beraren Persona, beste gizon, edo Aingeruk ez bezala, egiten dezute: ala Meza esan, ta konsagratzean, nola konfesioak enzun, ta pekatuak barkatzean.

        Baldin Jesu Kristo bera, edo en Persona, zuen errira etorri, ta len bezala agertuko baliz, Jainkoa izanik ere, ezin gauza andiagorik egingo luke, Meza bat, berak esango lukean bezala, esatea, edo pekatari bat absolbitzea baño. Zuek zuen esku konsagratuetan Jesu Kristo darabiltzute: orregatik guzien artean aldatekean erreberenziarik andiena zor zatzute. Jainkoari berari ematen zaion onra bezala, edo aren antzekoa zuei eman bear zatzute: Vide Sacerdotum dignitatem, quod divina fit: Dei enim est remittere peccata: sic igitur illi honorandi sunt, ut Deus. Theophila, in c. 20. Ioan.

        Ta ala da, Jaunari alabanzak, gure artean: Sazerdoteak munduan onra, ta errespeto andiagorik bear bada, gure alde oietan baño eztute: ta emen adiuña non? Alakoa da gure probetxoen fede, ta lege ona. Oien anima zuen kontura daudenetan, Jesu Kristoren odola zuen eskuetan, ta zuen kargura dago: eta Abel justu, ta Josef santuarenak baño deadar andiago emango du: eta orren kontu estua zuen biziera, ejenplo, dotrina, ta miserikordiazko obren gañean eman bear dezute: Ecce vox sanguinis fratris tui clamat ad me de terra. Gen. 4. En sanguis eius exquiritur. Gen. 42.

        Egia da, Jaunak, zuen lan, neke, ta izerdi ditxosoen pagurik munduan izango ezdezutela. Lurreko ondasun guziak, zuen merito, ta irabazien aldean, oñ peko auts puska bat dira. Eztago emen lurrean zer uste, ta zer itxiden, ezpada goien zeruan zuen sari justua. Zuen seniparte edo herenzia ezta besteakin batean, ta ez lurrekoa, baizik Jainko guztia bera, berak dionez. Non habebunt Sacerdotes partem, haereditatem cum reliquo Israel... Dominus ipse est haereditas eorum. Deut. 18.

        O zeñ altura andia dan au! Baña begira ondo, burua zorabiatu ta erorteko zer peligroan zauten. Altura andian zegoen deabrua beste Aingeruakin; baña Jainkoak eman ziozkan fabore ta erregalo geiegiaz gaizki bere naiez usatu, ta bea jo zuen, ta galdu zan.

Ar ezkero janari erregalatuen zale da, dio Jainkoak: Cibus eius electus. Habac. I. Eta Sazerdote bat galtzea naiago du beste asko baño. Badaki zuetatik bat on, edo gaistoa izatea, askoren salbazio, edo kondenazioa dala. Sazerdote bat geienean, ez beretzzat bakarrik, ezpada askorenzat da ona.

        Orregatik, nere Jaunak, zuetatik bat Ejerzizio santuetan irabaztea, ta zuen altura miragarrian Jainkoarenzat seguratzea, ta ona bada, egunoro obe egitea, da nerekiko erri oso bat irabaztea. Ala deritzat, eta esan oi det, Jaunaren onelako Ministro fiel batek, bere ejenplo, dotrina, ta miserikordiazko obrakin, satu ez izanik ere, edo santu izan baño len, gure esaeran milagroak bere errian egiten dituela.

        Bai Jaunak, bai, ta deabruaren damu garri gaistoan, Santuak bear dezute izan, zeren Jainkoak ala dion, ta zuen estaduak ala eskatzen duen. Sint ergo Sancti, quia ego Sanctus sum. Exod. 21. Zuen estimazio, ta benerazioak, guziok Jaungoikoaren deseo-onezaz batean, Santu izateko gogo andi irazaki batek ematen dit. Oñen gañean ozta nago: auts egiña, edo orren aldean nago: ortzetan anima, esan oi dana, askotan itsusia nago: beste kulpari agudoak esaten zidana: nere bizia, edo osasuna udan kartoiezkoa, ta neguan paperezkoa dedala nago.

        Baña, orregatik ere Jaun beneragarriak, nere azkeneko asnaseak zuen ondoren, zuekin, zuen artean, zuen billa, zuen onerako, ta zuen fabore eman nai ditut. Zuen gañean, San Pablok zeukan bildurra daukat, zuek beste askori predikatu, zeruko bidea erakutsi, ta salbatzen lagundu, ta zerok galdu etzaitezten: Ne cum aliis praedicaverim, ipse reprobus esficiar. I. Cor. 9.

        Zuen alibio, ta probetxurako, bada, ta zuen zelo beroaz anima asko salbatzeko, Ejerzizioen bigarren Parte au atera det, ta ez nere buruz, baizik gizon andien konsejuz. Gauza jakinak dira guztiak. Lenengo Librutxoan animen Bizitza berria asitzeko Pausoak eman ziran. Ejerzizioetan berriz, Bizitza ondo asentatu, ta Jainkoaren bidean ondo ibiltzen erakusten da. Orañ Konsiderazio, ta Afekto oietan obeto aurreratu, ta irauteko anima berotzen da: ondo iltzeko, ta zuek Jaunaren zeruko Ministroak bezala, ondo iltzen laguntzeko, Ejerzizio santua, agintzen, eskeñtzen, ta dedikatzen dizutet.

 

aurrekoa hurrengoa