ANAIAK BEZALA
Liburu Sainduak dio: «Anaiak anaiekin
Zein goxo den bizitzea!»
Bainan anaia bat zer den nola dezaket jakin?
Hortan da ezinbertzea.
Mundua hasi zeneko, Adam-Ebaren seme,
Horra Kain eta Abel.
Lehen odol ixuria ez othe dugu berme,
Anaia zein daiken Krudel?
Geroxago Jakobekin Esauren aldia,
Dilista-merkatu txarrez!
Gehienari primantza zein eder ebastea
Aitari eman gezurrez!
Gaixtoen umeak gaixto, zure haurrak, Jakobe,
Etziren zu baino hobe.
Desertuan saldu zuten, herraz hekiek ere,
Beren anaia Josepe.
Ondoko urthe khiretsak Dabiden jauregian,
Absalonek hilik Amnon!
Eta Adonias zure anaia nola zen gan
Mundu huntarik, Salomon?
Horra anaiak zein faltso izan ahal ditaizken:
Odol bera ezta aski.
Bihotzeko fede berak detzake, lehen azken,
Zinez haurride atxiki.
Jaungoikoaren baithan da finkatzen fede hura,
Nonbait xutik egotekotz;
Bihotza ez bada heltzen amodio hartara,
Badagoke huts eta hotz.
Zeruko Aitaren seme xintxo leial gaudeno,
Oi etsi ez dezagula!
Bizitzen ahalko gare alegre eta sano,
Bethi anaiak bezala.
Gutartean arrotzik ez, junta gaiten elgarri,
Joloskeriak utzirik.
Anaia lagun, anaiak gaztelua iduri:
Ez du nehoren beldurrik.
|