O, ENE JAINKOA
O, ene Jainkoa, zu zare guzia,
Zu zare izaitea, zu zare bizia.
Bai, zure aintzinean erregeak dire,
Hain herbal, hain gutiak, nola ez balire.
O, bekatu egin baituk, hilen haiz gizona!
Horra, Jaunaren ahoz, arrasta emana.
Ordutik, ur ibaiak nola itxasorat,
Hala doaz jendeak, herrestan tonbarat.
Eta gizon tonbarat, airetan doana,
Gizon herbal ez deusa, delarik ez deusa,
Ausarki altxatzen da Jinkoaren kontra,
Lasterka doalarik harren eskutara.
Non dire gerlari hek, zoinen aintzinean
Ixillik baitzagoen lurra beldurrean?
Non dire, non, zuhurrak, gizon jakintsunak,
Naturaleza bera garaitu dutenak?
Begiek alferretan dituzte bilhatzen,
Heien lekua bera ez dute kausitzen;
Ez dago deus hetarik, dagoen guzia,
Herrauts puxka bat, harrek ez nahiz utzia.
Ez du ez herioak nihor gupidesten,
Itsutuki kolpeak ditu barraiatzen,
Bortitza erortzen da, bai, nola herbala,
Bai eta aberatsa, gabea bezala.
Sortu garen ordutik, gare hiltzen hasi,
Nagusi eta azpiko, handi eta xipi,
Guziak badihoaz, gazte eta zahar.
Hil behar naiz beraz, ni ere hil behar.
|