 |
ENE LIRAREN AUHENAK
1841
Ator, ator, ene lira,
Ene lagun leihala!
Ator ahundatzera
Ene zorte krudela;
Orai atera etzatzik
Hire soinu saminak,
Oiharzunari errotzik
Hik, ene bihotz minak.
Itxasoan ikusazu
Untzi diruz bethea,
Orai artio egin du
Bai, uruski bidea.
Uhinak dire apaltzen
Haren inguruetan,
Haizeak ditu hanpatzen,
Haren belak lorietan.
Hurbildu da porturat,
Lorios eta fier,
Horra non doan sartzerat,
Aberats eta eder.
Jadanik plegatzen ditu,
Plegatzen bere belak,
Hala xoriak hesten tu
Zalatzean hegalak.
Kolpez kolpe: xir altxatzen da,
Furian xirrimola
Untzia kostarat doa,
Arrolaka dabillala;
Hara, hara, non den ari
Uhinekin guduan,
Galdu behar du tristeki
Portuaren aldean.
Egik auhen, ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni nauk untzi hura,
Funditzera noana.
Harat hunat arrolaka
Gaitzak bere besoetan,
Narabillak pulunpaka
Tonbaren uhinetan.
Oraino deusek bidean
Ez ninduen trabatu,
Ez dut neure itxasoan
Arrokarik aurkitu.
Hélàs! Orai naizenean
Porturat allegatu,
Behar naiz ni uhinpean,
Uhinpean funditu.
Xirriparren basterrean
Eder zagon zuhaitza,
Herroak barna lurrean,
Aldaskaz aberatsa.
Burua zeraman gora,
Fresko eta hostotsu;
O, zuhaitzaren ederra!
Bizi behar balu!
Bere sor lekutik goizean
Norbeitek du idoki,
Atze lur idor batean,
Birlandatu kruelki;
Eta asi da ihartzen,
Jadan arrats bereko.
Bihar ez da on izanen
Baizen su egiteko.
Egik auhen, ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni nauk zuhaitz hura,
Ihartzera noana.
Hélàs! Ene sor lekuan
Eder, indartsu nintzen,
Landatua lur atzean
Bihar ez naiz izanen.
Harat hunat hegaldatzen
Ikusazu paluma,
Maiteki bazka billatzen,
Bere umentzat, ama;
Lotsarik, beldurrik gabe,
Hor hemenka dabilla,
Ez du gogoan deusere
Baizen bere familia.
Gaixoa! Zeru goratik
Miruak ikusi du,
Haren aztaparretarik,
Nork, oi! nork kenduko du!
Jadan airean behera,
Tiroaren pareko,
Hegaztin tzarra gainera
Gaixoari doako.
Egik auhen, ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni nauk paluma hura,
Herioak naukana!
Arimentzat bazka biltzen
Trankilki nabillala,
Gaitzak nerauk arrapatzen.
Zortearen krudela!
Seme batek utzi zuen
Bere ama emea,
Utzi nahi ez baitzuten
Amarekin semea;
Haurrak zuen maite ama,
Amak ere bai haurra,
O, dolore! O, lastima!
Separatze gogorra!
Amaganik urrun dela,
Gaitzak hartu du haurra;
Amaren zorte krudela!
Haurra doako hiltzera.
Bere haurra hilez geroz,
Amak du hil beharko:
Ez bide da bizitzekotz,
Haurra gabe biziko.
Egik auhen ene lira!
O, dolore! O, lastima!
Ni nauk, ni nauk seme hura,
Ama hura, ene ama!
Ni bakarrik zahartzeko
Esperantza nindian,
Ez d<i>k nihork altxatuko
Ez, erortzen denean!
Jauna, zuk ene bizia
Hartu nahi baduzu,
Zu zare ene nausia,
Zurea da, har zazu;
Gogotik dautzut ematen,
Jauna, ene arima,
Zure eskuetan dut uzten
Hiltzerakoan ama.
|
 |