www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsoak
Jean Baptiste Kamusarri
1834-1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Edizio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea. Donostia.

Iturria: ARTOLA, L.: «Jean Baptiste Camoussarry (1815-1842). Una primera aproximación a su vida y a su obra», ASJU, XXII-2, 391-443 orr.

 

aurrekoa hurrengoa

ZUMALAKARREGI

 

Non dire bada, orai, koplari eskualdunak,

Herritarren loriak hunkitzen tuenak!

Zer ari dire bada! Non da heien karra!

Orai dute eskualdunek, orai, heien beharra.

Utz atzik koplaria, utz, sujet ergelak,

Kant'orai eskualdunak eta heien gerlak;

Zer! Egonen ote haiz herab'eta nagi

Dukenian ikusten Zumalakarregi?

Zikin ezak ahoa kopla zikinetan,

Egin zatzik bertsuak ostatu tzarretan,

Saltzak hire antzia, sal, zenbait sosetan,

Ez duk, ez duk eskualdun odolik zainetan!

Haizeak nola kea baitu barraiatzen,

Iguzkiak iluna aise <du> kasatzen,

Hala, hire bertsuak, oi, hau doloria!

Geroak ahantziren ditik, koplaria.

Bihotzetan ordean barna landatuak,

Izanen tuk nereak beti kantatuak;

Eskualdunen arrazak irauten dueno,

Eskualdunek, eskualdun odola duteno.

Nik sentitzen ditiat ene zainak sutan,

Sukarra sartua duk, bai, ene fuinetan;

Hartzen diat guduko eskualdun tronpeta,

Goraki detzadantzat eskualdunak kanta.

<Hamar bat> Eskualdunen buruan jarririk,

Arma, diru, deus gabe, bihotzaz bertzerik,

Jeneral eskualduna, eskualdunez segur,

Ez da ez, erresuma guzi baten beldur.

«Niganat eskualdunak ?du oihu egiten?

Buruzagi atze bat daugute emaiten,

Gure erregea dute urrun desterratu

Bere azpian nahi gaituzte lehertu.»

«Nahi du eskualdunak hoin behera jarri,

Atze bat nahien azpirat erori,

Atze bat du burutzat hozki ikusiko,

Emazteki atze bat tronuan utziko?»

«Orroit hadi eskualduna hire arbasoez,

Cesar berak, doidoia, <hamar> urte betez

Zian zuen herria azkenik beretu,

Sekulan ez, ordean, bihotzak garhaitu.»

«Lehenago, zioten, gure menditarat

Itsasoko uhinak dire higaturen,

Ezen ez, eskualduna atzen eskutarat,

Ahantzirik, nor zer den, baita eroriren.»

«Ez beza eskualdunak entzun ene boza,

Ez beza jo loriak haren bihotz hotza,

Banoa ene aitek bezala egiterat,

Ene erregerentzat odol'ixurtzerat.»

Dio, eta osteka gizonak armetan,

Zaizko bai multzokatzen bere ingurutan;

Nafartarra lehenik, hi agertu hintzen,

Hik huen erakutsi, eskualduna zer zen.

Hire egin ederrak ikusirik gero,

Altxatzen tuk bertzeak, bortiz eta bero;

Lehen iduri flako, orai harrigarri,

Etsaia duk jadanik ikaretan jarri.

Hala xirripatto bat, lehen mehe zena,

Baratze xokoz xoko, ixillik zuana

Ur lagunez egina ibai izigarri,

Garhaitiar doazu, eder eta lodi.

Nork orai, oi, nork, atxik eskualdunen kontra?

Nork orai bara, hauien jeneral suharra?

Ase dire mendiak aski, bai, odolez,

Pentzek behaut'estali beltzen gorputz hilez.

Denbora duk, o, Beldes! Altxa tropa denak,

Jadanik lur planetan horra eskualdunak;

Bainan arta har zak, zuhur izan hadi

Gudukatu behar duk Zumalakarregi!

Orai duk eskualduna, orai duk ordua,

Baionet eta lanzak xorrotx, soldadua!

Begoz etsai laxoak urrundik tiroka,

Baionetaz hik dakik, hurbil<dik> guduka.

Ez du oste handiak baratzen karlista,

Badoa bai superat xorrotx baioneta,

Hur handiz, odola badoa landetan

Beltz bat ez dago zutik, heien aldaketan.

Ez zen gerlakari bat, karlisten artean,

Gorritua ez zenik beltzen odolean;

Hire ezpat'horri, suzko jenerala,

Gud'ondoan zarikon oraino odola.

Oi! Zein laster doazin ihesi herrestan,

Ber'armak etxaturik, ikara erraietan

Erreginak zituen gizon gogorrenak,

Bere ahoz, guduka hain bortiz zirenak.

«Ezpata kolpe batez eskualdun herriak,

Gure eskuetarat dituk eroriak

?Dio soldaduei jeneral gorriak?

Bertze batez dezagun xehaka hiriak.»

Ximistaren pareko, erran bezin sarri,

Sua darioela zaldian da jarri,

Animestatzen ditu bere eskualdunak,

Animatuak aski jadanik zirenak.

Zerra, zerra Bilbao hire portaliak,

Jar beitez, jar, armetan hire beiralleak!

Egin zak auhen, egin, o hiri superra!

Erori behar baituk, Bilbao, lurrera.

Jadanik eskualdunek, beti garhaitiar,

Muraillen inguratzen bortiz bezin suhar;

Hedatuak dituzte bere bataillunak,

Jadan aditzen ditut hiriko auhenak.

Hirur gudu handitan, eskualdunen karrak,

Arras hautsi zituen etsaien indarrak;

Entseiu bat oraino, hiri mutiria,

Zumalakarregi duk segurkia hiria.

Bainan, oi, ondikozko gure zorigaitza!

O, Jinkoaren justizia latza!

Haren eskura liok bara lasterregi,

Hil behar duk, hil behar, Zumalakarregi!

Harekin hautsi dire, bai, gure indarrak,

Nork ditu baratuko, nork, gure nigarrak!

Galdu duk, eskualduna, hire esperantza,

Ikusak hedatua, haren gorputz hotza!

Ah! Zure justizian, gure jendeari,

Eman izan diozu kolpe handi hori.

O! Ene Jaungoikoa, ordu da oraitik,

Zure eskua dadin bara sarraskitik.

Ema bedi, Jaun ona, zure sumindura,

Ikus ezazu, otoi, oi, gure herstura!

Fedea bera dago irrisku handitan;

Ah! Beroen ezpata, sar bedi maginan.

 

aurrekoa hurrengoa