ALEXISEN HERIOTZEA
1834
MELIBE, KORIDON
MELIBE
Zertako, Koridon, bisaia tristerik,
Artaldea, trebes, bortuan utzirik?
Guganik, zertan hago urrundua,
Zertako haiz, errak, horren damustua?
Illunbeak dituk lurrerat erortzen,
Izarrak jadanik, zeruetan sortzen:
Muga duk, ardiak ematzik barnerat.
KORIDON
Utz nazak nigar egiterat.
MELIBE
Zer malur zauk bada, Koridon, gertatu?
Hartzak, artaldea dauka herrestatu?
Eta zeinbat bildots, kruelak, eraman,
Txaranbela jotzen hindagoien denboran,
Gan den egunean, ai! Niri bezala?
KORIDON
Oi, hau zorigaitza! O, zorte kruela!
O, dolore mina! Haur maitagarria!
MELIBE
Hire bihotz mina duk ere neria;
Errak, errak, zer den hire bihotzean
Nigar egiteko hirekin batean.
KORIDON
Alexis, herrian, hainbat aipatua,
Haur xarmagarria, oroz maitatua,
Ene zoriona, ene ohorea,
Alexis, Alexis, oi, hau dolorea!
Ah! Alexis, diat Melibe plenitzen,
Haren hil berria, orai diat hartzen.
Ez zare gehiago, Alexis ederra,
Ene amodio, sosegu bakarra,
Ah! Haur malurusa, ez zare gehiago,
Soberanoa zinen, bai, zu guretako.
Hil zare, Alexis, ah! Urrun nitarik
Nere bihotzean bizi zinelarik;
Ene ondikoa, oi, gabetarik,
Biziak ez du ez, enetzat plazerrik.
Ene bihotzeko gozamen guziak,
Zurekin hobian dire ehortziak.
Atsegin bakarra, munduan enetzat,
Nigar egitea, Alexis, zuretzat.
Atsegabea da nere bihotzean,
Ni berriz zurekin juntatu artean.
MELIBE
Egik auhen, egik, Alexis ederrak,
Merezitzen ditik, bai, hire nigarrak.
Galdu dik herriak bere edergaillua,
Oihan hauek ere bai, bere urgullua.
Nola da arrosa baratze batean
Seinalatzen bertze loreen artean,
Edo nola gaitu gau argizagiak,
Bere klaritatez goibeltzen ekiak,
Hala Alexisek, artzainen erdian,
Zuen distiatzen guzien artean.
Nork zakien, oi, nork, txaranbela jotzen?
Nork, harek bezala zaldi baten hezten?
Harekin leku hauk ziren alegera,
Hura zen lekuan, zen ere plazerra.
Haur maitagarria! Nik ere banian
Bai, parte pixka bat haren bihotzean;
Maite huen, maite, nere billatzea,
Melibek ere bai, hire ikustea.
Hire iduria ez diat galduko,
Sekulan, Alexis, ez haut ahantziko,
Izarrak direno zeruan agertzen,
Ibaiak herrestan menditik erortzen,
Ene bihotzean beti kolatua,
Egonen duk hire izen maitatua.
Bainan, o, Koridon! Illuna duk lodi,
Etxolarat hoa eta etzan hadi.
Hire tristezia, loaren besotan
Hélàs! Ahantziren dukala agian,
Nigarra begian; nik arditegirat
Hire artaldea gidatuko diat.
|