MENDEKIOA
Zure kantak lurrean ixilduak dire.
Bai, gizonak ahantzi zaitu, Jaungoikoa.
Jauna, zer ari zare?
Non da, non, zure besoa?
Zer? Ez duzu aditzen krimaren oihua?
Gizona ikusazu haragi egina.
Horra lohian sartua,
Horra zure imajiña!
Para zazu apur bat zure beharria!
Adi zer darasaten bere errabian!
Pitz zazu zure furia
Jo zazu bere lohian!
Indiñoki gizonak, Jauna, utzi zaitu;
Erraten diozu: «Ni ala plazera?»
Harek oihuz: «Ez zu, ez zu!
Dugun, dugun kreatura!»
O, Jauna, mendekio! Jauna, anatema!
Pitz zazu zure sua, har zazu zigorra!
Ahantzia da Sodoma,
Garbiago zen Gomorra!
Zure profetak ari zaizkote bai oihuz,
Zure asarradura pizterat doala;
Diote zure gastiguz,
Bai, hek trufatzen direla.
Zerua, idek-atzik hire urtegiak!
Hauts hatzik, itxasoa, hire mugarriak!
Uhaldea, lehen baino,
Orai da beharrago!
Gizona burlatzen da zure izaiteaz,
Zure ifernu hortaz, irri egiten du.
Trufa zaite, Jauna, hartaz:
Zuk irri egiozu!
Zure izen saindua balsan darabilla,
Blasfemia dario haren ahoari;
Erraten du ez zarela,
Ez zarelakotz ageri!
Zure handitasuna ez dute ikusten,
Eskribatua letra larriz, zeruetan;
Aspaldi borratu zuten
Basaz bere bihotzetan.
Nola jasan dezakek horrenbertze krima?
Nola, Jaungoikoa, lurra jasan hio?
Anatema!... Anatema!...
Mendekio!... Mendekio!...
Zorigaitzez, haurtasuna bizioan baita!
Nihor ez da zeruko bide xigorretan:
Adin inozentik ez da
Gehiago gizonetan.
Zorigaitz, bai zorigaitz, lohia sartu da
Saindutako Sainduko harrietan barna,
Tabernaklerat igan da
Orai! Uhalde zikina.
Non haiz, non? Ager hadi, Baltasar tzarrari,
Ateratu hitzaikon esku latzgarria!
Bazaramak Baltasarri
Apez tzarrak bitoria!
Mendekuzko bilduma, tresor terriblea,
Jaunaren zigorra da, ordu duk engoitik,
Aingeru funditzaillea,
Ken ezpata maginatik!
Horrenbertze krimentzat ez zarete aski!
Zabal hire erraiak, zabal ifernua!
Ahal bezin larga hadi:
Iretsak, irets, mundua!
Orduan aditzen dut oihu bat zerutik:
«Ixilik kreatura, niri mendekua!
Erakutsiko diat nik
Ordu denean eskua!
Ene justiziaren tresor zabaletan,
Badiat krimarentzat gastigurik aski:
Betiereko lezetan,
Pagatuko nauk largoki.»
|