SUR LA MORT D'UN JEUNE HOMME DE ST-JEAN-DE-LUZ
Hemeretzi urteak ez ditut orainik,
Eta urbildua naiz hobirat jadanik.
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Horren laster uztia, aita eta ama!
Osasun haundi batez beti lagundua,
Arpegiaz ederra, oroz maitatua,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Kolpezko herioak hobirat narama.
Golde zorrotzak nola du bere bidean
Lili sortu berri bat pikatzen larrean,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Hala duzu trenkatzen biziaren trama.
Agintza onak nauzkan ene buruari,
Gaitza ene gainerat denean erori,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Senditzen dut zainetan herioaren zama.
Oi, iguzki ederra, adio sekulakotz!
Egun argitzen nauzu, ai! azken aldikotz,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Ah! gorputzatik, orai, doakit arima!
Sekulako loak nau jadanik lokartzen,
Herio latzgarria urbil dut ikusten,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Senditzen dut jadanik herioaren horma.
Aditzen dut niorrek, aditzen ezkila,
Anonzatzen tristeki hiltzera noala;
Salbe on bat enetzat erran dezatela,
Bihar erranen dute izatu naizela.
Bihar ene korputza erdi usteldua,
Izanen da betikotz tonban ezarria,
Oi, ene Jaungoikoa, hauxe da lastima!
Eta non izanen da, non, ene arima?
Zure baitan dut, Jauna, ene esperantza,
Ez zazula aborri, Jesus, ene otoitza,
Orroit zaite, oi, orroit, enetzat duzula,
Gurutzearen gainean ixuri odola.
|