 |
ENE LIRAREN AUHENAK
Oraino deusek bidean
Ez ninduen trabatu,
Ez dut ene itxasoan
Arrokarik aurkitu;
Hélàs! Orai naizenean
Porturat allegatu,
Behar naiz ni uhinpean,
Uhinpean funditu.
Harat hunat hegaldatzen
Ikusazu paluma,
Maiteki pazka bilhatzen
Bere umentzat, ama.
Lotsarik, beldurrik gabe,
Hor hemenka dabilla,
Ez du gogoan deus ere
Baizen bere familia.
Gaxoa! Zeru goratik
Miruak ikusi du;
Haren aztaparretarik,
Nork, oi, nork kenduko du!
Jadan airean behera,
Tiroaren pareko,
Hegaztin tzarra gainera,
Gaxoari doako.
Egik auhen ene lira!
Egik minki auhena!
Ni nauk, ni, paluma hura
Herioak naukana!
Arimentzat bazka biltzen
Trankilki nabillala,
Gaitzak niauk arrapatzen.
Zortearen krudela!
Seme batek utzi zuen
Bere ama emea,
Utzi nahi ez baitzuten
Amarekin semea.
Haurrak zuen maite ama,
Amak ere bai haurra,
O, dolore! O, lastima!
Separatze gogorra!
Amaganik urrun dela,
Gaitzak hartu du haurra.
Amaren zorte krudela!
Haurra doako hiltzera;
Bere haurra hil galduz geroz,
Amak du hil beharko:
Ez bide da bizitzekotz,
Haurra gabe biziko.
Egik auhen ene lira!
O, dolore! O, lastima!
Ni nauk, ni nauk seme hura,
Ama hura, ene ama!
Ni bakarrik zahartzeko
Esperantza nindian,
Ez dik nihork altxatuko
Oi, erortzen denian!
Jauna, zuk ene bizia
Hartu nahi baduzu,
Zu zare ene nausia,
Zurea da, har zazu.
Gogotik dautzut emaiten,
Jauna, ene arima,
Zure eskuetan dut uzten
Hiltzerakoan, ama.
|
 |