www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa  

XX
London-tik Bilbora, ta etxera

 

        Esan eta egin; London-era eldu ziranik ogetirugarren egunian, ontziratu ziran Bilbora jarraitzeko. Itxasuan ekatx gogor bategaz ija ondaturik ibilli ta gero eldu ziran Bilbora. Emen egon ziran egun bitan uri au ikusten, eta dirubak jarten ondo geiganatzen eben diru-etxietan. Gero zaldi-burdi baten juan ziran Beterrira, ta emetik oñez Ardibasoko etxietara; Agaton eta emaztia Basterretxera, ta Tomas, bere emaztiaz Basartera. Laster batun ziran alkarregaz, Sabas, Tomas ta Agaton euren emaztiakaz: batzar onetan aurkitzen ziran antxiña artzain lagunak izan ziran bostak, Sabas, Jule, Tomas, Amele ta Agaton, asko jolasten ziranak, artzain-abestijak abes egiten, albokea joten eta beste artzain-arazuetan. Oraindiño, dirudunak izan arren, eta bizar ta ule zurijak orraztu arren, euren gurari andijena izaten zan, artzain-abestijak abesautia Aritx-tantaiaren azpijan. Elduta bijaramon goizian juan ziran bostak, ardijakaz, Ardilandara, ta artzain gaztiakaz batera abesau ebezan, esan diran abestijak Aritx-tantaipian, ekiñalian, zoro batzuben antzera. Ardijak, bee... ortik, bee... emetik, eta bee... andik, diadarrez iarduben artian, erantzuten eutsen artzain-abestijakaz; ta au zalako euren jolasaldi atsegintsubena, goizaro juaten ziran ardijakaz alboka-soñubak joten Ardilandara. Arazo ta jolas onekaz aldatzen zan euren irudimena gaztiak izan ziran erastira.

        Irakurliak ezagutzen dauz Dorote ta Marte, gaztetan Agaton-korkotxen emazte-geiak izan ziran gaztai-saltzalliak. Dorote, Agatoni itxita, Amerikatatik etorri zan lengusu bategaz ezkondu zan, eta Marte, erbi biri jarraitu eutsalako, urte asko igarota, mandazain bategaz ezkondu zan.

        Lurbira onetan sarri gertau oi dan lez, Dorote, urtiak juanian, alargun lotu zan, eta ganera diru baga, ta lenago lez jarraitu eban gaztai-saltzalla irabazbidia. Marteri be gertau jakan Doroteri lez; larregi nai ebalako lotu zan ezer baga.

        Agaton Basterretxera elduta amabosgarren egunian, egieban oles Dorotek etxe atan gaztai billa. Ain zuzen be Agaton juan zan atari edo atartera, ta bere antxiñako emaztegeia ikusi ebanian, guztizko gogargi ta txera onaz esaeban:

        — Ona emen Dorote; nire antxiñako emaztegeia.

        — Bai, ta ona emen Agaton nire senargeia.

        — Zer jazo jan Dorote, barriro gaztai-saltzalle jarteko? Nik uste naionan aberatsa zuala ire senarra; beñipein, Amerikatik etorri zan lengusu aberats bategaz ezkondu intzanala zan entzutia.

        — Bai ba; aberats samar eguan; baña zoritxarrak amaitu ebazan laster bere dirubak eta bera.

        — Errukarrija don, gertaera ori.

        — Lengusuba agertu zaneko aztu intzanan nigaz ta niri eskiñiriko berbakaz: berberditxu bat be ezeustanan esan lengusubaz ezkontzeko asmuak artu eunazanian, eta gizabide orregaz, Jaungoikuaren bidietatik aldenduten danak, geienean idoro oi jon zoritxarra; aberastasunaz arroturik, aldendu intzanan bide onetik; baña ikusi don, Jaungoikuak zeatzen dauzala egite txarrak.

        — Bajakijat Agaton, berbok egijak dirala, baña gaztetako zorakerijak eragiten jubezak orrek gizabide okerrok. Parkamena eskatzen duat berbemonak bete enejubazalako; ta ganera euri jaramon baga aldendu nintzubalako beste bategaz ezkontzera.

        — Jaungoikuak parkatu daianala. Ta nun jagon Marte Goierriko?

        — Oraindiño gaztai-saltzalle jabilk.

        — Benetan? Etorten don Ardibasora?

        — Bai, sarri etorten dok.

        — Euk darabilnan lez, ziur erabilgo jon ondo apaindurik buruko zapija, ule zuri ta guzti be. Antxiña batorrek eta bestiorrek erabilten eubezan ondo apainduta.

        — Zeiñek obeto?

        — Nik uste izan najunan, euk irakatsi euntsanala Marteri zapija apaintzen.

        — Nik ez.

        — Orduban berak ikusi jeunazan ire antzera apaintzen.

        — Bai, orixe gertau zala uste juat. Eta, zelan ibilli az Amerikatan ainbeste urtetan?

        — Ara ba, ondo samar; naibage apurtxubak noizik beñian, eta beti jaioterrira etorteko goguaz.

        — Zer ba; lurralde txarrak dozak arek ala?

        — Ez; baña atzerrijak.

        — Diru-pillo galantaz etorriko intzan?

        — Asko ez; lan gogor baga biziteko gaña.

        — Poztuten naz: ondo etorrijak izan zaitezala sendi guztija.

        — Eskerrik asko.

        — Ai zein atsegiña, ikusi atzerrijak eta aberastuta etxeratutia!

        — Bai, nigaz ezkondu baintzanan, London, Lurbira onetako uririk andijena be ikusiko eunan.

        — Bai Agaton, baña nik obia zalakuan, beste bide bat artu najuban, eta orain eruapenaz bizi biarra jaukat.

        Onetan egozala agertu zan Agatonen emazte Genari, ta Doroteri itandu eutsan:

        — Zek akar ona, Dorote aspaldikua? Eure antxiñako senargeiari agerralditxua egitera etorriko intzanan?

        — Ez, Genare; gaztai billa najatorn.

        — Gaztai-saltzalle indijanu baten emaztia?

        — Bai, olan dozan sarri bizitzako gora-berak.

        — Erruki aut.

        — Eskerrik asko; ai Genare, nok leukian euk daukanan zoriona!

        Saldu eutsezan gaztai batzuk, eta juan zan Dorote arriturik Agaton eta bere emaztiak euken zorionaz. Zeinbat gogamen igaro ete ziran Doroteren burutik, ikusi ebanian ain zorionaz, berak arbuiatu eban senargeia! Zeinbat bidar gogoratu ete jakan Jaungoikuak zeatu ebala bere gizabide okerragaitik!

        Dorote aldendu ta laugarren egunian agertu zan Marte Basterretxen gaztaiak erostera. Genare aurkeztu jakan atarijan eta esaeutsan:

        — Eu az, Marte ederrori? Antxiñako mendubak aldian dozan oraindiño: ondo apainduta ator, arpegi tximur ta ule zurijak euki arren. Eure antxiñako kutuntxuba ikustera etorriko az; berezkuak dozan agerraldi orrek, gaztetako maitetasunak iñoiz eztiralako aztuten.

        — Jakin daikanan, gaztaiak erostera najatorn; baña Agaton ikusteko gogo andijaz.

        — Ori uste izan jonat: or goiko landan jagon eguzki berua artzen, eta aida baten esango jautsanat datorrela.

        Juan zan Genare; etxeratu zan Agaton, eta guztizko txera ona egieutsen alkarri Marte ta Agatonek, antxiñako gertaerak aztuta, ta Martek esaeutsan bestiari:

        — Diru asko ekarriko euan; baña lepoko tontorrori be eugaz dakark.

        — Ik esateko ezton asko; tontordun eta tontor-bakuai ik erabatera jarraitzen eutsanan, eta azkenian, bata ez bestia baga geratu intzanan. Larregi nai dabena, bape barik geratzen don: ni, ago-bete azurregaz isteko ustia eukanan, eta eu geratu intzanan azurrakaz.

        — Bajakiat ba Agaton; aztuizak orain arek beñolako autubak, eta esaidak zelan bizi izan azan atzerrijetan.

        — Alagala bizi izan gozan; gozo asko jan oi don, azukre asko artzen dan etxaguntzan.

        — Beñipein diru askoren jaube azala dok entzutia.

        — Bai zera! Ondo samar biziteko gaña.

        — Ni baño zori obekua izan az, Genare.

        — Euk eukanan erruba: eure lengusuba agertu zanian, beragaz arazotuta enbillen, Agatoni agerraldi bat be egin baga, ta eure asmuak autortu baga. Bata ezpazan bestia arrapateko ustiaz ibilli intzanan ederrori; baña laster usmau jubazan Agatonek ire itxaropenak eta okerrerijak: agaitik lenbailen ezkondu zuanan nigaz.

        Agaton.— Alantxe izan zuanan.

        Marte.— Ez ba; ni beti nenbillen zer egin enekiala, ta amak esaten eustan lengusubak maite nindubala, ta ziur-ziur neugaz ezkontzeko ustia erabillela. Amaren gogamenian ebiltzazan orrek itxaropen guztijok.

        Genare.— Akiakuliak dozan orrek ipuiñok.

        Marte.— Tira ba; amaitu daiguzan onek autubok, eta saldu dazubez daukazubezan gaztaiak.

        Agaton.— Bai Marte; Dorotek ik lez, ta ik Dorotek lez, zerura begira bijotz samurtuba erakutsijaz, eskiñi zeustezan zeuben maitetasun zintzuak; zetarako? Gero txakur bat baiñitzan, jaramon baga isteko. Gaztaiak emongo deunadaz baña eztozan merezi.

        — Gizona, ezadi aserratu; gertaera orrek antxiña igaro zuazan, eta artuik eruapena.

        — Bai; artzen jonat eruapena; baña gertaera batzukaz sorturiko mingarrijak, nekez aztu oi dozan.

        — Parkeske najagok, eta aztuizak.

        — Aztuta egon non; baña euk barriraztu eustazan: artuizan gaztaiok, eta juan adi urrengorarte.

        — Agur ba, ta parkatu txartegiñak.

        — Agur.

 

* * *

 

        Antxiñako bost artzain-lagunok, goizetan euren ibiltaldija egin ardijakaz, alboka soñubak jo, ta abestijak abesau ezkero, etxeratzen ziran, ,ta gero, bazkalostian batzen ziran barriro, bein etxe baten eta bein bestian; baita noizbait juaten ziran mendijak ziar, bein Gangoitiren bizkarrera antxiñako Otsozulo ikustera, bein Tontormotxera, Azerizulo ikustera, ta urrenguan Ardilandan eguzki berua artzera. Beste batzubetan jarraitzen eben Ibaigardenen ibertza, ango ur gardenak ikusijaz. Batera ebiltzazanian gogoz iñardu eroien Amerikan eta itxasuetan igaro ebezan gertaerak alkarri agertzen. Agaton-korkotxek, guzur ta abar, geituta agertzen ebazan Londonen ikusi ebezan gauza goguangarrijak, baekijelako Sabas ta Jule ondamu andijaz egoten zirala ango edestijak entzuten. Sabasek Noizik-beñian erantzun eroian:

        — Zubek beñipein, London be ikusi dozube; guk baño adu obiaz.

        Agaton.— Adu obia esan dok?

        Jule.— Bai; guk baño obia beintzat.

        Amele.— Adu obia don, ontzija ondatu, ija ituan urten beste batera, ta norezian nai-ta-naiez, geure bidietatik aldenduta London-era juatia?

        Jule.— Egija da, bildurraldi estubak artu zindubezana; baña, beste mingarri baga Lurbira onetako uri andijena ikusi zinduben.

        Seigarren illebetian Tomas ta Agatonek artu eben Ibaigardenen ibertzian etxe eder bana egiteko burubidia, albuan maizterrentzat beste etxe bana ebela euren korta, sabai, ollatoki, laba gela ta abarregaz. Landu ebezan sei solo bakotxentzat; eta ganera, geratu jakezan baso onak, egur, ira, ota, orbel, gaztaña ta beste gauza asko artzeko. Ona orain, ibertz atan egozan biñan, Sabas, Tomas ta Agatonen etxiak, eta ganera lengo Goiketxe ta Beketxe.

        Bigarren urtian etxe-barrijetan egozan biziten maizterrak, euren bei, idi, artalde, erlauntz, erle, egazti, ta baserrijetan euki oi diran gauza guztijakaz, soluetan uzta onak artzen ebezala.

        Ona emen, gaztetan Ardibason alkarren lagun maitiak izan ziran artzañak: alkarri lagundu eutsen irabazbide guztijetan, eta itxasoko galbidietan, liorreko naibage, urriñetako katigutegi zein urte ekarkorretako atsegiñetan; ezebezan iñoiz aztu euren euskerea, ekandu garbijak eta jaioterrija; ibitu bez euren bijotzetan Ardibasori, ta an bizi-izan ziran euren ataltxubai eutsen maitetasuna. Ardibaso izan zan beti euren Lurbira onetako zeruba, ta azkenian araxe biurtzeko gurarijaz egiten ebezan alegiñak, onbidiak jarraitubaz euren irabazbidietan. Jaungoikuak lagundu eutsen atsekabietan, eta zorionaz eldu ziran jaioterrira: aitamak besartetu gogoz ta Aritx-tantaipian euren abesti maitiak egunaro abes egitera.

        Abesauten ebezan, lenagoko eurak asmauriko koplak; eta ganera, Agatonek oraintsu asmauriko urrengo dagozanak:

 

                Jaioterrija

 

                Agur Ardibasoko ardi-tokija

                Geure bijotzetako zoragarrija,

                        Zeugandu gara

                Erririk laztanena zeu zara

                        Lurbironetan,

                Beti zagoz gure bijotzetan

                        Maitagarrija

                Amesetako jaioterrija

                Asabaren gomutagarrija.

 

                Urrun ibilli arren geure lanetan

                Euskalerrija geunkan guk bijotzetan,

                        Zein pozgarrija!

                Ikusten gagoz geure errija

                        Etxe ta mendi

                Mendijetako ainbeste ardi

                        Zelai ederrak

                Eta erreka garden-gardenak,

                Bijotza pozik jarten dabenak.

 

                Agur Tontormotx eta beste mendijak,

                Zeuben begira dagoz gure begijak,

                        Asaberrijan

                Gomuta izan dogun tokijan

                        Atsegingarri

                Ardijak dakuskuzlb ain ugari

                        Zein gogargija!

                Zorijoneko jaioterrija

                Zeuretzat dogu geure bizija.

 

Azkena

 

aurrekoa