www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

II
Artzañak

 

        Beketxeko senar-emaztiak eukezan seme bi, ta alaba bi; Jule eritxon alaba zarrenak ebazan amasei urte: bere begi-urdin eta ule gaztaña marguaz, zan neskato galanta ta sendua. Berrogetamasei ardi ebazan artaldia, eruaten eban goizaro Ardilandara, ta etxeratu illuntzian.

        Basarteko senar-emaztiak eukezan iru seme ta alaba bi: Tomas izena eban ogetabi urteko semiak, eukan irurogetabost ardi ebazan artaldiaren ardurea. Au zan mutil egikorra ta taiu onekua, txikija ez andija, lodija ez argala.

        Solabizkarren eukezan seme-alaba bi: Amele eritxon alaba amabost urte ebazanak, zuzentzen ebazan irurogetamabi ardiko artaldiaren arazuak, Ardilandara juan-etorrijetan. Bere begi ta ule baltz ederrakaz, zan neskato errimia.

        Goiketxekuak euken seme bakar bat, eta Sabas eritxon otsein ogetabi urte ebazan morrosko sendua: onek mendiratu ta etxeratuten eban berrogetazortzi ardi ebazan artaldia.

        Basterretxen bazan, eukezan lau seme; euretarik Agaton korkotxa, ta Martin beso-bakarra; lenenguak ebazan ogetabi urte ta bestiak ogei. Anaie bijok, aldizka, zuzentzen ebezan larogetabi ardi ebazan artaldiaren arazuak. Noizik-beñian, bijak batera be juaten ziran ardijakaz mendira. Agaton-korkotx, bere tontor ta guzti bere, zan taiu oneko gizasemia, ta beso-bakar barriz guztizko indartsuba ta bizkorra bere beso bakarraz.

        Artzañak eta ardijak ziran bada:

 

                Beketxe-tar Jule: 16 urte — 56 ardi

                Basarte-tar Tomas: 22 urte — 65 ardi

                Solabizkar-tar Amele: 15 urte — 72 ardi

                Sologane-tar Sabas: 22 urte — 48 ardi

                Basterretxe-tar Agaton eta Martin: 22 ta 20 — 82 ardi

 

        Danak, lanerako zein jolasteko gogua edozein ordutan eta lekutan euken gaztiak.

        Irakurliak ezagutzen ditu orain Ardibaso, ango bost etxiak, sei artzañak eta bost artaldiak, eta ezaupide orrekaz, errez ezautuko dau aurrerantzian, irakurgei onetan agertzen diran gertaeretako gizadijaren jatorrija.

        Goizian artaldiak banaturik itxi arren, arratsaldian sarri egoten ziran danak nastaurik, artalde andi baten antzera; baña etxerutz juazanian, artalde bakotxak jarraitzen eban polito bere etxera joian bide-ziorra.

        Sabasek joten eban ederto alboka-soñuba, ta beti soñu joten juaten zan ardijakaz mendirutz zein etxerutz. Agaton-korkotxek erantzuten eutsan urrunetik beste alboka bategaz, ta zantzoka ta barreka, gogaldi onakaz, juaten ziran euren artaldiak eruatera bakotxa bere tokira. Sarri batu oi ziran artzañak, alboka-soñuban jantzalditxu batzuk egitera; baña —noizbait berbaldi ederrak egitera, Beterriko elizara juaten zan Artepe pralle ospetsubak, besuak zabalik esaten eban lez— zabal! zabal!, alkarri oratu barik, egiten ebezan euren jantzak. Martin, bere beso bakarraz, izaten zan danetarik amultsubena ta geien igituten zana jolas asmuetan, gogaldi onaz. Bere anaie Korkotxek esaten eutsan:

        — Etxagok ik eure beso-bakar orregaz egin ezin duan gauzarik; atxurren badok, atxur girten laburdunakaz egiten dok edozeñek gaña, mokil joten badok, zein buztarrija akulatuten, iñok ez obeto, baña gizajuorrek ezin dok bedarra ebagi, zugatzetara igo, ez esnia eratzi.

        — Ez, egija dok; nik ezin juadaz egin orrek lan guztijak; baña orraitiño, laster leunduko najeukek ire tontorra beso-bakar onegaz.

        — Bai, olako astakerijak egiteko beti ago gertu.

        — Astakerija ez; pozik egongo intzake tontor ori leunduta baeunko.

        — Euk daukak ik lanak asko eure beso-bakar orregaz, iñoren ala iñardu barik.

        — Bai, baña badakik beso-bakar onek, ire bijak gaña indar daukala.

        — Bai Martin, gure astotxubak be indarra bajaukak.

        Barre asko egieben, beñipein, artzain guztijak Agaton eta Martiñen esakerakaz.

        Ai ze galanta eguan Jule ule-txorta gorrizta, begi urdin eta bekoki zabal ederraz! Zein polita Amele ule ta begi baltz ederrakaz! Sabas otseiña bazan, ezin izan leitekian mutil mardo ederragua; Tomas bazan, andi ez txiki, lodi ez argal, mutil oso lerdena, ta Agaton-korkotx eta Martin-besobakar, laburkote, sorbalda-zabal, taiu onekuak eta barre eragiteko zirikarijak.

        Ibaigarden ibaia, zabala zan, ta ardijak eta artzañak alde batetik bestera igaroteko, egozan amabost arri andi jarrita erreskadan: arririk-arri, txaka-txaka, igaroten eben ibaia. Euri asko jaus ten zan egunetan, eta urak abijada andija eruanian, bildurgarrija izaten zan arri aren ganetik igarotia, ta noizbait, arrijak urak estalduten ebazanian, ezin leitekian igaro alde batetik bestera.

        Esan diran etxietatik ordu erdiko bidian eguan Beterri eritxon uri bat, alde batetik, eta Goierri eritxona urruntxuago beste aldetik. Lenenguak ebazan zortzireun bizitza, ta bestiak milla ta berreun. Bein batera ta bein bestera juaten ziran mezatara jaiegunetan.

        Euren asabak beterritarrak ziralako, edo uri ori urrago egualako, Ardibason zan, Beterriko berbetia.

        Jule ta Amelek, gizalabak izan arren, umetatik lanian ekandubak ziralako, gizon antzeko indarrak ebezan baserriko lan guztijetan. Euri zein aterri, otz nai bero, illun zein argi, errimiak izaten ziran egunaro egiten ebezan lanak artaldiak mendiratu ezkero. Kaltzadun artzañok barriz, iñoiz amaituten etziran lanak eukezan, baserrijan gertau oi dan tez; baña ezeutsen ardura lanakaitik, goiz ta arratsalde, alboka-soñubaz jolasteko eretija euki ezkero; jolas onekaz aztuten ebezan lan guztijen nekiak.

        Amele ta Tomas ziran beti, goiz ta arratsalde Ibaigarden zeartu biar ebenak. Etxerutz juazanian, ibaia igaro ezkero, ardijak eta artzañak jarraitzen eben bakotxak bere etxera bidia, ta aldenduten ziran alkarregandik.

        Tontormotx mendijan, Ardilandatik urre eguan aritx-tantai bati, esaten eutsen Aritx-tantai izena; ta bere orripian egozanian, uste eben Gernikako Aritx maitiaren azpijan egozala.

        Albokarijok joten ebenian soñu ezaugarri bat, artalde guztijak asten ziran etxerutz juaten; eta artzañak abesauten ebezan, artzain-abestijak esaten eutsezan abesti batzuk.

        Onek abestijok ziran Sabasen aitaitak asmaurikuak, eta aitarik-seme, abesauten ebezan ardibasotarrak, eta ingurubetako artzain guztijak.

        Ona emen:

 

                Artzain-abestijak

 

                Egunabarraz itzartzen gara,

                Mendiratzeko ardijak,

                Ikusgarriko artaldiakaz,

                Beteten doguz mendijak.

                Ortik-emetik joten dituguz,

                Alboka-soñu zolijak,

                Olantxe beti izan oi dira,

                Artzañen zorakerijak.

 

                Ardijak dakazkube,

                Diru urredunak,

                Bildots, esne ta gaztai,

                Ugari-egunak.

                Ardi-ule ta narru,

                Aragi t'azurrak

                Orra zeinbat dirian,

                Euren ondasunak.

 

                Artzain guztijok, neska ta mutil,

                Aritx-tantaien azpijan,

                Jarriten gara pozez beterik,

                Zoragarrizko mendijan.

                Uste dogula an gagozala,

                Gure asaben errijan,

                Toki oberik ezta egongo,

                Gure Lurbira guztijan.

 

                Ardijak dakazkubez...

 

                Bee... ortik eta, bee... emetik be

                Egunabarraz batera,

                Larrara duaz ardi ederrak,

                Bedarra gogoz jatera,

                Bee... ortik eta, bee... emetik be

                Diadarrakaz ostera,

                Zoli ta pozik biurtzen dira,

                Illunabarraz etxera.

 

                Ardijak dakazkubez...

 

                Sarri-sarritan egon oi dira,

                Mendiko bide txarretan,

                Lupatzak eta edurrik asko,

                Neguko egun otzetan.

                Orrek nekiok daukaguzan lez,

                Betiko ekandubetan,

                Gogaldi onaz gabiltzaz beti,

                Artzañok geure lanetan.

 

                Ardijak dakazkubez...

 

        Sabasek, len Tontormotxera eruaten ebazan ardijak, baña gero, astiro-astiro, egunerik-egunera urrerago, azkenian eruaten ebazan Ardilandara, Jule, Tomas ta Amelek eruaten ebezan tokira: aurki ezin zan egon bere lagunak egunaro ikusi barik, edo Jule ta Amelegaz berbalditxu bat egin barik, ain ziran amultsubak neska bijok.

 

aurrekoa hurrengoa