www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI
Martin-besobakar ta otsua

 

        Luzaro jarraitu eben artzañok, ezegaitik ez iñogaitik naibagerik ezagutu baga, zantzo ta barre ta abesau egunaro, ardijakaz mendira juanetorrijetan. Aspaldijan etzan jakin otso barririk, eta aztu jaken etzala urrun egongo Agaton ankaz-gora jaurti ebana.

        Martin, artaldia etxeratzera illunabarrian juan zan baten, ardijetara eldu orduko, ikusi eban txakur antzeko zerbait juala beragandik urre samar. Eskuban eroiazan makilla sendo bat eta itaia, ta ardijetara eldu zaneko, ikusi eban otsua, ardi bat ilda jaten iarduala; beste ardi guztijak izutu ziran, eta be... ta be... diadarrez, arin-arinka artu eben etxera bidia. Martiñek ezekijan zer egin, esetsi otsuari ala aldendu etxerutz ardijakaz; gogamen onetan eguala, otsua etorri jakan beragana, ta idunera esetsi eutsanian, sartu eutsan itaia agotik barrura girtenerarte; dana gero sartu be. Alan ta guzti be, aginkada galantak egin eutsazan otsuak, idun, beso ta anketan. Luze-luze jausi zan Martin lurrera, ta otsua beragandik urre samar etzan zan: zerbait jazoten jakan.

        Ardijak etxeratu ziran Martin baga. Zeinbatu ebezan ardikortara sarreran, eta bat gitxijago sartu zan. Etxian uste eben, Martin, agertu etzan ardi bakarra billatzen ibilko zala, baña apalorduban be etzan agertu. Deitu eutsen diadar zolijakaz ta ezeban erantzuten. Orduban bildurtu ziran zorigeiztoko gertaeraren bat igaro ete jakan, eta axkora ta makilla senduak eskubetan ebezala, juan ziran Martin billatzera aita ta iru seme, argi-ontzijan argija ebela, txitian-pitian Martiñi deituten. Olako diadar bati erantzun eutsan itzal eta motel. Juan ziran beragana, ta topau eben lurrian luze-luze, jaso ezin zala beso bakarraz, otsuaren aginkadak anketan, besuan eta idunian ebazala. Aitak itandu eutsan:

        — Zer jazo jak, Martin?

        — Otsuak galdu nau aginkada gogorrakaz; niri aginkadak egin eta gero, ikusi dot etzaten ortxe orratxubago; eskuban ekarri dodan itaia sartu deutsat agotik eta biar bada ilda egongo da. Nik eztaukat aginkadak baño beste kalterik, eta zuaze lenengo otsua billatzera il daizuben bizi bada.

        Juan ziran, bein batera ta bein bestera, ta billatu eben ilda otso galanta, agotik odol asko erijola. Gero eruan eben Martin etxera ta ogeratu eben zaurijetan osagarrijak ipini eutsezanian.

        Agaton-korkotxek esaten eutsan otsuari ilda ikusi ebanian:

        — Artu dok eure egitade txarren sarija! Ondo pozik egongozak orain Ardibason bizi diran guztijak! Or ibilli dozak, iges egieban otsuaren bildurrez, ta orain bijotzak bildur baga daukez, ta atseden atsegintsuba artuko jubek, lurralde onetako otso geiztua il ezkero.

        Urrengo egunian lurpetu eben otsua, ta kendu eutsen narruba otso orrek il eban ardijari.

        Bijaramonian artzain guztijak juan ziran Beso-bakarri agerraldi bat egitera.

        Amabost egunetan sendatu zan Martin, eta gero jarraitzen eban len legez, noizbait artaldia mendiratu ta etxeratuten ebala. Luzaruan barriro ibilli ziran berera artzain guztijak, Ardibason; goiz ta arratsalde, ederto jolastuten zirala zantzo, abesti, alboka-soñu ta abarregaz. Orain ezeuken otso bildurrik; azeri bildurrik bez, ta etzan iñun agiri atsegin egunak atsekabera aldatuko ziran ezaugarririk; baña uste eztan tokijan urteten dan erbijak sasipetik.

 

aurrekoa hurrengoa