www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Otsozulo ta Azerizulo

 

        Antxiñatik ezagututen zan zulo batori Otsozulo izenaz; ziur zan noizbait otsoren bat zulo orretan sartuten ikusiko ebela; baña iñok ezekijan Otsozuloren barruban zeinbat gela ta leku egozan.

        Arratsaldian batu ziran mutillok Ardilandan eta jarraitu eben mendijan gora Otsozulo eguan tokira, mendi-bizkarra baño beratxubago.

        Otsozulora eldu ziranian, Agaton-korkotxek esan eutsen lagunai:

        — Itzartu mutillak, geure abiamenak egin orduko, otsoren batek zulotik urtenda, okerkeri txarren bat egin eztaigun! Makilla ta axkorak euki gertu eskubetan!

        — Bai, Korkotx—, erantzun eben guztijak.

        Sartu eben Otsozulon al eben galtzo guztija ta ipiñi eben sutan; eurak jarri ziran zulo aurrian otsubak jagoten, guztiz lerden, euren axkora ta makillak gorutz jasota. Agatonek zirikatu eban zulua makilleaz, ta Jesus esateko asti barik, urten eban otso zar batek abijada zolijaz; jo ta jaurti eban Agaton luze-luze, bere tontor ta guzti, ta juan zan iges oñaztuba baizen arin, lepoko uliak su ta gar eruazala. Sabasek zauritu eban zerbait bere axkoriaz, ta

        Agatonen anaieak makillada zolija emon eutsan; baña etziran naiko otsua ilteko. Agaton gixajua, esan dan lez, jausi zan atzerutz otsuaren bultzadiaz ta bere tontorragaz jo eban lurra; ganera, anaieak baltzune galanta egin eutsan ankan, makilleaz otsua jo ebanian, eta mingorturik eguan naibage andijaz. Oraindiño, galtzua zulora sartuten iarduen mutillok, beste otsoren bat zuluan egongo zan ustiaz, ta alan zan izan be; laster agertu zan beste bat urten gurarik; baña estu topau eban zulua ta sutan etorren diadar gogorrak egiten ebazala; jo eban Sabasek bere axkora zorrotzaz, ta zuluan bertan geratu zan ilda, buruba ebagi eutsalako. Indar andijak biar izan ziran otso au zulotik atarateko galtzuakaz ondo estuturik egualako, ta atara zanian galtzo ta abar, otsokuma txikitxu bi etzzan beragaz ilda galtzo artian. Bertan urrian lurpetu ebezan otso illok.

        Isillik eta bakian eguan Agaton jazoera guztijak ikusten; baña arpegijan eta begirakunetan ezagututen jakan berba-gura zala. Onetan egozala, anaie Anterrek itandu eutsan:

        — Zer jasoten jak Agaton, arpegi illuna guztijoi erakusteko?

        — Arpegi illuna? Bai zera! Nik etxaukat arpegi illunik; baña ederto jolastu zarie otsuokaz. Otsuaren bultzadiak ankaz-gora jaurti nindubala ikusi arren, eztozube iñok zirkin egin zeuben lekubetan; batek be, enozube izan erruki lurretik jasoten laguntzeko. Ik Anter, eztok ikusi nun eguan anaie korkotxa, otsua jo duanian? Otsuari baño neuri, makillada errimiagua ezarri deustak. Beti izan az olakoxe itsuba eure lanetan; eztok ikusi begijen aurrian euki duana, ta pozik egoteko dok zigorradia ankan izan dalako; toki txarraguan izan leitekian.

        Anter.— Nik otsuari jaurti jeutsat makilladia, ta etxuat uste izan i jo autenik.

        Agaton.— Bai ba, orixe dok nik esan duatana, itsurik egon azala.

        Sabas.— Osteko tontor orrek be, zartada gogorra artu jok, agoz gora jausi azanian.

        Agaton.— Egunoko errimiena; ziur eukiko juadaz toki bi zauriturik; Anterrek zigorradia ezarri deustana, ta tontorra. Zigorradia berorrek artu izan baleu orraitiño, izugarrijak izango ziran orrek erabilgo ebazan putzak.

        Anter.— Nik artu izan baneu, enajuan egingo orrenbeste berba, eruapena artu baño.

        Agaton.— Bai izan be, aztuta najeukan guztizko mutil isilla azala euk nai duanian.

        Anter.— Leundu balitz tontor ori, mutil ederra geratuko intzan.

        Agaton.— Leundu? Bai zera! Gogor jagozak tontor onen azurrak.

        Anter.— Bigarren otsua ibilli dok zarataka zuluan, eta otso aregaz arazoturik egon gozak i jausi azanian, eta orregaitik ezkozak juan i jasotera.

        Agaton.— Bai, ta ni jagi eziñik, anka zaurituari zirkin eragin ezin deutsadala.

        Arri bakar bat topau eben andik urre, ta arri orregaz ta egur batzukaz bete eben Otsozulo sartu ez urten ezin leikean gisan, ta gero artu eben burubidia, bijaramon arratsaldian eruango ebezala arrijak zulua ondo beteteko, ta andik juango zirala Tontormotx mendira, antxiñatik Azerizulo esaten eutsen zulua ikuskatzera, Otsozulo egin eben lez.

        Belutxu egin jaken euren arazuetan, eta eldu jaken artaldiak etxeratzeko orduba; alboka joten juazan bidian, eta Ardilandan topau ebezan euren neska lagun Jule ta Amele, itxaroten egozala. Alkarregaz batu ziranian, jazoera guztijak agertu ta gero, guztijak batera abesau ebezan artzain-abestijak; lerden eta zoli abesau be. Jo eben alboka-soñu ezaugarrija etxeratzeko, ta ardijak aida baten jarri ziran euren bide ziorretan etxerutz juaten.

        Agaton gixajua, tontorra ta anka bat zauriturik ebazala, albo-alboka, bein batera ta bein bestera, guztiz neketurik etxeratu zan, zauriturik juala be, alboka-soñuba joten eta lagunen zantzuai erantzuten etxeratu zan; anaie Anter juan zan Gangoiti mendijan eukazan ardijak etxeratzera.

        Bijaramon goizian, zantzo ortik, diadar emetik, alboka-soñuba bestetik, juazan artzañok mendira artaldiakaz. Ardijak euren lekubetan jarri ta gero, juan ziran Aritx-tantaiaren azpira gogaldi onaz; abesau ebezan artzain-abestijak, eta jarraitu eben bakotxak bere etxerutz, zantzuak eta barriak ugari zirala. Gomuta izan eben Agaton-korkotx, eta Julek itandu eban:

        — Zer jazo ete jako gaur Agatoni, Aritx-tantai azpira ez etorteko geure abestijak abesautera?

        Amele.— Gizajuari, atzo zauritu jakazanan anka bat eta lepoko tontorra, ta ezton etorriko osatu arte.

        Jule.— Arek errukarrijak artu eban otsuaren bultzadia be?

        Sabas.— Bai, ta pozik geratu giñan guztijok, arpegijan edo idunian aginka egin ezeutsalako.

        Juan ziran artzañok euren etxietara.

        Arratsaldian batu ziran mutillak Ardilandan, otzarakada bi arri, axkora ta makillakaz; jarraitu eben Otsozulorutz, eta bertara eldu orduko ikusi eben, berutz mendijan ziar juala arin iges, otso eder bat. Au izango zan atzegunian iges egin eutsena, Agaton ankaz-gora jaurti ebana; bere etxia ta lagunak zelan egozan ikustera juango zan Otsozulora. Mutillok gogillunaz jarri ziran otsua ikusi ebenian, eurentzat eta ardijentzat arerijo okerra zalako. Arrijakaz ondo beteta ipiñi eben Otsozulo, ta gero, juan ziran Tontormotx mendira, Azerizulon egitera, Otsozulon egiebena.

        Azerizulon sartu ebezan galtzuak eta ipiñi ebezan su-ta-gar; baña eurak uste ezebena gertau zan: atx artian eguan zulo ori, ta galtzuak su artu ebenian, beste aldetik entzun eben sasi-zaratia, ta ikusi eben azeri eder batek nai ebela urten sasipetik; zulo bi eukazan, bada, Azerizulok bata sasijakaz estalduta. Sartu ziran galtzuak sasipera, emon jaken su, ta txingar biren artian egozan zulokuak, garrasi zolijak egiten ebezala. Amaitu ziranian suak eta diadarrak, bealdeko zulotik atara ziran ilda azeri eder bi, bete ziran zuluak arrijakaz, lurpetu ebezan azerijok eta juan ziran ardijak etxeratutera. Ardilandan abesau ebezan artzain-abestijak; Sabasek jo eban etxerutz juateko alboka-soñuba; asi ziran ardijak juaten bidian ziar, ta zantzo ortik eta barre emetik, etxeratu ziran guztijak.

        Ai zein bizitza atsegintsuba artzañena! Goizian artu ardijak aurretik, eta batak u-ju-ju zantzuak; bestiak a-ja-ja barriak; urrenguak i-ji-ji txillijuak; urrunago alboka-soñubak; bee... ardi aotsa alde guztijetatik, ira, ota ta bedar arteko oinbidiak ziar, mendirik-mendi, zugatz orritsuben kerizpian, artzain eta artaldien abarrotsaill mendiko arri-bizijak erantzuten eutsela; zugatzetan aiziak eta erreketan urak egiten eben durundijaz, entzumena arazoturik ebela! Zein atsegintsuba Aritx-tantaiaren kerizpera juan, eta artzain-abestijak abesautia zoli ta gogotsu, asaben errija ta ekandubak irudimenian zirala! Zein zoriona gertaera edo jolasaldi orrekaz beti zantzo ta barreka bizi izatia! Eztira betiko izaten orrek jolasaldijok, eta atsegiñok. Noizik-beñian agertuten jakez jazoera alatsubak be: otso ta azeri, edurrak, otsak eta leiak; eurijak, lupatzak eta ibai ta erreka aserriak; asko dira daukezan arerijo ta nekegarrijak be euren lanetan. Onek nekegarrijok, belurik-belura agertuten dira, ta esakunia da, artzañen bizibidia guztiz osasuntsuba izaten dala.

        Agaton-korkotx, makal ebillen oraindiño; anaie Besobakarrek eguan ardijen arduria, ta bijaramon goizian, Ardilandan guztijak batu ziranian, Julek esan eutsen bestiai:

        — Kopla on bat asmau biar genduke, Agatoni abesauteko sendatuta datorrenian.

        — Bai, bai —erantzun eben guztijak.

        Amele.— Nor izango da kopla ori asmauko dabena?

        Jule.— Tomasek asmau daiala.

        Amele.— Sabasek egin daiala.

        Orduban Tomas ta Sabasek erantzun eben izan eitiala Martin-besobakar.

        — Ondo da— erantzun eben danak.

        Martin-besobakar geratu zan bada, kopla ori irazteko, Agaton osatu orduko.

        Bost egunetan jarraitu eben egunaroko zantzo, abesti ta alboka-soñubakaz mendira Juan etorrijetan, eta seigarren egunian ikasi eben guztijak Martin-besobakarrek zuzendu eban bertso edo kopla bakarra, bekijelako bijaramon goizian aurkeztuko zala korkotxa Ardilandan.

        Goiz orretan, Gangoiti mendijaren egal baten itxi ebazan Agatonek ardijak, eta lerden, alboka joten aurkeztu zan Ardilandan aspaldiko lagunai agur egitera, ta lagunak be guztizko gogargijaz1a aurkeztu ziran beragana, guztijak batera abesauten ebela.

 

                Otsozuloko otso deungiak

                Jaurti zenduzan lurrera,

                Makillada bat, guztiz errime,

                Artu zenduban ganera.

                Zauri minberak osatu jatzuz,

                Bazatoz lagun-artera,

                Etorri beti lagun maitia,

                Jaungoikuagaz batera.

 

        Julek itandu eutsan Agatoni:

        — Nun egon intzan, otsua eure ganera etorrela ikusi barik?

        — Aida bateko jazoeria izan zan, otsuak zulotik urten, bultzau niri ta iges egitia.

        Amele.— Pozik egoteko da, aginkada gogorren bat egin ezeutsunian zeure gorputzian.

        Agaton.— Alan da izan be: uste gitxien dogunian agertuko jaku otso ori bere okerkerijak egitera. Badakizube arañegun ikusi zendubela Otsozulo arrijakaz betetera juan ziñienok. Txakur amurratu bat legez ibilko da aurrerantzian guztijai gorrotua deutsela.

        Jule.— Bai; otso ori emetik dabillen artian, ondo izango da, ardijak, illundu orduko etxeratzia.

        Agaton.— Bai, beti da ondo ardurak artzia. Zubek, lau lagun batzen zarie Ardilandan illuntze guztijetan, eta eztozube zetan euki otsuen bildurrik. Ni naz bakar bakarrik Gangoiti mendijaren egaletara juaten nazana ardijak billatzera.

        Jule.— Eu bakarrik?

        Agaton.— Ez; aldizka, anaie Martinegaz, noizbait, bijok alkarregaz bere bai.

        Amele.— Bijok juan beti alkarri laguntzen!

        Agaton.— Otsua badator, zer egingo jeutsan Beso-bakarrek?

        Jule.— Bijoren artian iru beso daukezak, eta badakik errimia dala Martiñen beso bakarra.

        Agaton.— Errimia? Bai zera! Ta errimia izan arren be, beso bakarra beti don bakarra. Nire anaie Anter, tantai gisako mutil errimia ta paparrian bizarduna izan arren, bildurturik dabil otsua barriro ikusi danik arrezkero. Lengo egunian giñuazan bijok etxerutz illunabarrian, eta gure etxetik urre daguan sasi-moltzo baten, entzun genduban sasi-zarata motel ezebeza. Anterrek zarata aregaitik, etxerutz artu eban abijadia, izugarrija izan zan; eta gero itandu neutsan:

        — Zer jazo jak mutil?

        — Eztok entzun sasi-zarata?

        — Bai, entzun juat, baña txorijen batena izango zuan.

        — Txorija?

        — Zer ba? Ez al dok uste izan, otsua etorrela geugana!

        — Etxakiat ba, zarata zolija izan dok.

        Agatonek jaurti eban arritxu bat sasira, ta soso eder bat urten zan guztiz zoli abesauten. Orduban Korkotxek esan eutsan Anterri:

        — Orra soso eder bat izan dok ire otsua. Lotsagarrija dok orraitiño, ire taiuko mutil sendo batek, makilla galanta eskubetan dabela, olako bildurra artutia sasi-zaratiari!

        — Berba-gura az, Agaton: ago ixillik!

        — Ixillik zegaitik, berba egin biarra egon ezkero?

 

aurrekoa hurrengoa