www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
Agaton-korkotx eta emaztia Mexikora

 

        Agaton eta emaztiak, bekijen zein irabazbidegaz egozan Mexikon Tomas ta Sabas, eurak irazkijakaz iragarrita. Baita Tomasek azkenengo biraldu eutsan irazkijan, erazagututen eutsan, berak eta lagun guztijak nai ebela juan zeitian bere emaztiagaz, irabazbide obiaren billa; ta ganera, irazkijan biralduten eutsan diru-ingi bat osterarako biar eban diruba zuzentzeko.

        Pozik jarri ziran Agaton eta emaztia Tomasen irazkija artu ebenian: bakotxak alegiña egiñaz, ondo samar bizi ziran senar-emaztiok; baña diru gitxi aurreratuten eben, eta urrunera juan biar izan arren, irabazbide obiak poztu ebazan; ganera, etxoiazan iñor ezagutzen ezeben erbestera, neba ta lagun maitiakana baño, eurakaz bizi, lan egin eta artzain-abestijak abesteko ustiaz. Saldu ebezan eurakaz Mexikora eruan ezin ebezan gauza guztijak, Juan ziran Ardibasora euren guraso, senide ta lagunai agur egitera, ontziratu biar ebenian, eta Agatonek, negar malkuak begijetatik erijozala esaten eban:

        — Agur jaioten ikusi ninduzun baserri eder, bijotzaren barruban zaukadazana! Ezteutsut betiko agur egiten! Jaungoikuak nai izango dau, goiz edo belu, dirudun edo dirubaga, bertora etortia, geure azurrak lurpetzera! Agur, Lurbira onetan maitien dodan lurraldia! Amaika alboka-soñu jote egin dot zure bide ziorretan, eta abesti eder abesau dot bijotzikara atsegintsubakaz! Etzaitut iñoz aztuko neure jaioterri maitia! Zartzan nai neukez abesau barriro, Aritx-tantaiaren orripian, gaztetan abesten nebazan abesti zoragarrijak! Itxasuetan, Amerikatan eta elduten nazan toki guztijetan, abestuko dodaz, neure emaztiagaz batera, lurralde maite au beti gomuta dogula bizi izan gaitezan!

        Negarrez egozan Agaton-korkotx eta bere emaztia; egin eutsen agur, euren aitama, nebarreba, senide ta adiskide guztijai, ta juan ziran Donostijara «Ijeldo» eritxon ontzijan ontziratutera. Egun batzuk geruago urten zan ontzija itxas-zabalera, Berakruzera jarraitzeko.

        Bijaramonian, lañopian juazala, jo ta ondatu eban Bermeoko txalupa bat: gizonak ontziratu ebezan eta Santanderrera juan ziran bermeotarrak an istera.

        — Asiera txarra daukagu Agaton —esan eutsan oni bere emaztiak—. Ontzi oni be txalupeak urertza baño goratxubago kalteren bat egin ei deutso, ta ezin itxasoratu ei giñeitez kalte ori arautu baga. Egun batzubetan egon biar el dogu emen.

        Aringo izan be, ikusi doguz gertaera bildurgarrijak. Jaungoikuari eskerrak ito etziralako amar bermeotarrak! Txalupea galdu eben gixajuak, eta geuk bere, adu onian egon giñian, kaltiak urertza baño gorago izan ziralako. Ai, itxasuetan galbide asko dago, Genare! Nik eztakit onek itxasgizonok zelan bildurtzen eztiran irabazbide onetan!

        Urten zan «Ijeldo» Santandertik; jarraitu eban bere itxasbidian, eta barriro lauso artian juazala, jo eban ontzi au beste batek, eta kalte andijak egin eutsazan urertzetik gora. Sartu ziran Koruñan matxurak araututera.

        Guztiz artega jarri ziran Korkotx eta emaztia, egun gitxitan ainbeste galbide ikusi ebenian: bildurren bildurraz, berba egiteko gogorik be ezeuken. Santanderren juan ziran elizara, galbide guztijetatik aldendu zeitezan eskarijak egitera.

        Astebetian egon ziran Koruñan matxurak edo kaltiak araututen, eta gero urten ziran barriro itxasora euren osterea jarraitzera. Estaldu ziran liorrak, eta luzaruan zeruba goian eta itxasua beian baño besterik ikusten ezebenian, guztiz bildurturik esan eutsan Agatoni bere emaztiak:

        — Emen, zeru ta itxasuaren bitartian, beste gauzarik ikusi barik gagozala, zelan jakingo dabe onek itxasgizonok, zein aldetarutz guazan eta juan biar dogun? Berakruz aldetik dagon izarren baten zuzenbidia jarraitzen ete dabe?

        — Bai zera! Ezein olakorik esan; egunaz nun jaukezan izarrok? Lemazañen aurrian jagonan itxasorratzaz jakiten juben jarraitu biar dan bidia. Egunaro ikusten dozan agintarijok, cristal edo beira ta ispilludun gauza batzukaz, bein eguzkira ta bein itxasuztaira begira, eguzkijaren goibia artzen, ta goibe orrekaz jakiten el juben nun gajagozan eta jarraitu biar juagun bidia.

        — Etxuat ori siñisten. Alde guztijetan jagozak izarrak, eta eurak jakingo jubek zein izarrek erakusten juben Berakruzera bidia; gabaz jarraituko jubek izar aren zuzenbidian, eta egunaz eta izarrak estaldurik dagozanian, itxasorratzak, izar ori erakutsi oi daben bidian.

        — Olan izan ezkero, etxuben biar eguzkirik, eta zetarako jabiltzazan egunaro eguzkijaren goibiak neurtuten?

        — Egija dok ori be, baña eguzkirik agertzen ezpok egun askotan, zelan jakingo jubek zuzenbidia?

        — Orduban, itxasorratzeko zuzenbidiaz, ta ontzijak eruan daben abijadiaz, edo egin daben bidiaz, jakiten da norutz eta noragino juan dan: olan esan jeustan Anatoli agintarijak. Ezein artu gauza orren bildurrik; zuzen-zuzen Berakruzera eruango gajubezan. Galbide bildurgarrijak, beste gauza batzuk dozan: emen itxas-barruban, uste-uste barik topau leikezan atxak jo ezkero, galdubak izango gintzakez; ekatx gogor baten, ontzijaren azpiko untze bat edo geiago lokatu, ta olak zirkin egingo balebe, urez beteta ondatuko gintzakez; aize indartsubak mastak birrinduko balebez, ankabako gizona lez, iñora juan eziñik, elikaturak amaitu, ta gosiaz ilbiarrik aurkituko gintzakez; lañu edo lausopian abijadia daruan ontzi batek joko baginduz, galdubak izango gintzakez; sarri gertau oi dan lez, oñaztarrijak ontzija zulatuko baleu, ondatubak izango gintzakez; ontzijak su artuko baleu, danok erre edo danok itoko gintzakez. Onek galbidiok eta beste esan eztiran asko jagozan itxasuetan; baña guztijak dozan noizik-beñian gertaten diranak. Bigarren agintarijak, goizian esan jeustan, eguraldi txarra usmauten dabela. Etxakiñat zegaitik jatorkan burutasun ori; aize makala, zeru garbija ta itxaso leuna egon ezkero. Itxastarrok, mutillak dozan eguraldi aldatziak ezagutzen aurretijaz: ikusiko don ekatxa edo zerbait, bijar goizerorduko.

        Gaberdijan, aiziaren indarrak, Ardibasoko zugatzetan egiten eban zaratea lez, entzuten zan ogetik, eta Agatonek iratzartu eban emaztia ta itandu eutsan:

        — Entzuten don goiko zaratea?

        — Bai, aize indartsuba daguala esan leike.

        — Igo biar jonat zer dan ikustera.

        Agaton juan zan gora, ta ikusi eban aize gogor samarra eguala; baña itxas-bare ta zeru izarratu ederra; biurtu zan ogera, ta emaztiari esan eutsan:

        — Egin lo ardura barik; zeru ederra ta itxas-baria jagozan, eta etxagon iñundik etxura txarrik; aize gogor samarra ta besterik ezebez.

        Goizalderutz aiziak zarata errimiagua egiten eban; ontzijak daunbada ta zabun asko olatubakaz, ta Genarek esan eutsan senarrari:

        — Agaton, ekatxa ganera jatork; astiro-astiro, ordu-bai-ordu, aizia gogorrago ta olatubak errimiaguak dozak; nik etxakijat zer jazoko dan gugaz: pillotu edo bigarren agintarijak atzo esan euana gertauko dok.

        — Datorrela ba ekatx ori etorri biar bajon; emen etxagon nora iges egin, eta eruapena artu biar juagun jazoera guztijetan.

        — Betor ba, Jaungoikuak nai badau, ta Berak lagundu daiskula.

        Eguberdijan, bela edo aize-oial txikijak egozan zabaldurik; ontzija zoraturik ebillen bere zabunakaz olatu artian; illuntzian mendijelako olatubak sartzen ziran ontzira, ta zatituten ebezan gauza asko. Ikaragarrijak ziran ontzijaren gora-berak eta zabunak. Korkotx eta emaztia jausi ziran ogetik: geure Jaungoiko laztana, errukitu zaite gugaz estutasun onetan! —ziñuen bijak—; Agatoni zauritu jakan bere lepoko tontorra, ta an ebillen emaztia, odol-erijona geratu eziñik, eta bere gorputza gelditu eziñik, ontzijak erabiltzazan gora-berakaz. «Nora etorri gara, Jaungoiko laztana, geure jaioterrija itxita?» esaten eben. Bijak egozan azkortasun barik, guztiz bildurrez, eta ikaria geituten jaken euren gelara kresal asko sartzen zanian; guztiz artega egozan bijak, eta Genarek esan eutsan senarrari:

        — Osasunaz eltzen bagozak, beste bein orraitiño enaiubek arrapauko itxasuok. Jakin izan banejuban olako galbidiak dagozala, ni etorri? Bai zera!

        — Esate orrek, barriketak dozan, Genare. Uste juagun lez, urtiak juanian, Ardibasora biurtu nai bajuagu, uste don, txorijak lez egaz jaungo azala? Nai-ta-naiez, itxasua igaro biarko don!

        Onetan egozala egunabarrian, sartu zan ontzira olatu izugarri bat, eta kresal asko juan zan euren gelara. Uste eben ordubantxe ito biar ebela, ta asi ziran gorutz igoten; baña urrengo sartu zan olatubak jaurti ebazan malladitik bera, ta aurkitu ziran uger egiteko premiñan, puzka, izurdearen antzera. Jatsi zan bera pillotu edo bigarren agintarija ikustera zer jazo ete zan beko geletan, eta itandu eutsan Korkotxi.

        — Zelan zagoze?

        Agaton.— Ez ondo; emen gabiltzaz ija-ituan; uste dozu jauna, urtengo dogula estutasun onetatik?

        Agintarija.— Ja... ja...; onek bideko autsak dira, gizona; estutasunik eztago, zeubek gorputzai emoten deutsazubena baño. Amaika olako igaroten doguz guk txitian-pitian! Uste dot aizia ibituko dala gaur illuntzerako, ta gero arin leunduten da itxasua. Laster ekatx onen ostian egongo da eguraldi ona, ta azkortu zaiteze, olan bildurrez epelduta egon barik.

        Genare.— Jaungoikuak entzun dagizuzala zeure berbok.

        Agintarija.— Entzun dauz Jaungoikuak.

        Bigarren agintari ori igo zan gora, senar-emazte bijak euken bildurrai barre asko egin-da.

        Esan eta egin; arratsaldian ibitu zan zerbait aizia, ta baita itxasua be; etziran olatubak sartzen ontzira, baña zabunak eta gora-berak errimiak ziran oraindiño. Gabaz ibitu zan oso aizia, ta baretu zan itxasua, ta bijaramonian juan ziran gora, argitara, Agaton eta emaztia, bustirik eukezan jantzi guztijakaz, ta ipiñi ebezan eguzkitan legortu zeitezan. A zan egun ederra! Edoi txatxar bat be ezeguan zeruban, eta aiziaren putzik bez: ontzija geldi, atsedentzen baileguan.

        Orain pillotubak esan eutsen bijai:

        — Ona emen gagoz orain eguraldi ederraz, baña geldi, ezer aurreratzen eztogula; olako eguraldijakaz, ezkiñate iñoiz elduko Berakruzera: atzokuelako bultzada gogor batzuk biar doguz alik ariñen eltzeko. Atzo geroian abijadiaz, iru legua genbiltzazan ordu bakotxean; gaur geldi-geldi gagoz. Badakizube bada, eguraldi gogorrak be, euren obarijak dabezana noizbait.

        Agaton.— Jauna, zubek dakizubez orrek gauzok; guk, eguraldi txarraz, bildurra ta gogilluna eukiten doguz, eta onagaz gogargija. Egun bitan egon ziran aize ibitu aldakorrakaz, putz ortik eta putz emetik, aurrerapiderik egin baga: gero, etorri jaken aize ona, ta juan, juan eta juan arren abijada onagaz egun askotan, leorrik etzan iñoiz agertzen. Berrogetabi egun igaro ziran Donostijatik aldendu ziranik arrezkero, ta Genarek esan eutsan bere senarrari:

        — Agintarijok bidiak galduta jabiltzazak.

        — Zegaitik diñon ori?

        — Berrogeigarren egunerako Berakruzera elduko giñala esaten jeuskuben toki guztijetan. Berrogetabi igaro dozak, ta oraindiño eztok liorrik agiri.

        — Irugarren agintarijak goizian iardu jon esaten, beste zortzi egun gitxienez biarko doguzala Berakruzera eltzeko.

        — Orrekaz izango dozak berrogetamar egun luze-luziak.

        — Eta osasunaz eltzen bagozan, pozgarri andija izangon.

        Gero, bein eguraldi onakaz, ta bein euri, aize ta abarregaz, be rrogetamabigarren egunian eldu ziran Berakruzera.

        Bijaramon goizian, Agatonek esaeutsan bere emaztiari:

        — Ai ze luak egin juadazan bart, zabunik ez daunbada barik!

        — Bai, neuk be Agaton: emen etxuaguz zetan gogoratu ekatxak, lañuak eta beste itxasoko galbidiak. Liorrian izan ezkero, lupatz baten be, ondo gajagozak; nik beñipein, etxuat nai auzirik itxasuagaz.

        Agatonek biraldu eutsan Tomasi irazki bat, esaten eutsala:

 

        Berakruzen 1728 garren urteko Bagillaren 24 an.

Basarte'tar Tomaseri

        Neure Tomas maitia: Jo ortik eta bultza emetik, eldu gozak erri onetara berrogetamabigarren egunian, Juangoikuak nai izan dabelako, izugarriko galbidiak osteran igarota. Iru bidar egon gozak erijotzia begijen aurrian dogula. Emen gajagozak orain senaremazte bijok, euri itxaroten, eta etorri adi lenbailen, batera juan gaitezan eure etxaguntzara. Pozez besartetuba izango az atorrenian.

        Gajagozak «Erdu Jatera» deritxon bizkaitar baten ostatuban. Beti nok eure esangiña.

Basterretxe'tar Agaton.

 

        Irazki au biraldu ta zazpigarren egunian be, etzan agertu Tomas ez bere barririk. Senar-emaztiak, aldi luzia euki eben Berakruzko sokondo guztijak ikusteko; baña, sei egun albista barik igaro ziranian, guztiz artega jarri ziran, gogoratzen gertaera txarren bat igaro ete zan Tomasegaz. Irazkija galdu ete zan ezbaian egozan; eta Agatonek biraldu eban beste irazki bat; baña zortzigarren egunian aurkeztu zan Tomas euren ostatuban.

        Irakurliak gogoratuko dau irurak alkarri egingo eutsen abegija ta txera gozatsuba alkar ikusi ebenian; esan leikian, berrogei urtetan ezebela alkar ikusi.

        Agaton-korkotx eta emaztiak, gogoz agertzen eutsezan Tomasi, Ardibaso, Beterri, ta ontziko gertaerak, eta Tomasek, Tolosa ta Basarte etxaguntzetan igaroten ziranak. Egun atan, Agaton eta emaztiari aztu jakezan ordurarte itxasuetan igaro ebezan ikara ta naibage guztijak.

        Bijaramonian, zaldi-burdi edo zalpurdi baten sarturik, jarri ziran bidian; lenengo Mexikora, ta gero Tolosa etxaguntzara juateko. Mexikon egon ziran egun baten eta gero jarraitu eben Tolosara. Zein atsegintsuba izan zan, Agaton, Genare, Sabas ta Julek alkarri egin eutsen abegija! Orra bertan batun ziran, gaztetan Ardilandara artaldiak eruaten ebezan bost artzañak. Zein pozik guztijak Amerikatan alkar ikustiaz, ta euren bizitzak alkarregandik urre egotiaz! Bostak egon ziran illuntzerarte, Sabasen etxian, iñoiz amaituten etziran edestijak alkarri erazagutzen: Beterrin au edo bestia gertau zala; Ardibason zelan ebiltzan guraso, senide ta artaldiak; zer jazo zan Agaton, Dorote ta Marteren maitetasunakaz; ontzijan berrogetamabi egunetan igaro ebezan galbide ta naibagiak, eta irudimenera etorkezan jazoera guztijak. Bestetik, Sabas ta Julek eukezan ostera erazagutzeko, egun oso baten amaitu ezin ebezan gertaerak. Illuntzian juan ziran Tomasen etxera, au ta etorbarrijok, eta an ostera Genare ta Amelek jan eben alkar mosuka. Apalostian gaberdirarte egon ziran berba ta berba, ogeratu baga. Agatonek esaten eban:

        — Gaur gabion, arrija baño gogorragua izango da nire lua!

        Genare.— Baita niria be; eldu gara eldu biar izan dogun tokira, ta eztogu zetan estutu ezegaitik geure irudimena.

        Amele.— Bijar eztaukazube lanik, eta egin lo beluarte. Gabon esan eutsen alkarri, ta ogeratu ziran.

        Agaton eta emaztiak egin eutsezan Jaungoikuari euren eskarijak, eskerrak erazagutubaz osasunaz eldu ziralako. Lo asko egiteko ustiaz ogeratu ziran; baña ezin egin izan eben lorik, pozen pozaz euken bijotzikariaz, senide ta lagun maitiakaz batun ziralako. Bijaramon egun guztija igaro eben Tomas ta Sabasen etxaguntzetako lurrak, basuak eta uzteak ikusten, eta urrengo egunian zuzendu ebezan Agatonek, otzaragiñen jarraitzeko biar ebazan gauza guztijak: lasterko asi zan otzaragiñen etxeko atarte edo atarijan. Urrengo domeka arratsaldian, iru senarrak euren emaztiakaz, juan ziran zugatz-tantaipera, Agaton eta Sabasek antxiña lez alboka soñuba joten iardubela, ta toki atan abesau ebezan gogotsu Ardibason gaztetan abesauten ebezan artzain-abestijak: negar malkuak erijon jakezan, gaztetako jolas estitsubak gomuta izanaz! Ai zer ete da atzerrijetan, jaioterrija gomuta izatia! Bertan egozala uste eben!

        Gero, Agatonek itandu eutsen Sabasi.

        — Zertzuk dozak lurralde onetan artzen diran gauzak? Zugazti edatsubak jagozak beñipein ikusbidian; zugatz-tantai ederrak gero, alde guztijetan.

        — Emen? Gauza asko artzen joguzak; guk etxuaguz artzen, baba, gari, azukre, kape ta erlien eztija baño; ganera, zaldi, abelgorri ta ardijak emoten jeuskubezan salgarrijak; baña beste etxaguntza batzubetan artzen jubezak, orren ganera, tabako, kakao, añil, oialgei, goma, artagaraun ta beste gauza asko. Urria ta zillarra barriz, etxagok Lurbira onetan, emeko mendi ta sakostetan gaña artzen dan tokirik. Tximiñuak bada, asko jabiltzazak onetan mendijetan; artzak, batzuk baltzak eta beste batzuk gorriztak; txorijak bada, ikusi leikezan luma izarrituenakaz, guakamaio, kotorra, loro txatxalaka, mosolo, miru, elae, paita, antzar ta beste asko; sugiak badaboa deritxuenak, batzuk amar kana luze diranak, eta galgarrijak diran txiki asko; sapo ta ugarasijo asko, ta erle ta erlauntzak barriz, guztiz ugari etxaguntza guztinetan.

        Illunabarrian etxeratu ziran guztijak, bidian be artzain-abestijak gogargijaz abesauten ebezala. Basarte etxaguntzara eldu ziranian, agur egin alkarri, ta Sabasek emaztiagaz jarraitu eban bere etxaguntzara.

        Bijaramonian, Agaton-korkotx jarri zan otzaragiñen, eta emaztia alogerian, Tomas eta Ameleri euren lanetan laguntzen. Sabas ta Tomasek erosten ebezan Agatonek egiten ebazan otzara, balotzara ta otar guztijak, eta gero salduten ebezan Mexikon eta etxaguntza batzubetan zerbait obarijaz.

        Aste guztija igaro eben sendo euren lanetan, eta domeka arratsaldian batun ziran zugatz-tantaiaren kerizpian artzain-abestijak abesauten. Lurbira onetan gertau jakezan eta leikijuezan naibage guztijak aztuten ebezan tantaipian euren jaioterriko abesti eztitsubak abesauten iñarduenian. Aldi atan, euren irudimenak ezegozan Mexikon, Ardibason baño. Domeka arratsaldietan, sorgiñen antzera, aurkitu oi ziran, edo begitanduten jaken, Ardibasoko Aritx tantaiaren kerizpian egozala euren jaioterri maitian, eta onek pozgarrijok ziran guztiz onak, osasuna sendatzeko ta lanerako indarrak artzeko.

        Jolas onekaz jarraitzen eben beti artzain lagunok; eta ganera, abesti ostian, aldizka iragarten ebazan bakotxak burura jatorkazan edesti zein ipuñak.

 

* * *

 

        Bein-batian, Agaton-korkotxek esan eutsen lagunai:

        — Emen, erri onetan eztago korkotxik. Berakruzen zortzi egunetan, eneban ikusi bat baño, bera zapatari, zapatagiñen eguana; Mexikon eztot ikusi bat be, ta etxaguntza onetan eztago neu baño. Ezagun da, izan be, emeko gizadijak iñoiz korkotxek ikusi eztabela; nire tontorrari begiratzen deutsen guztijak, jarten dira barreka, iñoiz ikusi ezpaleben nire taiuko gizon bat. Hamburgora juan biar dot neuk be; an eunetarik bost ei dira korkotxak. Agaton onek berbok esaten eguan arte, bere emazte ta lagunak ito biarrik egozan barreka, ta Amelek erantzun eutsan:

        — Nun jakin dok Hamburgon ainbeste korkotx dagozana?

        — Nun jakin dodan? Onutz ekarri genduzan ontziko nagosijak esan jeustanan.

        — Guzurra izango zuan, edo txantxetan esango juan!

        — Bai zera! Bene-benetan gero esan be, ta ageri jeustanan berari gertau jakan edesti bat.

        — Esaik ba edesti ore.

        — Bai beintzat. Esan jeustan, bein-batian eldu zirala Hamburgora, bera ta beste adiskide bat, euren ontzijakaz, ta ontzi-buru bijok juan biar ebela españatar Kontzulagana aurkeztera paper edo ingijakaz. Bijetarik bat, Erromulo eritxona, egon zuanan antxiñatxu erri atan eta ezagututen juanan ango gizadija; bestia, Odon eritxona, etzonan iñoiz egon erri atan, eta etxoanan jakin ango barririk.

        Kontzulagana juateko ontzitik urten ziranian, Erromulok esan eutsan Odoni.

        — Jokatuko neuskizu lauretakua, Kontzulagana aurkeztu orduko, ikusten doguzala amar korkotx.

        — Amar korkotx? Euskalerri guztijan be etxagozak!

        — Jokatzen juagu lauretakua?

        — Bai beintzat; orrek, esakerak dozak, eta ziur-ziur irabaziko duat.

        — Or ikusiko juagu.

        Lauretakua jokatu ebeneko, etorren korkotx bat euren albotik igarotera, ta kalian sartu ziraneko ikusi ebezan beste bi: ona iru aida baten. Gertaera onegaz, barrezka juazan bijak kaliak ziar, ta urrengo kale-kurutzian ikusi ebezan beste bi: ona bost korkotx. Toki atatik Kontzularen atarirarte, ikusi ebezan beste iru: orra zortzi. Artega ta barrez itoten egozan bijak atarijan; Odonek, nai eban igo gora Kontzulagana alik ariñen, korkotx geiago ikusi orduko; baña Erromulo, kalera begira ebillen beste bi ikusi gurarik, lauretakua irabazteko.

        — Irabazi juat lauretakua!—, esaten eutsan Odonek, Erromulori. Jarraitu eben gorutz malladija ziar, ta barre zantzo zolijak egin ebezan bijak, ikusi ebenian korkotxa zala goitik berutz etorren bat: ona bederatzigarren korkotxa. Ordu lauren inguruban egon ziran Kontzularen landolako atia idigiten azartuten etzirala, euren barre iraunkorra geratu eziñik. Sartu ziran landolara, ta lenengo topau eben gizasemia, izan zan Kantzillera esaten eutsen Kontzularen urrengo agintarija; gizon ederra berez, baña gizona zan aldetik ederra bazan, asko ederragua zan lepuan eukan tontorra: ona amargarren korkotxa Kontzulagana aurkeztu orduko. Kantziller ori amargarren korkotxa zala ikusi ebenian, errimiak izan ziran Erromulo ta Odonek, berpertan, nai-ta-nai-ez egin ebezan barre zolijak: Kantzillera bera be, barreka jarri zan, ta itandu eutsen:

        — Nire tontorrari barreka zagoze?

        — Ez jauna, ezta orregaitik: lauretakua jokatu dogu, batak baietz eta bestiak ezetz, zeinbatuten doguzala amar korkotx bidian ontzitik Kontzulagana aurkeztu orduko, ta ain zuzen be, zeu zara amargarrena. Onek uste izan dau, beronek irabazi dabela lauretakua, ta zeu ikusi zaituguzanian galdu dau. Ona, zegaitik dirian gure barriak, eta parkatu egiguzu, zeure irrigarritzat artu badozuz.

        Erromulok ori esan ebanian, Kantzillerak eurak baño barrealdi luziagua egin eban. Kontzula bere, zaratara urten zan bere gelatik, eta jakin ebanian gertaera ori, kar-kar barreka egon zan luzaro eurakaz.

        Agaton-korkotxek, gogaldi onaz, gertaera orrek ageri ebazan arte, kar-kar barreka egozan entzula guztijak, eta berbaldija amaitu ebanian, Julek esan eutsan:

        — Hamburgora juan biar dok Agaton, eure antzeko asko ikusijaz egun atsegintsu batzuk igarotera.

        — Iñoz aberastuten banon, juango non, Jaungoikuak nai bajon: arroturik ibilko non, ainbeste korkotx dagozan errijan. Barre asko egin eben guztijak.

        Urte batzubetan jarraitu eben olantxe: egunaz Amerikan egozan ekiñian euren lanetan, eta illuntzerezkero, jaioterrira juaten jaken irudimena.

        Igaro ziran urtietan, lanak arduraz egiñaz, ta irabazijak ondo zaindubaz, diru pillo polita batu eben Sabas ta Julek. Beuken etxaguntzia erosteko biar zan gaña ugazabak saldu nai ebanian. Tomas ta Amelek be, irabazte oneko urte asko ezagutu ebezan.

 

aurrekoa hurrengoa