www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
Zer jazoten jako Juleri?

 

        Goierrin eguan oial-denda bategaz, Amerikatan dirutxuba irabazita etorririko ogetamar urte ebazan mutil iruder, Karlos eritxona. Jule ta ama, zerbait saltzera Goierrira juaten ziranian, noizbait egiten eben agerraldi bat Karlosen dendara zerbait erostera. Agerraldi onetan ezagutu eban Jule, Karlosek, eta bere begikua zalako, geruago abegi, ta txera amultsubagua egiten eutsan Juleri, denderu orrek, ikusten ebanian.

        Karlos asi zan jai egun arratsaldietan Juleren etxera agerraldijak egiten; beti gogaldi onaz, ta Juleren aitamak be guztizko abegi ona egiten eutsen mutil orri. Julek ezeutsan erakusten adiskidetasuna baño besterik, eta Karlosek egun baten esaeutsan Juleren ama Mireni:

        — Entzuizu Miren, zegaitik ete da Julek niri txera onik ez egitia? Nik egiten deutsadazan berba amultsubakaz, igarri biar leuke maite dodala. Uste dot, nigaz eztabela nai artu maitetasunik.

        — Nik uste dot, oraindiño etxakala gogoratu zuk beragaz ezkontzeko asmua darabiltzunik.

        — Esaiozu ba, bijar edo zeuk nai dozunian, beragaz gura dodala ezkondu.

        — Bai, esango deutsat.

        Julek illuntzian, artu eban eskuban makillia, ta ardijak etxeratutera juala esanaz, agur egin eutsan Karlosi. Onek be Julek lez, Ibaigarden igaro biar eban Goierrira juateko, ta erantzun eutsan Juleri:

        — Batera, alkarregaz juango gara Ibaigarden beste aldera igaro arte.

        — Etorri zaite nai badozu.

        Bidian juazala, Karlosek esan eutsan Juleri:

        — Nik eztakit Jule, zegaitik daukazun ori oztasunori, nigaz berba egiten dozunian.

        — Nik oztasuna? Esatia be! Zugaz nai edozeñegaz, berez naz olakoxe otza.

        — Ori ezta egija; badakit nik zantzo egiten eta artzain-abestijak abesauten mutilla zariana; mutilla gero, iñok be irabazten eztotsuna; nigaz zagozanian aurkitzen zara gogillunaz.

        — Orrek, esatiak dira; nik baño beste lagun guztijak, milla bidar obeto dakije zantzo ta abes egiten.

        Berba onek esaten iarduela igaro eben txaka-txaka, arririk-arri, Ibaigarden, eta alkarregandik aldendu orduko, Karlosek esan eutsan Juleri:

        — Zuk eztakizu Jule, maite zaitudala, ta orregaitik izango dira zure oztasunak.

        — Eskerrik asko Karlos, zeure guramen onagaitik.

        — Badakizu orain zegaitik etorten nazan zeu ikustera.

        — Bai ba; esan deustazu.

        — Agur orain, urrengorartian.

        — Agur, Karlos.

        Lendik daki irakurliak, Sabas ta Julek ebela alkarregana maitetasun apurtxuba, ta orra Karlos sartu jaken bitartian. Sabasek ezekijan zer jazoten zan, eta beti lez, jarraitzen eban amultsu Julegaz artzain arazuetan, edonon eta edonoiz.

        Karlosek ezebazan aztu Amerikatan ikasiriko añen eta ekandu txarrak; arroturik egoten zan Amerikatako edestijak erazagutzen eguanian; zantarkeri asko ebezan edestijak. Ipuin eta jakiturijok agertzen ebazanian, uste eban, guztizko jakituna zala, ta osta-ostan ekijan irakurten eta irazten. Ekandubetan bizkaitarra; diru apur bat eukalako ziran bere andikerijak.

        Sabas barriz izan zan guztiz ekandu onetako mutil ederra, irakurten eta irazten Karlosek baño asko obeto ekijana; baña Karlosen beste diru ezeukana. Juleren aitamak, diruak poztuta, erakusten eutsen Karlosi arpegi argija.

        Amak esaeutsan Juleri egun baten:

        — Jule; Amerikatan egon zan Karlos, Beterriko denderubak nai jon eugaz ezkondu.

        — Ezkondu nigaz?

        — Bai, ta guztiz maite au izan be.

        — Nundik edo zelan jakin dozu ori?

        — Berak, berberak esan jeustanan euri jakin eragiteko; aztu barik gero!

        — Etxatzu aztu, ama.

        — Ez biar be; lekutako senarra artukon, denderu, jakitun, asko irabazten dabena.

        — Ta ekandubak?

        — Ekandu onetakuba dala, egin dituban aurrerapidiak dirauskube.

        — Ama, zuk begi argijakaz begiratzen deutsazu mutil orri, baña niriak ezin dira argitu begiratzen deutsadanian. Eztakit zegaitik dan, baña zerbait bildurgarrija dauko nire begijentzat. Nik Sabas dot maite, berak maite banau, ta arexegaz ezkonduko nintzake, zeuek eta berak nai dozubenian.

        — Sabas otseñaz? Ez gure baimenaz!

        — Otseiña izan arren, ona da.

        — Ezein aitatu be egin Sabas ori. Zoratuta ago ala, Sabasegaz ezkondu nai izateko, alagala Karlosegaz, bizi al azala, dendari, oialak saltzen, beste arazo barik?

        — Ama, ni enaz ezkonduko Sabasegaz bere, aitamok nai ezpozube; baña Karlosegaz bez, ekandu txarrak daukazalako.

        — Orduban neska-zar geratuko az.

        — Bai ama, neska-zar geratuko naz, Sabasegaz ezkontzia nai eztozuben ezkero.

        Karlosen ezkontza asmuakaz artu ebazan naibagiakaz amaitu ziran Juleren gogargijak; amaitu ziran len egiten ebazan zantzo ederrak, barre amultsubak, eta abesti atsegintsubak. Bijotza il eta arpegija illundu jakazan bere maitetasun zintzuak bide okerrian jarri ziranian.

        Amele, Agaton, Tomas ta Sabasek, jakin nai eben, itzaltasunera biurtuteko, zer jazoten jakan, len beti gogaldi onekua ta jolas-zalia izan zan gizalabiari; baña Julek ezebazan nai erazagutu bere buruban eta bijotzian ebiltzazan arazuak. Orregaitik, zerbait moteldu ziran, zantzo, alboka jote ta artzain-abestijak len euki ebezan zolitasunak.

        Juleri ogetabi urte ebazanian, otu jakan gexo-zain juatia Beterrin eguan gexo-etxe edo osategi batera. Gurasuak egin ebezan euren alabiari burubide ori aldatzeko alegiñak; baña alperrik izan ziran alegin guztijak. Julek jarraitu ebazan igaro biar ziran bidiak, eta sartu zan gexo-zain osategijan. Urtebete igaro orduko jakin zan, aitamak, bere guramen baga, nai izan ebela Karlosegaz ezkondu eitian, eta onegaitik uste izan zan artu ebala gexo-zain jarteko burubidia. Sabasek jakiebaman albista ori, naibage ta bijozketa iraunkorrakaz geratu zan.

        Urtebetegarrenian, Beterriko osategija, su artu, ta erre zan, eta gexo-zañak, Madriden eguan osategi batera eruan ebezala uste izan zan.

 

aurrekoa hurrengoa