www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
Otsua ardijetara

 

        Bein-batian, illuntzian ardijak billatzera juan ziranian, arriturik lotu ziran artzañak Ardilandan ardirik idoro ezebelako. Lau artalde aldendu ziran toki atatik, eta artzañak ezekijen Gangoiti mendijaren ala Tontormotxen ostera juan ziran; baña gaba etorren ganera, ta lenbailen billatu biar ziran ardijak. Erabagi eben lenengo Gangoiti ostera juatia; Jule ta Sabas alde batetik eta Amele ta Tomas beste aldetik, mendi ostian alkar topateko ustiaz.

        Amele ta Tomasek, biderdi ibilli orduko, ta illunabarrian, topau eben Agaton-korkotx, alboka joten, bere ardijak etxeratzen etorrela, ta Amelek itandu eutsan:

        Amele.— Gure ardijak ikusi dozak?

        Agaton.— Or mendi ostian, eguno ardirik egoten eztan tokijan ikusi jonat artalde andi bat, eta arexek izango dozan Ardilandan egon ezik.

        Tomas.— Ardilandan etxagok ardi garau bat, eta mendi ostian egongo diran ustiaz Jule ta Sabas juan dozak beste aldetik.

        Agaton.— Antxe jagozak ba ardijok.

        Illundu ziran bazterrak eta Sabasek noizbait joten eban alboka-soñuba, nun egozan ezaugarri. Gisa onetan batu ziran laurak alkarregana.

        Julek esan eutsen Tomas ta Ameleri:

        —Ardi eder bat idoro dogu ilda bidian; ziur-ziur otsuak edo azerijak izututa iges etorri dira ardijak onagiño. Ardura andijaz juan biarko dogu etxerutz; alboka joten juango da Sabas, ta soñu orrek alde eragingo deutse otso edo azeri orrei.

        Amele.— Antxiñatxu, sarri gertaten ei ziran olako edestijak; baña aspaldijon eztogu ikusi otsorik ez azeririk lurralde onetan.

        Jule.— Oraindiño ezta igaro illebete Tontormotx mendijaren ostian daguan etxe batekuai, otsuak il eutsezala, lenengo ardi bi ta gero txaltxu bat.

        Gautu zalako, artzañen etxietakuak bildurtu ziran gogoratuaz zer jazo ete jaken artzañki, ta etxe bakotxetik lagun bi, juan ziran bidera. Guztijak batu ziran Ardilandan eta artzañik ez ardirik to pau ezebenian toki atan, alkarri esaten eutsezan bildurgarrizko berbak; ezekijen norutz juan, eta berba ta berba egozala, guztizko bijotz illakaz, agertu jaken bertan Agaton-korkotx, eta esan eutsen:

        — Emen zagoze?

        — Bai, gure artzañok eztira oraindiño etxeratu.

        — Gangoiti ostian, emendiko aldetik, artaldiaz etxerutz natorrela, illunabarrian, topau dodaz Tomas ta Amele ardijak billatzera juazala, ta esan deutset Gangoiti ostian andiko aldetik ikusi dodala artalde andi bat, eta arexek izango dirala Basarte, Solabizkar, Goiketxe ta Beketxeko ardijak. Esan deuste, Sabas ta Jule juan dirala mendi orren beste aldetik, mendi ostian laurak alkarregaz batzeko ustiaz, Sabasen alboka-soñuba ezaugarri dala. Nik uste izan dot zerbait jazo dala artalde orrekaz, ta etorri naz zer jazo dan ikustera; nok edo nok, edo zek edo zek, izutu ditu ardijok eguno juan eztiran tokira juateko.

        — Guazan aurrera eurakana.

        — Bai, neugaz daukat albokea, ta laster Sabasek erantzungo deust beriagaz.

        Berrogei oinkada ibilli orduko, topau eben ilda ardi eder bat, eta Agaton-korkotxek esan eutsen:

        — Ona emen zer jazo dan dirauskun ezaugarri onena: otso edo azerijen batek esetsi deutse ardijai, ta iges jean dira Gangoiti mendijaren ostera. Bat baño il ezpada, pozik egoteko da.

        — Otsuak izan badira, geu bere galbidian gagoz, gau illun onetan.

        — Ez; alboka-soñubak izutuko dauz, ta oraintxe egingo dot jotaldi bat.

        Agaton, albokea joten asi ta lastertxuban, entzun zan Sabasen alboka-soñuba, ta danak jarri ziran gogaldi onaz; urreratu ziran batzuk eta bestiak, aita-seme, aitalaba, anaieak, neba-arrebak, amalau guztijak, eta jarraitu eben batera, artaldiak aurretik zirala. Danak berbetan, egun atako gertaerak alkarri erazagutu gurarik; batzuk ardi eder bat, ederra gero, topau ebela ilda mendi barrenian; bestiak beste ardi bat idoro ebela goratxubago; otsuak ete ziran, azerijak ete ziran, guztijak era batera berbetan, alkar aditzen ezebela juazan neketurik bidiak ziar.

        Amelek ikusi eban Agaton etxeratu zala bere ardijakaz, ta an illunetan eurakaz barriro ikusi ebanian, ikaratu zan, sorgin gisako jazoera onegaz, ta itandu eutsan:

        — Nundik nora etorri az, Agaton?

        — Artega egon non emetik zer jazoten dan jakin arte; etxekuak nora nuan gau illunian esaten izan jeusten, baña ezin egon izan non etorri barik.

        — Beti az olakoxe lagun maitia.

        — Orain ni eldu non neure etxera duan bide ziorrera, ta agur Amele: agur guztijoi!

        — Agur Agaton! Arduraz juan adi otsuakaitik; abere txarrak dozak orrek gose diranian.

        — Albokea joten juango non, zoli gero jo be, ta soñu orrek izutuko jozan.

        Esan eta egin, alboka-soñuba zoli joten etxeratu zan Agaton. Artzain eta ardijok, Ardilanda igaro ebenian, gau illuna izan arren, ezagututen eben bakotxak bere etxera bidia, ta eguna balitz lez, Juan ziran ardijak, euren bide ziorrak ziar. Julek iru ardi gitxijago zeinbatu ebazan ardi-kortara sarreran, Sabasek bi gitxijago, Amelek estualdijak artu ebazan Ibaigarden igaro nai ezeben ardi bigaz; azkenian Beketxera eruan ebazan, andik urre egualako. Argitan ikusi ebezan etzirala Tomas ez Amelerenak: arek ezegozan ekanduta Ibaigardengo arri erreskadia txaka-txaka igaroten, eta agaitik ezeben nai jarraitu arririk-arri ibaian ziar. Amelek, bat gitxijago zeinbatu ebazan ardi-kortara sarreran. Tomasek eruan ebazan ziatz bere guztijak.

        Amelek Beketxera eruan ebazan ardi bijak, ziran Sabasenak. Mendijan egon biar eben bada, ilda edo bizirik, edo otsuak jan ebezan, Juleren iru ardi ta Ameleren bat; baekijen guztijak, bi ilda egozala mendijan.

        Bijaramon goizian eguna argitu zaneko juan ziran artzañok mendira euren artaldiakaz; zantzo ortik, zantzo emetik; alboka-soñuba goratxubago ta beratxubago; diadar ortik eta barre emetik, beroien zaratia ta abarrotsa artzain eta ardijok. Guztizko abegi amultsuba egieutsen artzain guztijak alkarri Ardilandan batera aurkitu ziranian. Juan ziran Aritx-tantaiaren azpira; abesau ebezan artzain-abestijak asaben errijan; gogoz gero abesau be, ta jarraitu eben Gangoiti mendija ikuskatzer alde guztijetatik, agertu etziran ardijak topa gurarik.

        Laster idoro ebezan len ezagututen ebezan ardi il bijak, baña zati galantak janda: ezagun zan, azerijak baño agin indartsuaguak ebazala arek jan ebazan aberiak, eta danaren siñismena zan otsuak egin ebazala lan guztijok. Jarraitu eben aurrera, mendiegalak ikuskatzera, batzuk arutz, bestiak onutz, bein batera, bein bestera, geruago gorago, ta beste ardi bijak topau ebezan aragi erdijak janda eukezala. Kendu eutsezan narrubak lau ardi illai, ta aragi ta azur enparaubak lurpetu ebezan; gero artu eben burubidia, arratsaldian Tomas ta anaie bat, Sabas, Agaton eta onen anaie sendo bat, bost mutillok, juango zirala Gangoiti mendijaren bizkarrian antxiñarik Otsozulo esaten eutsen zulua ikuskatzera. Onetarako eruango ebezan iru axkora girten-luzedunak eta makilla lodi bi. Bete galtzoz Otsozulo, ta su emonaz erre eitezala bertan barruban egozanak, kiskildu arte.

 

aurrekoa hurrengoa