www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
Ontzija ondatu, ta beste batek artu

 

        Gero egun askotan, aize ibitu ta aldakorrakaz, bide gitxi aurreratu eben luzaruan; baña eldu ziran abijada ona eruateko egunak, aize indartsu ederrakaz. Irargi-bako gau illunak eta lañutsubak ziran eguraldijak; baña danak juazan pozik ontzijak eroian abijada ariñaz. Olan juazala bein-batian, apalostian illundu zanian Tomas, Agaton eta euren emaztiak, ontzijaren aurre aldeko gaztelu ganian, iarduben gogaldi onaz, Tomasek asmauriko kopla batzuk abesauten.

        Ona emen kopla orrek:

 

                Ai neure bijotzeko kutuna!

                Ai jaioterrija!

                Urrunago ta laztanago dan

                Ai maitagarrija!

                Geure aitamak sortu genduzan

                Ai euskal-tokija!

                Zugaitik beti emongo geunke

                Guk geure bizija.

 

                Bultza ta bultza aize ongille

                Atsegingarrija

                Bultza ta bultza igaroteko

                Itxaso guztija.

                Aize-oialak, aizez beteta

                Aurrera ontzija!

                Ikusi daigun alik-ariñen

                Geure baserrija.

 

        Tomas, Agaton eta emaztiak, jaioterri maitia irudimenian ebela, koplok abesauten egozan artian, agintarijak estu ebiltzazan argi bat ikusi bazan ezpazan lañopian; gorrija zala, zurija zala; zana zala, argija izan zala; ta larri, ta artega; begira batera ta bestera ebiltzala, jo eban euren ontzija beste batek, eta karrakada zolijak entzun ziran. Tomas ta Agaton euren emazte ta seme-alabakaz, sartu ziran beste ontzira; baita beste batzuk be, ontzijak alkarregaz nastaurik egozan arte. Españar ontzija arin ondatu zan, eta jaso ziran beste ontzira, batel bategaz, igeri edo uger uretan ebiltzazanak. Amalau españar ito ziran, eta enparauak galdu ebezan euren janzki ta beste gauza asko. Tomas ta Agatonek atara ebezan zorro narruzkuetan eukezan diru ta diru paperak, eta ganera janzki batzuk.

        Baziran an negarrak eta diadarrak gertaera orretan. Eguna argitu arte sartu ebezan guztijak upategi txikitxu batera, ta euren artian ziran ekiñaren ekiñak; batak ziñuan galdu ebazala bere diru guztijak, bestiak soñekuakaz beste barik lotu zala, ta negar batzuk, eta diadar beste batzuk. Gizon zarkote bati emazte ta alaba bi ito jakazan; senar-emazte batzuri be, euren seme-alabak ito jakezan, eta amalau urte ebazan mutiko bat, bere aitamak barik lotu zan.

        Zein ikaragarrizko gertaereal Jaungoikuari eskarijak egiteko astirik be ezeben euki, ain arin ondatu zan españar ontzija!

        Ito zan Benin, ogerorduban eguna argitzen bazan ikusiko zirala esan eroiana; beti eukan bildurrak eruan eban azkenian; ogeratu ta bijaramonian etxakan eguna argitu. Balendin, barrealdi onak eragiten ebazana be, autubetako Beninegaz lotu zan: begoz zeruban ito ziran guztijak!

        Indiatik etorren englandar bat izan zan españarrak artu ebazan ontzija, egun asko itxasuan egiñaz, elikaturak guztiz urri eukazana. Buru asko geitu ziran barruban, eta janarijak amaitu ezeitezan, lenengo egunerik ainbanatzen ebezan neurtuta ura ta janari guztijak; ogi-opillak, bakotxari bi, egun guztirako, zuloz ta arrez beterik egozanak. Tapioka askogaz zamaturik etorren ontzija eta au egosita baten eben ugari. Englandakos itxasbazterrera urreratu ziranian, lañopian, ezer ikusten ezebela, igaro ebezan izugarrizko gertaera batzuk; baña gero, eguraldi onakaz sartu ziran London-go ibaijan.

        Ontzi galduko gizadija juan zan españar Kontzulagana, ta onek jarri ebazan ostatu baten, Españara juateko eretija agertu arte. Ain zuzen be, mañaritar euskaldun bat izan zan Kontzula, ta guztizko abegi ona egin eutsen Tomas, Agaton eta onen emazte ta seme-alabai: urte asko igaro jakazan euskera berba egin barik, eta bere jaioterriko berbetia egiteko amorrubaz eguan poz-pozik.

        Ardibasotarrok birbizturik aurkitzen ziran liorrian eta bizkaitar Kontzul baten ardurapian egozalako. Agerraldi asko egiten eutsen Bitorin kontsulak, euskera berba egitiarren, eta astija eukanian, lagunduten eutsen London-en egozan denda ta jauregi onenak ikustera. Bitorin arazotuta eguanian, eurak juaten ziran kalerik-kale batera ta bestera, ikusi al eben guztija ikustera; baña beti galtzen eben etxera bidia, ta errizañen bitartez idoroten eben ostatuba. Lurbira onetako uririk andijenian egozan, eta ezeben iñoiz ikusten kale-azkenik. Onegaitik, Agaton-korkotxek esaeutsen bestiai:

        — Ostatutik urre gabiltzaz, juan ara, ta etorri ona; beti ikusten doguz kale, etxe ta denda batzuk, eta beti galtzen dogu ostatura bidia; olan, gauza gitxi ikusten dogu; egun bakotxan jarraitu daigun zuzen-zuzen kale bat, azkena topau arte; arutzian ikusiko doguz eskumako dendak, eta onutzian ezkerrekubak.

        Amele.— Ondo deritxot.

        Tomas.— Bai, egin daigun orixe: Bitorinek uste dau luzaruan eztala egongo Bilbo ez Donostijarako ontzirik, eta egun asko daukaguz uri au ikusteko.

        Genare.— Iru illebete osuetan be eztot uste ikusi leitekezala uri onetako gauza ederrak; baña nire senarrak esan dabena egitia izango da burubide onena.

        Tomas.— Tira ba, egin daigun orixe.

        Bijaramonian artu eben kale baten zuzenbidia, ta eskumako aldetik juazan, kalian ziar, denda guztijai begira; bein geratu, bein ibiltalditxuba egin, dendak eta etxiak ikustia, ta kalia amaitu arte jarraitzia baño beste gogamenik ezebela. Goizeko bederatzijetan urten ziran etxetik, eta amaiketan etzan oraindiño agiri kale-azkena. Orduban Amelek esan eban:

        — Ordu bi igaro dira ostatutik urten dogunik arrezkero, ta ordu biko bidia daukagu ostatura; ezin juan geintekez urrunago, jatordurako ostatura eldu nai badogu.

        Genare.— Ta kale onetan, an urrunian agiri diran jauregui ederrak ikusi baga, biurtuko gara ostatura?

        Tomas.— Egija; nunbait topauko dogu bazkaltzeko tokija, ta jarraitu daigun aurrera, esan dogun lez, kalia amaitu arte.

        Agaton.— Tira ba, aurrera beti.

        Egotalditxu bat egieben berbok esan ebezan lekuban, eta aurrez-aur etorren berpertan tontor errimia eukan korkotx bat, eta Amelek esan eutsan Agatoni:

        — Begiratu iok or datorren korkotx orri.

        — Bai, ikusten jonat; morrosko lerdena don berori.

        Tomas ta Genarek barre asko egin eben korkotxa igaro zanian: gizon ederra izan zan, ule ta bizar gorrizta, matralla gorri, ondo apainduba, betaurre ta guzti. Orduban emaztiak esan eutsan Agatoni:

        — Emen be, ez az i bakarrik tontorduna; pozik ago eure antzekuak ikusi ezkero; ona or eskumako aldetik juak beste korkotx bizar-zuri bat.

        — Hamburgon ete gajagozan? An Ei dira olako asko.

        Barre asko egiten juazan kalian ziar, korkotxak agertzen ziran aldijetan.

        Arratsaldeko ordubatetan ikusi eben gizadi asko bazkaltzen, eguan garagardotegi bat, eta eurak be sartu ziran bazkaltzera garagardo apur bat edan ebenian, Amelek esaeutsan Agatoni:

        — Agaton; London, iñungo uri andijenian be, bajagozak korkotxak, eta atan be ik baño tontor andijagua daukenak.

        — Bai Amele; garagarduak, berbetako gogua emon don; itxi ion korkotxai, ta bazkaldu jagigun lenbailen, kale au jarraitzeko azkena idoro arte.

        Ordubijetan amaitu eben bazkarija; ordaindu jan-edanak, eta jarraitu eben kalia. Iruretan etzan oraindiño agertzen kalien azkena, ta Agatonek esaeutsen bestiai:

        — Lau ordutan jarraitu dogu ostatutik onutz: egija da etorri gariana dendak ikusten, bein lotu ta bein ibilli; baña arutzian be, beste aldeko dendak ikusi gurakoguz ta oso illundu orduko etxeratu nai badogu, biurtu biar gara, bidia geiago luzetu baga.

        Amele.— Bai, kale onek eztauko azkenik.

        Tomas.— Olakorik! Lau ordutan juan eta juan kale bat jarraitzen, eta azkenik idoro ez! Ikusi barik sinistu ezin leikian gertaerea da au: egija da, bein geratu ta bein ibili gariana; baña alan eta guzti be, bide asko ibilli gara. Lurbira onetan ezta egongo kale luziagorik, eta denda ta jauregui ederraguak daukazanik bez. Biurtu gaitezan bada etxerutz, gaba ganera etorri orduko.

        Beste aldetik dendak ikusten juan ziran ostaturutz, barreka Noizik-beñian korkotxen bat ikusten ebenian. Ikusirik zer jazo jaken kale luze aregaz, Genarek esaeban:

        — Zuzenbide orretan dagozan kale guztijak, izango dira bardin samarrak, eta uri oven azkena ikusi nai badogu, zaldi-burdi baten juan biarko dogu bijar gosari ostian.

        Amele.— Bai; orixe egin biarko dogu.

        — Bai, bai—, erantzun eben guztijak.

        Ikusi ebezan milla gauza saltzen ziran denda ederrak, eta jauregi miragarrijak. Arriturik egozan burdi ta gizadijak erabillezan juan-etorrijakaz; kalietan, alde batetik bestera igaroteko, juan biar zan beti ardura andijaz ta bildurrez, burdiren batek zapaldu baga. Illunduta eldu ziran ostatura, ta apalostian luzaro egon ziran ogeratu baga, alkarri agertzen euren eretxijak, ikusi ebezan gauzen ganian.

        Bijaramon goizian, gosarija artu ebeneko urten ziran kalera, ta sartu ziran lenengo idoro eben zaldi-burdijan; artu eben burubidia, atzegunian azkena ikusi ezeutsen kalia jarraitu biar ebela azkenerarte. Goizeko zortziretan sartu ziran zaldi-burdijan eta iñun geratu baga, amaiketan eldu ziran kale-azkenera; iru ordu, zaldi eder biren abijadiaz biar izan ziran kale guztija jarraitzeko: andik igaro ziran urrengo kale luzera etxeratzeko; bazkaldu eben garagardotegi baten, eta gero etxeratu ziran illunabarrian. Arriturik lotu ziran kale aren luzereaz: Agatonek esaten eban, London urija, andijagua zala, Goierri, Beterri ta Ardibasoko lurralde guztijak bat eginda baño.

        Urrengo goizian juan ziran beste alderutz, eta urre samar idoro ebezan ontzijak egoten diran osiñak, erreskadan, eta danak ontziz beterik, andi ta txiki, andiera guztijetakuak; batzuk zama tzen, bestiak kartegatzen; bata Indiatik etorri zala, bestia Aprikatik, urrengua Amerikatik. Ontzi bateko gizadi baltzeranak, indiarrak zirala, besteko baltzak aprikarrak, besteko uletxortadunak, txinarrak, urrengo gorri-illunak, mexikotarrak: olan, atzerrijetako ontzijetan ikusten ebezan enda askotako gizonak. Miragarrija izan zan ainbeste ontzi-osiñetan ebiltzan arazo, zarata ta burdijen juan-etorrijak; batzuk ontzijen zamak eruaten, eta bestiak ekarten zamatzeko. Liorrian, aldategijetan ikusten ziran gari, artagaraun, oial-kutxak, azur, adar, indija-baba, azukre, kape ta beste gauza asko pilloturik, ontzijak ekarririko zameak; eta ganera, burdiña pillo asko, gisa askotakuak, urriñetara biraltzeko.

        Ardibasotarrok, ontzi-osiñetan ebiltzala, ikusi eben Londongo ibaia be, ontzi askogaz, ta ibaien beste aldian, jauregi ederrakaz uri edatsuba. Bijaramonian juan ziran ibaien beste aldera, ta jarraiturik kalian ziar, idoro eben lorategi eder bat, iñun diran abere ta pizti guztijak egozana. Emeko burdin-sarian suge ikaragarrijak; aragokuan katamotz izugarrijak; artz-baltzak batian, zurijak bestian; otsuak urrenguan; taiu askotako txakurrak arago, txiki ta andi; eizetxakur, erbitxakur, epertxakur, urtxakur; enda askoko katubak, basakatu, basurde, basauntz, erbi, tximiño, sagu baltz eta zuri, muzkar, katagorri ta beste asko. Egaztijak barriz, poxpolin, enda askotako ollo ta ollar, indijollar, paita, antzar, arrano, miru, ontz, kuku, txepetx, itxastxori, gautxori ta beste atzerrijetako txori enda asko.

        Gauza guztijok ikusten, igaroten jakezan ordubak, eta illunabarrian etxeratuten ziran. Kalerik-kale ibilli baño, naiago eben ontzijetako arazuak eta lorategijetako abere, pizti ta egaztijak ikusi, ta egunaro juaten ziran toki orretara.

        Amabosgarren egunian eldu zan London-era Bilboko ontzi txatxar bat, gastañaz zamaturik: astebetegarrenian biurtu biar eban Bilbora, ta Kontzulak esan eutsen ardibasotarroi, ontzi atan juan biarko ebela.

 

aurrekoa hurrengoa