www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII
Martiñen erijotzia

 

        Martiñi antxiñatxu osatu jakazan otsuak agiñakaz egieutsazan zaurijak, eta bizkor ta sendo ebillen bere lanetan.

        Beterrin atzegunetan egon ziran abelgorri-batzarretan, Basterretxetarrak saldu ebezan buztarrija eratuten eben idi zar bi, ta erosi ebezan gazte eder bi. Etxekuok ezekijen idi gaztiok noizbait jotera esetsiten ebenik; baña mendira biraldu ebezan lenengo egunian, ikusi eben bijak alkarregaz burruka jarten zirala, ta eurakana urreratu ezkero begirakuna zolija egiten ebela. Martin-besobakar, idijok etxeratutera juan zan baten, esetsi eutsan idi batek, eta il eban bertan. Idijok illunduta eldu ziran kortako atera, ta ikusi eben batak ekarrela adar bat odolduta; sartu ebezan kortara, ta juan ziran Martin billatzera. Diadar zolijakaz deituten eutsen alde guztijetatik; baña Martiñek ezeban erantzuten. Ezeben idoro gau guztijan, eta egunaz, eguzkijak mendi bizkarrak igo ebazanian, topau eben ilda eguala.

        Irakurliak gogoratuko dau, billa ibilli ziran aita-semiak artuko eben naibagia, Martin idijak ilda topau ebenian: danak negarrez jarri ziran! Eta etxeratu ebenian, arrigarrijak izan ziran bere ama errukigarrijak egin ebazan negarrak!

        Bigaramonian Goierrin egin eutsezan elizkarijak, eta ingurubetako gizaldi guztija, guztiz itzal, gogillunaz, juan zan elizara, eskarijak Jaungoikuari egitera.

        Ona Martin gixajua; otsuak egiñiko zaurijak osatu ta sendo jarri zanian, lan guztja arpegi emoten, agertu jakan otsua baño arerijo errimiagua; etxeko zorigaiztoko idija, bere adar zorrotzakaz ta egitade deungiakaz! Zein zoritxar izugarrizkua, uste ezebala! Olan izan oi dira Lurbira onetan gertaera asko; baña Jaungoikuak jarriko dauz zerura bidian, euren egipide onak egituten il diranak!

        Martiñen elizkarijak egin eta bigarren egunian, Basterretxekuak saldu eutsezan idi geizto bijak, Goierriko arakin edo okelagin bati, il eitezan kalte geiago egin orduko.

        Ardibasoko artzain gazte guztijak, Martiñen erijotzia gomuta ebela, luzaruan ezeben egin zantzorik, abesik ez alboka-joterik; bijotzillakaz ebiltzazan guztijak euren lagun maitia il zalako. Gero gauza guztijak izan oi diran lez, egunak, astiak eta illebetiak juanaz, aztu zan Beso-bakar gixajua be, ta etorri ziran barriro jolas-egunak; abestijak, barre ta zantzuak, artzañok ardijakaz batuten ziranian.

        — Zer izango ete da urrengo naibagia?— itandu eutsen Julek bere lagunai.

        Agaton.— Etxagon otsorik; azeririk bez; idi geiztorik bez; etxakiñat bada zek ekarri leizkuzan naibagiak.

        Amele.— Oian da izan be.

        Illebete igaro orduko, egin ebazan jausialako eurijak; esan leikian zeruko erreka askoren atiak zabaldu zirala lurrera urak jausteko, izugarrija zan Ibaigardenen urak eroian abijadia; arri guztijak be, uste izan zan eruango ebazala ur juanen indarrak.

        Tomas Basartekok ikusi eban Ibaigardengo sokondo baten, uretan egozan zugatz adarretan nastaurik eguala itota gizon bat.

        Beterriko erabagillak jaso eben gizon ori, ta ezagutu zanian jakin zan, zala, Manu sokagillia, zaldi-uliak sokak egiteko billatzera baserrijetara juaten zana.

        Arik irugarren egunian urijol errimiaguak ziran: Amelek ezeban nai igaro Ibaigarden arririk arri, ardijen batzuk urak eruango eutsazan bildurrez, ta eruan ebazan Atxurdin eritxon mendira. Tomasek arririk-arri igaro nai ebazan bere ardijak, eta arri baten egieban larrapastadiaz, jausi zan uretara ardi eder bat. Sartu zan Tomas garrirarteko ur-juanian ardija arrapatera, baña ur-juanen indarrak eruan ebazan bijak ibaiaren erdijan eguan atx batera, ta an lotu ziran. Ikusi ebazan Amelek, eta juan zan arin-arinka Basartera Tomasen aita ta anaieai esatera zer jazoten zan. Aita ta anaie bi juan ziran soka bategaz, ta soka au loturik ibertzeko zugatz bati, anaie batek eruan eutsan Tomasi; gero anaie bijak soka oni sendo oratuta, leorreratu ziran, eta ardija eurakaz batera. Galbide andiko gertaerak igaro ebazan Tomasek, eta arririk-arri eguan bidia txarrago jarri ezeitian, igaro ebazan ardijak ibaiaren etxealderutz, eta eruan ebazan Goizorrotz mendira.

        Zein pozik, zantzo abesau, ta alboka soñubak joten batzubetan, eta zein itzal eta naibagetsu beste batzubetan, ibilli oi dira artzañak euren arazuetan!

 

aurrekoa hurrengoa