www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX
Sabasen naibagiak eta burubidiak

 

        Irakurliak badaki Sabasek Jule maite ebala.

        Jule gexo-zain jarri zanian, Sabas noizbait juaten zan Jule eguan osategira, gexuak ikustera; sarri eukiten eban Julegaz berba egiteko eretija, ta sarri itanduten eutsan:

        — Zek artu eragin deutsu Jule, gexo-zain osategi onetan jarteko burubidia?

        — Neure guramenak, Sabas.

        — Ez ete da izan gurasuak nai-ta-nai-ez Karlos denderubaz ezkondu nai izan zaitubezalako?

        — Ez, Sabas; neuk nai izan dot jarri gexo-zain.

        Ezeutsan Julek beste berbarik erantzuten. Bere naibage ta atsekabiak ondo gordeta eukazan bijotzaren barru-barruban. Urtiak juanaz, biar bazan, agertuko ziran argitara.

        Osategija erre, ta gexo-zañak aldendu ziranian, amaitu ziran Sabasek Juleri egiten eutsazan agerraldijak, eta orra Sabas be, artzain lagunen artian, jarri zan len Jule ibilli zan gisan, albokea jo, ez abesauteko gogo barik; beti bijotzil eta gogillunaz, lagunen itunai jaramoten ezeutsela. Isildu ziran bada Jaungoikuak nai eban arte, Sabasen zantzo, barre ta alboka-soñu ederrak.

        Amele, Tomas ta Agaton ziran orain jolas aldijak egiten ebezanak. Sei artzain lagunetarik iru geratu ziran Aritx-tantaiaren azpijan artzain-abestijak abesauteko, ta eurak sarri eukezan negar malkuak begijetan, gomuta izaten ebenian Martin-besobakar ta Jule juan zirala betiko.

        Seigarren illebetian, erri ta baserri guztijetara agertu ziran gizon salerosle batzuk, Mexikoko Berakruz eritxon portura juan nai eban gizadi guztijen billa. Eskiñiten ebezan, lurlantzarako lurrak, etxia, ta urtebeteko janarijak, duban emongo jakezala juan nai eban etxaldi edo sendi bakotxari; amar urtetan emon biarko ebela artuten eben uztearen laurena, ta gero, guztija izango zala eurentzat.

        Eskintza onekaz, gizadi asko azkortu zan Berakruzera juateko, ta Sabas izan zan euretarik bat. Maite eben mutil au Goiketxeko aita-semiak, baña bijotza il jakan, Jule bere maitiaren gertaerakaz, ta ezin bizi izan zan luzaruago Ardibason. Agur negargarrizkuak egin ebazan urrengo dagozan berbaneurtubakaz.

 

                Agur Ardibasoko

                Ardi-zain maitiak,

                Ardi ederrak eta

                Ibai ta etxiak.

                Agur Aritx-tantai, ta

                Asaben bidiak,

                Urrunera narube

                Neure naibagiak.

 

                Agur Ardilandako

                Alboka-jotiak,

                Artzain kanta gozuak

                Zantzo ta barriak.

                Agur Ibaigardengo

                Ur garden garbiak,

                Zugatz ederrak eta

                Mendi-bitartiak.

 

                Agur maite dodazan

                Asaben errijak,

                Lurralde onetako

                Ekandu garbijak.

                Agur jaioterriko

                Erritar guztijak,

                Neure apurturiko

                Bijotzen zatijak.

 

                Agur Jule laztana

                Nora zara juan?

                Zegaitik jarri zara,

                Gexo-zain munduban?

                Beti eukiko zaitut

                Bijotzen barruban,

                Ikusten ezpagara

                Izan bei zeruban!

 

        Sabas juan zan Bilbora; ontziratu zan Berakruzera juan biar eban ontzijan, negar malko asko bere begijetara agertuten zirala, Ardibaso ta bere lagunai agur egin eutsenik arrezkero. Urten zan ontzi orretan itxas-zabalera, ta noizbait eguraldi okerrakaz gora-bera asko ikusirik, berrogeitamabi egunetan eldu ziran Berakruzera.

        Ezkongeia ta bakarra zalako, ezeutsen emon lurlantzarako lurrik, baña Mexiko uritik urre samar eguan etxaguntza eder baten jarri eben otsein irabazbide onagaz. Etxaguna zan tolosarra, abelgorri, artalde ta azukre-lantegi bat berak ebazana.

        Bere egipidiak gogotsu beteten ebazan Sabasek etxaguntzan, eta laster igarri eutsan ugazabak, berak biar ebalako mutil arduratsuba ta egikorra zala. Seigarren illebetian, berari emon eutsan ugazabak lan guztijen aginpidia. Guztiz ondo juazan lanak, uzteak eta salerostiak Sabasen agindupian, eta ugazaba ta menpeko guztijak egozan pozik mutil aregaz. Aurrerapide andijak egin ebazan etxaguntzan urte bitan; baña irugarren urtian, etxaguntzako gizadijan sartu ziran gexo badamiñak, eta Sabasek, bere indar ta alegin guztijakaz, ezin izan ebazan zuzendu oso, lan eta saleroste guztijak, menpek langille asko gexorik berotasunakaz egozalako.

        Azkenian, Sabas bera be, gexotu zan bestiak lez, ta guztiz makal jarri zan gexo orregaz. Ugazabak edozer gauza egingo eban Sabas osatutiarren; eta illebetegarrenian, ikusirik ezebala onera egiten, biraldu eban Mexiko uriko, osagille onak egozan osategi batera.

        Osategijan ogeratu eben, eta osagilliak agindu ebazan, artu biar zituban janari, edari ta osagarrijak. Itandu eutsenian ze izen eban eta nuntarra zan, erantzun eban Sologane-tar Sabas eritxola ta Ardibaso zala bere jaioterrija. Gerotxubago juan jakan monja antzeko jantzijaz gexo-zain bat, osagilliak agindu eban osagarrija artu eragitera, ta Sabasek, emakuma ori ikusi ebanian, egieban diadar zoli bat, euskeraz esaten ebala:

        — Ai ...! Nor dakust?

        Gexo-zañak erantzun eutsan euskeraz:

        — Zer jazoten jatzu gizon errukigarrija?

        — Zer jazoko jat? Jule Goiketxeko, betiko juan zala uste nebana, daukadala begijen aurrian! Orixe jazoten jat!

        — Zer diraustazu, gizon Jaungoikuarena? Nor zara zeu? Nik etzaitut ezagututen.

        — Zuk ezin ezagutu: zuk ezagututen ninduzunian eneukan bizarrik; baña orain, gexotu nintzanik arrezkero urten deustan guztija daukat aldian; ganera, len lodi samarra nintzan, eta orain ikusten nozu argal eta zurbil; gexuak jan deustaz neure aragijak. Enozu ezagutzen oraindiño?

        — Ez, gizona! Artega nago ta esaidazu nor zarian.

        — Solagane-tar Sabas, Goiketxeko otseiña!

        — Zer diraustak? Zegaitik, nundik eta zelan eldu az erbeste onetara?

        — I Ardibasotik aldendu intzanian, nire bijotza ilda geratu zuanan; arek lagun, etxe, ardi, ibai, bide-zior, Aritx-tantai ta lurralde guztijak, ekarten jeustazanan gomutara igaz aurrerago neukazan maitetasun zintzuak, egun zorigeiztoko baten amaitu ziranak. Guztiz artega ta bijotzillaz nenguan, beti gertu edonorako; ta erbeste onetara etorteko eretija agertu zanian, ontziratu ta etorri nintzan orain urte bi. Emetik urre samar daguan etxaguntza eder baten egon naz irabazbide onaz, ta gexo onek ekarri nau osategi onetara. Nik Jule, Madriden zengozala uste neban; eta, ona emen nora ekarri zaituzan Jaungoikuak, beti maite izan zaituzan gizasemiari bere gexua osatutera! Bijotzikara errime atsegintsuba euki dot ezagutu zaitudanian; eta orain, gexo ta guzti be, poz-pozik nago zeu ikusten zaitudan lekuban.

        — Nok esango eban emen batera aurkituko giñala? Jaungoikuaren lan miragarrijak dira onek gertaerok! Beterriko osategija erre zanian, Madridera eruan gendubezan, eta urtebetegarrenian, itxasontzi baten sarturik, ekarri gendubezan Berakruzera ta andik ona; emen nago arrezkero. Nik Ardibason, neure maitetasun zintzuak birrindu biar zirala ikusi nebanian, guramen onagaz artu nai izan neban monja gexo-zaiñen bizibidia, baña guztiz makalik egon naz sarri ta oraindiño enaz egin monja. Enaz gauza gexo batzuben arduria artzeko; neu jarten naz laster gexorik, eta emen jarraitzen dot neskame baten antzera, al dodanian egiten, monja nagosijak aginduten deustana.

        — Nik uste izan dot monja eginda zengozala, ta askatasunian zagozala jakiñaz, geituten da nire atsegiña; birbiztuten jat lenagoko maitetasuna, eta jatort noizbait alkarregaz ezkonduko garian itxaropena, zeure guramena izan ezkero.

        — Ezeizu aitatu Sabas, ezkontza auturik; lenengo biar dozuna da osasun ona, ta gero gogoratuko doguz artu biar doguzan burubidiak. Nire ardurakaz osatu biar badozu, osatuko zara; egingo dot alegiña, isten badeuste egunaro etorten zeure arduria artutera.

        —        Jaungoikuari eskerrak, esku onetan jarri nazalako neure gexua osatzen!

        Mutil orren bijotz eta irudimenian, aldendu barik ebillen Jule, bere maitia; ta erbesteko osategi atan, neskatilla ori gexo-zain topaubaz, aurrerapide errimia egin eban Sabasen azkortasunak bere osasunen onerako: egunaro ezagututen zan onerantz juala; baña alan eta guzti be, illebete egin eban ogetik jagi barik. Gero, beste aste bijan egon zan ogetik egunaro jagiten zala. Aste bi onetan artu eben bijak alkarregaz ezkontzeko burubidia, Juleren gurasuaren baimena lortuten bazan. Esan leikian Jaungoikuak eruan ebazala alkarregana, luzaruan alkar maite eben neska-mutillak. Batak eta bestiak negar asko egiten eben, Ardibason artzain ziraneko gertaerak gomuta izaten ebezanian; a zan euren erri kutuna, eguno aztu ezebena ta beti gomuta izango ebena.

        Sabasek, beragaz eukazan ezkontzeko biar ebazan garbitasunak, eta Julek iratzi eutsen aitamai irazki bat, eskatuten eutsela euren baimena Sabasegaz ezkontzeko, ta ganera biar ziran argitasunak.

        Sabas osatu zanian, juan zan etxaguntzara bere lanetara, ta Jule lotu zan len eguan lez, Mexikoko osategijan, gurasuen erantzupenari itxaroten.

        Bijok erantzupenari itxaroten egozan artian, jakin dagigun zer jazo zan Agaton-korkotx eta bere maite Dorotegaz.

 

aurrekoa hurrengoa