www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaioterri maitia
Jose Manuel Etxeita
1910, 1988

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jaioterri maitia, Jose Manuel Etxeita (Iñaki Sarriugarteren edizioa). Labayru, 1988

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
Artzañen maitetasunak

 

        Luzaro ibilli ziran artzañak jazoera naibagetsu barik; zantzo, abesau ta barriak zoli egiten ebezala, mendirutz zein etxerutz juazanian; egotaldi batzuk egin Aritx-tantaiaren kerizpetan; jai-arratsaldietan arrapau Ibaigardenen arrankari ta kaskalleak, eta burura etorkezan jolasaldi guztijak egiten ebezan. Danak ekijen irakurten, eta noizbait, aldizka, irakurten eben euskerazko iraztiren bat.

        Sabas, Goiketxeko otseñari, il jakazan aitamak, gaztetxua zala; ta ezin juan izan zan ikastetxera, baña bere ugazabaren semia zan guztiz ikastuna ikasmenetan. Abadekuntzia ikasten ibilli zan luzaro, baña beti makalik aurkitzen zan, eta etxeratu biarra gertau jakan; etxian ezin egin eban lan gogorrik, eta etxe barruko arazuak zuzentzen ebazan. Onek artu eban berez, Sabas otseñari irakurten eta irazten irakasteko egipidia; baita egitu be egipide ori. Bost urtetan irakatsi eutsan ikastetxietan ikasten zan baño geiago. Orra Ardilandara batuten ziran artzain guztijak ekijen irakurten eta irazten.

        Urtiak juan, urtiak etorri, ezagutu zan Jule ta Sabasek alkarri eutsen maitetasuna, ta baita Amele ta Tomasek be. Ganera esaten zan Agaton-korkotx be, Beterriko neska gaztai-saltzalle bategaz ebillela ezkontza asmuetan. Neskatilla au zan Dorote eritxon ule gorrizta, laburkote, galant, sendo bat; Basterretxera gaztaiak erostera juaten zan. Korkotxi txera ona egiten eutsan beti, ta onek gogargijaz, bide luzian laguntzen eutsan Doroteri gaztaiak erosita gero. Agaton Beterrira juan ezkero, etzan egongo Dorotegana agerralditxu bat egin baga. Bai zera! Ezegaitik bez! Beñola itsu-soñuban alkarregaz jantzan zoli egiebenik arrezkero, bere ezagun guztijak uste eben, guztiz maite ebela alkar, ta laster ezkonduko zirala. Korkotx gora ta Dorote bera, zeresan asko ebillen baserrijetan erasti atan.

        Ardijak mendiratu ta artzañak alkarregaz batu ziran baten, Julek esaeutsan Agatoni:

        — Agaton, isillik ago eure maitetasunakaz, baña esan jeustek abillela guztiz azkorturik, Dorote gaztai-saltzalliaz ezkontzeko ustiaz.

        Agaton.— Ezkondu? Bai zera! Ori uste izan jon gizadi guztijak; baña, nor ezkonduko don nigaz? Lengo egun baten itandu najeutsanan Doroteri nigaz nai beban ezkondu, ta eztakin zer erantzun jeustanan? Korkotxa ezpanitz baietz, baña nik lako tontorra daukan gizona eztabela nai senartzat. Zorigeiztoko tontorra! Zer jaukan zer ikusi tontorrak ezkontziaz? Beste edozein gizaseme lez jaukadazan beso sendo bi lanerako; baña orra Dorotek, txera ta leunketa gozatsubak gaztaiak erostera datorrenian, eta maitetasun puskarik ez.

        Amele.— Olakorik! Ezeiok jaramon Doroteren erantzupenai, eta ikusiko dok zelan abegi amultsuba egiten duan beti. Nun agertuko dok beretzat, etxaguntzako seme bat?

        Agaton.— Ori egija don, baña arek korkotxik nai ez.

        Amele.— Ikusikok; eu juaten ezpaz berba egitera beragana, ziur-ziur bera etorriko dok eugana.

        Agaton.— Ikusiko dogu ba; neskatilla guztiz egikorra, amultsuba ta esangiña dirudi beintzat. Gaztai salerostietan barriz, iñok baño obeto aditzen dabena, ta polito irabazi be.

        Jule.— Bai Agaton, eure berbokaz erakusten dok, guztiz maite duana neska ori.

        Beste orri batzubetan jarraitukoguz Dorote ta Agatonen barrijak eta beste artzañen maitetasunak. Gertaera guztijak, zelan etorri alan erazagutuko doguz alkarren urrengo.

 

aurrekoa hurrengoa