EGITE ONEN BILLA
Beren obiak, beren betiko
Itsas barrenak utzirik,
Illen argi dan illargiari
Nunbait begiratu nairik,
Uin arroen bizkar gañian,
Bata bestian atzetik...
Irudimenak ikusten badu
Irudimenez dakust nik.
Alde batera Barbara deuna,
Mollarri dute bestera,
Ta datoz, sarri bizi zirala
Etortzen ziran antzera...
Urte gitxien buruan oso
Aldaturik goitik bera
Jauregi polit berridun Zarau[t]z
Ondartzan lengua zera.
Umant apalak! Itxasgañian
Ibillita jira bira,
Noizbait biar da, jetxi ziraden
Itxasuaren erdira...
Ondo dakiten ondartzara gaur
Ondo dakiten tokira
Ito ziraden asaba zarrak
Beingoan etortzen dira.
Zalbide beruntz dizdiz egiñik
Datozen uren gañian,
Arizia-ko zugaitz artetik
Datorren aize leunean,
Odeiak legez egaz batzuek,
Oñez berriz asko bean...
Orra nun diran zarauztar illak
Bata bestien aurrean!
Eta lenbaitlen bakoitzak bete
Nairik bere eginkizuna,
Arin darabill gorputz ezurruts
Eta gogo kezkaduna;
Ekin lanari munduan dagon
Artean illuntasuna,
Agertu baño lenago berriz
Mendigañetik eguna!
Biurtu dira jaioterrira,
Etorri dira batera
Egite eder bat, beren gauz on bat,
Al badute, billatzera;
Aldendu biar eguna baño
Lenago berriz ostera,
Jaunagandikan aurkitutako
Gauzen saria artutzera.
Sasi belarrez betea dagon
Sagasti landu gabian
Esku utsa baño ez da topatzen
Sagarra nai degunian;
Ale gozoak erraz aurkitu
Nai baditugu gabian,
Pillaka batu ta utzi gañera
Ondo dakigun tokian!
Etzuten noski Zarauztar askok
Egi agiri au jakin,
Etzuten gauz on egite ederren
Pillorik munduan egiñ;
Argatik orain estu ta larri
Dabiltz gora ta bera ariñ,
Eta biarra duten gauz ona
Gaxoak billatu ezin!
Zigordia-tik bata dijua
Azterturikan guztia,
Ta auxe bakarrik aurkitutzen du:
Utsa dala bere ustia;
Biar zanian egiñ ez bazan
Egite eder egokia,
Alper-alperrik izango degu
Gero negar egitia.
Auxe berbera gertatu zaio
Azaran bizi zan orri,
Daukala lotsaz arpegi illuna,
Gauz onez gogoa gorri;
Ezarri gabe, beria da-ta,
Erru gaiztorik iñori,
amorruz dio: neretzat obe
Zan ez banintzan etorri.
Nun nai zotiña, beranduegi
sortzen dan damua nun nai,
Mendilauta-tik Txiliku-raño
Alperrik entzuten dan, ai!;
Gauz onik ezin arturikan
Larri dabiltz geienak, bai,
Ez baña danak: orra nun dagon
Begira! gizon bat alai.
Goienetako mallan dirudi
Bizitzan egona dala,
Izatez edo egitez izen
Aundiaren jabe zala;
Agurgarria, mardula soñez
Benetan baldin bada ala,
Esango nuke bere gogoa
Ederragoa duala.
Or zijuala begiraturik
Eskuira ta ezkerrera,
Bere eskuetan eramateko
Zerbait Jaunaren aurrera,
Utzirik bere lagun gautarrak
Juan daitezen aurrera,
Ezin agertu lezaken pozez
Bertan gelditu da bera!
Etziran izan —azkenez dio
Jasorik bere begiak—
Etziran izan utsak bizitzan
Izan nituan ustiak;
Talde galantan igaro arren
Zuben gañian urtiak,
Lengo lekuan sendo zaudete
Nere eskuen egitiak.
Ederki zaude nik egindako
Maite zaitudan etxea,
Erri guztian zabaldutzeko
Barruan dezun bakea,
Iñoiz zeruaz ez dedin aztu
Zarautz nere erri maitea,
Iñoiz ez dezan, entzun o Jauna!,
Galdu zeruko bidea.
Onetarako beintzat zindudan
Esku zabalez nik jarri,
Onetarako San Franziskoren
Seme maiteak ekarri;
Auek erriaz bat-bat egiñik
Ta lagundurik alkarri,
Izan zindezen bientzat nere
Onginaien ezaugarri.
Askotan entzun dezu gañian
Ekaitz gaiztoen orrua
Ta askotan txori gabe gelditu
Zerade, kabi gozua;
Igaro ziran odei zitalak,
Jarri zan urdin zerua.
Baita berotu zuten berriro
Txoriak bizilekua!
Agur, irureun urte lepoan
Eukirik sendo zaudena,
Bizi luzaro! Oraindik ez da
Eldu zugana zedena,
Zu zera pozez betetzen nazun
Nere egiterik onena,
Gaur Jaunagana biurtutzeko
Daukadan itxaropena!
Agur, banua, Zure gañian
Dauzkat beti nik begiak,
Ill arren iñoiz ez ditut utzi
Euki nitun arduriak;
Opa nituan egite ederrez
Beteta nere esku biak,
Eguna dator eta banua
Artzera goiko sariak.
Erritar gizon maitagarria
Esan nor zeran, esan nor,
Jakin nai nuke nori diotan
Egite on eder au zor;
Oroimentxo bat zor ez dizunik
Emen Zarautzen ez da iñor...
Ezpaiñ gozoak idikirikan
Esaten du: Manzisidor.
|