IBAI-ERTZIAN
Astiro baña gelditu gabe
Zu beti zuaz, aurrera,
Ibai galanta, zure urak laster
Itxasoan galdutera;
Zeñek zarama? Noren besuak
Bultz egiten dizu bera?
Gure iduria, gu bezelaxe
Ezin iñun egon zera!
Jaiotzakitan asi ta gero
Unetxo bat galdu gabe
Lasterka guaz egiteraño
Eriotza gure jabe.
Zertarako orduan sutan barrena,
Balitz bezelaxe labe
Bat, daukagula mingañak esan
Oi ditu zenbait naigabe?
Baña patxadaz aurrera beti
Ibai galanta dijua,
Dauzkala alboan zume, zugaitz ta
Guri dagoan ostrua,
Aberasturik ederturikan
Bazterrak eta ingurua...
Zorionduna benetan auxen
Egiten duan gogua!
Ukatu gabe nai eta nai ez
Ai! datorkidan azkena
Ibaia legez au ere balitz
Naro, zabal ta gardena,
Ondurik bazter beartsu danak
Itandu gabe, zeñena?
Au da alperrikan ez bizitzea,
Au bizitzarik onena!
Mako bikañak bidez jarrita
Dauzkatzu zure gañean
Ain ongillea zeran ezkero,
Ibaia, gure lurrean;
Aitatu bitez onen bat egin
Dutenak euren bidean;
Eurentzat mako t'aroak beti,
Eurentzat goian ta bean.
O zein garbiro dakuskidan nik
Leiar oietan ibaia,
Etxadi, zubi, kanpantorre ta
Alboko zure zelaia:
Or zauden bezin ikusgarria,
Or zauden bezin alaia
Neurtitz auetan zeu ipinteko
Nik iduki detan naia!
Zure gañean bezin ederki
Baneuzka begietan, ai!
Euskalerriko mendi t'ibarrak,
Orduan zenbat neurtitz-gai!
Orduan pozez onei begira
Egongo nitzakela, bai,
Eresi leunaz Euskalerria
Goraturik guztiz alai.
Ur garden oiek bezin gardena
Eurak bezin ugaria
Balitz barrutik gaur datorkidan
Euskaldun neurtitz neria;
Agertutzeko zein aberatsa
Dan euskal-altxor garbia,
Agertuteko zenbat nik maite
Zaitudan, Euskalerria.
Eseri nadin emen ertzian,
Eseri nadin begira
Itxas-alderuntz gelditu gabe
Dijuan ibai garbira;
Alkarri zerbait urak ixillik
Esaten ari balira
Bezela pill pill limurituak
Bakarrik entzuten dira.
Esaten ote dituzte edesti
Biotz-esnale diranak,
Igarotako neke ta malko
Garratzen gaia ziranak,
Oraingo usteak, oraingo laister
Amaituko diran lanak...
Arretaz entzun arren ulertu
Iñork ezin dituanak?
Baña barrura dijuaz zuzen,
Sartzen dira biotzera
Nik ezin esan detan gauzatxo
Samurren bat esatera;
Begiak gero bustitzen dira,
Zotintxuren bat ostera...
Juan zaitezte, nere malkoak,
Nasturik uraz batera!
Aurrera guaz danok, gelditu
Gabe jaio giñanetik,
Menperatutzen erraz gaitun bultz
Indartsuaren aurretik;
Baña naiz izan luze naiz labur
Lagatzia nai nuke nik
Ibilli bear detan bidea
Onbidez aberasturik.
|