EDERRENARI
Gotzon guztien Bakaldun ederra,
Jaunaren Ama ta Neskuts aratza,
On bide danak giltzapean mardul
Dauzkan baratza.
Maitetasunak eskeñita zuri
Daukan ill ontan, guztiok zugana
Maitaro gatoz eskuan arturik
Loretxu bana.
Noren buruan egongo litzake
Ain egoki t'atsegiñez betia
Nere barruan bat-batean sortu
Zaidan loria?
Ikututzeaz bekokian zuri,
Anei artean ez dala bigarren
Agertuko da, jatorriz malatsa
Izan ez arren.
Loreak zuri, lokatzez beteta
Zegon lekuan orbange jeikia!
Zuri loreak, giz-eme guztien
Apaingarria!
Edertasunen iturria zera,
Garbi guztiak zugandikan datoz:
Eder-garbiak egitera gogoz
Lenbailen atoz.
Eguzkiaren ziargien bildur
Illuntasunak igesi dijuaz.
Biotz itzalik baliteke gure
Ama aurkeztuaz?
Alaitasuna banatzen du nunai
Pozez beterik goiak eta beak,
Likurta naro banatzen duan lez
Baratz-loreak.
Goiko Jaunaren alaba delarik
Ona jetxi zan, eta zein gozoak
Basamortuan atera dizkigun
Iturritxoak!
Zoragarrizko soñekoz jantzita
Lorak dituzte buruak azaldu,
Nai dute beren Bakaldun ederra
Orla goraldu.
Ezin zenbatu litezkean txori
Gau t'egun pozez daudenak kantari
Dira atsegiñez zerutar Usoa
Aintzatzen ari.
Ozkarbi izarrez josita dagoan
Barrura sartzen didana atsegiña
Iruditzen zait Mirenen soñeko
Urdiñ urdiña.
Igarotzean lasterka gugandik
Usai gozodun laga du ludia,
Andik dakigu zeruruntz bidaltzen
Likurt garbia.
Betoz loreak! Arotu nai nuke
Sorta galantaz Amaren burua,
Lorien ordez erdian jarririk
Nere gogua.
Antxe zuretzat egun eta gabaz
Bere likurtak banatuko ditu...
Abegi onaz magalean, arren,
Amatxo, bitu.
Ez eguzkiak suarra dalarik,
Ez ekaitzaren eras-aldi danak
Galtzen dituzte bein zure menpean
Jarri ziranak.
Zerutar intzez arretaz guritu
Orain eskeintzen dizudan loria,
Gero zeruan landatu dezazun
Zuri-gorria.
Zure maitasun donean bizirik
Ornitutzia zeruko baratza
Da nere leia, zuk bete zaidazu,
Neskuts aratza!
|