LURREKO AINGERUAK
Arren, gelditu! Arren, gugandik
Ez iges egin zerura
Aingerutxoen, orban gabien
Zoragarrizko lekura;
Ludi gaiztotik zerura baldin
Igo badezute gura,
Betor eskua zuen bitartez
Guk iritxiko degu ura.
Ibar mendiak ondatu ditun
Ujol aundien ertzean,
Zikindu gabe gelditu zaigun
Egal, erpiñ bakarrean
Zaudete zuek, zuek-gatikan
Aserre dagoanean
Samur begiak ipintzen ditu
Jaunak lurraren gañean.
Ekaitz gogor ta laño zatarrik
Ez duan ortz ederrena,
Besteren ona zurbildu gabe
Begiratzen dakiena,
Zelai baketsu muno-gabea,
Aintzira urdin ta gardena..
O zein garbi ta maitagarria
Dan umien adimena!
Zenbat arantza berez jaiotzen
Dira lurraren gañean,
Amaika kezka dirade ernetzen
Emen gure barrenean!
Baña jolasten gatx-gabekoak
Dakuskitan bakoitzean
Diot: loreak ez dira amaitu
Umeak diran artean.
Lurreko lore maitagarriak
Likurta gozoz beteak,
Landara berri zerutar intzaz
Beti daudenak ezeak:
Baldin ainbeste Done ta Aingeru
Goiak badauzkate, beak
Edergarritzat bear dituzte
Aingeru ego-gabeak.
Sarri-sarritan aingerutxuak
Egoten omen oi dira
Zeruko leio politetatik
Lur onetara begira;
Emen dabiltzan gizonakgatik
Arrotxu jira ta bira?
Lurreko euren anaiakgatik
Uste dutenak badira.
Alaitasuna noranai beti
Lagun daramazutela,
Zelai-gañean arkumetxoak
Udaberrian bezala
Zabiltzate emen, zoragarrizko
Aro gozo, leun, epela!
Poza darion iturritxo bat
Biotzean dezutela.
Atozte nigan, ene laztanak,
Atozte nigan, kutunak,
Biotz ederren jabeak, eta
Gogo garbi-garbidunak;
Umeak, izan zaitezte beti
Lurrean nere ezagunak,
Izan zaitezte gero zeruan
Maitagarrizko lagunak.
|