www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki galduak
Antonio Arruti
1913-1919, 1998

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerki galduak, Antonio Arruti (J. Etxeberriaren, K. Zubizarretaren eta J. Letonaren edizioa). Elkar, 1998

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERROMAKO FOROARI BEGIRA

 

                        Euskaldun jaio nintzan

                                           (Arrese)

 

Uri guztien Uri-buruko

Toki miragarriena,

Edertasunez, aunditasunez

Izendatua lenena;

Urrun da urrean dauden uritan

Diz-diz daukazuna izena...

Baña zer dakust? Gezurra izan zan,

Gezurra aditu nuena?

 

Zu zera alako...? Zeñek onela

Usteko zindun arkitu?

Omen aundiko Foroa, nazu

Bene-benetan arritu!

Isiltasuna, bakardadea

Bakarrik Foroak ditu,

Foroko orube, jauregi lirañ

Guztiak dira zatitu.

 

Nun dira gizon jakintsu, zoli

Itz egiten zekitenak?

Nun dira Batzar izen ta izan

Izugarria zutenak,

Lur birarentzat epai mingarri

(Ta askotan ez añ zuzenak)

Arrotasunez itxuturikan

Erabaki zituztenak?

 

Isildu ziran. Erraz ezagun

Ezin da Batzar-tokia,

Mako, metarri ta arlandu puzkak

Lurra daukate estalia.

Zenbat iduri polita zana

Orañ bururik gabia!

Omen aundiko Foroa, zaude

Benetan negargarria!

 

Or dago Deuna zeritzon bide

Amaika aldiz aitatua;

Lotu ta atzean eramanikan

Bakaldun menderatua,

Urrezko gurdi baten gañean

Buruan zuala arua

Ortikan sartzen oi zan gudari

Garaitzallien Burua.

 

Ortikan ziran irteten ere

Alderdi guztietara,

Martizti sendo burni ta altzairuz

Jantzitakuak. Zertara?

Eramanikan Erromatarren

Izenak zeukan ikara,

Eramatera lur guztiaren

Ondasunak Erromara.

 

Ujol aundien erara zuten

Estali lur ezaguna;

Erromatarrak ziran goiak, ta

Bea zan aien laguna,

Aien uztarripean zegoen

(Ez bazan ere leguna)

Erri ziztriñen antzera orma

Zabal, sendo, bikañduna.

 

Aiena... baña lepo batek ez,

Ez zuan artu uztarria,

Lokarri gabe ziñan bakarrik

Gelditu, nere mendia:

Iñoiz ez zuen garaitu gure

Maite degun Aberria,

Noeren kutxa bezela goian

Egon zan Euzkal-erria.

 

O zeñ erreten zabala dagon

Andik gure gizaldira!

Gure etsai arro bildurgarriak

Jetxi ziraden obira,

Aitor-en seme trebeak berriz

Orañdikan bizi dira,

Aietako bat ementxe dago

Foroari gaur begira.

 

Orduan bezin apañ dauzkagu

Euzkaldun zelai-mendiak,

Orduan bezin landuak daude

Gure soro-sagastiak;

Ta guri itzultzen samurrago orañ

Jaunak dizkigu begiak

Euzkal-mendiak argitu zitun

Ezkero Kurutz maitiak.

 

Erroma, illezkor izena zendun,

Aspaldian ill ziñana,

Nun laga zendun ezpata zorrotz

Beti garaitzen zuana?

Nun dezu makill ludi danean

Agintaritza zeukana?

Aren aztarnik ere ez dago orañ

Puzkatu ta austu zan dana!

 

Leoi gogorren eran zinduzun

Gizon guztiak atxitu,

Zure burnizko letagin akats

Asko ludiak baditu;

Azkenik auldu ziñaden eta

Ziñaden txit elbarritu,

Zure marroen kupida gabe

Emen zinduen obitu.

 

Erori ziñan berriz eziñik

Igo zeunkazun alkira,

Lotsaz beterik sartu betiko

Ziñan lurraren azpira;

Pozez gañezka gizonak zure

Zorigaitzari begira,

Astindurikan uztarri zarra,

Orañ kate gabe dira.

 

Betikotasun guztian iraun

Bear zuala ziona

Auspezturikan, ezereztuta...

Zeñ ikasbide eder, ona!

Arrotasunak ondatu zuan

Orañ da beti gizona,

Jaunaren bildur donean dago

Amaigabe zoriona.

 

aurrekoa hurrengoa